CAF terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «CAF (argipena)»

Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, ezagunagoa CAF siglaz, egoitza Beasainen (Gipuzkoa) duen trengintzako enpresa bat da, herri horretan 1917an sortua. Urteak daramatza munduko hainbat lekutarako era askotako trenak diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen. Eskumendeko 45 enpresa ditu mundu osoan.[1] 2022az geroztik, Eusko Jaurlaritzak % 3ko partaidetza du CAF enpresan, FINKATUZ funtsaren bidez,[2] Euskal Autonomia Erkidegoarentzat (EAE) estrategikotzat jo den eta EAEko ekonomiari tira egiten dion enpresa honen errotzea bermatzeko.[3] Sozietateko kontseilari delegatu Javier Martínez Ojinagak 2025eko ekainaren 14ko akziodunen batzarrean adierazi zuenez, CAF taldeak 103 milioi euroko etekin garbia lortu zuen 2024an, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 16 handiagoa, eta, beraz, inoizko salmentarik handienak lortu zituen, historian lehen aldiz 4.000 milioi eurotik gorakoak izan baitziren (4.212 euro, zehazki), aurreko ekitaldian baino % 10 gehiago.[4]

CAF
Datuak
Izen laburraCAF
Motanegozioa, enpresa eta kapital irekiko enpresa
Jarduera sektoreamanufaktura eta railway industry (en) Itzuli
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Enplegatuak2.000
Ekoizpena
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formasozietate anonimoa
Balore-burtsaMadrilgo burtsa
Historia
Sorrera1917
Jasotako sariak
webgune ofiziala

2019an CAFek Israelentzat Jerusalemgo tren arina handitzeko proiektuaren esleipena lortu zuenetik, polemika piztu da, Israel Palestinar Lurralde Okupatuetan egiten ari den kolonizazioan eta palestinarren aurka aplikatzen ari den apartheid politikan CAF konplize izaten ari dela eta. Giza eskubideen aldeko 30 erakundek eta sindikatuk baino gehiagok Nazio Batuen Erakundeari eskatu diote CAF sar dezala palestinarren eskubideen urraketa sistematikoen kontura diru irabaziak lortzen dituzten enpresen zerrenda beltzean; izan ere, 2016az geroztik, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak ebatzia du legez kanpokoa dela CAF gauzatzen ari den proiektu hori.

Historia

aldatu

Sorreratik 1989 arte

aldatu

Sozietatea 1917an sortu zen, Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izenarekin, Beasaingo bi fabrika elkartuta: La Máquina Guipuzcoana (1892koa zen), eta Fábrica de Vagones, geroztikoa. Kargarako bagoiak fabrikatzen espezializatu zen. 1954an, Material Móvil y Construcciones erosi zuen; Zaragozako enpresa horrek ibilbide luzeko trenak egiten zituen. 1971n, bi enpresak —Compañía Auxiliar de Ferrocarriles eta Material Móvil y Construcciones— batu ziren, eta gaur egungo izena hartu: Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles.[1]

1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadaren azkenaldea arte, CAFek gerora arazo ugari emango zizkioten ohe bagoi batzuk egin zituen: «zortzimilakoak» direlakoak. Izan ere, CAFeko langileek, ia babesik gabe (eskularruak erabiltzen zituzten; baina maskararik, ez), amiantoa jartzen zuten isolatzailetzat, bagoi horietako txaparen eta barrualdearen artean. Horrek gerora gaixotasunak eta heriotzak eragin zituen CAFen Beasaingo, Irungo eta Zaragozako fabriketan horretan aritu ziren langileen artean;[5] bai eta langile horien arropak garbitzen zituzten etxekoandreen artean ere.[6] Horren ondorioz, 1990eko hamarkadaz geroztik, biktimek CAFen aurkako hainbat salaketa judizial jarri dituzte, eta epaitegiek CAF kondenatu dute biktimei ehunka mila euroren kalte-ordainak ematera, segurtasun neurri egokiak hartu ez zituelako.[7][8][9][10][11][12][13][14]

