Leopoldo III.a Belgikakoa
Leopoldo III.a Belgikakoa (Brusela, 1901eko azaroaren 3a – Woluwe-Saint-Lambert, 1983ko irailaren 25a) belgikarren erregea izan zen 1934tik 1951era.
BizitzaAldatu
Alberto I.a Belgikakoaren eta Elisabet Bavariakoaren seme zeharrena izan zen; aitaren aldeko aitona-amonak Filipe Belgikakoa eta Maria Hohenzollern-Sigmaringen printzesa ziren, eta Karl-Theodor Bavariako dukea eta Maria Josefa Portugalgo infanta amaren aldekoak. Ingalaterran egin zituen ikasketak. 1926an, Astrid Suediako printzesarekin ezkondu zen .
1934. urtean, 33 urte zituenean, Belgikako tronua oinordetu zuen, aita istripu batean hil ondoren. Bere erregealdia onarpen-maila handiarekin hasi zen. Nazismoaren indartzearen aurrean, Belgikaren neutraltasuna aldarrikatu zuen 1936an. 1940eko maiatzean, Alemaniako armadak Belgikan sartu zenean, Belgikako armadako buru jarri zen baina errenditzea sinatu zuen hiru aste baino lehen. Londresen erbesteraturik zegoen Belgikako gobernuak ez zuen begi onez ikusi erabaki hori.
Alemaniarrek 1944ra arte itxita eduki zuten Laekengo gazteluan (Brusela). Alemaniara eraman zuten 1944an, Baudouin eta Alberto semeekin batera, baina berehala askatu zuten Aliatuek. Belgikan, ordea, guztiz kritikatu zuten sozialistek eta liberalek Leopoldo III.ak nazien aurrean izan zuen joera ahula; Suitzara jo behar izan zuen eta Karlos anaiak hartu zuen erregearen ordezkaritza. 1950ean plebiszitu batek berriro ezarri zuen erregetzan. Haren aurkako iritziak, ordea, indar handia zuen, Valonian batez ere, eta istilu larriak izan ziren. Hori zela-eta, Baudouin semeari utzi zion erregetza 1951n.
Ezkontzak eta seme-alabakAldatu
1926ko azaroan, Astrid Suediakoarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten:
- Josefina Karlota (1927-2005), Joan Luxenburgokoaren emaztea;
- Baudouin (1930-1993), belgikarren errege 1951-1993 bitartean, Fabiola Mora y Aragónen senarra;
- Alberto (1934-), belgikarren errege 1993-2013 bitartean, Paola Ruffo di Calabriaren senarra.
Astrid 1935eko abuztuaren 29an hil zen, auto istripu batean.
1941ean, Lilian Baelsekin ezkondu zen; hiru seme-alaba izan zituzten:
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2019/2/2 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturakAldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leopoldo III.a Belgikakoa |
- (Nederlanderaz) (Frantsesez) (Alemanez) (Ingelesez) Belgikako monarkiaren webgune ofiziala, monarchie.be