Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia

Gasteizen jazotako sarraskia, Espainiar Polizia Armatuaren eskutik

Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia 1976ko martxoaren 3an Gasteizen greba orokor batean Espainiako Polizia Armatuak egindako sarraskia izan zen. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Polizia haien eta Espainiako gainerako polizia indar guztien burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen, eta sarraskiaren erantzukizuna egun haietako protestak egiteko deialdia egin zutenei egotzi zien.[1][2] Urte horietan guztietan Espainiako Justiziak gaia ikertu ez duenez, 2014ko urriaren 31n, Argentinako María Servini epaileak Rodolfo Martín Villaren eta frankismoaren beste hemeretzi karguren aurkako atxiloketa agindua eman zuen, gertakari horien inguruan galdekatu ahal izateko.[3]

Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia
Data1976ko martxoaren 3a
HelburuaSan Frantzisko Asiskoaren elizako langile asanblada
HiriaZaramaga, Gasteiz, Araba
 Euskal Herria
42°51′21″N 2°40′08″W / 42.85583°N 2.66889°W / 42.85583; -2.66889
Hildakoak5
Zaurituak150
EgileakEspainiako Polizia Armatua

Historia

aldatu
 
San Frantzisko elizaren barnealdea. Eraikina Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen.

1976ko urtarrilean 6.000 langile inguruk soldatak mugatzen zituen dekretua salatzeko eta haien lan-egoera hobetzeko greba hasi zuten. Gasteizen langile mugimendu indartsua antolatzen ari zen, herritarren eskubideak zapaltzen zituzten diktaduraren eta enpresaburu diruzaleen aurka. Bi hilabete geroago, martxoaren 3an, hirugarren greba orokorrera deitu zuten, langileen aldetik erabateko jarraipenarekin, hainbestekoa ezen hedabide ofizialek ere lantegietako grebaren jarraipena % 80koa izan zela onartu zuten. Goizeko lehen orduetatik poliziak manifestazio guztiak gogotik erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan, Zaramaga auzuneko San Frantzisko Asiskoa elizan langileen batzar bat egin behar zenean, gertakari ilunak jazo ziren. Polizia Armatuak —grisak— elizan sartu ziren apaizaren oharrak mespretxatuz, eta langileak irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, esparrua itxia izan arren. Elizaren hustean langile ugari jipoitu zuten. Hala ere, gertakizun lazgarriena izan zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro eginda 150 pertsona zauritu zituela, eta, larriena dena, 5 langile hil zituela. Haietako bi, tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, berriz, zauri larrien ondorioz ondorengo egunetan hil ziren ospitalean.

Hainbaten ustez, Gasteizen eta beste hainbat tokitan hain indartsu antolatzen ari zen langile mugimendua geraraztearren, Espainiako Gobernutik etorri zitzaien agindua poliziei, protestalariei hiltzeko asmoz tiro egin ziezaieten.[1]

Hilak hauek izan ziren:

  • Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea. Mendizorrotza auzoan bizi zen.
  • Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea. Zaramaga auzoan bizi zen.
  • Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea. Errekaleor auzoan bizi zen.
  • Jose Castillo García, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko Basa enpresako langilea. Zaramaga auzoan bizi zen.
  • Bienvenido Pereda Moral, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea. Zaramaga auzoan bizi zen.

Grebaren esperientzia

aldatu

Nahiz eta epe ertainera langileek zituzten helburuak lortu, epe laburrean zigor eta errepresio gogorra pairatu zuten, behean idatzita dagoen moduan:

« Hirurogeita hamar egun greban, ezin konta ahala batzar, manifestazio ugari, greba orokorra egiteko hiru deialdi, lehen atxilotuen askatasuna, lanpostutik botatako langileak berriz hartzea, gertaera larrien ondoren greba orokorra Euskadin...

Martxoaren 3ko hilketa ikaragarriaren ondoren, batzarrak egiteko saio txikienen aurkako errepresio bortitzaren ondoren, borrokalari ezagunenen aurkako jazarpen etengabearen ondoren... oso gogorrak ziren greban aurrera jarraitzeko baldintzak.

Burgesiak, masaren oldarrak bere helburuak gainditu egiten dituela ikusten duenean, ez du inoiz ere zalantzarik izaten bitarteko anker bortitzenak erabiltzeko, eta horretaz ongi jabetu behar dugu guztiok.