1990etik 2019 arte

aldatu

1990ean, AVE trenaren Madril-Sevilla lineako trenak egiteko eskaera bereganatu zuen CAFek. 1992an, nazioarteko merkatuetara zabaltzeari ekin zion.[1]

2014ko azaroaren 25ean jakin zenez, CAF buru zuen kontsortzio batek 690 milioiko kontratua lortu zuen Mexiko Hiria Tolucarekin lotzeko tren proiektu batean, eta CAFi esleipeneko diru osoaren % 49 zegokion[15]. Bestalde, Herbehereetan NS tren kudeatzailearen lehiaketa ere irabazi zuen: 510 milioiko kontratua.[16]

Abenduaren 4an, CAFek 500 milioi euroren kontratua sinatu zuen Herbeheretan, NS enpresarentzat 118 tren egiteko. CAFek ordu arte Europan lortutako kontratu handiena zen.[17]

Abenduaren 10ean jakin zenez, CAFek hamasei tranbia saldu behar zizkion Saint-Étienne hirian, 42 milioi euroren truke.[18]

2018ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritza CAFen akziodun bilakatu zen, Kutxabanki 425.870 akzio erosita —konpainiaren akzioen % 1,24— erosita, 15 milioi euroren truke. Jaurlaritzak Finantza Publikoen Euskal Institutuaren bidez egindako eragiketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia bultzatzeko estrategiaren barnean egin zen.[19] 2022a, 17 milioi euro ordainduta, Eusko Jaurlaritzak CAFen beste % 1,76 akzio erosi zituen merkatuan; horrenbestez, orduz geroztik % 3ko partaidetza du Jaurlaritzak CAF enpresan, FINKATUZ funtsaren bidez,[2] Euskal Autonomia Erkidegoarentzat (EAE) estrategikotzat jo den eta EAEko ekonomiari tira egiten dion enpresa honen errotzea bermatzeko.[20]

2019an Israelgo okupazio agintariengandik lortutako esleipena

aldatu
 
CAFek nazioarteko legedia bete dezan eta israeldar inbaditzaileekin kolaboratzeari utz diezaion, BDZ mugimenduak 2020an abiatutako kanpaina: CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik.[21]

2019an, CAFek, trenbideetako beste multinazional batzuek egin zutenaren aurka[22] eta Beasaingo enpresa batzordearen iritziaren aurka, Israelgo okupazio agintariek sustatutako lehiaketa batera aurkeztea erabaki zuen, Israelek inbaditutako Palestinar Lurralde Okupatuetan tren arinaren edo tranbiaren linea berri bat handitzearren, Jerusalemgo hiriaren (Israelek okupatua duen Ekialdeko Jerusalemeko legez kanpoko israeldar asentamenduak barne) eta okupatutako Zisjordanian dauden inguruko israeldar kolonien artean. Potentzia okupatzaileak (Israel) diseinatutako kolonietarako trazadura jatorrizko biztanleen (palestinarrak) desjabetzeen eta kanporaketen bidez egitekoa da.[23] 2016az geroztik, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak ebatzia du legez kanpokoa dela CAF gauzatzen ari den proiektu hori.[24]

2019ko abuztuan, CAFek, partzuergo baten partetzat, proiektu polemiko hori aurrera eramateko lehiaketa irabazi zuen. Proiektuan duen bazkidea, Israelgo Shapir enpresa, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak egindako zerrenda beltz batean dago. Zerrenda horretan ehun bat enpresa daude, palestinarren eskubideak sistematikoki urratuz diru irabaziak lortzen dituztenak. Giza eskubideen aldeko 30 erakundek eta sindikatuk baino gehiagok (horien artean Amnistia Internazionalak) zerrenda beltz horretan CAF sartzeko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeari.[25]

