Artikulu hau Kristobal Kolon esploratzaile eta itsastarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kolon».

Kristobal Kolon

Viceroy of the Indies (en) Itzuli

1492ko apirilaren 17a - 1506ko maiatzaren 20a
profanador (en) Itzuli

1492 - 1500eko abuztuaren 23a - Francisco de Bobadilla (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakChristophorus Columbus
JaiotzaGenova, 1451
Herrialdea Genovako Errepublika
HeriotzaValladolid1506ko maiatzaren 20a (54/55 urte)
Hobiratze lekuaSanta María de la Sedeko katedrala
Heriotza modua: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaDomenico Colombo
Amapep
Ezkontidea(k)Felipa Muñiz de Perestrello  (1479 -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaCristobal culon xD (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
italiera
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, marinela, itsasturia, bidaiaria eta asmatzailea
InfluentziakPierre d'Ailly, Paolo dal Pozzo Toscanelli, Klaudio Ptolomeo, Marco Polo eta John Mandeville
KidetzaColumbus Conquistador of America (en) Itzuli
Graduaamiral
almirante de la mar Océana (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaThird Order of Saint Francis (en) Itzuli

Find a Grave: 5764 Edit the value on Wikidata

Kristobal Kolon[1][2] (1451-1506) genovatar nabigatzaile eta kartografoa izan zen, Gaztelako Koroarentzat lanean aritu zena. 1492ko urriaren 12an Amerika aurkitu zuen europarrentzat. Kolonbiako Errepublikak izena haren omenez hartu zuen.

Jatorria aldatu

1451n jaio zela esaten da, agian Genovan, baina Gaztelaren agindupean aritu zen nabigatzailea izan zen. Gizon polemikoa eta misteriotsua, autodidakta eta behatzaile handia izan zen; berak, 1492ko urriaren 12an, europarrentzat Amerika aurkitu zuen.

Kristobal Kolonen nafar jatorriari buruzko teoria aldatu

Jose Mari Ertzilla mediku oriotarrak proposaturiko teoria batek Kristobal Kolonen jatorria Ainhize-Monjolose udalerrian kokatzen du, zehazkiago Monjolose herrian.[3]

Haren tesiaren arabera, puntu erabakigarri bat Kolonek HLA-B27 antigenoa izatea da, agoten gene bereizgarri bat.[4] Horrela, Kolonek Reiter sindromea izatea antigeno horrekin lotuta zegoen, antza. Gainera, Granadako Unibertsitateko analisi forentse eta genetikoek frogatu zuten Diego Kolon anaiak espondilitis ankilosatzailea zuela, hau da, kako-formako esku bat.[5] Horren ondorioz, Kolondarrak Baztango eta Erronkaribarreko agoten Okzitaniako eskualde beretik etorriak ziren, agian. Agotak Okzitaniako Donejakue bideetatik zihoazen etorkinak ziren, eta denak Monjolosetik oso gertu dagoen Izuran elkartzen ziren.[6]

Bere teoria babesteko, Ertzillak XV. mendean Garazin bizi ziren Kolon batzuk erakusten ditu. Era berean, Kolonek bere jatorria ezkutatzeko erabili zituen bi arrazoietako bat garai hartako Monjoloseko biztanle gehienak agot izatea zela dio.[7] Horregatik, Monjolosekoa zela esatea, albitar, heretiko eta agot salatzearen parekoa bide zen.

Monjoloseren aldeko beste argudio bat Bartolome Kolon Kristobal Kolonen beste anaietako baten sinadura da. Bartolome Kolonek Henrike VII.a Ingalaterrakoa erregearen aurrean bere mapamundi proiektu bat aurkeztu zuen, latinez «pro auctore sive pictore, Ianua cui patria est, nomen cui Bartholomeus Columbus de Terra Rubra» (euskaraz "pintoreak sinatzen du, bere aberria Ianua da, bere izena Bartolome Kolon da, Lur Gorrikoa" itzulia) sinatuz.[8] Ertzillak dioenez, Terra Rubra ("Lur Gorria") lekuri buruzko aipamena Baigorriko Bizkonderriari buruzkoa da (ikus Baigorriko etimologia): Monjolose zegokion 1447an. Halaber, adierazi du Ianua toponimoa ez dela Genovarekin lotzen uzten duena, baina bai Donibane Garazirekin, modu erromantzatuan euskal toponimoa izango bailitzateke, Unanua (Unanu gaztelaniaz) kasuarekin gertatzen den bezala.

