Baskoniako Dukerria

Pirinioen inguruan eta Garona ibaiaren ertzetaraino antolatutako dukerria
Baskoniako dukerria» orritik birbideratua)

Baskoniako Dukerria (baita Waskonia eta geroago Gaskoiniako dukerria) VII. mendean sortutako marka frankoa zen, Akitaniako mugetan baskoiak (Vascones) kontrolpean izateko. Novenpopulania izeneko antzinako probintzia erromatarra eta, garai jakin batzuetan behintzat, Pirinioen hegoaldeko eta Iruñea inguruko eskualdea ere barnean hartu zituen.[1]

IX. mendeko frankoen erresumako guda zibil eta matxinaden ondorioz, behin betiko galdu zuten boterea Pirinioez hegoaldeko lurraldeetan. Orduz geroztik, Pirinioetako bi aldeak bereizi egin ziren: hegoaldean independenteak eta iparraldean, Gaskoinia, frankoen mende, izenez bederen, nahiz eta IX. mendearen bigarren erdian eta X. mendeetan de facto independente izatera heldu.

Historia aldatu

 
Baskoniako dukerriaren mapa Eudes Handairen gidaritzapean (c. 710-740), Akitaniako dukerriarekin lotura pertsonala zuenean. Iturria: Garikoitz Estornés Zubizarreta. Auñamendi entziklopedia.

Jatorria aldatu

Barbaroen inbasioen garaietan mendebaldeko Pirinioak baskoien aterpe bilakatu ziren. Hispaniako bisigodoak zein Galiako frankoak baskoiak mendean izateko borrokatu ziren, baina inork ez zituen baskoiak bere eremuan mantendu. 602an, merovingiarrek beren hego-mendebaldeko mugan dukerri bat sortu zuten franko, bisigodo eta baskoien arteko gudan. Era berean, Hispaniako bisigodoek Kantabriako dukerria sortu zuten hegoaldeko baskoiak kontrolpean izateko.

580. urte inguruan, barbaroen erresuma biek jadanik espedizioak bidaliak zituzten baskoiak mendean hartzeko. Txilperiko I.ak Bladastes bere dukea bidali zuen, baina baskoiek Tolosa Okzitaniatik mendebaldeko lautadetan garaitu zuten, baita presoak hartu eta mendira eraman ere. Bitartean, Leovigildo bisigodoak hegoaldetik eraso eta Victoriacum izeneko gotorlekua sortu zuen (batzuen ustez Gasteiz aitzinako herriaren ondoan)[2]. Franko eta bisigodoen kroniketan espedizioak labur aipatu zituzten. Biek ere Vasconia edo Wasconia hitza erabili zuten mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan zegoen lurraldea izendatzeko. Gainera, hainbatetan VII-VIII. mendeetan, Vasconia deitu zitzaien Loira ibairainoko lurraldeei.

Frankoen hasierako garaia (602–660) aldatu

602. urtean, Baskonia, frankoen mendean zegoen, eta Genial delako buruzagi frankoa jarri zuten agintari Garona ibaiaren inguruko lurraldetan eta Kantabriaraino. Aldiz, 610 eta 612 urteetan hurrenez hurren, Gundemaro eta Sisebuto errege godoek baskoien aurkako espedizioak bidali zituzten, eta Dukerriaren Kantabriako lurrak (egungo Araba eta Bizkaia ere tartean) bereganatu zituzten. 621ean baskoiek Ebro ibaiaren harana eraso eta gero, Txintilak azpiratu egin zituen eta, urte horretan bertan, Erriberriko gotorlekua sortu zuen, mendean hartutako baskoiak bertan finka zitezen.

626an, baskoiak frankoen aurka altxatu ziren eta, ondorioz, Eauzeko apezpikua erbestera kanporatu zuten agintari frankoek, baskoi matxinoak babestu eta haiekin bat egitea leporatuta.[3] 635ean, garai hartako armada erraldoiena bidali zuten frankoek Pirinioen mendebaldera baskoien kontra Arnebert dukearen buruzagitzapean. Baskoiek mendietan babestuta eutsi zieten eta Arneberten beraren soldadu zutabea garaitua izan zen Zuberoan.

Bestade, 633an, Iruñeko apezpikua Toledoko Laugarren Kontziliora joan ez zenez, ulertu da hiriburua baskoien (edo frankoen) kontrolpean zegoela. 643an, berriro egungo Iparralden matxinatu ziren eta 648an Pirinioen hego-mendebaldean ari ziren bisigodoen aurka.

