Burundi[1] (kirundiz buˈɾundi eta frantsesez byˈʁyndi ahoskatua), ofizialki Burundiko Errepublika (kirundiz: Republika y'Uburundi[4]; frantsesez: République du Burundi), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Aintzira Handien eskualdean dagoena. 27.816 kilometro koadroko eremua hartzen du,[2] eta 2020an 11,9 milioi biztanle zituen.[3] Gitega da hiriburua. Munduko herrialde pobreenetako bat da.

Burundiko Errepublika
Republika y'u Burundi
République du Burundi
Bandera Armarria
Goiburua: Ubumwe, Ibikorwa, Iterambere (ki)
Unité, Travail, Progrès (fr)
Ereserkia: Burundi bwacu
HiriburuaGitega
Hiri handiena Bujumbura
Hizkuntza ofiziala(k) kirundi, frantsesa
Herritarra burundiar[1]
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Évariste Ndayishimiye
 -  Lehen ministroa Alain-Guillaume Bunyoni
Independentzia
 -  Belgikatik 1962ko uztailak 1 
Azalera
 -  Guztira 27,816[2] km2
 -  Ura (%) 10
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2020[3]) 11.891.000
 -  2008[2] errolda 8.053.574
 -  Dentsitatea 427,5 bizt./km2
Dirua Burundiar franko (BIF)
Ordu-eremua UTC (UTC+ 2)
Aurrezenbakia 257
Internet domeinua bi

GeografiaAldatu

Afrikako Ekialdeko Riftean dago. Iparraldean Ruandarekin du muga, mendebaldean Kongoko Errepublika Demokratikoarekin, eta ekialdean eta hegoaldean Tanzaniarekin.

HistoriaAldatu

Azken urteakAldatu

1993an egin ziren lehendakaria hautatzeko lehenengo hauteskundeak, Burundi independente zenetik. Melchior Ndadayek, hutu etniako diputatuak, irabazi zituen, baina handik hilabetera hil egin zuten estatu-kolpe batean. Heriotza hark gerra zibila piztu zuen etnien artean, eta milaka errefuxiatuk Ruandara ihes egin zuten. Cyprien Ntaryamira izan zen Ndadayen ondorengoa, eta borrokak eteten saiatu zen. Hura ere hil zuten, Ruandako lehendakari Juvénal Habyarimanarekin batera. Orduan, Silvestre Ntibantunganya jarri zuten lehendakari. Bien bitartean, Burundi saiatu zen Ruandatik zihoazen errefuxiatuei aurre egiten, han ere gerra zibil latza bizi baitzuten.

1995ean, borrokaldi gogorrak izan ziren Burundin, 1996an areagotu zirenak. Nazio Batuen Erakundeak eta Afrikako Batasunaren aldeko Erakundeak, gerra hura inguruko herrialdeetara zabalduko ote zen beldur, auzi hartan parte hartzea erabaki zuten. Baina nazioarteko soldaduak Burundin ez zitezen sar eta blokeoa amaiarazteko helburuarekin, armadak Pierre Buyoya lehendakari jartzea erabaki zuen, eta alderdiak legeztatzeko asmoa ere adierazi zuten. Hala ere, egoerak okerrera egin zuen, oposizioak boikota egin zion presidenteari, eta hutuen matxinada herrialde osora zabaldu zen. Horrek, aldi berean, zapalkuntza indartu egin zuen, eta hainbat esparru eraiki ziren biztanleak matxinoetatik babesteko. Gatazka odoltsu hartan 300.000 lagun inguru sarraskitu zituzten.[5]

Su-etena ezartzea eta alderdi askotako hauteskundeak egitea adostu zuten 2000. urtean. Parlamentuak Pierre Nkurunziza, hutu matxinoen buruzagia, presidente hautatu zuen 2005ean. 2010eko hauteskundeak irabazi zituen, eta 2015ean berriro aurkeztu zen. Oposizioaren arabera, ezin zuen halakorik egin, hirugarren agintaldia zukeelako; Nkurunzizaren arabera, ez zuen konstituzioa urratu, lehenengo aldian ez baitzen hauteskundeetara aurkeztu. Oposizioa matxinatu egin zen eta Nkrurunzizak estatu kolpe ahalegin bat ere jasan zuen. Ehunka lagun hil, eta 400.000 inguru desplazatu zituzten hilabete batzuetako epean. 2018an, presidentearen agintaldiei muga kentzea onartu zuten erreferendum bidez.[5][6]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

