Badminton
Badmintona Ingalaterran 1873an sortutako tenisaren antzeko kirola da, ohiko pilota erabili ordez, pilota erdi batez eta lumazko isats batez osatutako pilota hegalari bat erabiltzen duena. Indian jokatzen zen jolas bat hartu zen oinarri gisa.
Tenis-zelaiak baino txikiagoetan jokatzen da. Sarea, ordea, altuago jartzen da hartan baino. Lumazko pilota kortxozko esfera erdi bat izan ohi da gehienetan, lumazko koroa edo isats bat duena. Pilota hegalariak pisu gutxi eta malgutasunik ez duenez, palak emandako indarra berehalaxe galtzen du, eta bide zuzenik ez du. Pilota hegalaria lurrera erortzen ez uztea da jolasaren funtsa. 1934an sortu zen kirol honetarako Nazioarteko Batzordea eta 1977an egin zen lehen txapelketa. Ingalaterran, Europa erdi eta iparraldean, Ipar Amerikan eta batez ere Malaysian jokatzen da kirol hau.
Badmintona EspainianAldatu
Badmintona Espainian pixkanaka sartzen joan zen. Antzekoak ziren kirol batzuk zeuden arren 1970. urtera arte badmintona ez zen ofiziala egin eta Vigo izan zen sorlekua.
1971ean Vigon Luis Mirók, kiroldegiko zuzendari eta INEF-eko (Instituto Nacional de Educación Física) irakasleak, lagun talde bati bertan zituen erraketa eta bolanteak eman zizkion. Material hori Suediatik ekarri zuen deigarria gertatu zitzaiolako nahiz eta ez jakin nola erabiltzen zen. Horrela Espainiako lehen kiroldegia izan zen “poona” (badmintonaren Indiako bertsioa) jokatzeko aukera ematen zuena.
Geroago José Luis Vilak kirol honen arauak bilatu zituen jarduleei eman eta praktikan jartzeko. Hasiera batean arau errazak jarri zituzten, esaterako pisten tamaina txikitu eta sarearen altuera gutxitu, baina arauen ehuneko ehuna betetzeko arazoak egon ziren denbora luze batean norbere arauekin jokatzen baitzen.
Kiroldegiko lehiaketa hasi eta hilabete batzuk geroago Vigon itsasontzi ingeles bat azaldu zen. Bertako marinelak kiroldegiko bezeroekin kontaktuan jarri ziren eta Ingalaterrako arauak erakutsi zizkieten praktikaren bidez. Honetaz aparte kirol honen historiaren inguruan datu gehiago bildu zituzten eta Portugaleko Badmintoneko Federazioaren berri izan zuten, garai horretan zegoen instituzio garrantzitsuenetako bat zen.
Kirol honek izan zuen arrakasta zela eta Vigo hiriko lehen txapelketa ospatu zen. Honekin batera 1975ean “Alerta” izeneko lehen kluba sortu zen eta “Club del Mar San Amaro”-k jarraitu zion Agustín Rodríguez zuzendari zuela. Honek lehendabiziko aldiz galiziar kluben arteko txapelketa jokatzea ekarri zuen.
Aurrerapauso horiek egin ziren arren pertsona askorentzat oraindik ere kirol ezezaguna izaten jarraitzen zuen eta horregatik kirola bultzatzeko lanetan jarraitu zuten. Baina aurrerapauso handiena Espainiako Badminton Batzordeak kirol hau estatuko kirol instituzioetan onartzeko proiektu berri bat sortu zuenean eman zen, horrela hasi baitzen zale kopurua handitzen.
Hala eta guztiz ere, lorpen handiena badmintona Espainiako Tenis Federazioaren barruan onartzea izan zen. Geroago Euskal Pilota Federazioaren barruan kokatu zuten.
1985ean, lan askoren ostean, Espainiako Badminton Federazioa sortu zen Kirol Kontseilu Gorenak onartuta. Horrelaz badmintona beste kirol federazioetatik at geratu zen eta izaera propio bat lortu zuen. Gaur egun gehien praktikatzen den kiroletako bat bilakatu da.
Nazio mailan Dolores Marco kirolari profesionala Espainiako lehiaketa gehien irabazi dituen pertsona da, guztira bederatzi titulu lortu ditu eta azkena 2006an izan zen. Gerora Antonio Crespo, Sergio Llopis eta Yoana Martínez izan dira kirol honen maila gorenean ibili direnak, azken hau lehendabiziko espainiarra izan zen Olinpiar Joko batean irabazten, 2008ko Pekineko Olinpiar Jokoetan hain zuzen.