Akitaniarekin pertsona-lotura (660–768) aldatu

 
Akitaniako eta Baskoniako dukerria (710-740)
 
Baskoniako dukerria Poitiersko guduaren ondoren (734-743)

660an, Felix Akitaniakoa Baskonia eta Akitaniako duke bihurtu zen. Garai hartan, Felixen aginte-eremua ez zen helduko Tolosatik oso iparraldera, baina gero Akitaniak Garona eta Loira ibaien arteko lurraldea hartu zuen bere baitan, baita Baskonia ere. Felix eta bere oinordekoak dukeak zirela, frankoen gailentasuna soil-soilik izenezkoa zen. 683 inguruan, Felixen lekukoa Lope I.ak hartu zuen, eta gero etorri zen Eudon dukea 700 urte inguruan.

711ko musulmanen konkistak zeharo aldatu zuen orduko egoera. Godoen errege Rodrigok Iruñean baskoien kontra borrokan ari zela izan zuen espedizio afrikarraren berri. Eudon akitaniar dukea burujabea zen, eta merovingiar erregearen zein bere etxezainaren autoritateari uko egin zion. 719an (edo segur aski lehenago), musulmanek Iruñea konkistatu zuten. 721ean, Eudonek musulmanak mendean hartu zituen Tolosako Batailan. 732an (edo 733an, azken ikerketen arabera), hala ere, Bordeletik gertuko Garona Ibaiko Guduan, Eudon garaitua izan zen, eta armada musulmanek Narbona beren eskuetan hartu zuen. Hori zela eta, Eudonek Karlos Martel frankoari men egin behar izan zion eta, buruzagi frankoarekin batera, Tourseko Batailan irabazi zien musulmanei. Hori zela eta, bai Akitania bai inguruko markak Frantziako etxezainaren esaneko bihurtu ziren, nahiz eta benetan Eudonek hil artean jaun eta jabe jarraitu zuen Akitania-Baskonian. Batzuen ustez, Eudonek Bordelen garaipena lortu izan balu, bera izango zatekeen gailen eta Martel ez zen izango kristautasunaren defendatzaile, Eudon bera baizik[4].

735ean Eudon hil zenean, bere oinordekoa zen Hunaldek aitaren burujabetasuna irrikatuz, Martelen oinordekoak eraso zituen, bi belaunaldi iraungo zituen guda hasiz. 743an, sorberria zen Asturiasko Erresumaren armadak mendebaldetik eraso zuen Baskonia. 744an, Hunaldek bere seme Waiferren alde abdikatu zuen. Aldiz, frankoen buruzagi Pepin Laburrak, 759an Narbona bere gain hartu ondoren, Waifer erasotu zuen hainbat aldiz eta ia hamarkada bat iraun zuen gerra latza eta gupidagabea piztu zuen Akitanian. Pepin Laburrak hirutan (760, 762 eta 766) menderatua, Waifer bere jarraitzaile etsituek erail zuten. 768 arteko Akitania independentearen garai honetan, Baskonia izenak Loira ibaiaz hegoaldeko lurraldea ematen du aditzera orduko zenbait dokumentu eta kronikatan, eta baskoiak agertzen dira lurralde horietan, gehienetan akitaniar indar militarraren muina osatzen bada ere.

Baskonia karolingiarren garaietan aldatu

 
Baskoniako dukerria Pirinioen bi aldeetan (760)
 
"Tertre de Fronsac", Frontiacus, 769an Lupo II.a dukea eta haren peko baskoiak Karlomagnori men egitera joan ziren fronteko gotorlekua

Aro berriko mehatxu nagusiak Karolingiar Inperioa eta Kordobako emirerria ziren. Behintzat, baskoiek ez zituzten mendebaldetik erasoak jasan behar izan, Asturiasko Erresuma ondorengotza eztabaidetan murgilduta zebilelako. 768an, Baskonia eta Akitania banandu egin ziren berriz eta Lope II.a aurkitzen dugu Baskoniako duke. Hala ere, hitzez frankoen mendeko jarri arren, Karlomagno ez zen Lope II dukeaz eta bere sendiaz gehiegi fio, ordu arte Loiraz eta Garonaz hegoaldeko agintariek bizkarra eman baitzieten Galia iparraldeko agintari frankoei.

