Brujas edo Brugge[1] (nederlanderaz: Brugge; frantsesez: Bruges) Belgikako ipar-mendebaldeko hiria da, Flandrian kokatua, Reie ibaiaren ertzean, Ipar itsasotik 13 kilometrora. Mendebaldeko Flandria probintziako hiriburua da, eta Belgika osoko hiri jendetsuenetan seigarrena. 138,4 Km² ko eremua hartzen du eta 2016ko urtarrilaren 1ean 1.187.890 lagun bizi ziren bertan[2].

Brujas
Brugge
Brugge
hiri handia
Administrazioa
Estatu burujabe Belgika
Belgikako eskualdea Flemish Region
Province of Belgium Mendebaldeko Flandria
Belgikako barrutiaArrondissement of Bruges
AlkateaDirk De fauw
Izen ofizialaStad Brugge
Jatorrizko izenaBrugge
Brugge
Posta kodea8000, 8380, 8310 eta 8200
Geografia
Koordenatuak51°12′32″N 3°13′27″E / 51.2089°N 3.2242°E / 51.2089; 3.2242
Map
Azalera140,99 km²
Altuera2 m eta 4 m
MugakideakBlankenberge, Knokke-Heist, Oostkamp eta Damme
Demografia
Biztanleria118.509 (2022ko urtarrilaren 1a)
225 (2018)
Dentsitatea841 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia050
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakSalamanca, Burgos eta Guadalajara
Hizkuntza ofizialanederlandera
brugge.be

Hirigune historikoa UNESCOren Gizateriaren Ondare izendaturik dago 2000. urtetik[3]. Apezpikutegia du.

Historia

aldatu

Jatorria

aldatu

Erromatar aurreko galiar aroko giza-jarduera urria da. Lehenengo gotorlekuak I. mendean eraiki ziren, Julio Zesarrek Menapii konkistatu ondoren, kostaldea piratengandik defendatzeko. Frankoek eskualdea kontrolatu zuten galiar-erromatarren ostean, IV. mendearen inguruan, eta Pagus Flandrensis moduan administratu zuten. IX. mendeko bikingoen erasoak zirela-eta, erromatar gotorlekuak sendotu ziren. 837. urtean Balduino I.a Flandriako lehen kondeak gaztelu bat eraiki zuen zubi baten ondoan (brugge), eta bertan bizi izan ziren Flandriako konde aberats ahaltsuak XIV. mendera arte.

Urrezko aroa: XII.-XV. mendeak

aldatu

1128ko uztailaren 27an hiri gutuna eskuratu ondoren, Brujasek ubide eta horma berriak eraiki zituen. 1050etik aurrera, hiriak itsasorako irteera galdu zuen, jalkinez bete zelako. Hala ere, 1134ko ekaitzak ubide natural bat sorrarazi zuen Zwinerako bidea zabalduz. Itsas sarrera hau Dammeraino heltzen zen, Brujasko merkataritza-gunea bilakatu zena.

Hain oparoa zen hiria, non bertako merkatari batek ordaindu baitzuen Joan Lurgabeak Flandriako azken kondeari ezarri zion bahitura-sari izugarri handia (400.000 koroa urre). Brujas garrantzi handiko portu bihurtu zen; bertatik merkaturatzen ziren Flandriako oihalak, Ingalaterrako artilea, Eskandinaviako zura, Errusiako anbarra, Gaztelako ardoa eta Veneziako zeta, besteak beste. XIII. mendean, Hansaren kontsul-hiria bihurtu zen. Artea nabarmen garatu zen Brujasen ere. 1301. urtean, Filipe Ederra barne-gatazka eta gerrez baliatu zen bertan sartzeko.

