Kanbodia, izen ofiziala Kanbodiako Erresuma,[1] (khmereraz: ព្រះរាជាណាចក្រកម្ពុជា, Preăh Réachéanachâk Kâmpŭchéa) hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da, Indotxina penintsulan kokaturik dagoena. Mugakide ditu Thailandia mendebaldean, Laos iparraldean eta Vietnam ekialdean. 178.035 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 15,5 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Hiriburua Phnom Penh da.

Kanbodiako Erresuma
Cambodia5-trans.png
(Preăh Réachéanachâkr Kâmpŭchea)
Ereserkia: Nokor Reach (en) Itzuli
Goiburua: Kh-Motto.png
("Nazioa, erlijioa, erregea")
Flag of Cambodia.svg
Kanbodiako bandera
Royal arms of Cambodia.svg
Royal Coat of Arms of Cambodia (en) Itzuli
Cambodia on the globe (Cambodia centered).svg
Cb-map.png
Geografia
HiriburuaPhnom Penh
11°34′10″N 104°55′16″E
Azalera181.035 km²
Punturik altuenaPhnom Aural (en) Itzuli
Punturik sakonenaThailandiako golkoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakLaos, Thailandia eta Vietnam
Administrazioa
Gobernu-sistemamonarkia konstituzional
Kanbodiako monarkaNorodom Sihamoni
Kanbodiako lehen ministroaHun Sen
LegebiltzarraParliament of Cambodia (en) Itzuli
Harreman diplomatikoakWikidata-logo-en.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria16.005.373 (2017)
Green Arrow Up.svg870.204 (2013)
Dentsitatea88,41 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioabudismo
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa2,36 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak904.800 (2008)
Alfabetizazioa% 81 (2015)
Bizi-itxaropena68,981 (2016)
Giza garapen indizea0,593 (2021)
Ekonomia
BPG nominala22.158.209.502,639 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg2.141.461.748,6199 (2016)
BPG per capita1.384 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg115 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa64.302.718.012 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg5.382.693.357 (2016)
BPG per capita EAPn4.017,571 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg279,553 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala7 % (2016)
Erreserbak11.780.356.004 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg2.928.831.217 (2016)
Inflazioa3,5 % (2016)
Green Arrow Up.svg0,7 (2015)
Historia
Sorrera data: 1953ko azaroaren 9a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+855
ISO 3166-1 alpha-2KH
ISO 3166-1 alpha-3KHM
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli, Europlug (en) Itzuli eta BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.kh
tourismcambodia.com

Aspaldiko denboretan Indotxina osoa mendean eduki zuen Khmer Inperioaren oinordeko zuzena da egungo estatua. Budismoa da biztanle gehienen erlijioa. Herrialdeko turismo baliabide nagusietakoa Angkor Wat tenplu eta hiri galdua da; herriarentzat ikur nagusi bilakatu da, banderan agertzeak azaltzen duen bezala.

IzenaAldatu

Kanbodia izena frantsesezko Cambodge-tik dator, eta hau khmererazko កម្ពុជា (Kâmpŭchéa, "Kanputxea") hitzaren transliterazioa da. Hori dela eta, Euskaltzaindiak Kanbodia hobesten duen arren,[1] batzuetan Kanputxea erabiltzen da euskaraz. Estatuaren izen ofiziala, berriz, ព្រះរាជាណាចក្រកម្ពុជា (Preăh Réachéanachâkr Kâmpŭchea, "Kanputxeako Erresuma") da. Etimologiaz, honela da: Preah- ("sakratu"), Reach- ("errege"), -ana- ("aginte") -châk ("gurpila", agintearen ikurra).