Ertzillaren teoriaren hurrengo interesgunea Kolonen armarria da. Errege-erregina Katolikoek bat eman zioten arren, Kolonek berea erabiltzen segitu zuen. Iturri askoren arabera, Kolon familia oso apal batekoa omen zen, "armarririk gabe". Hala ere, Kolonek bat erabili behar izan zuenez, horretarako, gertu zegoen Iholdi herrikoa aukeratu zuen. Ertzillaren arabera, Monjolose bere herriarena ez izatea Nafarroako Erresumaren armarri bera delako da. Monjolose Nafarroako erregeek sortutako Erdi Aroko bastida bat zenez, hartu zen armarria Nafarroakoa izan zen, Donapaleuko kasuan bezala.[9][10]

Kolonek hitz egindako hizkuntzei dagokienez, Ertzillak dioenez, ziurrenik ama hizkuntza gaskoia zuen, Nafarroako Erresumako bastida frankoen berezko hizkuntza (Monjolose, San Zernin edo Bastida kasuak).[11] Horrela, gaskoiaren eta gaztelaniaren arteko nahasketa bat hitz egiten bide zuen, segur aski Donibane Garaziko gaztelaniak eraginda, herri horretan hizkuntza komuna baitzen. Euskararekin lotura izan zezakeela ere adierazi zuen, hitz egiten ez bazuen, ulertzen zuela esanez, Kristobal Kolonek Amerikan euskal toponimoak zituzten ehun leku baino gehiago izendatu baitzituen. Gainera, erregistratuta dago "makala" edo "berrikera" hitzak erabiltzen zituela.[12]

Bizitza aldatu

Jatorriari buruzko zalantza asko badago ere, Genovan jaio zela onartu ohi da; hala ere, Kolonen jatorriari buruz bada hainbat iritzi: Kataluniakoa zela, frantsesa eta abar. Agota eta baxenafarra zela esaten dutenak ere badaude.[13] Bestalde, haren jaioteguna 1451ko abuztuaren 26tik urriaren 31ra bitartean dagoela esaten da. Ehule batzuen semea zela ere esan zen; badirudi aita Domingo Colombo zela, eta ama, berriz, Susana Fontanarrosa.

Txikitan hasi zitzaion nabigatzeko gogo bizia eta, horregatik, oso gazte aritu zen itsasmutil lanetan. Aita eta bere lagunekin ikasi zuen. Matematika eta geografia oso gustuko zituen eta, Pisako Unibertsitateko antzinako biografia liburuek diotenez, gai horiek bereziki landu zituen. Azkenean, irakasleen laguntzaz, bidaiatzeko bere grina martxan jarri ahal izan zuen.

Asko izan ziren haren eginiko bidaiak. Apunteak eta idatzizko notak egiten jaioa zen eta, horrela, berak eginiko hainbat bidaia kontatzen ditu, Egeo itsasotik, Erresuma Batua eta Islandiaraino. Etxetik kanpo egoten zen maiz eta, zegoen leku horietan, arlote edo erotzat jotzen zuten askotan.

1480an Filipa Monizekin ezkondu zen Portugalen. Jatorri nobleko dama zen, eta Kolon bera ere hala bide zen. Ezkondu eta bi urte geroago, haien lehen semea jaio zen: Diego Kolon.

Geografian interes handia zuenez, garai hartako mapa guztiak irakurri zituen. Indiara iristeko irrikaz zegoen, paraje haietan aberastasun handia zegoelakoan. Emaztea hil zitzaionean, Gaztelara joan zen, seme Diegorekin batera.

Eliza haren teoriaren alde jarri zen eta 1486an Errege-erregina Katolikoekin elkarrizketatu zen Madrilen, baina gorteko jakintsu talde batek proiektu guztiak baztertu zizkion.

