Kuartango
Kuartango[1] Arabako mendebaldeko udalerri bat da, Añanako kuadrillako udalerrien artetik iparraldekoena. Gasteiztik 28 bat kilometro mendebaldera dago.
Kuartango | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Araba, Euskal Herria | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Araba | ||||||||||
Eskualdea | Añana | ||||||||||
Izen ofiziala | Kuartango | ||||||||||
Alkatea | Miren Meabe Carro (Euzko Alderdi Jeltzalea) | ||||||||||
Posta kodea | 01430 | ||||||||||
INE kodea | 01020 | ||||||||||
Herritarra | kuartangar[1] | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 42°53′10″N 2°55′39″W / 42.8862°N 2.9275°W | ||||||||||
Azalera | 84,39 km² | ||||||||||
Garaiera | 594 metro | ||||||||||
Distantzia | 28 km Gasteiza | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 401 (2023) −20 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 4,24 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[2] | -% 2,72 | ||||||||||
Zahartze tasa[2] | % 8,59 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[2] | ‰ 32,79 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[2] | % 87,5 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[2] | % 19,42 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[2] | % 7,85 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[2] | % 19,1 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [3] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera[4] | % 6.09 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera data | XVI. mendea | ||||||||||
Webgunea | http://www.kuartango.eus/ |
Izena
aldatuUdalerriaren izena Quartanicus latinezko izenetik bide dator. Lehendabiziko agerpen idatzian, X. mendean, Quartanigo formarekin ageri da, eta gaztelaniaz gero lehenik Quartango eta geroago Cuartango formak hartu zituen.[5]
Euskararako, Euskaltzaindiak Koartango forma onartu zuen lehenik, 1979an, Euskal Herriko udalen izendegian. Gerora, 1996an, Kuartango formaren alde egin zuen, irizpen baten bidez,[6] eta forma hori dago euskara baturako araututa 2006az geroztik, Euskaltzaindiak emandako 150. arauaren bidez (Arabako herri izendegia). Era berean, Kuartango da Kuartangoko Udalak onartua duen izen ofizial bakarra, hizkuntza guztietarako.[1]
Geografia
aldatuIngurune naturala eta klima
aldatuBaia ibaiak eta haren eskuineko zenbait adarrek eratutako haran batean dago udalerria; eskuineko ibaiadar horietatik handiena Vadillo da. Baiak iparretik hegora zeharkatzen du Kuartango, eta Baiaren mendebaldean dago udalerriko lur gehiena. Harana hiru mendilerrok mugatzen dute: Badaiakoak, ekialdean; Arkamukoak, hego-mendebaldean; eta Gibijokoak, iparraldean. Hegoaldean, berriz, Tetxa haitzarteak banatzen ditu lehen bi mendilerro horiek, eta haranera sartzeko bide nagusia da gizakiarentzat. Baiaren mendebaldean dauden Kuartangoko lurren erdialdean dago Marinda mendia (982 m), eta ia udalerri osotik ikusten da haren gaina;[7] hala ere, tontorrik garaiena Repico da (1.188 m), Kuartangoko mendebaldean kokatua, Arkamu mendilerroan.
Udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago Nerbioi ibaiaren ur jauzi ikusgarria.[7] Nerbioi ibaia Kuartangon sortzen da, eta ur jauzi horretan Kuartangoko lurretatik Amurriokoetara jauzi egiten du (Arabako udalerri batetik bestera, alegia), ezkerraldean 100 bat metrora Burgosko probintziarekiko muga duela.[8]
Duen kokalekuagatik, Kuartangok trantsizioko klima, landaredia eta fauna ditu, eremu atlantikoaren eta eragin mediterraneo-kontinentaleko lautaden artean. Beraz, Kuartangoko klima klima atlantikoaren eta klima mediterraneoaren artekoa da.[7]
Arabako beste herri askok bezala, bertako espeziez osatutako baso ugariak ditu Kuartangok. Udalerriaren ekialdean eta erdiealdean, erkametza da nagusi; hegoaldeko muturrean, artea; eta ipar-mendebaldean, pagoa. Gainera, Baia ibaiaren ondoan —eta haren adar Basaberen ondoan— ibarbasoa dago. Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, zuhaitz horietako asko lepatuz ustiatu izan dituzte, urte askoan; hau da, lehendabizi —zuhaitza gaztea delarik— bizpahiru metroko garaieran erdiko adarra moztuz, eta gero noizbehinka hortik sortutako albo adarrak moztuz.