Horrenbestez, Bordelen bere konfiantzako kontea jarri zuen eta, hartara, Lope IIren leinuari boterea kendu (778). Gainera, konterriak sortzen hasi zen, eta Baskoniaren feudalizazioari ekin zion: Tolosa Okzitaniaz eta Bordelez gain, lehenengo konterria Fezensac izan zen Garona ibaiaz hegoaldera Bordele eta Tolosa artean, eta Karlomagnok jatorri germaniarreko pertsonak izendatu zituen bertako buruzagi. Baskoiek ez zituzten batere begi onez hartu errege frankoaren politika berria eta kolonizazio asmoak, eta hainbatetan erasotu zituzten konte berriak.

778an Orreagako gudua izan zen. Guda horretan, frankoek Iruñea eraso ondoren, baskoiek Karlomagnoren erretagoardia segada batean harrapatu eta birrindu zuten. Kronikalari frankoek baskoi/euskal traizioa (wasconica perfidia) deitu zioten gertaerari, haiekin lokarriren bat bazutela aditzera emanez. Adalric baskoiak Tolosa Okzitaniako Torson kontea bahitu zuen, baina hitzarmen "umiliagarri" baten bidez aske utzi zuen, Lope II duke baskoiari men egitea zin eginaraziz. Ondorioz, Karlomagnok Torson kargugabetu egin zuen eta bere gortean ibilitako Gillen Gellonekoa leiala jarri zuen ordezko (790). Harrezkero, Gillenek baskoiak menderatu zituen, eta Tolosa Okzitania frankoen hegoaldeko hiriburu bihurtu zuen. Pirinioez iparraldeko baskoiek frankoekin batera lan egin zuten 799ko Bartzelona musulmana azpiratzeko espedizioetan.

Musulmanek ere Baskonia eraso zuten, eta Iruñea bere eskuetan izan zuten VIII. mendean hainbat alditan. 798-801eko Iruñeko altxamenduek Kordobako gobernaria kanporatu zuten, baina Tutera inguruan Banu Qasien boterea sortzen lagundu zuten. 806an, frankoen aldeko Velasko delako buruzagiak Kordobaren gobernaria berriz egotzi eta nagusitza hartu zuen Iruñean. 812 inguruan, Iruñeko altxamendu giroa ikusita, Luis Errukitsua hirira bertaratu zen "gauzak bere onera" ekartzeko, baina ez bide zuen arrakastarik izan. Iparraldera bueltan zela gutxigatik saihestu zuen beste segada bat Orreagan, Iruñea edo inguruko emakumeak eta umeak bahituta hartzeari esker. Une horretan, frankoen kontrako Eneko Aristaren aldeko taldea egin zen nagusi Iruñean.

814an, Karlomagno hil berritan, Iruñeko matxinada Pirinioez iparraldera zabaldu zen.[5] 815ean (edo 816an) Luis Errukitsuak Baskoniako dukea zen Xemen (edo Seguin, edo Sihimin) kargugabetu zuen. Horrek baskoien altxamendu orokorra piztu zuen Pirinioez bi aldeetan Garonaraino, autore batzuen arabera Gartzia Ximenoren zuzendaritzapean (Eneko Arista Iruñeko lehendabiziko erregea bera edo bere anaia zena). Buruzagi baskoiek gogor egin zioten Luis Errukitsua errege frankoari, baina men egin behar izan zioten Akizen 817 urte inguruan. Aldiz, bakea ez zen errotu eta berehala Lope III.a Zentulo, 818an Pepin I.a Akitaniakoak duke izendatua, matxinatu egin zen, baina errege horrek berak zapaldu zuen errebolta, Akitaniako erregearen garaipena partziala izan arren.

 
Akitania eta Baskoniako buruzagiak euskaldunen eta franko karolingioen arteko dialektika gatazkatsuan (650-860)

Ordurako, Baskoniako dukerriko Pirinioez hegoaldeko alderdi osoa (Nafarroa edo Aragoiko konterria tartean) galdua zuten frankoek. Pepin I.a Akitaniakoak, ordea, ez zuen etsi nahi izan eta espedizio militar bat bidali zuen Iruñera, buruzagi Eblo kondea eta Aznar I.a Antso dukea zituela. Iruñera erresistentzia gabe sartu ziren, baina bueltarakoan zain zituzten baskoiak eta Banu Qasien armada bortuetan. Baskoiek eta Banu Qasitarrek espedizioa eraso, suntsitu eta frankoen aldeko bi buruzagiak preso hartu zituzten. Ondorioz, Iruñeko Erresuma independentea sortu zen, Enekotarrek eta Banu Qasitarrek elkarren indarrak uztartuta. 828an ere Pirinioz iparraldera (mendebaldean) erreboltak izan zirela dirudi.

