Antzinaroko Olinpiar Jokoak
Antzinaroko Olinpiar Jokoak antzinako Grezian garrantzi handia zuen jaialdia ziren. Panheleniar jokoen parte ziren eta Olinpian ospatzen ziren lau urtez behin. K.a. VIII. mendearen inguruan sortu ziren eta Teodosio I.a enperadore erromatarrak K.o. 393 urtean debekatu zituen arte iraun zuten[1].
Hasiera batean froga bat besterik ez zen (dromos estadio barruko lasterketa), baina denborarekin programa osatuz joan zen eta jokoek arrakasta handia lortu zuten. Hiritar greko libreek soilik har zezaketen parte; garailea bere jaioterriko heroi bilakatzen zen eta haren omenez odak eta estatuak egiten ziren. Jokoan ziren bitartean, gerrak albo batera uzten ziren. Greziako Estatu-Hiri guztietako (Atenas, Rodas, Sirakusa, Korinto, Tebas...) atletek hartzen zuten parte, eta irabazleak heroi bilakatzen ziren[2].
Olinpia Kronion mendiaren ondoan dago, eta huraxe zen Peloponesoko gune erlijiosoa. Han zegoen Zeusen tenplua, eta bertan, Zeusen estatua, antzinateko zazpi mirarietako bat.
Jokoen bilakaera
aldatuJaialdiaren egitaraua zehatz-mehatz jakitea zaila da, informazio mugatuaz gain, lehiaketek ere euren bilakaera izan zutelako. Hala ere, Pausaniasen deskribapenei esker Olinpiako ospakizunen gerturatzea egitea posible da.
Esan bezala, agon olinpikoak lau urtetik behin ospatzen ziren udako solstizioaren ondorengo bigarren ilargi betean, uztail-abuztuan.
“Parte hartu nahi zuen greziar orok” parte har zezakeela aipatzen du Herodotok [3] baino kontuan hartu behar da hiritar estatus politikoa bakarrik zutenek parte har zezaketela; emakumeak, esklabuak eta kanpotarrak parte hartzetik kanpo gelditzen zirelarik.
Zenbait hilabete lehenagotik hasten ziren prestakuntzak. Espondoforos deituriko “tregoaren eramaile”-k Grezia guztiko poleisak zeharkatzen zituzten ekekheiría seituriko “tregoa sakratua” aldarrikatuz. Honek ez zituen gerrak eteten, bakarrik jaialdiko partaide eta ikusleak arriskurik gabe iristea ziurtatzen zuen. Beraz, gerra eta liskar politikoak egon arren, lau urtetik behin ospatzen ziren jokoak.[4]
Partehartzaileak Olinpian jaialdia hasi baino hilabete lehenago azaldu behar ziren. Hala ere, bederatzi hilabete lehenagotik bertan entrenatu nahi zuenarentzako aukera eskaintzen zen. Atletak hasiera batean Elidera iristen ziren, eta bertan parte hartu aurreko entrenamenduak egiten zituzten epaileen aurrean. Hilabere hau bukatzean, jokoak hasteko bezperan atletak entrenatzaileekin eta epaileekin Olinpiaruntz joaten ziren 57 km-ko distantziako prozesioa eginez, bigarren eguneko arratsaldean iristen zirelarik Olinpiako Altisera. Altis honetan Zeus Horkiosi zin egiten zioten zintzo jokatuko zutela eta hamar hilabetez entrenatzen aritu zirela eta jaialdiari hasiera ematen zitzaion. [5]
Ezin da jakin jatorrian zenbat eguneko jaialdia zen, egun pare batekoa zela pentsatzen bada ere, lehia bakarra estadioko lasterketa zelako. Denborarekin, jende gehiago erakartzen hasi zen heinean, frogak gehitzen joan ziren eta 77. olinpiadan (472an) 5-6 egunetan finkatu zen jaialdiaren luzera. Froga atletikoez gain 396an tronpetisten eta heraldiken lehiaketak ere gehitu ziren. (Heraldoek agonen irabazleen aldarrikapena egiten zuten eta tronpetistek lehiaketei hasiera ematen zieten.)[6]
Kirol prestaketa
aldatuHaur greziar askeek hamabi urte betetzen zituztenean, palestran sartzen ziren, non muskuluak garatzen eta nerbioak diziplinatzen irakasten zitzaien. Hamasei urterekin gimnasiora sartzen ziren, eta bertan ariketa fisikoak eta atletismoa egiten zituzten greziarrek. Gimnasioek, basoan, aire zabalean jarduteko pista eta lekuak zituzten. Hogei urterekin, greziarrek, euren kirol prestakuntza amaitzen zuten: armak ematen zitzaizkien, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko gai ziren.
Su-eten sakratua
aldatuJokoen alderdi nabarmenetako bat, su-eten sakratua zen. Honen jatorria Ifitoren erregealdian dago, Heraren tenpluan gordetzen zen disko batean su-etenaren terminoak inskribatzea eskatu zuena. Su-eten honek, iraupen ezezagun batean zehar, gerra jarduera oro debekatzea zekarren. Su-eten hau jokoak garatu baino denbora bat lehenago hasi eta denbora bat beranduago arte luzatzen zen.
Hasiera batean, su-etenak Peloponeson zeuden lekuak bakarrik hartu zituen, baina, ondoren, jokoetan parte hartu nahi zuten hiri guztietara zabaldu zen. Hiri batek ez bazuen onartzen arau horri men egitea, Olinpiar Jokoetan parte hartzetik kanpo geratzen zen eta, onartu ondoren, su-etena urratzen bazuen isun handiei aurre egin behar zien eta bere ordezkariak kanporatu egiten zituzten[7].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «olinpiko - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-06-05).
- ↑ «Antzinako Greziaren handitasuna» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-05).
- ↑ Herodoto, Historiak 2.160.4
- ↑ Fernández Peña, Emilio; Ramajo Hernández, Natividad. (2014-10-02). «La comunicación en el deporte global: los medios y los Juegos Olímpicos de verano (1894-2012)» Historia y Comunicación Social 19 (0) doi: . ISSN 1988-3056. (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
- ↑ Pausanias. Greziaren Deskribapena. 6.2.2
- ↑ Pausanias. Greziaren Deskribapena. 5.8.6.-5.9.1.
- ↑ (Ingelesez) Buono-Core, Raúl. «La neutralidad y la tregua sagrada en Grecia: ¿actos diplomáticos? [The neutrality and the truce sacred in Greece: diplomatic acts?»] LIMES (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).