Udalerri mugakideak
aldatuErlojuaren noranzkoan, mugakide hauek ditu:
- Iparraldean: Amurrio, Urkabustaiz eta Zuia
- Ekialdean: Badaiako Mendilerroko Erkidegoa
- Hegoaldean eta hego-mendebaldean: Erriberagoitia
- Mendebaldean: Gaubea
- Ipar-mendebaldean: Berberana (Burgos)
Kuartangoren eta Gasteiz nahiz Iruña Okaren artean dauden Badaia mendilerroko lurrak Badaiako Sierra Bravako Komunitateak kudeatzen ditu.
Historia
aldatuGizakiaren kokalekuak oso antzinakoak dira ibarrean, eta hala frogatzen dute egun oraindik ikusgai dauden aztarna megalitiko eta historiaurrekoek: tumulu zelaiak Sendadianon eta Arrianon; korridore hilobiak Katadianon; eta historiaurrean bizileku izandako kobazuloak Arkamu eta Gibijo mendilerroetan. Haitzulo nabarmenena Jokanoko lurretan dago, eta Brontze Arokoa da. Hor pinturak aurkitu zituzten, silexezko eta hezurrezko hainbat tresnarekin batera.[7]
Erromatarren konkistaren garaian, dokumentuetan ageri ez den gudu bat gertatu zen Kuartangoko ibarrean, Sendadianotik hurbil: Andagosteko gudua. Kristo aurreko 38. urtearen inguruan, 1.200 - 1.800 bitarte erromatar soldaduk osaturiko armada bat Kuartango zeharkatzen ari zen, eta, borroka gogor bat izan zelarik, bertakoek irabazi bide zuten. Segur aski, galdu zutelako ez zuten erromatarrek utziko idatzizko lekukotasunik gudu hari buruz. 1997an aurkitu zituzten guduaren hondakinak, giza hornidurarako ura ekartzeko lanak egiten ari zirela.[9][10]
Gerora, ordea, erromatarrak nagusitu ziren Kuartangon ere, eta erromatar galtzada garrantzitsu bat igaro zen Kuartangotik, Iberiar goi lautada eta Bizkaiko golkoko kostaldea lotzen zituena. Bide horrek Erdi Aroan ere iraun zuen, eta Santiago de Compostelara zihoan Done Jakue bidearen ordezko ibilbide bilakatu zen.[7]
XIX. mendearen bukaeran, Europako aberatsen artean bainuetxeetara joateko ohitura zabaldu zelarik, Kuartangon ere ezarri zuten halako bat, Zuhatzun, Baia ibaiaren ondoan. Hor dagoen Iturri Beltzari darion ur sufretsua sendagarritzat erabiltzen zuen.[11] Bainuetxeari esker, tren geltokia ere jarri zuten Zuhatzun.[12]
Haustura hidraulikoaren arriskua, XXI. mendean
aldatuXXI. mendearen hasieran, haustura hidraulikoz —hau da, fracking izenez ezagunagoa den teknika erabiliz— hidrokarburoak lurpetik ateratzeko lanak abiatzeko saiakerak izan dira Araban, Enara Handia ustiagunean. Enara Handian egitekoa zen zuloetako bat, hirugarren zenbakia daramana, Kuartangoko lurretan zegoen. Kuartango Subillako kareharriak deritzon egitura geologikoaren gainean dago; horren iragazgaitasun handiari esker, akuifero garrantzitsu bat dago Kuartangoko lurpean: hedadura eta ur bolumen handiko akuifero bat, alegia.[18] Beraz, haustura hidraulikoak dakartzan kutsadura kalte ezagunen ondorioz,[13][14][19] akuifero hori arriskuan zegoen; eta, ondorioz, arriskuan zeuden Kuartangoko ingurumena eta bertako biztanleen osasuna.[18]
Horrek kuartangar gehien-gehienak mobilizatu zituen haustura hidraulikoaren aurka. 2012ko otsailaren 27an, Kuartangoko Udalak erabaki zuen Kuartango fracking gabeko udalerria zela, EAJko hiru zinegotzien eta Bilduko hiru zinegotzien aldeko botoarekin, eta PPko zinegotzi bakarraren abstentzioarekin.[20] Halako erabaki bat hartzen lehen udalerria izan zen, Espainiako Erresuma osoan.[16][21] Gero, erreferendum bat antolatu nahi izan zuen udalak, baina Espainiako Gobernuak horretarako baimena ukatu zion. Hala ere, galdeketa egin ahal izan zien herritarrei, Arabako Batzar Nagusien babesarekin. Galdeketa horretan zentsuko boto emaileen % 75,8k parte hartu zuten, eta % 98,4 agertu ziren frackingaren aurka; hiru bizilagunek baizik ez zuten eman frackinga erabiltzearen aldeko botoa.[15][17][16]
Banaketa administratiboa
aldatuHamar kontzejutan antolatutako hogei herrik osatzen dute Kuartangoko udalerria (biztanle kopuruak 2017ko erroldakoak dira):[22]
Kuartangoko hamar kontzejuak eta kontzeju bakoitzeko herriak | ||
---|---|---|
|
|
|
Demografia
aldatuXX. mendearen lehen erdian Kuartangok biztanle kopurua mantendu zuen; baina, nekazaritzari lotutako udalerria izanik, 1960 ingurutik aurrera galera iritsi zen. XXI. mendearen hasieran, Kuartangok XX. mendearen hasieran izan zuen populazioaren herena zeukan.