Brujasko hirigune historikoa1
  UNESCOren gizateriaren ondarea
 
Mota Kulturala
Irizpideak ii, iv, vi
Erreferentzia 996
Kokalekua   Belgika
Eskualdea2 Europa/Ipar Amerika
Izen ematea 2000 (XXIV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Merkataritza

aldatu

Brujas toki estrategikoan kokaturik zegoen iparraldeko Hansako Liga eta hegoaldeko merkataritza-bideen artean. XIII. mendearen hasieran, Brujas flandiar eta frantziar ehun-azoken zirkuituan zegoen, baina azoken sistema desagertu zenean, Brujasko merkatariek beste bide bat bilatu zuten. Italiatik kapitalismoko forma berriak kopiatu zituzten. Horren arabera, merkatuen ezagutzak, arriskuak eta etekinak partekatzen zituzten. Truke ekonomikoaren forma berriak erabili zituzten, kanbio-letrak eta kreditu-letrak besteak beste[4]. Hiriak pozaren pozez onartu zituen kanpoko merkatariak, aipagarrienak portugaldarrak, piperbeltzaren eta espezien tratulariak[5].

XII. mendean, hiriko bizitzaren berpiztearekin, artilearen merkataritza, ehun-industria eta jantzien merkatua garatu ziren hiriko harresien barruan, eta soberakinak modu seguruan gorde ziren Flandesko kondeen babesarekin. Hiriko enpresaburuek kolonia ekonomikoan eduki zituzten Ingalaterrako eta Eskoziako artile-ekoizleen eskualdeetan. Ingalaterrako kontaktuek Normandiako alea eta Gaskoiniako ardoa ekartzen zuten. Portua Hansako itsasontziez beterik egoten zenez gero, Damme eta Sluiseraino zabaldu behar izan zuten koka berriak egokitzeko. 1277an, Genovako lehengo merkataritza-flota agertu zen Brujasko portuan; luze gabe, lotura nagusia bilakatu zen Mediterraneoaren eta Ipar Itsasoaren arteko merkataritzarentzat. Garapen horrek ez zituen bakarrik Levanteko espeziak ekarri, baizik eta merkataritza eta finantza teknikak eta kapital fluxua ere, zeinak laster Brujasko bankuen esku gelditu baitziren. Burtsa 1309an sortu zen (beharbada, munduko lehena) eta XIV. mendeko Herbehereetako diru-merkaturik sofistikatuena bilakatu zen[6]. Atzerriko merkatari asko kokatu ziren Brujasen, hala nola, Gaztelako artile-merkatariak, aurrenekoz XIII. mendean heldu zirenak. Kanpoko merkatariek hiriko merkataritza-guneak hedatu zituzten. Komunitate bereiziak osatzen zituzten, berezko legeen arabera gobernaturik, 1700 ondoko ekonomia-kolapsora arte[7].

Aberastasun horrek bidea eman zien matxinadei, gehienak miliziak kontrolatuak. Hala ere, 1302ko maiatzaren 18an, Brujasko matutiak gertatu ziren: gauean Flandriako miliziak frantziar goarnizioa sarraskitu zuen; horren ondoan, hiriko biztanleek eta Flandriako kondeak bat egin zuten frantziarren kontra, eta Kortrijkeko guduan garaitu zituzten. Jan Breydel eta Pieter de Coninck matxinadaren buruzagien estatuak ikusgai daude Merkatu Handiko plazan. Hiriak milizia paramilitar iraunkorra eduki zuen, denbora joan ahala ospea lortu zuena, bere profesionaltasun eta espezializatutako unitateengatik. Miliziako kideek beren armak erosten eta mantentzen zituzten, familiaren estatus eta aberastasunaren arabera.

XIV. mendearen amaieran, Brujas Lau Kideetako (nederlanderaz: Vier Leden) bat izan zen, Brugse Vrije, Gante eta Ypresekin batera. Elkarrekin parlamentu bat osatu zuten, baina haien arteko iskanbilak ugariak izan ziren[8].

