Luis XVI.a Borboikoa
Luis XVI.a (frantsesez: Louis XVI; 1754ko abuztuaren 23a – 1793ko urtarrilaren 21a) Frantziako eta Nafarroako erregea 1774tik 1791 arte, eta Frantsesen erregea 1791tik 1792 arte, izan zen. 1792ko abuztuaren 10ean atxilotuta, Frantziako Iraultzako Konbentzio Nazionalak epaitu zuen. Traizioarengatik kondenatuta, 1793ko urtarrilaren 21ean gillotinatu zuten. Bere heriotzarekin monarkia absolutua amaitu zen Frantzian eta, haren ordez, Errepublika ezarri zuten. Monarkia 1815ean itzultzekoa zen, Napoleondar Inperioaren ondoren.
Bizitza
aldatuLuis XV.aren biloba eta ondorengoa izan zen; Maria Josefa Saxoniakoa izan zuen ama. Vauguyongo dukeak hezi zuen eta 1770ean Marie Antoinette Austriakoarekin ezkondu zen. Ministroek erreforma batzuk hasi zituzten, baina aristokratek eragotzi egin zituzten parlamentuan. 1783an Versaillesen Ipar Amerikako independentzia berresten zuen hitzarmena sinatu zen, eta Frantziako koroak neurri batean zabaldu ahal izan zuen bere itzala nazioartera. Barne politikan, ordea, okerrera jo zuen egoerak: nobleak erregearen absolutismoaren aurka matxinatu ziren eta ekonomia eta gizarte egoera ezin txarragoak Estatu Orokorretara deitzera behartu zuen erregea.
1789ko uztailaren 9an Frantziako nazio biltzar konstituziogilea osatu zen, Estatu Orokorretara bilduriko hirugarren estatuaren presioaz, eta uztailaren 14an Parisko herriak neurri hori indartu zuen (La Bastilleren hartzea). Marie Antoinetten eta anaien eraginpean zegoela betiere, Luis XVI.ak ez zien errege pribilegioei uko egin nahi izan eta ez zuen, eskatu zitzaion bezala, Giza Eskubideen Aldeko Aldarrikapena onartu. Erregearen aurkako matxinada handiak izan ziren Parisen 1789ko urriaren 5ean eta 6an eta, azkenean, gogoz kontra onartu behar izan zituen erregeak konstituzio monarkiaren oinarriak. 1791ko ekainean Luis XVI.a ihes egiten saiatu zen; hala ere urte bereko irailean konstituzioa errespetatuko zuela zin egin zuen, Frantsesen errege bihurtu zenean. 1792ko apirilean Austriaren aurkako gerra hasi zuen, kanpoaldeko gerrak bere egoera zuzenduko zuelakoan, baina girondinoak gobernutik kanpo utzi izanak (1792ko ekaina) eta Brunswick jeneral prusiarrak Parisko iraultzaile guztiak larrutuko zituela esanez eman zuen agiriak (1792ko uztaila) guztiz indartu zituzten errepublikaren aldeko asmoak.
1792ko abuztuaren 10ean Luis XVI.a eta errege familia preso hartu zituzten. 1792ko abenduaren 3an zabaldu zen Luis XVI.aren aurkako auzia eta, girondinoek jarrera moderatua izan zuten arren, hiltzera kondenatu zuten nazioaren askatasunaren eta estatuko segurtasunaren aurka jokatzeagatik. 1793ko urtarrilaren 21ean hil zuten Parisko Place de la Révolution plazan (Place de la Concorde gaur egun).
Robespierren hitzaldia erregearen aurka
aldatuLuisen aurkako auzia, besteak beste Roberpierrek bultzatuta izan zen behean agertzen den moduan:
"Hemen ez dago inolako prozesurik. Luis ez da akusatua. Zuek ez zarete epaileak. Estatu gizonak eta nazioaren ordezkariak baino ezin zarete izan. Ez duzue gizon baten aldeko edo aurkako epairik eman behar, osasun publikoko erabaki bat hartu behar duzue, hau da, probidentzia nazionaleko ekintza bat.
Luis erregea izan zen eta errepublika ezarri dugu. Egin dituen krimenengatik galdu du Luisek kargua. Frantziako herritarrak erreboltariak izateagatik salatu zituen eta zigortzeko bere anaia maltzurrak erabili zituen. Garaipenak eta herriak erabaki dute berari bakarrik leporatuko zaiola erreboltari izatea. Beraz, ezin da epaitua izan: zigortuta dago, bestela errepublika ez dute absolbituko.
Luis epaituz gero, errugabea gerta liteke. Are gehiago, errugabea litzateke epaitua izan bitartean. Baina absolbitu egingo balute, ustezko erruduna izan baliteke, zer gertatuko litzateke iraultzarekin?"
1772ko abenduaren 3an
Genealogia
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.