- Biztanleriaren bilakaera, gutxi gorabehera hamarkadaz hamarkada, 1842. urteaz geroztik:
Kuartangoko biztanleria |
---|
Datu-iturria: Espainiako Estatistika Erakundea[23]
|
- Biztanleriaren bilakaera, XXI. mendean:
Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Politika
aldatu2023-2027 legegintzaldia
aldatu2023ko hauteskundeen ondorengo Kuartangoko udalbatza | |||||
Alderdia |
2023ko maiatzak 28 | ||||
Zinegotziak | Boto kopurua | ||||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 3 / 7 |
||||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 3 / 7 |
||||
Alderdi Popularra (PP) | 1 / 7 |
||||
Andagostes (Andagostes) | 0 / 7 |
||||
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | 0 / 7 |
||||
Datuen iturria: Hauteskunde emaitzak. Eusko Jaurlaritza
Boletin Oficial del Territorio Historico de Alava (Gaztelaniaz) |
Alkateak
aldatuHauek izan dira Kuartangoko azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[24] | |
Jose Martinez de la Pera Zurbitu[24] | 1979 | 1983 | Independenteak | |
Jose Martinez de la Pera Zurbitu | 1983 | 1987 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Gerardo Martinez de Osaba Ruiz de Zarate | 1987 | 1991 | Independenteak | |
Jose Ramon Salazar Gomez | 1991 | 1995 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jose Ramon Salazar Gomez | 1995 | 1999 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jose Ramon Salazar Gomez | 1999 | 2003 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jose Ramon Salazar Gomez | 2003 | 2007 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jose Ramon Salazar Gomez | 2007 | 2011 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Iñaki Guillerna Saenz[25] | 2011 | 2015 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Iñaki Guillerna Saenz[24] | 2015 | 2016a | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Eduardo Fernandez de Pinedo Gonzalez[26] | 2016 | 2019 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Eduardo Fernandez de Pinedo Gonzalez[27][28][29] | 2019 | 2023 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Miren Meabe Carro[29][30][31] | 2023 | Jardunean | Euzko Alderdi Jeltzalea |
a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
Kultura
aldatuEuskara
aldatu1602an, kuartangarren hizkuntza zen artean euskara. 1802an, ordea, eremu euskaldunen artean ez du Kuartango aipatzen Prestamerok.[33]
2016an % 35,7 euskaldunak ziren, eta euskararen erabilera % 2,2an kokatzen zen.
Jaiak
aldatu- Inauteriak: Santa Agata jaiaren egunean egiten dira; inauteriak ospatzen hasten den Arabako lehendabiziko herria da. Izan ere, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren frankismoak inauteriei ezarritako debekuari aurre egiteko, inauterietako ezaugarriak Santa Agataren egunera eraman zituzten herritarrek.[34][35] Goizez, makilekin etxez-etxe joaten dira jakiak eta dirua biltzen, porrero jantziarekin. Eguna ilundutakoan, hartza ( hezitzaileak katez lotuta daramala), zakuekin jantzitako maskaratuak eta errautsa botatzen duen pertsona ibiltzen dira herriko kaleetan zehar;[36][35] bai eta Arrianoko Atsoa ere,[35] azken urteotan herriko inauteriari batu zaion antzinako pertsonaia.[37] Ez da segurua ea Arrianoko Atso mitikoaren atzean benetako pertsonarik izan den (segur aski bai, Kuartangoko mendebaldean dagoen Arriano herrian izango zen nortasun handiko emakume zahar bat, bere nortasun bereziagatik ospetsu egingo zena), baina haren kondairak eta esaerak errotuta daude Kuartangoko eta inguruko herrietako tradizioan.[38]
- Erromeriak: Kuartangon, herri erromeriak egiten dira baselizen inguruetan. Corpus eguneko igandean Hirutasun Santuaren baselizako erromesaldia egiten da. Eskolunbeko zelaietan, Eskolunbeko Andre Mariaren santutegiaren ondoan, erromeria jendetsua egiten da abuztuko azken igandean, Kuartangoko zaindari den Eskolunbeko Andre Mariaren ohorez.[7] Bi erromeria horietan, aspaldiko ohitura izan da giza gaztelua egitea. Eskolunbeko erromerian ohitura hori galdu zen XX. mendean, baina XXI.ean berreskuratu da.[32]
- Perretxikoaren eta terreña behiaren azoka: maiatzaren bigarren igandean izaten da, Zuhatzun, Baia ibaiaren ondoan.[39][40] Azoka 2002. urtean hasi zen antolatzen, bi helburu izanik: Kuartangoko perretxikoak balioetsi eta zaintzea, eta terreña behiaren arraza sustatzea, Kuartango haraneko berezko arraza izanik XX. mendearen erdialdea arte bertako nekazaritza eta abeltzaintzaren oinarri izan baitzen; eta ez soilik Kuartangon, Arabako eta inguruetako beste herri askotan ere.[41] XX. mendearen bukaeran galtzeko zorian egon zen, 100 bat abelburu baizik ez baitzeuden Araba osoan.[42]
Ondasun nabarmenak
aldatu- Katadianoko lau trikuharrik osatzen duten multzoa.
- Hirutasun Santuaren baseliza: Gillartetik gertu dago, haitzulo baten sarreran. Historiaurretik gurtzako toki izana da ura darion haitzulo hori, segur aski uraren eta emankortasunaren gurtzari lotuta. Baselizaren aipamenik zaharrena XVI. mendekoa da; zehazki, 1546koa.[44]
- Andagosteko guduaren arkeologia aztarnategia: bertakoek mendean hartu zuten 1.200 - 1.800 bitarte erromatar soldaduk osaturiko armada bat, borroka gogor batean, K.a. 38. urtearen inguruan.
- Urbina Basabeko dorrea, Urbina Basabe herrian kokatua: beste eraikin baten gainean eraiki zuten, XII. mendearen bukaeran, San Pedro izeneko eliza monasterioa. Tenpluari atxikitako defentsarako dorreak eta ondoan dauden garrantzi gutxiagoko beste eraikin batzuek osatzen dute multzoa. 1458. urtean hartu zuen gaur egungo itxura, eta XVI. mendearen hasieran egungo kanpai horma exentua eraiki zioten, Kuartangoko haranean dauden beste hainbaten antzekoa.[45] Gaur egun, Urbina Basabeko dorrean dago Andagosteko guduaren interpretazio zentroa.
