Ireki menu nagusia

Arabiar Emirerri Batuak

Arabiar Emirerri Batuak[1] (arabieraz: دولة الإمارات العربية المتحدة‎, Dawlat al-Imārāt al-'Arabīyah al-Muttaḥidah) Ekialde Hurbileko estatu burujabea da, Arabiar penintsularen hego-ekialdean kokatua, Persiar golkoaren ertzeko bederatzi printzerrietako zazpi hartzen dituena: Abu Dhabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ras al-Khaima, Xarja eta Umm al-Qaiwain. 83.600 kilometro koadro ditu luze-zabalean, eta 9,2 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Abu Dhabi da.

Arabiar Emirerri Batuak
الإمارات العربية المتحدة
Dawlat al-Imārāt al-'Arabīyah al-Muttaḥidah'
Bandera Armarria
Ereserkia: عيشي بلادي
"Ishy Bilady"
HiriburuaAbu Dhabi
Hiri handiena Dubai
Hizkuntza ofiziala(k) arabiera
Herritarra emirerribatuar[1]
Gobernua
 -  Estatuburua Khalifa bin Zayed Al Nahyan
 -  Lehen ministroa Mohammed bin Rashid Al Maktoum
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1971ko abenduak 2 
Azalera
 -  Guztira 83,600 km2 (114.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[2]) 9.269.612 (94.)
 -  Dentsitatea 99 bizt./km2 (110.)
Dirua Dirham (AED)
Ordu-eremua UTC (UTC+4)
 -  Udan (DST)  (UTC+4)
Aurrezenbakia 971

Munduko lurralderik aberatsenetakoa da; petrolioa da bertako ondasun ia bakarra (mundu osoko petrolio esportazioen %6,2 2014an).[3] Beti ere, gero eta pisu handiagoa du turismoak bertako ekonomian, batez ere Dubain.[4]

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Arabiar Emirerri Batuak Arabiar penintsularen hego-ekialdean daude, ipar latitudeko 22°50' eta 26° artean, eta ekialdeko longitudeko 51° eta 56°25' artean.[5] Iparraldean Qatar, Oman eta Persiar golkoarekin dute muga; ekialdean, Omanekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean, Saudi Arabiarekin.

Eskualde naturalakAldatu

  • Herrialdeak 650 kilometroko itsasertza du Persiar golkoaren hegoaldean. Gatzagek hartzen dute kostalde horren zati handiena, eta barnealderantz ere hedatzen dira. Dubai da portu naturalik handiena. Uharte asko daude golkoan, eta eztabaida dago Iran eta Qatarrekin horietako batzuen jabetzaz. Uharte txikienek, koralezko uharriek eta hondarpeek nabigazioa zailtzen dute.[5]
  • Hego-ekialdean 90 kilometroko kostaldea du Omango golkoan, Al Batinah eskualdearen iparraldeko muturra. Hajar mendigune garaiak bereizten du Al Batinah herrialdeko gainerako lurraldeetatik, eta Arabiar Emirerri Batuen eta Omanen arteko muga egiten du. [5]
  • Abu Dhabiren hegoalde eta mendebaldean duna eremu zabalak daude, Saudi Arabiako Rub al-Khali basamortuarekin bat egiten dutenak. Bi oasi handi daude bertan; hegoaldean Liwa dago, Saudi Arabiako mugatik gertu, eta 100 kilometro ipar-ekialderago Buraimi, Abu Dhabi eta Omanen arteko mugaren bi aldeetara zabaldua.

KlimaAldatu

Basamortuko klima dago Arabiar Emirerri Batuetan; udak oso beroak dira eta neguak beroak. Udako batez besteko tenperatura maximoak 45° C-tik goragoak dira itsasertzeko zabaldian. Hajar mendigunean, garaiera dela-eta, tenperaturak freskoagoak dira. Neguko batez besteko tenperatura minimoak 10° C eta 14° C artekoak dira. Uda amaieran, kostaldeko giroa eramangaitza da, xarqi izeneko hego-ekialdeko haize hezearen erruz. Itsasaldean urteko batez besteko prezipitazioa 120 milimetro ingurukoa da, eta 350 milimetrokoa mendialdean. Tarteka hauts ekaitzak izaten dira.[5]

Datu klimatikoak (Dubai)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 31 31 41 41 45 45 47 48 43 40 41 31 48
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 24.0 25.4 28.2 32.9 37.6 39.5 40.8 41.3 38.9 35.4 30.5 26.2 33.4
Batez besteko tenperatura (ºC) 19 20 22.5 26 30.5 33 34.5 35.5 32.5 29 24.5 21 27.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 14.3 15.4 17.6 20.8 24.6 27.2 29.9 30.2 27.5 23.9 19.9 16.3 22.3
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 8 7 11 8 17 22 25 25 22 16 13 10 7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 15.6 25.0 21.0 7.0 0.4 0.0 0.8 0.0 0.0 1.2 2.7 14.9 88.6
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 5 7 6 3 0 0 1 0 0 0 1 5 28
Iturria (1): Dubai Meteorological Office[6]
Iturria (2): Qwikcast [7]

HistoriaAldatu

 
Zayed bin Sultan al-Nahyan, Arabiar Emirerri Batuetako lehenbiziko presidentea.