2005etik indarrean dagoen konstituzioaren arabera, Burundi errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburua eta gobernuburua, eta sufragio unibertsalaren bitartez aukeratzen da bost urtetik behin. Parlamentua ganbera bikoa da: Senatuak (Inama Nkenguzamateka) 43 kide ditu, eta Biltzar Nazionalak (Inama Nshingamateka) 121 kide.[7]

Nazio Batuen Erakundeak 2017an salatu zuenez, Burundin gizateriaren aurkako krimenak izan ziren 2015eko apirilaz geroztik: epairik gabeko ehunka heriotza zigor, milaka atxiloketa arbitrario, ehunka pertsona desagertu eta torturatu, eta dozenaka sexu eraso. Estatuko indar armatuei egotzi zizkien erasoak NBEk, eta Nkurunziza presidenteari eta haren gertukoei leporatu zien erantzukizuna.[8]

Banaketa administratiboaAldatu

 
Burundiko probintziak.
Sakontzeko, irakurri: «Burundiren banaketa administratiboa»

Herrialdea 18 probintziatan banaturik dago.

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Burundiko biztanleriaren bilakaera.

NBEren zenbatespenaren arabera, 11.891.000 biztanle zituen 2020an.[3] Dentsitatea oso handia da, Afrikako handienetako bat. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 43,8 dira, 15-24 urte bitartekoak % 19,7, 25-54 urte bitartekoak % 29,2, 55-64 urte bitartekoak % 4,2, eta 65 urtetik gorakoak % 3,1. Bizi itxaropena 66,7 urtekoa da; 64,6 urtekoa gizonezkoena eta 68,8 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[7]

Banaketa etnikoaAldatu

Biztanleen % 85 hutuak dira, tutsiak % 14, eta twak, pigmeo taldea, % 1 baino gutxiago.

HizkuntzakAldatu

Hizkuntza nagusiak hauek dira: kirundia, frantsesa (biak ofizialak) eta bantu hizkuntzak (swahilia eta kinyaruanda).

ErlijioaAldatu

Biztanleen % 86 kristauak dira (% 62,1 katolikoak, % 23,9 protestanteak), eta % 2,5 musulmanak (2008ko zenbatespenak).[7]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Nekazariak.

Burundi nekazari herria da, batez ere, eta biztanle gehienak nekazaritzatik bizi dira. Tapioka, batatak, platanoak, lekak, ilarrak eta sorgoa landatzen dute. Kafea da esportatzen den gai nagusia eta ia bakarra, baina kotoia eta tea ere esportatzen hasi dira. Animalia sailak edukitzea garrantzi handikoa da kulturan eta gizartean, baina ekonomiari dagokionez ez dute etekinik ematen. Meatzaritzan urrea, bastnasita eta kasiterita meak ekoizten dira. Uranio, nikel eta turba hobi handiak daude, baina ekoitzi gabe. Burundiko merkataritza gehiena itsasontziz egiten da. 1994. urteaz geroztik Burundik bizi izan zuen gerra egoerak zaildu egin zuen ordurako gogorra zen egoera ekonomikoa.

ErreferentziakAldatu

  1. a b 38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia, euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2011-03-30.
  2. a b c d Burundi. citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-2-7.
  3. a b c Overall total population – World Population Prospects: The 2020 Revision. population.un.org . Noiz kontsultatua: 2020-2-7.
  4. Burundiko Justizia Ministerioa
  5. a b García, Adrian. Milaka lagunek ospatu dute Burundin estatu kolpe saialdia. Berria egunkaria, 2015eko maiatzak 14, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-2-7.
  6. Presidentearen agintaldiei muga kentzea onartu dute Burundin. Berria egunkaria, 2018ko maiatzak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-2-7.
  7. a b c Burundi. The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-2-8.
  8. Gizateriaren aurkako krimenak salatu ditu NBEk Burundin. Berria egunkaria, 2017ko irailak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-2-7.

Kanpo estekakAldatu