Kontratatutako proiektuak dagoeneko martxan dagoen Linea Gorria handitzea eta Linea Berdea eraikitzea barne hartzen ditu, bai eta ibilgailuen eta zerbitzu teknikoen hornidura ere. Linea horiek Israelgo lurraldea Ekialdeko Jerusalemgo legez kanpoko asentamenduekin lotuko dute. Azken hori 1980an okupatutako lurraldea da, eta Nazio Batuek ez dute haren anexioa onartzen. Gainera, Europar Batasunak legez kanpokotzat jo du horko asentamendu oro, nazioarteko zuzenbideari jarraituz.[25]

Israelek 1.800 milioi euro jarri zituen mahai gainean, 28 kilometro trenbide martxan jartzeko. Haren eragina aztertu ondoren, nazioarteko beste tren enpresa batzuek baztertu egin zuten proiektura aurkeztea. 2017an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak legez kanpokotzat jo zuen proiektua, haren zenbait ebazpen urratzen dituelako. CAFek aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta, horrez gain, Palestinar Lurralde Okupatuetako beste bi lineatarako lizitazioetara aurkeztu da.[25]

Lurren eta etxebizitzen konfiskazio masiboak, legez kanpoko giza hilketak, nahitaezko lekualdatzeak, zirkulazio murrizketak, herritartasuna ukatzea. Egintza horiek nazioarteko zuzenbideko apartheid krimena eratzen dute, eta Palestinako biztanleek nozitzen dute, Israelen okupazioaren pean. Erromako Estatutuak honela definitzen du apartheid kontzeptua: «arraza talde batek beste bat sistematikoki zapaltzeko eta menderatzeko araubide instituzionalizatua».[25]

 
Argia aldizkariaren 2922. zenbakiko azala: «CAFen Jerusalemgo tranbia: Ez da trena, apartheida da» (2025-06-16).

«Giza eskubideen errespetu zorrotza», «negozioetako etika», «gobernu korporatibo onaren jardunbide egokiak», «aukera-berdintasuna», «ekarpena eta garapen soziala», horiek dira CAFek bere urteko txostenetan bere jardueran aplikatzen dituela dioen printzipioetako batzuk. Enpresa Nazio Batuen Mundu Itunari atxiki zaio. Itun horrek giza eskubideak eta ingurumena errespetatzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko konpromisoa dakar. Hala ere, CAF enpresak, giza eskubideen arloan bere gain hartu omen dituen konpromisoak alde batera uzteaz gain, entzungor egin die proiektu horren ondorioez ohartarazten zutenei. Amnistia Internazionalak behin baino gehiagotan jo du CAFengana eta haren akziodunengana, proiektua bertan behera uzteko eskatzeko, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa delako. Gaur arte, isiltasuna izan da erantzun bakarra. Batzarretako akziodun minoritarioen galderen aurrean, arduradunek ziurtatzen dute baldintza guztiak bete dituztela, baina ez dute azaltzen zer inpaktu ebaluazio egin den.[25] Era berean, CAFek entzungor egin die 2020az geroztik Euskal Herriko BDZ mugimenduak egindako deiari: CAF gauzatzen ari den legez kanpoko proiektu hori bertan behera uzteko deiari, alegia. Horregatik, BDZ mugimenduak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio CAFi ematen dion babesa eten dezala, enpresak nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte.[26]

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeari (ELGA) lotutako erakunde batek 2022ko maiatzean argitaratutako txosten batean, ELGAren Enpresa Multinazionaletarako Gidalerroen Harremanetarako Puntu Nazionalak adierazten du CAFen parte-hartzeak «giza eskubideetan ondorio negatiboak eragin ditzakeela», eta «asentamenduak ezartzen, mantentzen eta hazten» lagundu dezakeela. Txostenak, besteak beste, honako hau gomendatzen du: «[CAF] enpresaren jarduerak giza eskubideei eragin diezazkiekeen kalteak edo urraketak baloratzeko ardura handiagoa», bai eta komunikazioaren gardentasuna hobetzea ere, proiektua Palestinar Lurralde Okupatuetan gauzatzen dela ezkutatu baitu.[25]

2020az geroztik

aldatu

2021eko ekainaren 29an iragarri zen CAFek kontratu bana eskuratu zuela Sydney eta Anberesko tranbiak egiteko, beste zenbait kontratu ere bereganatu ondoren; aldiz, Talgo espainiar konpainiak Ingeteamen eskuetan utzi zuen trenen eraikuntza.[27]

2023ko irailean, CAFek Beasaingo fabrikako hiru pabiloi itxi zituen, aireko amiantoaren kantitatea legez baimendutakoa baino handiagoa zelako. Enpresa Batzordeak salatu zuen «enpresako zuzendaritzak langileen segurtasunaren gainetik produkzioa lehenetsi» zuela, eta Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskadiko Erakundea) «utzikeriaz» jardun zuela. Langileei hartu zitzaizkien sei laginetatik lauk positibo eman zuten.[28] 2023ko urrian, LAB sindikatuak salatu zuen CAFen Beasaingo fabrikako 300 langile amiantoaren eraginpean izan zirela, langileen osasunaren gainetik ekoizpena jartzen duen enpresa kultura baten ondorioz.[29] Abenduan, CAFek hiru pabiloi horiek itxi zituen, harik eta handik amiantoa kendu arte. Elkarrekin Podemos-Ezker Batua alderdiak salatu zuenez, ordurako, Beasaingo fabrika horretako 61 langile hilak ziren, fabrika horretan amianto zuntzak arnasteagatik. Beasain da, Espainiako Estatu osoan, amiantoaren eraginez biztanleko biktima gehien duten udalerrien artean bigarrena.[30] 2025eko apirilean (urtero apirilean egin ohi duten legez),[31] CAFen Beasaingo fabrikako langileek amiantoaren biktimak omendu zituzten, eta arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatu.[32]

Enpresaren instalazioak

aldatu

Beasaingo fabrika

aldatu

Enpresaren egoitza eta instalazio nagusia Beasaingo CAF fabrika da: 1600 langile ditu, eta 442.900 m2 hartzen ditu guztira (horietatik 180.800 m2 estalita daude).[33] Beasaingo eta Goierri osoko fabrika nagusia da, eta inguruko herrietan Fabrika Haundie ezizenaz ezaguna da («Fabrika Handia», Goierriko euskaran). Inguruko beste enpresa txikiago askok CAFentzat lan egiten dute. CAF enpresa, gainera, Beasainen sortu zen, 1917an, Errusiako Iraultzak mundua astindu zuen urte zalapartatsuan, Europako Gerra Handiaren garaian. Urte hartan, Fábrica de Vagones fabrikak Oria ibaiaren ertzean zituen lantegiak errentan hartuta, 1860an eraikitako lantegi multzo handi bat eskuratu zuen CAFek.[34]

Beasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan. Izan ere, 1995az geroztik, euskara normalizatzeko plan bat aurrera darama, lantokietan euskararen jakintza eta erabilera bultzatzeko asmoz. Azken batean, «CAFen euskara eguneroko jarduneko hizkuntza izatea eta naturaltasunez eta erraz erabiltzea» lortu nahi dute.[35]

Instalazioak, munduan zehar

aldatu

Zortzi ekoizpen instalazio nagusi ditu gaur egun: Beasaingoa, Zaragozakoa, Irungoa, Elmirakoa (New York, AEB), Linareskoa, Castejóngoa, Lleidakoa eta Suresneskoa. Gainera, konpainiak duen esportatze jarduera indartsuaren ondorioz, muntatze edo mantentze lanak egiteko instalazioak ere baditu hainbat herrialdetan:[36]

Instalazioak Jarduerak
Sacramento (AEB) Eskualdeko tren arinak muntatzea
eta mantentze lanak egitea
Mexiko Hiria (Mexiko) Mantentze lanak
São Paulo (Brasil) Mantentze lanak
Buenos Aires (Argentina) Mantentze lanak
Lisboa (Portugal) Mantentze lanak
Londres (Erresuma Batua) Mantentze lanak

Finantzetako informazioa

aldatu
 
Madrilgo metroa.
 