- San Pedro eliza: Zuhatzuko herriguneko lekurik garaienean eraiki zuten, XIII. mendean.[46][47] Eliza erromanikoa da. Bataiarri nabarmena du, Aprikanoko eta Marindako bataiarriekin batera multzo interesgarria osatzen duena.[47]
- San Sebastian eliza: Artxuako parrokia eliza, XV. mendekoa, Kuartangoko estilo erromanikoan egina.[48][49]
- Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia, Katadianotik gertu kokatua. 1541. urtean bukatu zituzten santutegia eraikitzeko lanak. Bi sarbide dituen harrizko harresi batek inguratzen du. Iparraldeko sarbideak arku erdizirkularra du. Alboko eraikin bat du: ermitauaren bizilekua. Ermitaua arduratzen zen santutegia zaintzeaz eta herritarrek santutegirako emandako limosnak biltzeaz. Santutegia bera burualde zuzeneko habearte bakarrekoa da, ganga gotiko berantiarrekin.[43]
- Korua 1544. urtekoa da. Erretaula nagusia, berriz, Arabako elementu plateresko garrantzitsuenetako bat da. 1565-1567 bitartean egin zuten Juan Aiala gasteiztar eskultoreak eta Jeronimo Nogueras urduñar eskultoreak. 1999. urtetik, kultura ondasun izendatuta dago, monumentu sailkapenarekin, eta geroztik berritu egin dute. Oraindik eusten dio XVI. mendeko polikromiaren zati handi bati, urre kolorea nagusi izanik. Andre Mariari eskainitako santutegia denez, irudi nagusiek haren bizitzako gertaerak islatzen dituzte: deikundea, ikustaldia, zeruratzea, lokartzea, Jesusen jaiotza eta agerkundea. Erdiko nitxoan, Andre Mariaren tailua dago, aingeruek koroatzen dutela. Apaingarri osagarriak ugariak eta preziosistak dira.[43]
- Alboetako erretaulak geroagokoak dira, XVIII. mendearen azken laurdenekoak. Zuriz margotuta daude, haitzurdinaren itxura emateko. Ezkerreko erretaulak Eskolunbeko Andre Mariaren irudia dauka, Erdi Arokoa (XIV. mendekoa), alboan gurasoak dituela: San Joakim eta Santa Ana.[43]
- Antzina, Eskolunbeko Andre Mariaren irudia erretaula nagusiaren erdigunean zegoen. Alboko erretaula horretara jaitsi zuten irudia jantziz eta bitxiz apaintzeko ohitura zegoen garaian, errazago jantzi eta edertu ahal izateko. Duela hamarkada batzuk arte, jantzita egoten zen; baina gaur egun jatorrizko tailua ikus daiteke.[43]
- Kuartangoko bainuetxea, Zuhatzun. Kuartangoko udaletxearen eta Baia ibaiaren ondoan dago. XIX. mendearen bukaeran eraiki zuten, hor dagoen Iturri Beltzari darion ur sufretsua sendagarritzat erabiltzeko.[11] Bainuetxeari esker, tren geltokia ere jarri zuten Zuhatzun.[12] 6000 metro koadro[12] dituen etxe handi horretan dute egoitza, gaur egun, Kuartangoko sagardotegiak[50] eta Ekotarriko kontserba ekologikoen enpresak.[51] Gainera, eraikin horren beste alde batzuk (urteen joanean hondatu direnak) konpontzeko eta jarduera gehiago sartzeko lanean ari da Kuartangoko Udala.[52]
Kuartangar ospetsuak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c Euskaltzaindia. (PDF) 150. arauaː Arabako herri izendegia. .
- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ Caro Baroja, Julio. (1990). Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-254-1. PMC 24623703. (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
- ↑ Euskera, XLI:1-2, 1996, 240-241 orrialdeak.
- ↑ a b c d e f Arabako Foru Aldundia. (2010). Araba herriz herri. Arabako Foru Aldundia, 82 or..
- ↑ Kuartangoko Udala. Kuartangoko mapa toponimikoa. Eusko Jaurlaritza (argitaratze data: 2013ko urria).
- ↑ (Gaztelaniaz) Otxaran Larrondo, José Antonio. (2006-02-03). «La Batalla de Andagoste (Cuartango, Alava)» Euskonews & Media 333.