Gaur egun, Carolina Marín da jokalaririk ospetsuena. Emakumeen bakarkako kategorian jokatzen du eta BWF-eko (Badminton World Federation) ranking-ean lehendabiziko postuan dago. Horretaz aparte 2014 eta 2017an munduko txapeldun izan zen, eta 2014, 2016 eta 2017an Europako txapeldun. Gainera, 2016an Olinpiar Jokoak ospatu ziren Rio de Janeiron eta bertan ere txapeldun bilakatu zen.
Badmintona Euskal HerrianAldatu
Gipuzkoako Badminton Federazioa 1986an sortu zen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren legezko agiriaren arabera 1987an izan. Gipuzkoa izan da kirol honen aitzindaria Euskal Herrian.
Heziketa fisikoan lizentziatu eta Donostiako Santa Maria ikastetxean irakasle zen Manuel San Martin izan zen eragile nagusia. San Martin hasi zen badmintona sartzen ikastetxeko ikasleen gurasoei ematen zizkien mantentze eskoletan eta ikasleei heziketa fisikoaren barnean, neskei kirola egiteko beste aukera bat eskaintzearren, batez ere. Hainbesteko izan zen arrakasta, jende asko eta asko zaletu zela. Ondorioz eskola bat eta lehiatzeko talde bat sortu zen. Hori izan da, urteetan zehar, Gipuzkoako jokalarien harrobia.
Arabako Badminton Federazioa ere urte askoz arduratu da kirol honen garapen eta sustapenaz. Horretarako eskola, klub eta jarduera ezberdinak sortu zituzten, esaterako lehiaketak. Gaur egun Araban 90 jokalari federatu eta 100 haurrek osatzen dituzten 4 klub ofizial daude. Guzti hauek Arabako lehiaketetan parte hartzen dute.
JokoaAldatu
Joko honen helburua puntuak irabaztea da seta lortzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da sakea izatea.
Gizonezkoen eta binakako partidetan 15 puntuko 3 set egiten dira eta set gehien lortzen dituenak irabazten du. Hirugarren setera iristen badira 8. puntuan zelaiaren aldea aldatzen da.
Emakumeen modalitatean berriz 11 puntuko 3 set dira. Hirugarrenera iritsiz gero seigarren puntuan aldez aldatzen dira.
Bakarkako modalitateko lehen sakea zelaiaren eskuin aldeko zerbitzugunetik egin behar da bolanteak zelaia diagonalki zeharkatzen duela. Aurkariak falta edo huts egiten badu aurreko sakea egin duenak sakatuko du berriro. Hutsa sakatu duenak egiten badu sakea aurkariari egokituko zaio.
Sakea egiterakoan kontuan hartu beharrekoa: puntuen kopurua bikoitia denean sakea eskuin aldetik egingo da; berriz, puntuak bakoitiak badira ezker aldetik egingo da.
Joko eremuaAldatu
Zelaiak 13,4 metroko luzera eta 5,18 metroko zabalera dauka bakarkako kategorian. Binakakoetan berriz, 13,4 metro luzera eta 6,10 metro zabalera.
Zelaiaren erdian sare bat dago 1,55 metroko altueran metalezko bi posteri lotuta.
MaterialaAldatu
Bolantea edo luma: joko honen elementu bereizgarriena da. Bi zatitan banatzen da: alde batetik 14 edo 16 lumaz osatutako aldea, eta bestetik kortxoz osatuta dagoen burua.
Erraketa: jokoaren elementu garrantzitsuena da. Mehe eta arina izan ohi da azkar mugitzeko.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
BibliografiaAldatu
- Adams, Bernard (1980), The Badminton Story, BBC Books, ISBN 0563164654
- Boga, Steve (2008), Badminton, Paw Prints, ISBN 978-1439504789
- Chisholm, Hugh, ed. (1911), "Badminton (game)" , Encyclopædia Britannica, vol. 3 (11th ed.), Cambridge University Press, p. 189
- Connors, M.; Dupuis, D.L.; Morgan, B. (1991), The Olympics Factbook: A Spectator's Guide to the Winter and Summer Games, Visible Ink Press, ISBN 0-8103-9417-0.
- Downey, Jake (1982), Better Badminton for All, Pelham Books, ISBN 978-0-7207-1438-8.
- Grice, Tony (2008), Badminton: Steps to Success, Human Kinetics, ISBN 978-0-7360-7229-8
- Guillain, Jean-Yves (2004), Badminton: An Illustrated History, Publibook, ISBN 2-7483-0572-8
- Jones, Henry (1878), "Badminton" , in Baynes, T. S. (ed.), Encyclopædia Britannica, vol. 3 (9th ed.), New York: Charles Scribner's Sons, p. 228
- Kim, Wangdo (2002), An Analysis of the Biomechanics of Arm Movement During a Badminton Smash (PDF), Nanyang Technological University, archived from the original on 2 October 2008.