Errebolta giro horretan, Aturri inguruko lurraldeak bereizi eta burujabe egin zirela dirudi, Baskoniako konderria izena erabiliz. Aznar Antso, 824ko Orregako Guduan preso hartua eta gero garaile euskaldunen senitartekoa zela-eta libre utzia, Pirinioez iparraldeko lurraldean altxa zen Pipino I.a Akitaniakoaren kontra, baina Aznar Antso kondea (edo dukea) 836an hil zuten ("heriotza lazgarria izan zuen"). Luis enperadore frankoa uzkur izan arren, Aznar Antsok Antso II.a Antso anaia izan zuen oinordeko. Hain zuzen, konde berria Luisen oinordeko-gai Karlos Burusoila Frantzia Mendebaldeko erregearen kontra borrokatu zen. Hurrengo urteetan, Luis Errukitsuaren, Pepin I.aren, Pepin II.aren eta Karlos Burusoilaren arteko borrokak izan ziren nagusi Baskoniaren iparraldeko lurraldean eta Akitanian.

843an, bikingoek Bordele inbaditu eta, Luis Errukitsuak Bordeleko duke izendatu berritan, Xemen II.a (edo Seguin II.a) hil zuten. Bere oinordeko Gilen ere hil zuten Bordele berreskuratzen ari zela 848an,[6] nahiz eta batzuen ustez atxilotu baino ez zuten eta gero erregeak kargutik kendua izan zen. Aurreko biak hil ondoren, litekeena da Antso II.a Antso Bordelen nagusitu izana.

Pepin II.ak aterpe hartu zuen Baskoniaren Garonako mugako lurraldean eta Akitaniako Erresuma independente baten alde egin zuen. Hala ere, Musa ibn Musa Baskonian sartu zen eta Antso hartu zuen gatibu, baina Karlos Burusoilak bere askapena negoziatu zuen. Ondorioz, Antso II.a Antsok (Aznartarren familiakoa) berean babes hartutako Pepin II.a Karlos Burusoilari eman zion (852), eta Antso Karlosen mendeko bihurtu zen. Karlos Burusoilak, trukean, Baskoniako duke izendatu zuen. 853ko leialtasun adierazpen hori izan zen Baskoniak frankoei men egitearen azken lekukotza, geroztik bertako dukeak independenteak izan baitziren mende bat baino gehiago. Antso hil zenean (864), Arnaut Gaskoiniakoa bihurtu zen duke berri, baina hilabete gutxi batzuen buruan hil zen bikingoak borrokatzen ari zela.

Baskonia Gaskoinarantz aldatu

Hurrengo bi mendeetan eta 1058 arte duke independenteak izan ziren Baskoniako buruzagi, ustez Antso III.a Mitarra Gaskoiniakoak sortutako leinuaren eskutik. Hala ere, konderri berriak sortzen hasi ziren Baskonia barruan, eta dukeak agintea galtzen joan ziren kondeen mesedetan, non eta Armagnac, Astarac, Fezensac, Tolosa Okzitania, Lapurdi, Zuberoa eta abarretan. Euskal Herriko mugetatik at, gaskoiera iparraldeko ordokietan hedatu zen eta euskara Pirinioetan babestu. Hala eta guztiz ere, Baskoniako dukerria berriro izango zen Nafarroako Erresumaren eraginpean, batez ere Antso III.a Nagusiaren erregealdian.

Baskoniako duke eta kondeen zerrenda aldatu

Baskoniako dukeak (Frankoen basailauak) aldatu

Baskonia eta Akitaniako dukeak aldatu

Baskoniako duke burujabeak aldatu

Baskoniako duke eta Bordeleko kondeak (Frankoen basailauak) aldatu

Baskoniako kondeak aldatu

Behin-behineko banaketa

Azken Baskoniako duke burujabeak aldatu

Gaskoiniako duke burujabeak aldatu

Akitaniako dukerriari lotuta 1058an.

Bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Collins, Vita Hludovici Imperatoris liburuaren bere komentarioetan: Luis Errukitsuak Pirinioak zeharkatu zituen Iruñean gauzak bere onera ekartzeko, orduko Gaskoiniako markaren zati bat zela aditzera emanez.
  2. (Gaztelaniaz) «Vitoria-Gasteiz» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  3. Fredegarius. IV, 54.
  4. Oman.
  5. Lopez de Luzuriaga Martinez, Iñaki. (2016). Euskaldunak eta karolingiar iraultza : Akitania eta Baskonian barrena. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-591-2. PMC 1055581693. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  6. Monlezun, 342.
  7. a b c d Auñamendi Entziklopedia

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu