Lazkaibar Balda jauretxea

Lazkaibar Balda jauregia edo jauretxea Gipuzkoako Goierri eskualdean dagoen Ordizia udalerriko jauregi bat izan zen. Udaletxea izan zen 1794tik 1832ra. 1859an erre zen.

Kokalekua aldatu

Ordiziako udaletxearen parean zegoen, gaur egun Plaza Nagusia dagoen lekuan.

Garai batean, jauregia erre baino lehen, plazaren egitura erabat ezberdina zen, laukizuzen itxura zuen. Laukizuzen horren aldeak eraikin hauek osatzen zituzten:

  • Mendebaldean: Abaria jauregia
  • Hegoaldean: Sujetoenea, Udaletxea eta egungo Kale Nagusia 15ean zegoen etxea
  • Ekialdean: Egungo Plaza Nagusia 10 etxea.
  • Iparraldean: Lazkaibar Balda jauregia.

Historia aldatu

Zehatz mehatz noiz ez dakigun arren, Lazkaibar Balda Ordiziako lehen eraikinetako bat izan zen, gotorleku modura eraiki zen, segurtasun helburuarekin. Hau Muxika dorretxearekin batera Ordiziako harri-hormazko lehen eraikina izan zen. Denborarekin eraikina Lazkaibar Baldatarrena bilakatu zen. Euskal Herrian ohikoa da familia handi bi elkartzean deitura berri bat sortzea jatorrizko deitura biak batuta, kasu honetan bezala. Balda deitura Errezil, Olaberria eta Igeldokoa da.

XVIII eta XIX. mendeetan eraikinaren jabe izan zen Vicente de Murgutio y Gaytán de Ayala, Aravacako Markesa. Hark ez zuen jauregia bere egoitzatzat, eta beraz antzinako udaletxea 1794an erre zenean, Udalak markesari jauregia eskatu zion, bilerak egiteko eta alondegia eta maisuaren gela bertan jartzeko. 1805ean hasi ziren udaletxe berria eraikitzen. Baina, gerra zela eta, lanak geldiarazi eta 1832an amaitu zituzten. Amaitu arte Udala Lazkaibar Balda jauregian bildu zen.

Jauretxea 1859an erre zen. Orube hartan bertan beste etxe bat eraiki zuten, jauregiaren hondakinekin. Egungo Plaza Nagusia egiteko, Udalak eraikin hori erosi eta eraitsi zuen. Egun, ez dago jauregiaren aztarnarik, baina bai haren orubearen zati batenak; gaur egun, plazaren ekialdean Plaza Nagusiko 10. zenbakiko eraikina soilik dago, eta haren ezkerrean ez dago inolako eraikin handirik, nolabaiteko orubea mantentzen da.

Ezaugarriak aldatu

Eraikina manposteriazkoa zen. Bost dorre zituen, eta Ordiziako eraikin aberatsena zen. Jauretxearen atzeko aldetik Elkano kalea igarotzen zen. Jauregiak harresi barruan lurrak zituen, baratze modura ustiatuak. Lur sail horiek egungo plazaren iparraldeko eraikinak dauden gunean zeuden, hau da, arkupea osatzen duten etxeak zeuden tokian. Lur horiek Elkano kaletik harresirainokoak ziren.

Kanpo estekak aldatu