Frantziaren kolonizazio garaian, Kanbodia (Cambodge) zen izen ofiziala. 1953an independentzia lortu zutenetik, hainbat izen ofizial erabili dira nazioarteari begira:

  • 1953-1970: Kanbodiako Erresuma (Royaume du Cambodge) monarkia garaian.
  • 1970-1975: Khmer Errepublika (République Khmère) Frantziako Errepublika-ren kalkoa.
  • 1975-1979: Kanputxea Demokratikoa (Kampuchea démocratique) Khmer Gorriak komunisten agindupean.
  • 1979-1989: Kanputxeako Herri Errepublika (République populaire du Kampuchea) Vietnamek babestutako gobernuaren agindupean.
  • 1989-1993: Kanbodiako Estatua (État du Cambodge) izen neutrala Nazio Batuen agindupean monarkia izan ala ez erabaki arte.
  • 1994-orain: Kanbodiako Erresuma (Royaume du Cambodge) berrerabilia monarkia berrezartzean.

GeografiaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kanbodiako geografia»

MugakAldatu

Kanbodia 181.040 kilometro koadro da luze-zabalean; Thailandiarekin 800 km muga ipar eta mendebaldean, 541 km Laosekin ipar-ekialdean eta 1.228 km Vietnamekin ekialde eta hego-ekialdean dituela. 443 km luze den itsasertza du Thailandiako Golkoan.

ErliebeaAldatu

Tonlé Sapen arroak eta Mekong ibaiaren ordokiak hartzen dute herrialdearen erdialdea, eta azalera osoaren % 75 inguru. Eskualde horren zatirik handiena 100 metro baino gutxiagoko garaieran dago, eta arroza lantzen da bereziki. Arro handi horren hego-ekialdean Mekongen delta dago, Vietnamen barna Hego Txinako itsasoraino hedatzen dena. Arroaren eta deltaren inguruan mendilerroak daude: Kardamomo mendiak eta Damrei mendiak hego-mendebaldean, eta Dangrek mendiak iparraldean. Ipar-ekialdeko eta ekialdeko lur garaiak, berriz, hegoaldeko Vietnamgo mendiguneekin batzen dira.[3] Kardamomo mendietako Phnom Aural (1.813 metro) da Kanbodiako gailurrik garaiena.[4]

HidrografiaAldatu

Hego-ekialdeko erreka batzuk izan ezik, Kanbodiako ibai eta ibai-sistema nagusiak Tonlé Sap aintzirarantz edo Mekong ibairantz isurtzen dira. Kardamomo eta Damrei mendiak uren banalerro garrantzitsua dira: ekialdeko ibaiak Tonlé Sap alderantz isurtzen dira, eta mendebaldekoak Thailandiako golkora.[3]

Ibai nagusia Mekong (khmereraz: Tonle Thom, "Ibai Handia") da, herrialdea ipar-hego zeharkatzen duena. Arrantza gune handia da, batez ere uholde garaian, ibai-ibilgua alderanzten baita. Erdialdean Tonlé Sap aintzira dago, hego-ekialdeko Asiako ur gezako lakurik handiena. Euri garaian, ur biltegi moduan funtzionatzen du, Mekong ibaiaren emaria erregulatuz: urtaro lehorrean 2.590 kilometro koadro hartzen ditu, eta 24.605 kilometro koadro irail eta urriko montzoi-euriteen ondoren.[3]

KlimaAldatu

Montzoiek agintzen dute Kanbodiako klima. Bi urtaro daude: euritsua, maiatzetik urrira, eta lehorra, azarotik martxora. Udan hego-mendebaldeko haizeek Thailandiako golkoko eta Indiako ozeanoko hezetasuna daramate, eta euri jasa bortitzak izaten dira irailetik urrira. Neguko montzoiak, berriz, barnealdeko haize idorra dakar; urtarrila eta otsaila dira hilabeterik lehorrenak. Tonlé Sapen urteko batez besteko tenperatura 25 ºC ingurukoa da, batez besteko maximoa 28 °C ingurukoa, eta batez besteko minimoa 22 °C ingurukoa. Urtarrila da hilabeterik hotzena, eta apirila beroena. Sarritan Vietnamgo kostaldea suntsitzen duten zikloi tropikalek oso gutxitan egiten dute kalte Kanbodian.[3]

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kanbodiako historia»

Lehenbiziko erresumakAldatu

Khmer herria lehenbizietakoa izan zen Indiako ideiak eta egitura politikoak hego-ekialdeko Asian ezartzen, hots, erresuma zentralizatu bat eremu zabalean agintzen zuena. Eskualdeko lehenbiziko erresuma ezaguna Funan izan zen, I. mendean ezarri zena hego-mendebaldeko ordokietan; Malaysiako penintsula osora zabaldu zen haren eragina. VI. mendean, artean Funanen mende egondako Txenla erresuma nagusitu zen egungo Kanbodia, Laos, Thailandia eta Vietnamgo lurraldeetan.

