Karlos IV.a Nafarroakoa

Karlos IV.a, Vianako printzea edo Karlos Trastamarakoa eta Evreuxekoa, (Peñafiel, Valladolid, 1421eko maiatzaren 29a - Bartzelona, 1461eko irailaren 23a), Aragoiko eta Nafarroako infantea, Vianako Printzea eta Gironako printzea (1458 - 1461), Gandiako dukea (1439 - 1461) Montblanceko dukea (1458 - 1461) eta Nafarroako Erresumako erregegaia (1441 - 1461) izan zen[1].

Karlos IV.a Nafarroakoa


Nafarroako erregea

1441 - 1461
Duke of Gandía (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaPeñafiel1421eko maiatzaren 29a (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Nafarroako Erresuma
HeriotzaBartzelona1461eko irailaren 23a (egutegi gregorianoa) (40 urte)
Hobiratze lekuaPobleteko monasterioa
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Familia
AitaJoanes II.a Aragoikoa
AmaZuria I.a Nafarroakoa
Ezkontidea(k)Ines Clevesekoa  (1440 (egutegi gregorianoa) -
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaTrastamara leinua
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakagintaria
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Vianako Karlos Joanes II.a AragoikoarenAlfontso V.a Aragoikoaren anaia txikia— eta Blanka I.a NafarroakoarenKarlos III.a Nafarroakoaren alaba— semea zen. Bi arreba izan zituen: Blanka II.a Nafarroakoa eta Leonor I.a Nafarroakoa[2].

Vianako printzea kultura handiko gizona izan zen. Poesiak idatzi zituen, gaztelaniaz gehienak, eta katalanez gutxi batzuk, baina haren lan aipagarriena Crónica de los reyes de Navarra historia-liburua izan zen, 1843an Yanguas y Miranda historialariak zuzendua eta osatua argitaratu zena[3]. Aristotelesen Etika gaztelaniaratu zuen.

Familia eta seme-alabak

aldatu

1439ko irailaren 30ean, Erriberrin, Ines Clevesekoarekin, Filipe III.a Borgoinakoaren lobarekin, ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. Gero, ezkontzekotan egon zen hainbat alditan; adibidez, Elisabet I.a Gaztelakoa izango zenarekin[4].

Printzeak maitale ugari izan zituen eta hauekin hainbat sasikume:

  • Armendarizeko Maria, Leonor arrebaren dontzeila, eta Nafarroako Anaren ama.
  • Napolin, Vacako Brianda, Nafarroako Filiperen ama.
  • Sizilian, Capa izena zuen dontzeila, Nafarroa eta Aragoiko Joanes Alfontsoren ama.
  • Sayaseko Giomar, seme-alabarik ez.
  • Mallorcan, Margarita Colom; seme ezezagun bat izan zuen harekin; Kristobal Kolon agian? (Hau da Mallorcako Unibertsitatean egin duten azkenengo ikerketaren emaitza. Teoria horren arabera, Kolon Felanitxen, Mallorcan, jaio zen[5]. Gainera, kontuan izan behar da Karlos IV.a, Aragoiko Joanes II.aren seme izanik, Mallorcako Erresumaren oinordekoa zen, eta askotan lurralde horretan egotea gerta zitekeen gauza zela[6]).

Ondorengotzaren gaineko liskarrak

aldatu

Nafarroako Karlos IV.a izan behar zuena, Vianako printzea izan zen (1423-1461). Titulu hau bere aitona zen Karlos III.ak sortu zuen, 1423an, harentzat eta bere ondorengo erregaientzat. Vianako printzeari zegokion Nafarroako errege izatea ama hiltzean, halaxe erabaki baitzuten aitonak, amak berak eta Nafarroako gorteek. Erabaki hau, ordea, ez zuen aintzat hartu Joanes II.ak. Aitaren eta semearen arteko hainbat liskarren ondorioz, bien arteko harremana erabat gaiztotu egin zen, eta 1451ko irailean erregetzerako gerra zibila piztu zen Nafarroan.