Bilboko metroa.
 
Hong Kongeko metroko A motako trenak.

Gaur egun, sozietate kapitala 10.318.505,75 euro da, eta 3,01 euroko balio nominaleko 3.428.075 akzioz osatuta dago. Akzio horiek kontu-idazpen bidez ordezkatuta eta guztiak harpidetuta eta ordainduta daude. Guztiek burtsan kotizatzen dute. CAFen akzioek Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako merkatuetan kotizatzen dute, etengabeko merkatuko atalean. Sozietateak sozietate kapital berari eutsi dio azken hiru ekitaldietan.

CAFen proiektuak, munduan

aldatu

Metroak

aldatu

Metro arinak/tranbiak

aldatu

Bezeroak

aldatu

CAFek hainbat bezero ditu Espainian eta munduko hainbat tokitan. Jasotako azken enkarguetako bati erantzuteko, Mexiko Hiriko metrorako unitate berriak fabrikatuko ditu.

Lantokietan euskararen erabilera normalizatzearen alde

aldatu

Beasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan, eta Irungo fabrikan ere horretan lanean dihardu CAFek. 2005eko abenduan, erakunde urrats garrantzitsua egin zuen CAFek: ordu arte bildutako esperientzian oinarrituta, hizkuntza politika propioa onartu zuen CAFeko zuzendaritzak. Hizkuntza politika parte-hartzailea da, CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietako hizkuntzen erabilera zehazten eta arautzen duena, euskarari bultzada eta babesa emateko asmoz. Horretarako, langileak motibatzen eta sentiberatzen ditu, euskaraz aritzeko ahalmena duten langileen kopurua handitzen, eta langileek euskara naturaltasunez eta erraz erabiltzeko aukera errealak sortzen.[37]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c «CAF, fabricante español con éxito internacional», AVE trenaren webgunean.
  2. a b «Eusko Jaurlaritzak CAF enpresaren % 3 eskuratu du, 17 milioiko inbertsioarekin» EITB 2022-09-15 (kontsulta data: 2025-05-29).
  3. jportuondo125. (2024-10-02). «Mikel Jauregi sailburuak CAF enpresa bisitatu du, garraioaren deskarbonizazioaren eta elektromugikortasunaren aldeko apustuan estrategikoa den Euskadiko enpresa» SPRI (kontsulta data: 2025-05-29).
  4. (Gaztelaniaz) «La campaña de BDZ contra CAF crece con manifestación en Donostia y repulsa en 26 países» naiz: 2025-06-14 (kontsulta data: 2025-06-16).
  5. (Gaztelaniaz) Público. (2012-07-14). «Las fibras de amianto que mataron a 54 obreros del ferrocarril» www.publico.es (kontsulta data: 2025-07-11).
  6. (Gaztelaniaz) efe. (2020-03-04). «Primera sentencia favorable a una víctima del amianto por haber lavado ropa» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-07-11).
  7. [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20120405/333024/es/El-Supremo-confirma-que-CAF-trabajo-sin-seguridad-ante-amianto «El Supremo confirma que en CAF se trabaj� sin seguridad ante el amianto - GARA»] gara.naiz.eus (kontsulta data: 2025-07-11).
  8. (Gaztelaniaz) «CAF deberá pagar un recargo del 40% de las prestaciones por una muerte por amianto» ELMUNDO 2014-03-27 (kontsulta data: 2025-07-11).
  9. (Gaztelaniaz) Público. (2012-07-14). «Las fibras de amianto que mataron a 54 obreros del ferrocarril» www.publico.es (kontsulta data: 2025-07-11).
  10. «CAFek 339.777 euro pagatu behar ditu kalte-ordain gisa», Berria, 2014-12-27
  11. «CAF eta haren azpikontrata bat zigortu dituzte amiantoagatik» Berria 2020-10-19 (kontsulta data: 2025-07-11).
  12. Condenan a CAF al pago de casi 35.000 euros por otra muerte por amianto – LAB CAF. (kontsulta data: 2025-07-11).
  13. SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-05-13). «Condenan a CAF a pagar a 43.646 euros a un extrabajador de 94 años por enfermedad de amianto» naiz: (kontsulta data: 2025-07-11).
