Ireki menu nagusia

Kortrijkeko gudua

Urrezko Lantzen gudua» orritik birbideratua)

Kortrijkeko gudua (nederlanderaz: Slag bij Kortrijk, frantsesez: Bataille de Courtrai), Urrezko ezproien gudua (nederlanderaz: Guldensporenslag, frantsesez: Bataille des éperons d'or) ere deitua, Frantziako armadaren eta Flandriako herri-milizien arteko bataila izan zen, Kortrijk herritik hurbil gertatua (gaur egun Belgika), 1302ko uztailaren 11an.[1]

Kortrijkeko gudua
Battle of Courtrai2.jpg
Kortrijkeko gudua, XIV. mendeko irudia
Data 1302ko uztailaren 11
Lekua Kortrijk (Flandriako Konderria)
Koordenatuak 50° 49′ 44″ N, 3° 16′ 34″ E / 50.829°N,3.276°E / 50.829; 3.276Koordenatuak: 50° 49′ 44″ N, 3° 16′ 34″ E / 50.829°N,3.276°E / 50.829; 3.276
Emaitza Flandestarren garaipena. 1304 arte autonomia atxiki ahal izan zuten.
Gudulariak
Blason Comte-de-Flandre.svg Flandriako Konderria Arms of the Kings of France (France Ancien).svg Frantziako Erresuma
Buruzagiak
Armoiries Principauté de Liège.svg Willem van Gulik
Pieter de Coninck
Namur Arms.svg Joan I.a Namurkoa
Jan Borluut
Jan van Renesse
Blason province fr Artois.svg Roberto II.a Artoiskoa
Indarra
9.000 6.500
Galerak
100 inguru 1.000 inguru

AurrekariakAldatu

XIII. mendearen amaieran, Flandriako hiriak, hala nola Brujas, Gante, Ypres, Lille eta Douai, Europako aberatsenetako batzuk ziren. Frantziako Koroaren basailuak baziren ere, autonomia handia zuten beren aferetarako.[2] Hirietako patrizio aberatsen eta eskulangileen arteko liskarrak aitzaki hartuta, Filipe IV.a Frantziakoa konderria menderatzen saiatu zen. 1297ko urtarrilean Guido van Dampierre Flandesko kondeak Eduardo I.a Ingalaterrakoaren babesa lortu eta Filipe IV.arekin zuen basailutza lotura hautsi zuen. Erantzun gisa, Frantziak Flandria inbaditu zuen[2].

Armistizio baten ondoan, 1300ean erori zen Ypres, flandestarren azken gotorlekua. Filipe IV.ak Jacques de Châtillon izendatu zuen Flandriako gobernadore. Guido van Dampierre eta haren seme Roberto gatibu eraman zituzten Frantziara.[2] Gertaera horrek hirietako ofiziale elkarteen ezinegona eragin zuen. 1302ko maiatzaren 18an, Brujasko eskulangileak frantziar okupatzaileen aurka matxinatu ziren: etxez etxe, ohatzean zeuden soldaduak hil zituzten. 1.000 hildako baino gehiago izan ziren Brujasko matutiak deitutako sarraski hartan.[3]

IndarrakAldatu

Roberto II.a Artoiskoa buru zuen armada indartsua bidali zuen Filipe IV.ak Brujasko matxinada zapaltzera. 6.500 gizon inguru ziren: 2.500 zaldizko, 1.000 baleztari, 1.000 pikari, eta infanteria arineko beste 2.000 oinezko.[4] Flandestarrak 9.000 inguru ziren, baina ez zuten zalditeriarik. 3.000 Brujaskoak ziren, gehienak eskulangileak, Willem van Gulik buru zutela. Beste 3.000 Brujas inguruko eskualdekoak eta Flandesko itsasaldekoak ziren (Joan I.a Namurkoa buru), 2.500 ekialdeko Flandeskoak (Jan Borluut buru) eta 500 Ypreskoak.[4]

GuduaAldatu

1302ko uztailaren 8an, bi armadek aurrez aurre egin zuten topo Kortrijk hiriaren ondoan. Uztailaren 11n, frantziar baleztariek eraso egin zuten. Ondoren, oinezkoak abiatu ziren flandriarrengana. Roberto II.a Artoiskoak, garaipena hurbil ikusirik, zalditeria abiarazi zuen. Baina eremua ez zen egokia zaldizkoentzat. Asko lokatzetan trabatu edo lur erretenetan erori ziren; beste batzuk, oinezkoekin oztopatu eta jomuga erraza izan ziren flandriarrentzat.[1]

Frantziarren hondamendia erabatekoa izan zen, eta Roberto Artoiskoa bera guduzelaian hil zen. Flandestarrek Groeningheko zelaiko lohian sakabanaturik gelditu ziren frantziar zaldunen edergailuak bildu zituzten. Urrezko ezproi ospetsuak Kortrijkeko Andre Maria eliza apaintzeko erabili ziren.[1]

OndorioakAldatu

Kortrijkeko garaipenari esker, Flandriak burujabetzari eutsi ahal izan zion. Hala ere, 1304an Filipe IV.ak errebantxa hartu zuen Mons-en-Pévèleko guduan. 1305eko ekainaren 25ean sinatu zen Athisko Bakeak oso baldintza gogorrak ezarri zizkien flandriarrei[1].

XIX. mendean Hendrik Conscience idazleak gudua idealizatu zuen Leeuw van Vlaanderen (1838, «Flandesko lehoia») eleberrian. Guduaren data, uztailaren 11, Belgikako flandriar komunitatearen jaieguna da.[5]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d Larané, André La «bataille des éperons d'or» herodote.net . Noiz kontsultatua: 2014-12-16.
  2. a b c De Liebaart: Origin of the Conflict liebaart.org . Noiz kontsultatua: 2014-12-16.
  3. Les «Matines de Bruges» herodote.net . Noiz kontsultatua: 2014-12-16.
  4. a b De Liebaart: Before the battle liebaart.org . Noiz kontsultatua: 2014-12-16.
  5. National Day and feast days of Communities and Regions belgium.be . Noiz kontsultatua: 2014-12-16.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kortrijkeko gudua