Borroka librea parte-hartzaile bakoitza kolperik erabili gabe bere aurkaria garaitzen saiatzen den kirol bat da. Xedea da, borroka arerioa lurrera erorarazita, haren sorbaldak tapiz gainean finko mantenduz irabaztea, epailea horretaz ohartzeko behar den adina denboran; edo, bestela, aurkariaren aurka eginiko teknika eta ekintzen balorazioaren bidez puntuetara irabaztea.

Borroka modalitate hau izendatzen duen "libre" hitzak, greko-erromatar borrokan ez bezala, non hankak erabiltzerik eta aurkariarenak erasotzerik ere ez dagoen, borroka librean eraso eta defentsaren elementu bat gehiago direla adierazten du. Hau da, ez dago mugarik.

Kirol honen emakumezkoen aldaera emakumezkoen borroka librea edo soilik emakumezkoen borroka deitzen da. Hiru borroka modalitate hauei olinpiar borroka deritze, Olinpiar Jokoetako egitarauan agertzen baitira.

Borroka librea.

Olinpiar historia aldatu

Olinpiar Jokoak berriz Olinpian 1896an ospatutako Aro Modernoko lehen Olinpiar Jokoetan agertu zirenean, garrantzitsutzat jo zen borroka olinpiar jokoetako egitarauan gehitzea ikuspegi historiko batetik, hala, Jokoetako muineko elementuetako bat bihurtuz. Greko-erromatar borroka Antzinaroko Erroma eta Greziako borrokaren benetako berraragitzetzat hartzen zen, eta modalitate hau izan zen 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan egon zena.

Alabaina, eta jendeak uste zuenaren aurka, antzinaroko Olinpiar Jokoetan praktikatzen zen borroka gaur egungo Borroka Libre Olinpiarraren antzekoagoa zen, hankak erasorako aktiboki erabiltzea eta aurkariarenak erasotzea baimendua baitzegoen.

Borroka Librea Olinpiar Jokoetan Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 1901ean Parisen egin zuen ekitaldian onartu zen. Borroka Libreko lehen olinpiar probak 1904ko Udako Olinpiar Jokoetan jokatu ziren, AEBetako Saint Louis hirian. Olinpiar ofizialek kirol berri hau gehitzea erabaki zuten, greko-erromatarrak baino iragan pobreagoa zuena eta hau bezain noblea ez zena, baina ospe handia zuena, batez ere Erresuma Batuan eta AEBetan, XIX. mendeko berbena eta ferietako ikuskizun izarretako bat zena, entretenimendu profesional mota bat. Greko-erromatar borroka bezala, ordutik Olinpiar Jokoetako egitarauan agertzen da.

1912an, Suedian FILA sortu zen (Borroka Elkartuen Nazioarteko Federakuntza), kirol hau zuzentzen duen nazioarteko erakundea dena. Gaur egun, Errusia da nagusi borrokan, bereziki greko-erromatarrean, baina AEBak dira nagusi borroka librean. Nazioarteko maila duten borrokariak irtetzen diren nazioen zerrendan Turkia, Iran eta Mongolia ere badaude, herrialde hauetan borroka kirol nazionala delarik. Sidneyn ospatu ziren 2000ko Udako Olinpiar Jokoetarako borrokako egitaraua aldatu egin zen. 1972tik borroka pisuaren araberako hamar mailatan banatzen zen bi modalitateetan. Sidneyn, ordea, estilo bakoitzean pisuaren araberako zortzi maila soilik aurkeztu ziren. Pisuak ere apur bat aldatu egin ziren eta mailarik arinena ezabatu zen, soilik eulierdi pisua zeritzona.

Borroka librean eta greko-erromatarrean maila kopurua 10etik 7ra jaisteak emakumezkoen borroka pisuaren araberako lau mailarekin gehitzea ahalbidetu zuen Atenasen ospatu ziren 2004ko Udako Olinpiar Jokoetan, munduko txapelketetan, gainontzeko mailetan bezala, zazpi pisu ezberdik jokatzen diren arren. Greko-erromatar borrokako lehen munduko txapelketa 1904an ospatu zen Vienan, eta Borroka Librekoa 1951n Helsinkin.

Hamazazpi herrialde izan ziren Atlantan 1996ko Udako Olinpiar Jokoetan borroka librean dominak jaso zituztenak, 15 Sidneyn eta 17 Atenasen.

Araudia aldatu

Araudia ia berbera da Olinpiar Borroketako hiru modalitateetan, greko-erromatarrean hankak erabiltzeko debekuaren salbuespenarekin.

Tapiza aldatu

Borroka bi eremutan banatutako karratu formako 12x12 metroko tapiz baten gainean jokatzen da. Borroka eremua 9x9 metroko diametroa duen zirkulu bat da, hau ere, era berean, bi eremutan banatua, hori kolorea duen erdiko borrokagunea, 7 metroko diametroa duen zirkulu bat dena, eta pasibotasun eremua, erdiguneagandik kanpora dagoen gorri koloreko eta metro 1eko zabalera duen koroa. Babes eremua borroka eremua eta tapizaren ertzaren artean dagoen eremua da, hau urdin kolorekoa da (bi borrokarietako batek zutik oinarekin babes eremua ukituko balu, bere aurkariari puntu bat emango zaio zirkulutik ateratzea lortzeagatik).

Kanpo estekak aldatu