Khmer InperioaAldatu

Artikulu nagusia: «Khmer Inperioa»
 
Angkor Wat, Angkor hiriko tenplu nagusia

VIII-XI. mendeetan, Khmer Inperioa garatu zen. Dinastiaren sortzaileak, Jayavarman II.ak (802-850), erresuma bateratu, Eguzki-jainkoarenganako kultua ezarri, eta Mekong ibaiaren ertzean kokatu zuen hiriburua, Mahendraparvatan.[5] Iasovarman I.arekin, berriz, Angkor bilakatu zen hiri nagusia. Haren ondorengoek oso estatu ahaltsua eratu zuten. Suryavarman II.aren agintaldian, 1113 eta 1150 bitartean, iritsi zuen une gorena Angkorko zibilizazioak. Jayavarman VII.a (11811218 agintean) budismora bihurtu zen.[5]

Ondoren, inperioa indarra galtzen hasi zen, inguruko herrien (batez ere siamdarren eta champatarren) oldarkortasunak gora egiten zuen heinean; halaber, dinastia barneko liskarrek eta ureztatze sistema konplexuen hondatzeak zerikusi zuzena izan bide zuten gainbehera horretan. Angkorko dinastia 1431n amaitu zen, thailandiarek hiria hartu eta khmer erregeak hegoaldera ihes egin zuenean; Phnom Penh ondoan kokatu zen gortea.

XV-XIX. mendeetan, bertakoek siamdarrei eta vietnamdarrei egin behar izan zieten aurre. XVIII. mendean, Mekong ibaiaren deltaz jabetu ziren vietnamdarrak, eta XIX. mendean beste lurralde batzuez, khmer lurrak guztiz berenganatu eta kultura vietnamdu nahian.

Frantziar protektoratuaAldatu

 
Sisowath Kanbodiako erregea frantziar militarrekin 1911n.

Ang Duong erregeak (1840-1860) Frantziari laguntza eskatu zion galdutako lurraldeak eskuratu ahal izateko, eta 1863ko uztailean Kanbodia Frantziaren protektoratu bihurtu zen. Kanbodia frantsesen babesean egon zen urteetan mugak finkatu, barneko istiluak baretu eta herriaren egoerak hobera egin zuen. 1887tik aurrera, Kanbodia Frantziar Indotxinaren parte izan zen, Kotxintxina, Annam, Tonkin eta Laosekin batera,.

Bigarren Mundu Gerran Japoniak lurraldea hartu zuen gerrako eginkizunetarako oso egokia zelako, eta frantsesek nagusitasuna galdu zuten. Naziotasun sentimenduak gero eta indar handiagoa hartu zuen; Japoniak gerra galdu zuenean, monarkia autonomo bat ezarri zen, Frantziar Batasunaren barruan; independentzia 1953an lortu zuen.

Independentzia eta Khmer Gorrien diktaduraAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Khmer Gorriak»

1960an, Norodom Sihanoukek hartu zuen aginpidea, eta errege tituluari uko egin bazion ere, antzinako estatu egiturak zirauen indarrean, khmer nekazarien egoera batere hobetu gabe. Estatu Batuek Vietnamgo Gerran parte hartzea erabaki zutenean, bi herrialdeen arteko harremanak eten ziren. 1969an, Estatu Batuek bonbez eraso zioten Kanbodiari, eta 1970ean, CIAk antolatutako estatu kolpearen bidez, aginpidetik kendu zuten Norodom Sihanouk. Lon Nol jeneralak hartu zuen orduan aginpidea, Khmer errepublika sortu zuen eta Estatu Batuekiko harremanak estutu zituen. Lon Nolen gobernuak, baina, Khmer Gorrien gerrillari aurre egin behar izan zion. Gerrillak, berriz, Sihanoukek Pekinen erbesteraturik sortu zuen Kanbodiako Fronte Batuaren eta Txinaren laguntza zuen, eta 1975ean aginpidea lortu eta diktadura ezarri zuen.

