Migrazioen Garaia
Migrazio Garaia (300 aldean - 800 aldean) Europako historiaren aldi bat izan zen, eskala handiko giza-migrazioek markatu zutena.[1] Garai hartan, ipar-ekialdeko herri batzuk, hunoak, godoak, bandaloak, bulgariarrak, alanoak, sueboak, frisiarrak eta frankoak besteak beste, gainbeheran zegoen Erromatar Inperioaren lurretan kokatu ziren.[2]
Migrazioen Garaia | |
---|---|
Urteak | 300–800 |
Lekua | Europa eta Mediterraneoa |
Gertaera | Ipar-ekialdeko herriek inbaditu zuten gainbeheran zegoen Erromatar Inperioa |
Bi aldi bereizi ohi dira Migrazio Garaian. Lehenbizikoan, 300 eta 500 urteen artean, germaniar herriek mendean hartu zituzten Mendebaldeko Erromatar Inperioaren eskualde gehienak. Inperioaren lurretan formalki sartu ziren lehenbizikoak bisigodoak izan ziren, hunoengandik ihesi, 376an. Erromatar agintariek beren lurraldean onartu zituzten Danubio ibaiaren muga defendatzeko baldintzapean, baina handik gutxira matxinatu ziren: Italiar penintsula inbaditu zuten eta 410ean Erroma bera arpilatu.[2]
Bigarren aldian, 500 eta 800 bitartean, eslaviarrak erdialdeko eta ekialdeko Europan finkatu ziren, eta bulgariarrak ekialdeko Balkanetan. Migrazioen Garaiaren ondoren ere gertatu ziren garrantzi handiko migrazioak, esaterako, bikingoen, magyarren, mairuen, turkiarren eta mongolen inbasioak.[2]
Germaniar herriak Migrazioen Garaia baino lehen
aldatuGermaniar herriak Ipar itsasoaren ekialdeko kostaldean eratu ziren, K.a. 1800 aldean. Brontze Aroan, Eskandinaviaren hegoaldean hedatu ziren, eta baita egungo Alemaniaren barnealdean ere, Weser eta Vistula ibaien artean. K.a. II. mendean, biztanleriaren hazkundeak eta klimaren okertzeak hegoalderantz bultzatu zituen, lur berrien bila.[1]
Erromaren eragin-eremura iritsi zirelarik, gatazkak piztu ziren. Gaio Mariok teutoiak garaitu zituen K.a. 102an, eta zinbriarrak hurrengo urtean. K.a. 58an, berriz, Julio Zesarrek egin zien aurre Sundgauko guduan (hegoaldeko Alsazia). 70. urte inguruan, Zesar Augustok Rhinen eta Danubion ezarri zuen Erromatar Inperioaren limes-a, eta germaniarrak ibai horien beste aldean kokatu ziren.[1]
Baina presio demografikoak berriz ere higiarazi zituen germaniar herriak. Lehenago Eskandinaviatik atereak ziren tribu batzuk (godoak, burgundiarrak, bandaloak...) Vistula eta Oder ibaietatik hegoalderantz abiatu ziren 150etik aitzina. Ekialdean, markomanoek Danubioko limes-a gurutzatu zuten 166an, Italia bera arriskuan jarriz, Marko Aureliok atzera bultzatu zituen arte. 213an, alamanak, Mainen haranean barrena, Rhineko mugaraino heldu ziren.[3]
III. mendearen hasieran, godoak Itsaso Beltzaren ertzera iritsi ziren; handik abiaturik, urtea joan, urtea etorri, arpilatze espedizioak egin zituzten Balkanak, Anatolia eta Ziprera, 269an erromatarrek garaitu zituzten arte. 258an, alamanak eta frankoak Rhinen eskuineko bazterrean kokatu ziren, eta harrezkero maiz sartu ziren, bai Galian, bai Italian. Egoera hori zela eta, Inperioko hiriak gotortu behar izan zituzten, Erroma barne. Horretaz gain, erromatar armadak gero eta germaniar soldadugai gehiago errekrutatu zituen.[1]
Lehenbiziko aldia
aldatuIV. mendearen hasierarako Erromatar Inperioa nahiko ahuldurik zegoen, hainbat frontetan ari baitzen gerran: pertsiarrekin Asia Txikian eta Sirian; frankoekin, alamanekin, kuadoekin eta godoekin Rhineko eta Danubioko mugetan; pirata saxoiekin Mantxako kanalean; heruloekin eta godoekin Itsaso Beltzean eta Egeoko iparraldean. Ondorioz, armadari eta babeserako antolamendu guztiari eusteak kostu handia zuen. Eta IV. mendearen bigarren zatian, beste indar bat agertu zen erdialdeko Asiatik: hunoak.[4]
375ean, hunoek ostrogodoei eraso zieten Dnieperren haranean. Gertaera horrek asaldura handia eragin zuen ekialdeko germaniarren artean. Hunoek germaniar herri gehiago azpiratu ahala, bisigodoek eta beste tribu batzuek ihes egin zuten Erromatar Inperioaren mugarantz. 376an, Danubio zeharkatzeko baimena galdegin zioten Valente enperadoreari. Honek onartu zituen ibaiaren hegoaldean, baina godoek oso bizi baldintza latzak eta umiliazioak jasan zituzten. Horiek horrela, Erromaren aurka matxinatu ziren, eta Gerra Gotikoa (376-382) piztu zen.[5][6] 378an, erromatar armada garaitua izan zen Hadrianopolisen.[7]
Hadrianopolisko desegigoaren ondoren, bisigodoek hitzarmen bat adostu zuten Teodosio I.a enperadorearekin, Dazian eta Trazian foederati izaerarekin kokatzeko. Izan ere, Erromak ez zuen ahalmenik germaniar sarkinak inperioaren lurraldetik egozteko. Beraz, beste tribu batzuk ere kokatu ziren inperioaren barnean foederati moduan. Dirua edota lurrak jasotzen zituzten eta, trukean, armada tropez hornitzen zuten. Era horretan, armada germanizatuz joan zen, eta baita inperioa bera ere.[1][8]
