Ekonomia batean, merkataritza ondasunak eta zerbitzuak trukatzeko jarduera da, ondasunak ekoiztu soilik egiten dituzten nekazaritza, industria eta beste sektore ekonomiko zenbait ez bezala. Merkataritza garatzen den eremua merkatua da. Ondasunak eta zerbitzuak diruz trukatzen dira gehienetan, salerosketa baten bitartez alegia, sarri eskariaren eta eskaintzaren bitartez zehazten den prezio baten bitartez. Merkataritza hirugarren sektore ekonomikoaren jarduera da eta ekonomiak sortzen dituen ondasunak merkaturatu eta kontsumitzaileen artean banatzeaz gainera, lanaren zatiketaren abantailak gauzatzen ditu, pertsona, talde edo gizarte batek bere kabuz ekoitzi ezin ditzakeen gauzak eskuratzen baitira merkataritzaz. Nazioarteko merkataritzak, herrialde batetik bestera egiten diren esportazio eta inportazioen bitartez, garapen ekonomikoa ekarri du kasu batzuetan, baina beste batzuetan herri zenbaiten azpigarapena ere ekarri du, beste herrialde zenbaitek inposatu eta bidezkoak ez diren merkataritza-egituren bitartez.

Gdańsk
Merkataritza egiten den ohiko tokietako bat azoka da. Irudian, Mexikoko fruitu eta barazkien azoka.

Merkataritza ekoizle eta kontsumitzaileen artean zuzenean egin daiteke, baina maiz bitartekariak izaten dira, merkatariak alegia, produktuak ekoizle edo beste bitartekari bati erosi eta bezeroen eskura jartzen dituztenak, erosketa eta salmenta-prezioen arteko diferentziaren mozkina eskuratuz. Merkataritza mota askotako guneetan gertatzen da. Azoka da gunerik antzinakoena, non ekoizleek zuzenean euren produktuak eskaintzen dizkieten kontsumitzaileei garai eta toki jakin batean. Egun, merkataritza egiteko beste bide batzuk ere garatu dira: dendak, supermerkatu eta hipermerkatuak eta, Interneten zabalkundearekin batera, merkataritza elektronikoaren bitartez. Merkataritzaren gehiegikeriak (prezioak inposatu eta bertako ekonomiak suntsituz) kasu batzuetan ekar ditzakeen esplotazioari aurre egiteko, bidezko merkataritza ere sortu da, salgaiak pertsonak eta ingurumena errespetatuz ekoiztu direla ziurtatzeko. Aldi berean, enpresak euren produktuak saltzeko merkataritzaren beharraz jabetu eta marketin izeneko arloa lantzen dute, bezeroen beharrak ezagutu eta ahalik eta egokien asetzeko.

Merkataritzak historian izan duen garrantzia nabarmena da. Merkataritza bultzatzeko Zetaren Bidea eta bestelako bideak eratu ziren kontinenteetan zehar eta, itsasoz, kontinente batetik bestera. Garraiobideen garapena ere bultzatu du. Nazio eta herrien arteko gerrak ere piztu ditu, merkataritzako interesak aurkakoak izan direnean edo merkataritzaren nagusitza eskuratu nahian.

Kanpo estekak aldatu