 
Khmer Gorrien biktimen argazkiak Tuol Slengeko genozidioaren museoan.

1976an Kanbodia Demokratikoa izeneko errepublikaren konstituzioa onartu zen, alderdi komunistaren kide ziren Khieu Samphan presidentearen eta Pol Pot lehen ministroaren gobernupean. Khmer Gorrien gobernu maoista nekazaritzan oinarritutako komunismo utopikoa ezartzen ahalegindu zen; hiriak jendez hustu zituen, herriaren egitura ekonomikoa eta soziala errotik irauli zuen, administrazio eta hezkuntza erakundeak desegin zituen, eta kulturaren adierazpide txikiena ere desagerrarazi zuen. Zapalkuntza itzel horretan 1,7 milioi pertsona hil ziren, orduko biztanleriaren % 21.[6]

Vietnamdar inbasiotik aurreraAldatu

1979an, Vietnamgo gudarostea Kanbodian sartu eta herriaren batzorde iraultzailea jarri zuen gobernuan, zortzi kidez ostatua, Heng Samrin buru zela. Haren gobernuak, vietnamdarren gidaritzapean, erregimen komunista ezarri zuen. Hala ere, Khmer Gorrien gerrillak borrokan jarraitu zuen Kanbodiako iparraldean eta Thailandiako muga bere kontrolpean hartu zuen. Halaber, Khmer Herriaren Askapenerako Frontea eta Sihanuken aldeko taldeak sortu ziren gobernuari eta Khmer Gorriei aurre egiteko.

1989an, Vietnamgo gudarostea Kanbodiatik atera zen. 1991ean, Nazio Batuen aholkuei jarraituz, borrokan ari ziren taldeek su-eten baterako akordioa izenpetu zuten. Norodom Sihanouk erregea Kanbodiara itzuli eta nazio batzordearen buru jarri zen 1993ko maiatzeko hauteskundeak bitartean. Hauteskundeetan Funcinpec alderdi erregezalea izan zen garaile, baina ez zuen gehiengorik lortu. Sihanoukek lau alderdiren arteko koalizioko gobernua osatu zuen, Funcinpec-eko buru Norodom Ranariddh printzea eta Kanbodiako Herriaren Alderdiko Hun Sen (Vietnamen aldekoa) lehen ministro izendaturik. Konstituzio berriak aginpidean ezarri zuen berriro erregea.

Khmer Gorrien gerrillak ez zuen amore eman eta borrokan jarraitu zuen gobernuaren kontra, harik eta zenbait galera handiren ondoren 1996an giroa baretzen hasi zen arte. Ahuldadea erakusten ari zen gerrilla eta gobernuak ahaleginak egin zituen haien artean zatiketa eragiteko. 1997. urtean, ordea, Hun Sen "bigarren lehen ministroaren" jarraitzaileek Sihanouken semea aitaren kontrako estatu kolpea prestatzeaz akusatu, bere kargutik kendu eta epaitu egin zuten 1998an.

   
Hun Sen lehen ministroa eta Norodom Sihamoni erregea.

Nazio Batuek zuzendurik, legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren 1998an, eta Kanbodiako Herriaren Alderdia izan zen garaile, Funcinpek alderdiari aurrea harturik. Gobernuari boikota egingo zioten beldur zen Hun Sen ordea, eta Funcinpec alderdiarekin koalizioa osatzea erabaki zuen. 1999an senatua antolatuko zutela adostu zuten. Pol Pot 1998an hil zen eta, urte horretan bertan, Norodom Sihanouk erregeak amnistia eman zien Khmer Gorrien buruzagi nagusiei. 1999ko hasieran, Khmer Gorrien buruzagi nagusiek eskaini zitzaien bake prozesua onartu zuten eta gutxi batzuek baizik ez zuten jarraitu ipar-mendebaldeko probintzietan. 2004an, Norodom Sihanoukek abdikatu zuen, eta haren seme Norodom Sihamoni bilakatu zen errege. Ta Mok, Pol Poten oinordeko politikoa, espetxean hil zen 2006an.

Giza eskubideen aldeko elkarte askoren eta NBEaren presioz, Hun Senen gobernuak Khmer Gorrien buruzagiak epaitu behar izan zituen, genozidioa egin izana egotzirik. 2007an hasi zen epaiketa. 2014ko abuztuaren 7an, bizi guztiko espetxe zigorra eman zieten Khieu Samphan eta Nuon Chea agintari ohiei. Epaileak errudun jo eta, besteak beste, gizateriaren aurkako krimenen, hilketen, desagertzen eta jazarpen politikoaren erantzule egin zituen.[7]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Kanbodia alderdi anitzez osaturiko demokrazia liberala da, 1993ko konstituzioak jasotzen duenaren arabera. Gobernua era monarkia konstituzionala da; erregea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Legebiltzarrak (khmereraz: សភាតំណាងរាស្ត្រ, sâphéa tâmnang réastrâ) bi ganbera ditu, 1998ko hitzarmen baten ondorioz: Senatua (khmereraz: ព្រឹទ្ធសភា, prœ̆tthôsâphéa) eta Nazio Biltzarra (khmereraz: រដ្ឋសភា, rôdthâsâphéa).[8]

Banaketa administratiboaAldatu

Kanbodia 24 probintzia (khmereraz: ខេត្ត, khétt) eta udalerri autonomo (khmereraz: រាជធានី, réachthéani, "hiriburu") batean banaturik dago.

Mapa Izena Hiriburua Eremua[9]
(km2)
Biztanleria
(2019)[9]
Udalerri autonomoa
Phnom Penh Phnom Penh 679 2.281.951
Probintziak
Banteay Meanchey Serei Saophoan 6.679 861.883
Battambang Battambang 11.702 997.169
Kampong Cham Kampong Cham 4.549 899.791
Kampong Chhnang Kampong Chhnang 5.521 527.027
Kampong Speu Chbar Mon 7.017 877.523
Kampong Thom Stueng Saen 13.814 681.549
Kampot Kampot 4.873 593.829
Kandal Ta Khmau 3.179 1.201.581
Koh Kong Khemarak Phoumin 10.090 125.902
Kratié Kratié 11.094 374.755
Mondulkiri Senmonorom 14.288 92.213
Preah Vihear Tbaeng Meanchey 13.788 254.827
Prey Veng Prey Veng 4.883 1.057.720
Pursat Pursat 12.692 419.752
Ratanakiri Banlung 10.782 217.453
Siem Reap Siem Reap 10.299 1.014.234
Preah Sihanouk Sihanoukville 1.938 310.072
Stung Treng Stung Treng 11.092 165.713
Svay Rieng Svay Rieng 2.966 525.497
Takéo Doun Kaev 3.563 900.914
Oddar Meanchey Samraong 6.158 276.038
Kep Kep 336 42.665
Pailin Pailin 803 75.112
Tboung Khmum Suong 5.250 776.841

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Pchum Ben jaia.

Kanbodiak 15,5 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 30,2; 15-24 urte bitartekoak, % 17,3; 25-54 urte bitartekoak, % 41,5; 55-64 urte bitartekoak, % 6,4; eta 65 urtetik gorakoak, % 4,6. Bizi itxaropena 66,3 urtekoa da: 63,7 urtekoa gizonezkoena eta 68,9 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak).[8] Biztanle gehienak nekazari inguruetan bizi dira, herrialdearen erdialdean, arroza lantzen den bailara inguruetan batez ere.