  14. (Gaztelaniaz) EFE. (2024-01-26). «El TSJPV impone a CAF un recargo del 30% en la prestación a un operario expuesto a amianto» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-07-11).
  15. Jon Fernandez, «CAF buru duen kontsortzioak 690 milioiko kontratua lortu du Mexikon», Berria, 2014-11-25
  16. «850», Berria, 2014-11-30
  17. Xabier Martin, «CAFek sinatu du 500 milioiko kontratua Herbeheretan», Berria, 2014-12-05
  18. «CAFek hamasei tranbia salduko ditu Saint Etienne hirian 42 milioi euroan», Berria, 2014-12-11
  19. «Eusko Jaurlaritza CAFen akziodun bihurtu da, konpainiaren % 1,24 eskuratuta» EITB 2018-01-04 (kontsulta data: 2025-05-29).
  20. jportuondo125. (2024-10-02). «Mikel Jauregi sailburuak CAF enpresa bisitatu du, garraioaren deskarbonizazioaren eta elektromugikortasunaren aldeko apustuan estrategikoa den Euskadiko enpresa» SPRI (kontsulta data: 2025-05-29).
  21. Eizagirre, Mikel. «Apartheidaren trena errailetatik ateratzeko» Argia 2020-06-08 (kontsulta data: 2025-06-16).
  22. (Ingelesez) Abunimah, Ali. (2019-05-23). «Israel's settler railway could be going nowhere fast» The Electronic Intifada (kontsulta data: 2025-07-11).
  23. (Gaztelaniaz) Revista. (2023-10-31). «La empresa española CAF colabora con la colonización israelí de territorio palestino • Ecologistas en Acción» Ecologistas en Acción (kontsulta data: 2025-05-29).
  24. «Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko» Argia (kontsulta data: 2025-07-11).
  25. a b c d e f (Gaztelaniaz) «El tranvía de CAF en Jerusalén: próxima parada, apartheid» www.es.amnesty.org (kontsulta data: 2025-05-29).
  26. «CAFek Jerusalemgo tranbiaren proiektua utz dezala eskatzeko manifestaziora deitu du BDZk» Argia (kontsulta data: 2025-05-29).
  27. Aranburu, Iker. «CAFek tranbiak egingo ditu Anberes eta Sydney hirietarako» Berria (kontsulta data: 2021-06-29).
  28. «CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik» Argia (kontsulta data: 2025-07-11).
  29. (Gaztelaniaz) 300 trabajadoras y trabajadores de CAF han estado expuestos al amianto como consecuencia de una cultura empresarial que prima la producción sobre la salud de las personas |. 2023-10-19 (kontsulta data: 2025-07-11).
  30. (Gaztelaniaz) Euskadi, elDiario es. (2023-08-31). «CAF Beasain cierra temporalmente tres naves por contaminación por amianto y se pone en cuestión la actuación de Osalan» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-07-11).
  31. (Gaztelaniaz) Mariscal, Maialen. (2023-04-28). «El comité de CAF rinde homenaje a los trabajadores fallecidos por amianto» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-07-11).
  32. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Josu Zabala. (2025-04-28). «Trabajadores de CAF Beasain homenajean a las víctimas del amianto y reclaman medidas efectivas» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-07-11).
  33. Beasaingo fabrikari buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
  34. Elena Legorburu Faus (1995): «Fabrika Haundie»: Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen historia, Beasaingo Paperak bilduma, 5. zenbakia, Beasaingo Udala, 1995.
  35. Naiara Exposito: «CAF eta Montte euskara planetan», Argia, 2140. zenbakia, 2008-06-08.
  36. Enpresaren instalazioei buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
  37. CAFeko Euskara Zerbitzua: «CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra», Iritzi-muinetik, 2010-11-19.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu