Euskadiko Ezkerra Hego Euskal Herriko alderdi politiko ezkertiarra izan zen.

Euskadiko Ezkerra
(EE)
Sorrera19771
19822
Desegitea19933
Ideologia politikoaEzkerrekoa, abertzalea eta baskista
1EIA eta EMKren arteko koalizio moduan.
2Alderdi moduan.
3PSE-PSOErekin elkartu zen.

Historia

aldatu

1977an sortu zen, Euskal Iraultzarako Alderdia (EIA) eta Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) alderdien arteko koalizio gisa. ETA(pm) taldearen adar politiko moduan antolatu zen.

Alderdikide ez ziren zenbaitek bultzatu zuten koalizioa, Juan María Bandrés abokatua buru. EIA alderdia ezker abertzaleko alderdi eta erakundeak biltzen zituen Koordinadora Abertzale Sozialistaren (KAS) kide zen, baina 1977ko ekainean, ETA politiko-militarraren iritziarekin bat, bidezko ikusi zuen frankismoaren ondorengo lehen hauteskundeetan parte hartzea, koordinadorako gainerako parte-hartzaileek ez bezala (ETA militarra, EHAS, LAIA).

 
Mitine politikoa Antonio Elortza belodromoan 1977an.

Euskadiko Ezkerra koalizioak diputatu bat (Francisco Letamendia, Ortzi) eta senatari bat (Juan Maria Bandrés) lortu zituen Gipuzkoan hauteskunde haietan. 1978. urtetik aurrera, autonomia-estatutuaren aldeko bidea baietsi zuen Euskadiko Ezkerrak, eta EMK alderdiak utzi egin zuen koalizioa. 1979. urtean Euskadiko autonomia-estatutua onartu zenetik, haren balioa aldeztu zuten alderdien artean egon zen beti Euskadiko Ezkerra.

EIA alderdiak marxismo-leninismoari jatorriz atxikitzen zitzaion lotura hautsi zuen, eta eurokomunismoaren esparru ideologikoan sartu zen. Aldaketa horren fruitu, Euskadiko Partidu Komunistaren sektore bat, Roberto Lertxundi buru zuena, Euskadiko Ezkerrean sartu zen 1981ean. 1981eko otsailaren 20an, ETA (pm)-k hiru europar kontsul bahitu zituen,[1] baina otsailaren 22an Euskadiko Ezkerrak ETA biei su-eten bat eskatu zien. Ordurako, Euskadiko Ezkerreko buruzagitzak, hala nola Jose Maria Bandres eta Mario Onaindia, elkarrizketetan zebiltzan Espainiako Gobernuarekin, adibidez, Juan José Rosón barne ministroarekin. Bitartean, borroka armatua guztiz gaitzetsi ondoren, ETA politiko-militarraren desegitea eta militanteen birgizarteratzea bultzatu zuen. 1982ko irailaren 30ean, ETA politiko-militarrak (VII. Asanblada), gutxiengoak, prentsaurreko batean iragarri zuen armak behin betiko utziko zituela.[2]

Urte berean desagertu zen EIA alderdi politiko gisa eta alderdi-egitura osoa hartu zuen Euskadiko Ezkerrak, 1982ko martxoan. Aldaketa ideologiko eta politiko horien ondorioz, Ezker Berria izeneko joerako kide askok utzi egin zuten Euskadiko Ezkerra, alderdian joera politiko estatalistak nagusitu zirelakoan. Juan María Bandrés eta Mario Onaindia izan ziren Euskadiko Ezkerra haren bultzatzaile nagusiak. Sortu berria zen alderdia Ezkertoki delako egoitz edo tabernetan antolatu zen.

 
Euskadiko Ezkerra alderdiaren logoa, eskubian, Gernikako bonbardaketa oroitzen duen mural baten ondoan. Argazkia: Galdakao (Bizkaia)

Euskadiko Ezkerraren hauteskundeetako emaitzak % 7 eta % 10 artean egon ziren, indartsuago Gipuzkoan eta oso txikia Nafarroan. 1985-1991 urte bitartean bere horretan mantendu zituen emaitzak Euskadiko Ezkerrak; 1986-1990 urteetan zerbait emaitzak zerbait hobetu zituen, Gipuzkoako Aldundiko gobernuan egon baitzen Eusko Alkartasunarekin batera.

Euskadiko Ezkerrak 1978an onartu ez zuen Espainiako Konstituzioa baliozkotzat jo zuen hamar urte geroago. Hala ere, hauteskundeetako boto-kopurua murriztu ahala (1989 eta 1990 urteetan), desberdintasunak areagotu egin ziren EE barneko taldeen artean: Talde bat Espainiako PSOErekin bat egitearen alde zegoen; beste talde batek, aldiz, euskal abertzaletasuna gaindituz Euskadiko alderdi sozialista moderno bat bultzatu nahi zuen. Bazen ere beste hirugarren sektore bat, Eusko Alkartasunaren ildotik, abertzaletasunaren ezaugarriak gordeko lituzkeen alderdi sozial-demokrata baten beharra azpimarratzen zuena. Zatiketa azken horietatik etorri zen 1991. urtean eta, tirabira askoren ondoren, Euskal Ezkerra alderdia sortu zuten (EUE), Eusko Alkartasunarekin hurbileko harremana izan zuena. Ibilbide laburrekoa izango zen hura ere, ordea.

Militantzia-galera ia erabatekoaren ondoren, EEn geratu zirenek Euskadiko Alderdi Sozialistarekin bat egitea onartu zuten, eta alderdi horrek PSE-EE izena hartu zuen 1993an.

Nolanahi ere, Euskadiko Ezkerran alderdi barruko karguak zein kargu publikoak izandako kide garrantzitsu batzuk EAJra ere aldatu ziren. Beste batzuk, haien artean Kepa Aulestia EEko idazkari nagusi izandakoa, politikaren lehen lerrotik aldendu ziren.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) superuser. (2014-02-03). «ETA secuestró tres cónsules» History Channel (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
  2. (Gaztelaniaz) Barbería, José Luis. (1982-09-30). «ETA Político-militar VII Asamblea anuncia su disolución» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Javier Merino, "El espejismo revolucionario: la izquierda radical ante ETA", Cuadernos Bakeaz, nº 94, 2009 [1][Betiko hautsitako esteka]
  • Gaizka Fernández Soldevilla, "El nacionalismo vasco radical ante la transición española", Historia contemporánea, ISSN 1130-2402, Nº 35, 2007, pp. 817-844 [2]
  • Gaizka Fernández Soldevilla, "Agur a las armas. EIA, Euskadiko Ezkerra y la disolución de ETA político-militar (1976-1985)", Sancho el sabio, ISSN 1131-5350, Nº 33, 2010, pp. 55-96 [3]