Gaztelako tropek zuzenean parte hartu zuen gatazka horretan, Vianako printzearen alde. Karlos printzea preso hartu zuten Oibarren, eta preso zegoela, haren anaiaordea Fernando, Fernando Katolikoa erregea izan zena, jaio zen. 1453an askatu zuten, baina 1455ean Joanes II.ak Leonor alaba gazteena, Gaston Foixkoaren emaztea, hautatu zuen ondorengo, Vianako printzea eta honen arreba Blanka behin betiko bazter utzita.

1456an Napolira joan zen Vianako printzea, eta osaba Alfontso V.a Aragoiko erregearen eskuetan utzi zuen auzia, haren eta aitaren arteko bitartekaritza egin zezan, baina Alfontso V.a akordiorik gauzatu gabe hil zen, eta Joanes II.ak Aragoi eta Kataluniako Erreinua hartu zuen oinordekotzan. Hala, aita-semeen arteko gatazka Kataluniara hedatu zen; katalan oligarkiak printzearen alde egin zuen, Joanes II.aren autoritarismoaren aurka baitzegoen.

1460ko urtarrilean akordio batera iritsi ziren aita-semeak. Besteak beste, Vianako printzeak, aitaren barkamenaren truke, bere mendeko lurrak itzuli behar zituen eta uko egin behar zion Nafarroan eta Sizilian bizitzeari; beaumondarrek ez zuten horrelakorik onartu. 1460ko martxoan, Bartzelonara iritsi zen Karlos, eta oso harrera ona egin zioten. Oinordekotzaren auzia konpondu gabe zegoen artean. Henrike IV.a Gaztelakoa erregeak bere arreba Elisabet, Elisabet Katolikoa erregina izango zena, Vianako printzearekin ezkonarazi nahi zuen, eta laguntza militarra eskaini zion printzeari Nafarroako koroa eskuratzeko. 1460ko abenduaren 2an, Joanes II.ak preso hartu zuen printzea Lleidan. Baina katalanek, matxinatuta, printzerriko ondorengo eta gobernari nagusi hautatu zuten printzea, eta Joanes II.ak askatu egin behar izan zuen 1461eko otsailaren 25ean. Hurrengo hilean, Vianako printzea Kataluniako askatasunen babesle gisa omendu zuten Bartzelonan. Joanes II.ak berak Kataluniako tenienteorde izendatu zuen. Bien bitartean, printzearen askatasunaren berriak suspertuta, beaumondarrak borrokara deitu zuten eta gerra zibila piztu zen berriro Nafarroan. Nolanahi ere, urte bereko abuztuan Aragoiko eta Gaztelako erreinuen arteko bakea izenpetu zen eta, ondorioz, erregetza lortzeko laguntzarik gabe geratu zen printzea. Urte hartako irailaren 23an hil zen tuberkulosiak jota edo, batzuen ustez, pozoituta, aitarekin behin betiko akordiora iritsi gabe. Printzea hiltzean, bartzelonarrek santutzat hartu zuten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Pascal Ros, Alfonso. (1998). Las razones del príncipe: una biografía de Carlos de Viana; Arteta. Fundación Mariscal Don Pedro de Navarra ISBN 84-605-8301-5..
  2. Iribarren, Manuel. (1983). El príncipe de Viana. Pozuelo de Alarcón: Espasa-Calpe ISBN 84-239-1027-X..
  3. Ibars, Mariona. (1998). El príncipe de Viana. Bartzelona: Ediciones del Bronce ISBN 84-89854-35-1..
  4. Ramírez Vaquero, Eloísa. (2001). El príncipe de Viana. Iruñea: Nafarroako Gobernua ISBN 84-235-2141-9..
  5. Verd Martorell, Gabriel. (1986). Cristóbal Colón y la revelación del enigma. ISBN 978-84-398-7877-3..
  6. Verd Martorell, Gabriel. (1992). Cristóbal Colón era noble y de sangre real. ISBN 978-84-604-1727-9..

Kanpo estekak

aldatu