XV. mendean, Filipe Onbera Burgundiako dukeak Brujasen, Bruselan eta Lillen ezarri zuen gortea, Europa osoko artistak, bankariak eta beste pertsonalitate nabarmen batzuk erakarriz[9]. Brujasko ehuleak eta iruleak munduko onenak ziren eta hiria 200.000 biztanle izatera iritsi zen[10][11]. Flandriar eskolaren olio-pinturaren teknika famatua zen. Brujasen argitaratu zuen William Caxtonek ingeleraz imprimatutako lehenengo liburua; garai hartan Ingalaterrako Eduardo IV.a eta Rikardo III.a hirian erbesteraturik egon ziren.

1500 ondorengoko gainbehera

aldatu
 
Bruggeko mapa, 1771-1778. urteetakoa.

1500. urtearen ondoren, Zwin kanala (urrezko badia) hiriari oparotasuna eman ziona, hasi zen buxatzen eta urrezko aroa amaitu zen[12]. Laster, Brujasi Anberesek eta Herbehereek aurrea hartu zioten. XVI. mendean, Karlos Habsburgokoa germaniar enperadorearen garaian, hiri indartsua zen Brujas, baina oihalgintzaren gainbehera hasia zen, eta hiriak galdu egin zuen arian-arian aurreko mendeetan irabazitako guztia. Gante, Ypres eta, ondoren, Anberes izan ziren Ipar Itsasoko merkataritzako portu nagusiak. XVII. mendean zehar, brodatu industria garatzean, ahaleginak egin ziren galdutako ospea berreskuratzeko. 1650eko hamarkadan, hiria Ingalaterrako Karlos II.aren eta haren gortearen egoitza izan zen, erbesteraturik zeuden bitartean[13]. Itsasoko azpiegitura berritu zen eta lotura berriak egin ziren itsasoarekin, baina arrakasta eskasarekin, Anberes nagusi zelako. Brujas poliki-poliki pobretu zen, garrantzia galduz eta biztanleria gutxitu zen, 200.000 biztanletik (XV. mendea) 50.000 biztanlera (XIX. mende amaiera)[11].

Bizkaiko Kontsuletxea

aldatu

Hiri zaharreko Biskajersplein[oh 1] izeneko plazak gogora ekartzen du euskal herritarrek XIV. mendearen hasieratik aurrera bertan izan zuten kontsuletxe edo merkatari-etxea. Bizkaiko Kontsuletxeak Hego Euskal Herriko merkatarien negozioak bideratu zituen Brujasen, XVI. mendearen bukaeran, Espainiaren inperialismoaren aurka altxatu ziren flandriar abertzaleen eraginez utzi egin behar izan zuten arte (1577-1578).

Bizkaitarrek XVII. mendean kontsuletxea berriz ezartzeko egin zituzten ahaleginek ez zuten inolako fruiturik eman. XV. mendean Gaztelako koroak bere kontsuletxea zabaldu zuen Brujasen, Bizkaikoarekin zer ikusirik izan gabe, eta elkarren artean tirabira handiak izan ziren ondoko urteetan.

Susperraldia

aldatu

XIX. mendeko azken erdian, Brujas munduko lehenengo helburu turistikoetako bat bilakatu zen. Hara britainiar eta frantziar turistak bidaiatzen zuten. 1909an, Brujas aurrera: Turismo garatzeko elkartea izenekoak funtzionatzen zuen[14]. 1965 urtearen ondoren Erdi Aroko hiriak berpizkunde bat izan zuen. Egoitzak eta merkataritza-egiturak zaharberritu ziren, eta hirigune historikoko monumentu eta elizek turismoaren eta ekonomiaren gorakada eragin zuten. 2000an UNESCOk Gizateriaren Ondarea izendatu zuen hirigune historikoa, eta 2002. urtean Brujas Europako kultura-hiriburua izan zen. Nazioarteko turismoa gero eta garrantzitsuagoa da.

Zeebrugge portua, 1907an eraiki zen. Alemaniarrek erabili zuten Lehen Mundu Gerran. 1970ean handitu zen eta 1980an Europako porturik modernoetako bat bilakatu zen.