1488an Beatriz Enríquez de Arana ezagutu zuen, eta harekin izan zuen bere bigarren semea: Fernando. Juan Perez fraidearekin batera, errege-erreginen laguntzaren bila jo zuen berriro: horrek espedizioaren zorrak ordaintzen lagundu zioten. Hil arte, Beatriz bikotekide izan zuen, baina ez ziren sekula ezkondu. Hori bai, hil zenean, ondarea hari utzi zion. Kontuan izan behar da Kolon Indietako gobernadore izan zela, eta Santa Feko Kapitulazioen arabera, bidaietan lortutako onuren % 10 Kolonentzat zela. Kristobalen lehen semeak bere ama balitz bezala tratatu zuen, eta harekin izandako semea, Fernando Kolon (1488-1539), laugarren bidaian Kolonekin bidaiatzeaz gain, aitaren gertuko biografoa izan zen.

Urriaren 12an San Salvador ("Guanahani" deitu zioten) uhartera iritsi zen lehenengo aldiz. Rodrigo de Triana ontzi mutilaren garrasiak ospe handia lortu du: ¡Tierra a la vista! ("Lurra agerian!"). Ordudanik, Kolonek beste hainbat bidaia egin zituen, baina horietako batek ere ez, ez zuen horrenbeste arrakasta lortu, berak jakin gabe, Mundu Berria aurkitu baitzuen.

Triste eta gaixo, egin zuenaren garrantziaz ohartu gabe, 1506ko maiatzaren 20an hil zen Valladoliden. 1544an, haren errautsak Santo Domingora eraman zituzten eta, 1796tik aurrera, Habanako katedralean egon ziren.

Hipotesia aldatu

 
Kolonen hipotesia.

Kolonen iritziz, Ekialdeko lurretara Indietara edo Zipangora (Japonia), Europatik mendebalderantz bidaiatuz irits zitekeen. Portugaldarrak, berriz, urrutiko leku horietara Afrika inguratuz iritsi nahian zebiltzan.

Ziurrenik, Paolo dal Pozzo Toscanellik, Florentziako matematikari eta medikuak, Portugalgo erregearentzat egindako informeen berri izan zuen. Marko Poloren bidaietan oinarrituz eginiko mapa batzuk ere baziren eta Europa eta Asiaren arteko distantzia ez zen hainbestekoa mendebalderantz bidaiatuz. Kolonen liburutegian aurkitutako liburuetan berak azpimarratutakoa ikus dezakegu, bere ametsetako ekialdea aurkitzen lagunduko zioten ideiak, alegia.

Kolonen ustez, Lurrak 29.000 km-tako zirkunferentzia izango zuen Posidonioren neurketan oinarrituz, eta Kanariak eta Zipangoren (Japoniaren) artean 2.400 mila nautiko egongo ziren -10.700 ziren!-. Bere proiektua aurkezteko, mapa bat marraztu zuen, Toscanellirena osatuz eta uharte asko jarriz.

Dena den, haren aurretik izan zen beste marinel bat Ameriketara abiatzen, errege-erreginen babespean, 1492ko udaberrian: Migel Ibarra zumaiarra. Hala ere, ez zuen bere asmoa bete ahal izan, eta gerora haren familia kalte-ordainak eskatzen agertzen da.[14]

Finantziazio bila aldatu

 
Kolon Erreginaren aurrean (Emanuel Gottlieb Leutze, 1843)

1483 edo 1484 artean Joan II.a Portugalgoari aurkeztu zion proiektua, baina horreek atzera bota zuen. Gaztelara joan behar izan zuen eta, esan bezala, bere semea Diego Kolonekin batera iritsi zen 1485ean.

Palos de la Fronterara (Huelva) joan eta La Rabidako monasterioan, Joan Perez eta Antonio de Marchena fraideen lagun egin zen eta bere planak kontatu zizkien:. haren alde egin zuten eta Hernando de Talaveraren aurreraino lagundu zioten, Elisabet I.a konfesatzen zuen fraidearengana, alegia. Badirudi Santa Klara komentuko burua eta Fernando Katolikoaren izeba ere, Ines Enriquez, haren alde jarri zela. Horrela iritsi zen Kolon garai hartan Kordoban zegoen gortera.

Errege Kontseiluak atzera bota zuen, baina 1486an Elisabet erreginak hartu zuen eta bere planak kontatzeko aukera izan zuen. Erreginak interes handia jarri zuen, baina, Koroaren diru laguntza bat eman bazion ere, gorteko jakintsuei galdetu zien bideragarritasunaz.

Kontseilua Salamancako Unibertsitatean bildu zen, eta proiektua ezin zela aurrera eraman erabaki zuen. Gainera, Kolonek eskatzen zituen baldintza ekonomiko eta politikoak handiegiak ziren.

Erreginak Kristobali deitu zion eta erabakiaren berri eman zion, baina ez zuela plana guztiz baztertzen ere esan zion. Zain egon zen epe horretan, Kolon beharrean izan zen eta mapak eta liburuak saldu zituen bizirauteko. Garai horretan elkartu zen Beatrizekin.

Berriro joan zen Portugalera, baina berriz ere ezer lortu gabe itzuli zen. Medinaceliko dukeak interesa erakutsi zuen, baina erreginak Granadako konkista bukatu bezain pronto lagunduko ziola agindu zion.

1491ko abenduan, Kolon Granadako Santa Fe izeneko erregeren kanpaldira iritsi zen. Beste batzorde batek aztertu zuen proiektua eta berriro bota zuten atzera. Azkenean, Kolonek bere eskariak apaldu zituen eta bera ere dirua jartzeko prest agertu zen. Berme handiagoa zen hori eta 1492ko apirilaren 17an Santa Feko Kapitulazioak sinatu zituzten. Haien arabera, Kolonek hauxe dena lortu zuen:

  • Amiral titulua aurkitutako lur guztietan, oinordekotzaz geratuko zena bere familian.
  • Erregeorde eta Gobernadore izatea, aurkitutako uharte eta lurretan.
  • Lortutako salgaien hamarrena; Koroak, berriz, bostena jaso behar zuen (Erregeren bostena).
  • Espedizioaren zortziren batean parte hartzeko aukera, etekinetan proportzio bera jasotzea.

Era horretan izenpetu zituzten kapitulazioak.

Bidaiak aldatu

 
Kolonen bidaiak

Kolon Palosera iritsi zenean, biztanleek ez zioten harrera onik egin eta oso fidagaitz agertu ziren. Marinelak erreklutatzeko ere arazo ugari izan zen, baina La Rabidako fraideek arazoa konpontzea lortu zuten eta Martin Alonso Pinzonekin harremanetan jarri zuten: bertako nabigatzailea zen eta haren alde jarri zen. Gainera, ekintzaren kostea herena berak jarri zuen, milioi erdi marabedi. Handik aurrera errazago izan zen erreklutamendua, eta inguruko familia ospetsuak –Niño de Moguer, Quintero...– erabakigarriak izan ziren horretarako.

Lehen espedizioa 1492ko abuztuaren 3an abiatu zen Palos de la Fronteratik (Huelva). Hiru karabela irten ziren: Santa María, La Pinta eta La Niña.

Badirudi Kolonen hipotesia esferaren tamainari buruzko errore batetik sortu zela, egiazki zena baino txikiagotzat jo baitzuen. Edozein eratara, Kolon Ameriketaraino iritsi zen, Europara itzuli zen eta lau bidaia egin zituen. Jakina da siberiarrak Ameriketara iritsita zeudela Pleistozeno garaian eta bikingoak ere lortua zutela hori XI. mendean, baina Kolonen bidaien ondoren ezarri ziren Europa eta Amerika arteko lotura egonkorrak. Inka eta azteken inperioak desegin zituzten eta hango kultura galarazi ere bai, idazkera eta ezagutza zientifiko eta artistikoak, erlijioak eta hizkuntzak ezerezean utzirik. Europako hizkuntza eta erlijioek hartu zuten haien ordea.

Kolonen helburua espeziak eta urrea lortzea zen. Espeziak, zeta eta ekialdetik etortzen ziren gainontzeko produktuak, Ekialde Hurbila eta Egipto zeharkatuz iritsi ohi ziren Europara, baina Otomandarren inperioak oztopoak jarri zizkion bide horri eta funtsean italiar merkatarien monopolioa izaten bukatu zuen, horiek otomanoen lagun baitziren. Portugalek eta Gaztelak, garai hartako Europako inperio aberatsenek, merkataritza-gai horiek nahi zituzten, artekaririk gabe: Portugal Afrika inguratuz saiatzen ari zenez, Gaztela beste bide berri bat aurkitu beharrean zen.

Amerikarako bidea ireki zenean, elikagai berri ugari etorri zen Europara: artoa, patata, kakaoa, tabakoa, piperra, kalabaza eta abar. Ikerketa batzuek oraingo ekoizpenaren hiru bostenak Ameriketatik inportatutakoak direla diote. Alderantzizko trukea ere izan zen, Kolonek gurpila, burdina, zaldia, txerria, kafea, azukre kanabera edo armak eraman baitzituzten.

Lehen bidaian, San Salvador uhartera ("Guanahani" deitu zioten) iritsi zen, bi hilabeteko zeharkaldi baten ondoren, eta Kuba eta Hispaniola ere bisitatu zituen. Espainiara handik zazpo hilabetera itzuli zen. Azken bidaian hilabete bat eta 4 egun pasatu behar izan zuen Ameriketara iristeko.

1493ko apirilaren 3an, Fernando Katolikoa Bartzelonan elkarrizketatu zen Kolonekin, horren ustezko Indiarako bidaiaren txostena jasotzeko. Europarrak Kolon hil ondoren ohartu ziren hura ez zela Asia, beste kontinente bat baizik.

Bigarren Bidaia aldatu

1493ko irailaren 25ean atera zen Kolonen bigarren espedizioa, Cadizko portutik. Berarekin batera 1.200 edo 1.500 pertsona zihoazten, 17 ontzian: Santa María edo Marigalante, Gallega, Fraila, Santa Clara edo Niña, Pinta, San Juan, Cardera, Gallarda, Gutierra, Bonial edo Bonuela, Rodriga, Triana, Prieta, Colina, Gorda eta Quintera, gehienak karabelak ziren.[15]

Amerikan finkatzea, lur eremuak populatzea eta herri indigenak ebangelizazioa bidaiaren helburuetako batzuk izan ziren, hori dela itsas-gizonetatik haratago, ofizio desberdinak zituzten pertsonak itsasoratu ziren, emakumeak barne. Bidai honetan hainbat euskaldun parte hartu zuten, besteak beste Domingo de Bermeo, Juan de Ernani, Antón de Escalante (Marigalante itsasontziaren maisu eta jabea), Francisco de Garai eta Juan Pérez de Recalde.[15]

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  3. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Kristobal Kolon nafarra eta Agote izan zen?» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  4. (Gaztelaniaz) MedlinePlus, osasungo entziklopedia. «HLA-B27 antigenoa» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  5. (Gaztelaniaz) «HLA B27ren balioa espondiloartropatia seronegatibo izenez ezagutzen diren gaixotasun autoimmune batzuei lotuta dago» Cibic Laboratorios 2013-04-17 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  6. (Gaztelaniaz) «Agotak, herri madarikatua» historia.nationalgeographic.com.es 2020-08-07 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  7. Michel, Francisque. (©2006-). Histoire des races maudites : de la France & de l'Espagne. PyréMonde/Princi Negue ISBN 2-84618-319-8. PMC 122916519. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  8. Nebenzahl, Kenneth. (1990). Atlas de Colón y los grandes descubrimientos. Magisterio ISBN 84-265-3915-7. PMC 26035374. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  9. (Gaztelaniaz) H, Creada 22-09-2019 | 04:53 H/Última actualización 22-09-2019 | 04:53. (2019-09-22). «Kristobal Kolonen jatorria argituko duen armarria» La Razón (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  10. (Gaztelaniaz) Aizpún, Inés. «Hau al da Kristobal Kolonen ezkutua?» www.diariolibre.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  11. (Gaztelaniaz) Zierbide Martinena, Ricardo. Okzitaniera languedoziarra eta gaskoia Nafarroa Erdialdean, Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan. .
  12. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. «Euskaldunak Amerikaren konkistan eta kolonizazioan» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  13. Goikoetxea, Jakes. (2021-03-27). «Kolon: agota eta euskalduna?» Berria.
  14. Jose Antonio Azpiazu / Elkano, euskaldunak eta itsasoa. (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).
  15. a b León Guerrero, María Montserrat. (2007). «Pasajeros del segundo viaje de Cristóbal Colón» Revista de estudios colombinos (3): 29–60. ISSN 1699-3926. (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

  • Joseba Aurkenerena: Cristoforo Colombo, euskal semea ote? [1]
  • Joseba Aurkenerena: Kristobal Kolonen egiazko historia. [2]