Amendüze
Amendüze Amendüze-Unaso udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Unaso gabe, 1846 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Amendüze | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Amendüze-Unaso |
Administrazioa | |
Herritarra | amendüztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°21′17″N 1°02′34″W / 43.3547°N 1.0428°W |
Herritarrei "amendüztar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 35 km daude.
Izenaz
aldatuDokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Sanctus Joannes de Mindus (1160an), Amindux (1316an), Aminduch (1350ean), Aminduz (1413an), Mendux (1413an), Sent-Johan de Mendux (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idazkietan), Armendux (1513an Iruñeko dokumentazioan), Amenduxs (1600ean Paueko Comptos Ganberako tituluetan) eta Amendux (1621ean Martin Bizkaikoak bildua).[1] Hainbat kasutan gertatzen den bezala, etxe noble edo jauregi batek zeukanetik eman zitzaion izena herriari.
XVI. mendean Nafarroa Garaian, dela Iruñean dela Erriberan topatzen dugun Amendux abizendun olerkariaren familiaren jatorria herri hau dateke.
Geografia
aldatuKokapena
aldatuAmiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Barhoa izenekoan kokatuta dago. Herriaren mugak hauexek dira: ekialdean Biduzez beste aldera Zohazti; iparraldean Gabadi; ipar-mendebaldean pittin bat ikutzen ditu Labetzeko lurrak eta gehiago Altzümartakoak; mendebalde/hego-mendebaldean Garrüze eta hegoaldera hurbilen dagoen eta udalkidea duen herria, Unaso alegia.
Aipatu herri guztiak amikuztarrak dira.
Auzoak
aldatuHerrian ezarrita dagoen panel batean beste auzo hauek nabaritzen dira: Gabadiko mugetan herritik ipar-ekialdera bai Hiriberri (Biduzetik hurbil) bai Autxitxia eta ipar-mendebaldean Landazahar, etxe noblea zen; herritik Biduzerako bidean Eihera.
Orografia
aldatuAltuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herria bera 120 bat metrotan dago eta punturik altuenak ez dauka askoz ere gehiago; baxuena (32 m) herriaren ekialdeko muga markatzen duen Biduzeren ertzean dago, Hiriberri auzotik hurbil.
Demografia
aldatu1695eko erroldan 63 etxerekin ageri zaigu.
Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 217 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1841ekoan 290. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Amendüze-Unaso. Azken urteotan Donapaleuren gerizpean bizi izan duen hazkuntza dela eta, Unasok aurrea hartu dio udalburuari biztanlerian eta horrek, besteak beste, bien arteko ika-mikak areagotu ditu. Demografiari segituz Unasok Herriko Etxean 7 kontseilari baditu ere, Amendüze udalburuak 4 baino ez ditu.
Errepideak
aldatuDepartamendu mailako errepide bakarrak zeharkazten du herria, D 124k; herritik bertatik pasatuta, iparralderantz Gabadira joan daiteke; Donapaleu eskualde eta kantonamenduburuarekin lotzen du hegoalderantz jota, bai errepide osoa segituta (Bidaxune eta Baionara joateko ere erabiltzen dena) edota bidezidor gisa Unasotik pasatzen den D 511 hartuta. Zenbait tokiko errepidek auzo batzuk lotzen dituzte.
Historia
aldatu- Herriko jaunek Nafarroako erresumako bilkuretan esku hartzeko eskubidea zuten.
- "Sorginkeriaren" kontrako 1587ko epai batean, Amendüzeko biztanle batzuek adierazi omen zuten zaunka egitean zetzan aztikeria baten biktima zirela uste zutela.
- Frantziako Iraultzan, 1792an, Pierre Irigoien herriko apaizak erbesteratu behar izan zuen.
Udalerri-aldaketak
aldatuUdalerri modernoak sortu baino lehen, erlijio aldetik ere orain udalkide direnek harreman bereziki hurbila zuten, parrokia berean bilduta baitzeuden.
1846 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Unasorekin fusionatu zen; harrezkero Amendüze-Unasoko udalburua da.
Eraikin historikoak
aldatu- San Joan Bataiatzailearen eliza, orain ezagutzen dugun bezala, 1906koa da. Eliza zaharra 1824 "utzia" ageri zaigu eta 1865-1872 artean berreraiki zen baina hormetan matxura handiak zituela-eta 1902an bota zuten. Heugas arkitektoaren planoan arabera berregin zen; Gustave-Pierre Dagrant bordelesak eginiko beirateak ditu.[2]
- Etxe batzuk oso aspalditik dokumentatuta daude: Elisonde (Elizondo) 1590ekoa, 1687ko beste bat; herrian 3 "nobleen etxe" egon dira; haien artean herriari izena ematen diona eta Landazahar edo Larrezahar delakoa; azken hau XII. mendeko dokumentazioan Lanevielle (okzitaniera arautuan Lanavièla) zen, aldaera erromanizatuan.[3]
- Hilerrian hilarri diskoidal eder batzuk daude, gehienak XVII. mendekoak.
Kultura eta hezkuntza
aldatu- Herriko festak ekainaren 24an ospatzen dira, San Joan egunarekin.
- Eskola aldetik, azken urteetan Unaso udalkidea, Gabadi, Ilharre eta Labetze-Bizkairekin batera RPI (regroupement pédagogique intercommunal, "udalerri arteko bateratze pedagogikoa") delako bat sortu du. Elkarketa honetako bi eskoletako bat herri honetan dago; irakaskuntza elebiduna ere proposatzen du.
Ekonomia
aldatuNekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Azken urteotan, Amiküze osoan bezala, industria batzuk ere garatu dira.
Amendüztarrak
aldatu- Arño Thikoipe: udalerriko auzapez izana, joera abertzalekoa; egun GFAM Lurra[4] laborari gazteen aldeko elkarteko burua da.
- Mixel Thikoipe (1948-2017): idazle, euskaltzalea eta sortzailea; herrian jaioa, Domintxainen (Zuberoan) bizi zen.
- Joana Idiart Davant (1932): euskaltzalea eta ekintzailea.
Erreferentziak
aldatuIkus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |
(Frantsesez) RPI edo eskola-bateratzearen webgunea.