Banaketa administratiboa

aldatu

Barrutiak

aldatu
# Izena Azalera
(km²)
Biztanleria
(01/01/2008)
I




Brugge (barrutia)
- Erdigunea
- Kristus-Koning
- Sint-Jozef
- Sint-Pieters


1,01


37.164
19.822
4.480
5.349
7.513
II Koolkerke 4,17 3.217
III Sint-Andries 20,65 19.427
IV Sint-Michiels 11,62 12.286
V Assebroek 8,52 19.257
VI Sint-Kruis 13,77 16.113
VII Dudzele 21,92 2.578
VIII



Lissewege
- Lissewege
- Zeebrugge
- Zwankendamme

11,44


7.058
2.470
3.865
723
Iturria: Brujasko udalaren webgunea

Demografia

aldatu

Ekonomia

aldatu

Brujas abeltzaintza- eta nekazaritza-eskualde baten erdian dago, mende-hasieran zabaldu zen ubideari esker (Brujas eta itsasoa lotzen dituena, hain zuzen) nolabaiteko industria izan duena. Oso turismo-gune garrantzitsua da.

Ondasun nabarmenak

aldatu

Hiri zaharra ikusgarria da, ubide ugarik zeharkatua. Monumentu asko gordetzen ditu: XIII. mendeko kanpandorrea, XIII-XVI. mendeetako azoka, XIII. mendeko museoa, XII. mendeko basilika, XIV. mendeko udaletxea, XIII. mendeko Andre Mariaren eliza, X. mendeko katedrala, eta abar.

Kirolak

aldatu

Club Brugge KV futbol kluba da hiriko kirol-elkarte nagusia, eta Cercle Brugge KSV da haren lehiakide tradizionala.

Iruditegia

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Zenbaitetan Biskayers Plaatz izenez aipatua, Biskajersplein du izen ofiziala. Ikus nederlanderazko Wikipediako «Biskajersplein» artikulua.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiak euskara baturako biak ditu onartuak, Euskaltzaindiaren 157. araua, euskaltzaindia.net
  2. https://bestat.statbel.fgov.be/bestat/crosstable.xhtml?view=fc14c1ce-7361-4d42-a892-fce8e81a1b79
  3. Le centre historique de Bruges. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2016-04-01).
  4. Mack Ott (2012). The Political Economy of Nation Building: The World's Unfinished Business. Transaction Publishers. p. 92.
  5. James Donald Tracy (1993). The Rise of Merchant Empires: Long-Distance Trade in the Early Modern World, 1350-1750. Cambridge U.P. p. 263
  6. Braudel, Fernand, The Perspective of the World, in Vol. III Civilization and Capitalism, 1984
  7. William D. Phillips, Jr. "Local Integration and Long-Distance Ties: The Castilian Community in Sixteenth-Century Bruges", Sixteenth Century Journal (1986) 17#1 pp 33-49
  8. Philip the Good: the apogee of Burgundy by Richard Vaughan, p201
  9. Jan Dumolyn, "'Our land is only founded on trade and industry.' Economic discourses in fifteenth-century Bruges", Journal of Medieval History (2010) 36#4 pp 374-389
  10. Spruyt, H. (1996). The Sovereign State and Its Competitors: An Analysis of Systems Change. Princeton University Press. p. 88. ISBN 9780691029108. Retrieved 2015-03-13.
  11. a b Dunton, Larkin (1896). The World and Its People. Silver, Burdett. p. 160.
  12. Charlier, Roger H. (2010). "The Zwin: From Golden Inlet to Nature Reserve". Journal of Coastal Research 27 (4).
  13. David Plant (2007-09-10). "Charles, Prince of Wales, (later Charles II), 1630-85". British-civil-wars.co.uk. Retrieved 2009-07-07.
  14. Ward, Stephen Victor, Selling Places: The Marketing and Promotion of Towns and Cities, 1850-2000, books.google.es

Kanpo estekak

aldatu


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Brujas