»

—Tomás Etxabe, Forjas Alavesaseko langilea, Komisio Antikapitalisten buruzagi bat


Martxoaren 3ko beste biktimak

aldatu

Martxoaren 3ko sarraskia salatzeko manifestazio ugari egin ziren Gasteiztik kanpo ere. Manifestazio horietako batzuetan istiluak egon ziren, eta, horien ondorioz, 1976ko martxoaren 3tik 14ra bitartean beste hiru hildako egon ziren:

  • Juan Gabriel Rodrigo Knafo, 19 urtekoa, Tarragonan hil zen, eraikin baten estalkitik erortzerakoan poliziarengandik babestu nahian, martxoaren 6an.
  • Vicente Antón Ferrero, 18 urtekoa, Basaurin hil zuen Guardia Zibilak tiro batez, martxoaren 8an.
  • Mario Marotta, 53 urtekoa, Erroman hil zuen polizia italiarrak, manifestazioan parte hartzen ari ez bazen ere, martxoaren 14an.

Ondorioak

aldatu

Manuel Fraga Iribarne —garai hartan Gobernazioko ministroa— eta Rodolfo Martin Villa —Sindikatuekiko Erlazioetako ministroa— jotzen dira sarraskiaren erruduntzat. Biok, Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera —Campano jenerala—, Gasteiza joan ziren zaurituak bisitatzera, beren aurpegia garbitze aldera. Ez dituzte oraindik epaitu.

Gertakariok Espainiako gobernuaren gaineko presioa nabarmen areagotu zuten, eta horri esker lortu zen amnistia, sindikatuen askatasuna eta demokrazia-aldarrikapen batzuk onartzea.

2005ean Martxoak 3 Elkarteari Arabako Domina eman zioten Arabako Batzar Nagusiek, «gertaeren biktimei ordain morala eta erakundeen aintzatespena emateko asmoz».[4] Hala ere, elkarteak ohorezko saria jasotzeari uko egin zion, Espainiako Alderdi Popularreko Ramon Rabanerak eman behar baitzuen —orduko Arabako ahaldun nagusiak—, alderdi politiko horretako ohorezko presidentea Manuel Fraga Iribarne izanik.

Sarraskiaren biktimei ez zaie aplikatu, oraingoz, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea.[5]

2014ko abenduaren 29an adierazi zuenez, martxoaren 3ko eliza memoria gune izatea nahi zuen EH Bilduk[6].

2006ko istiluak

aldatu
 
2009ko martxoaren 3ko manifestazioa, Frantzia kalean, Bilboko plazatik gertu.

2006an, urtero legez, manifestazio jendetsu bat egin zen Gasteizen, martxoaren 3an. Ertzaintzak, manifestarien aurka egindako kargan, hainbat zauritu zituen, eta hiru atxilotu: Josu Ormaetxea, Andoni Txasko —1976ko gertakarietan eskuineko begia galdu zuena— eta Aitor Fernández de Ortega. Ormaetxeari eta Txaskori terrorismoaren goratzea egotzi zieten, egun batzuk lehenago kartzeletan hildako ETAko bi kideren argazkiak erakusteagatik dolu-xingola beltzarekiko Euskal Herriko ikurrin batean. Espainiako Auzitegi Gorenak, aldiz, auzia artxibatu zuen, haren ustez epaituek ez zutelako terrorismoaren goraipamenik egin.[7] Gasteizko epaitegian, berriz, hiru atxiloturen aurkako epaiketa izan zen 2009an, «atentatua» eta «desordena publikoak» egotzita.[8] Azken auzi horretan ere, Ormaetxea eta Txasko errugabe geratu ziren, baina Fernández de Ortegari 14 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten.[9]

Omenaldiak

aldatu
 
Lluis Llach, Parisko kontzertu batean

Lluis Llach kantautore kataluniarrak biktimen omenez kanta hunkigarri bat konposatu zuen istiluen gau bertsuan. Abestia Campanades a Morts deritzo, eta 1977an Mendizorrotzeko kiroldegian eman zuen lehen aldiz, Mikel Laboak lagunduta. Halaber, Gasteizko Araba Pabiloian berriz jo zuen hilketen 30. urteurrenean, Donostiako Orfeoiarekin batera. 2006an, halaber, Lluis Danes kataluniarrak zuzendutako Llach, la revolta permanent izeneko filma aurkeztu zuten, 1976ko gertakariak eta Llachen abestiaren historia kontatzen dituena.[10]

1984an, Zarama taldeak Gasteizko Gaua abestia plazaratu zuen Indarrez albumean, grebalarien omenez. Betagarri gasteiztar musika taldeak ere gertakariei buruzko abesti bat txertatu zuten 2006. urteko Hamaika Gara lanean.

Vitoria, 3 de marzo Victor Cabaco zuzendariaren filmean ere gertakariok kontatzen dira.

1976ko martxoaren 3ko biktimen memorialen galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gasteiz