Banaketa etnikoaAldatu

Biztanleriaren osaera nahiko homogeneoa da: etnia nagusia khmer etnia da (% 95,4), eta gainerakoak, gehienak chamak (% 2,4) eta txinatarrak (% 1,5) dira.[8] Khmer gehienak nekazariak dira; txinatarrak, berriz, hirietan bizi dira, eta chamak nekazari eta arrantzaleak dira, oro har, edo eskulangile eta merkatariak, hirietakoak.

HizkuntzakAldatu

Khmerera da biztaleeen % 95,8ren mintzaira;[8] txinera, vietnamera eta frantsesa ere erabiltzen dira.

ErlijioaAldatu

% 97,1 budistak dira, % 2 musulmanak eta % 0,3 kristauak (2019ko zenbatespena).[8]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Arroz sailak Siem Reap probintzian.

Urte askotako gerrak kalte handiak egin ditu ekonomian, eta Kanbodia munduko nazio behartsuenetako bat da. Urteetan atzerriko laguntzaren mendean egon da bertako ekonomia, eta lau urte igaro zituen arren aldagai makroekonomikoetan sendo agertu zena, ekonomia izugarri jaitsi zen 1997-1998 urteetan, inguru hartako krisi ekonomikoaren, indarkeria zibilaren eta liskar politikoen ondorioz. Izan ere, 1997ko estatu kolpearen ondoren asko murriztu zen nazioarteko laguntza eta, 1994ko legeen arabera ekonomia liberalizatzeko neurriak hartu ziren arren, ustelkeriak eta lege egitura ahulek atzera eragin zioten atzerriko inbertsioari. Bestalde, urte batzuetan turismoak gora egin zuen arren, Asiako krisiak eta egonkortasun politikorik ezak berriro galerak eragin zituen. Horrez gain, 1998an izugarrizko gosetea sortu zen lehorte baten eraginez. Kanbodiako azpiegiturak oso kaskarrak dira; horrek garapena galarazten du, eta herritarrek ez dute baliabide aski.

Nekazaritza (arroza, artoa, azukre-kanabera, banana, etab.) da ekonomia jarduera nagusia; barne produktu gordinaren % 25,3 (2017) sortzen du, eta sektore horretan dihardute langileen % 48k (2013) Mea baliabideak ez dira behar bezala ustiatzen, eta zura garrantzi handiko aberastasuna den arren, ingurumenean arazo larriak sortzen ari dira baso ustiapenaren eraginez. Ehungintzak eta oinetakogintzak 700.000 pertsonari ematen diete lana, gehienak emakumeak.[8] Azken urteotan turismoaren garapen lasterra izan da, batez ere Angkoreko tenpluen eta Phnom Penh hiriburuaren erakargarritasuna dela-eta.

KulturaAldatu

Angkor dinastia oparoaren bitarteko urteetan (802-1432) arkitektura eta eskultura obra ederrak egin ziren. Harrezkero, eta frantsesen kolonizazio garaia arte, gerra giroa bizi izan zen eta kulturak ez zuen aurrerapen handirik egin. Independentziaz gero, antzinako ohiturak berreskuratzeko ahaleginetan, musika, dantza, antzerki eta arte eskolak sortu ziren. Hala eta guztiz ere, Khmer Gorriek Kanbodiako kultura modernoaren adierazpide guztiak suntsitu eta antzinakoak hondatu zituzten.

ErreferentziakAldatu

  1. a b 38. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-03-25).
  2. a b Cambodia. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-2-11).
  3. a b c d Cambodia: Geography. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2022-2-12).
  4. Phnom Aural. peakbook.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-20).
  5. a b Kanbodia. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2022-2-22).
  6. Introduction to Cambodian Genocide Program. Yale University, gsp.yale.edu (Noiz kontsultatua: 2022-2-23).
  7. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete Khmer Gorrien bi buruzagiri, Kanbodian. Berria, 2014ko abuztuak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-23).
  8. a b c d e f Cambodia. The World Factbook (Noiz kontsultatua: 2022-2-28).
  9. a b c General Population Census of the Kingdom of Cambodia 2019 – Final Results. National Institute of Statistics, Ministry of Planning, nis.gov.kh (Noiz kontsultatua: 2022-2-27).

Kanpo estekakAldatu