- ↑ (Gaztelaniaz) Amestoy, Itziar. (2009-03-08). «Andagoste, de cuando los indígenas de Euskal Herria vencieron a los romanos» Gara.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Kuartangoko urak, sendagarri» Alea.eus 2018-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ a b c Salgado, Ion. (2016-10-21). «Zuhatzuko bainuetxea» GAUR8 2016-10-22 (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ a b (Ingelesez) Brown, Valerie J.. (2007-02-01). «Industry Issues: Putting the Heat on Gas» Environmental Health Perspectives 115 (2): A76–A76. doi: . PMID 17384744. PMC PMC1817691. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b (Ingelesez) Brown. (2014-02-01). «Radionuclides in Fracking Wastewater: Managing a Toxic Blend» Environmental Health Perspectives 122 (2): A50–A55. doi: . PMID 24486733. PMC PMC3915249. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b Rejado, Jon. «Kuartangok, 'fracking'-ari ez» Berria 2013-10-20 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) EFE. (2013-10-19). «Los vecinos de Kuartango votan masivamente en contra del ‘fracking’» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Gatón, Natxo. (2013-10-19). «Sólo tres vecinos de Kuartango dicen sí al Fracking» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Kuartangoko Udala. «Municipio y Fracking» www.kuartango.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Peña Pérez, Juan Cruz. «El impacto medioambiental del fracking cuestiona su potencial económico» Eldiario.es 2013-07-09 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Kuartangoko Udala. «Kuartango municipio libre de fracking» www.kuartango.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Internet, Unidad Editorial. «Movilización en Kuartango contra la extracción de gas por 'fracking' en Álava» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ «Herriak» Kuartango.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Espainiako Estatistika Erakundearen webgunea
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales: Ministerio de Política Territorial y Función Pública:» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El alcalde de Kuartango dimitirá si los vecinos apoyan el ‘fracking’» El País 2013-10-18 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eduardo Fernández de Pinedo es el nuevo alcalde» Diario de Noticias de Álava 2016-02-13 (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Alcaldías en Álava: Labastida, Zigoitia y Laguardia para el PNV, Samaniego para EH Bildu» Gasteiz Hoy 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El PP rompe el empate y da la Alcaldía de Kuartango al PNV» Naiz 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Estos son los 53 alcaldes de los pueblos de Álava» Gasteiz Hoy 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El PNV arrebata Kuartango a EH Bildu con el voto del PP» Gasteiz Hoy 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Todos los alcaldes y alcaldesas de Álava, pueblo a pueblo» Diario de Noticias de Álava 2023-06-18 (Noiz kontsultatua: 2024-02-08).
- ↑ a b Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Herriko dantzak berreskuratu dituzte Kuartangon» Alea.eus 2017-09-21 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ainhoa AROZAMENA AYALA: «Kuartango: Lengua», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Lurdes Lekuona, Arabako Herri Inauteriak Elkarteko lehendakaria: "Inauterien memoria galtzen ari da, zaharrak hiltzen ari direlako"» Alea.eus 2017-02-16 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b c «Inauterien denboraldia zabalduko du Kuartangok otsailaren 9an» Alea.eus 2019-01-28 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Kuartango: Agate Deuna 2020 Kantuak, porreroak eta hartza. (argitaratze data: 2020-02-11) (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Arriano, atsoaren esaeren gordailu» Alea.eus 2019-02-03 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ortíz de Zárate, Carlos. (2009). «La vieja de Arriano: Valle de Cuartango (Alava)» Anuario de Eusko-Folklore: etnografía y paletnografía (48): 149–160. ISSN 0210-7732. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ «Perretxiko & Terreña behi-azienda azokako kartela» Sormen Komunikazioa (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Fernandez de Arangiz, Saioa. «Perretxikoak eta terreña behia protagonistak, igandeko Kuartangoko azokan» Alea.eus 2016-05-06 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Ayesa, Esther. (2016-05-06). «Dena prest dago Kuartangon, “Perretxikoen eta Terreña behien XIV. azoka” ospatzeko» Arabako Foru Aldundiaren turismo bloga (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Vaca terreña y el perretxiko de Álava, cita en Kuartango, próximo domingo» Arabako Foru Aldundiaren turismo bloga 2018-05-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b c d e Eskolunbeko Andre Mariaren Santutegiko argibide panela, landatur.com.
- ↑ (Gaztelaniaz) González de Langarica Ruiz de Gauna, Alberto. (1990). «Ermitas de Cuartango (I). Santuario de la Stma. Trinidad» Anuario de Eusko Folklorearen Urtekaria (Eusko Ikaskuntza): 103-147. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ «Urbina Basabeko dorrea» Kuartangoko Udalaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Telleria Sarriegi, Etor; Ajamil, Francisco Javier. (2011). «Iglesia de San Pedro (Zuazo de Kuartango)» Arkeoikuska: Investigación arqueológica (2011): 103–105. ISSN 0213-8921. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ a b «Zuhatzu Kuartango» Kuartangoko Udalaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ «Artxuako San Sebastian eliza» Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistema (Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ «Agindua, 2012ko apirilaren 17koa, Kultura sailburuarena, Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastian Eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 94. zenbakia, 2012ko maiatzaren 15a.
- ↑ Kuartangoko sagardotegiaren webgunea.
- ↑ Ekotarriko enpresaren webgunea.
- ↑ «Kuartangoko bainuetxea» Kuartangoko Udalaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Araba |
- Kuartangoko Udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) «Kuartango», Auñamendi Eusko Entziklopedia.