395ean, Teodosio I.a hildakoan, inperioa bere bi semeen artean banatu zen: Ekialdea Arkadiorentzat eta Mendebaldea Honoriorentzat. Bisigodoek, Alariko I.a erregea buru, Teodosiorekin egindako ituna hautsitzat emanik, Balkanetatik Italiarantz jo zuten. 402an Milan setiatu zuten, eta 410ean Erroma bera arpilatu.[9] 418an, Honoriok haien esku utzi behar izan zuen Akitania Bigarrena foedus baten bidez.[1]
406–407n, vandaloek, sueboek eta alanoek Rhin ibaia gurutzatu zuten Mainzetik hurbil eta, Galia zeharkatuta, Iberiar penintsulan sartu ziren 409an. Sueboak ipar-mendebaldean kokatu ziren, baina beste bi tribuak iparraldeko Afrikara igaro ziren 429an. Bertan, Bandaloen Erresuma sortu zuten 435ean.[10]
457an Lugdunum hartu ostean, burgundiarrak Rhôneren eta Saonaren haranetan hedatu ziren hurrengo urteetan. 476an, germaniar tribuen batasun batek Romulo Augustulo enperadorea eraitsi eta Odoakro izendatu zuen Italiako errege.[1] Geroago, ostrogodoak ere Italiar penintsulan kokatu ziren (Erresuma Ostrogodoa).
Erromatar Inperioaren ahultasunaz baliaturik, Rhinen bazterrean kokaturik zeuden frankoek handitu zuten beren lurraldea. 486an, Klovis buruzagiak Siagrio garaitu ondoren, Galiaren iparralde osoa beretu zuten. Ondoren, hegoalderantz zabaldu zuten erresuma, eta 507an bisigodoak Akitaniatik Iberiar penintsularantz egotzi zituzten.[11]
Mertzenario anglo-saxoiak urte luzez borrokatu ziren Britanian, erromatar armadaren barnean, eta, beraz, ez ziren erabat ezezagunak uhartean. V. mendearen hasieran, erromatar legioak Britainia Handitik irten zirenean, angloak, jutoak, saxoiak eta frisiarrak iristen hasi ziren kontinentearen ipar-mendebaldetik uhartearen ekialdera, gero eta multzo handiagotan.[12] Horren ondorioz, britainiera eta latina desagertu ziren Britainia Handiko lur behereetatik, antzinako ingelesak ordezturik.[13]
Bigarren aldia
aldatuMigrazioen Garaiaren bigarren fasean, 500-700 bitartean, eslaviar tribuak erdialdeko eta ekialdeko Europan kokatu ziren, batez ere Germania Magnaren ekialdean. Pixkanaka, eslaviar hizkuntzak nagusi bilakatu ziren ekialdeko Europan. 567an, avarek eta lombardiarrek Gepidiarren Erresumaren zati handi bat suntsitu zuten. Lombardiarrak Italiako iparraldean kokatu ziren, gaur egun Lombardia deritzan eskualdean.[2]
Bulgariarrak eslaviartutako herri bat ziren, jatorria erdialdeko Asian zutenak. II. mendetik estepa pontikoan kokaturik zeuden, Kaukaso mendilerrotik iparraldera. Geroago, khazariarrek bultzaturik, gehienek mendebalderantz emigratu, eta Bizantziar Inperioaren ekialdeko Balkanetako lurraldea konkistatu zuten VII. mendean.[2]
Herrien migrazioek, Migrazioren Garaiaren parte izan ez arren, Goi Erdi Aro osoan jarraitu zuten. Bikingoak, magyarrak, mairuak, turkiarrak eta mongolak iritsi ziren, eta horrek ondorio garrantzitsuak izan zituen, batez ere erdialdeko eta ekialdeko Europan.[2]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Barbarian migrations and invasions. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-4).
- ↑ a b c d e f van der Crabben, Jan. Migration Age. World History Encyclopedia, worldhistory.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-4).
- ↑ Alaman. Lur hiztegi entziklopedikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-2).
- ↑ Erromako aginpidearen krisia eta hondamena. Lur entziklopedia tematikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-8).
- ↑ Gibbon, Edward. Histoire de la décadence et de la chute de l’Empire romain, tome 5/XXVI. François Guizoten itzulpena, fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-13).
- ↑ Sivan, Hagith. On Foederati, Hospitalitas, and the Settlement of the Goths in A.D. 418. The American Journal of Philology, 108. liburukia, 4. zenbakia (negua, 1987), 759-772 orrialdeak, kuscholarworks.ku.edu (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
- ↑ Castillo Lozano, José Ángel. Los godos y el Imperio romano: los mecanismos de integración «del extranjero, el otro y el extraño» en el Bajo Imperio. Onoba. Revista de Arqueología y Antigüedad, (3), uhu.es (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
- ↑ 7 clés pour comprendre les Barbares: Des grandes invasions au baptême de Clovis. herodote.net (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
- ↑ The Sack of Rome. penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2024-12-17).
- ↑ Germanic Tribes: Vandali. historyfiles.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-12-17).
- ↑ Frank. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-17).
- ↑ Curry, Andrew. Migration, not conquest, drove Anglo-Saxon takeover of England. science.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
- ↑ Hills, Catherine. The Anglo-Saxon invasion and the beginnings of the 'English'. ourmigrationstory.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).