Gaur egun herrialdea osatzen duten emirerriak Erresuma Batuaren babespeko lurraldeak izan ziren 1852tik aurrera. 1971n, independentzia lortu zuten gaur egun herrialdea osatzen duten zazpi emirerrietako seik eta, bat eginik, gaur egungo estatua osatu zuten. Arabiar Emirerri Batuetako zazpi estatuek zeinek bere erregea dute, eta Soberanoen Batzorde Nagusian biltzen dira guztiak; batzorde horretan hautatzen dira presidentea eta presidenteordea.

1981. urtean, Arabiar Emirerri Batuek Golkoko Estatuen Kooperazio Batzordean parte hartu zuten. Emirerri Batuek Irak babestu zuten Iranen kontrako gerran, baina beldur ziren Iranek petrolioaren bidea blokeatuko ote zien. 1982an, defentsa-hitzarmen bat izenpetu zuten Saudi Arabiarekin. Iran-Irak Gerran (1980-1988) aurrekontuaren %60 defentsarako erabili zuten. Hala ere, saiatu ziren nolabaiteko neutraltasuna gordetzen eta Iranekiko petrolio- eta merkataritza-harremanak mantentzen.

1990eko abuztuan, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, Emirerriek babesa eman zieten kuwaitar iheslariei, eta baita frantses eta britainiar gudarosteei ere. Golkoko Gerran, bai diruz bai gudarosteak bidaliz hartu zuten parte. Dena dela, parte-hartze horren ondoriozko ekonomiaren ahultzeak ez zuen luzaro iraun. Emirerri Batuen barruko bizitza politikoari dagokionez, fundamentalismo islamistak indar handia hartu du azken urteetan, eta lege islamikoa ezarri da orain arte epaitegi zibilen esku zeuden zenbait alorretan.

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Herrialdea oinordetzako monarkia absolutuen federazioa da. Abu Dhabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ras al-Khaima, Xarja eta Umm al-Qaiwain zeinek bere emirra dute, eta zazpi emirrek osatutako Soberanoen Batzorde Nagusia da autoritate gorena.[8] Soberanoen Batzorde Nagusiak hautatzen dituen arren, presidente eta lehen ministro karguak oinordetzakoak dira funtsean: Abu Dhabiko emirra da presidentea eta Dubaikoa lehen ministroa.

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Arabiar Emirerri Batuetako emirerriak»
 
Arabiar Emirerri Batuetako mapa politikoa
Emirerria Arabiera
Hiriburua Azalera Biztanleria
(2008)[9]
Bandera
Abu Dhabi أبو ظبي Abu Dhabi 67.340 km² 1.548.655  
Ajman عجمان Ajman 259 km² 372.923  
Dubai دبي Dubai 3.885 km² 1.770.533  
Fujaira الفجيرة Fujaira 1.166 km² 137.940  
Ras al-Khaima رأس الخيمة Ras al-Khaima 1.683 km² 171.903  
Umm al-Qaiwain أم القيوين Umm al-Qaiwain 777 km² 69.936  
Xarja الشارقة Xarja 2.590 km² 895.252  
Arabiar Emirerri Batuak الإمارات
العربية المتحدة
Abu Dhabi 77.700 4.967.142  

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

2016an 9.269.612 pertsona bizi ziren Arabiar Emirerri Batuetan.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %21 dira, 15-24 urte bitartekoak %13,5, 25-54 urte bitartekoak %61,1, 55-64 urte bitartekoak %3,2 eta 65 urtetik gorakoak %1,1. Bizi itxaropena 77,7 urtekoa da; 75 urtekoa gizonezkoena eta 80,4 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8] Etorkin asko dagoenez, gizonezkoak emakumezkoak halako bi dira herrialdean (2,18 2017an).[8]

Banaketa etnikoaAldatu

Biztanleriaren %11,6 besterik ez da jatorriz emirerribatuarra. %59,4 Asia hegoaldeko etorkinak dira (%38,2 indiarrak, %9,5 bangladeshtarrak, %9,4 pakistandarrak), %10,2 egiptoarrak eta %6,1 filipinarrak (2015eko zenbatespena).[8]

HizkuntzakAldatu

Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa da turismo eta negozioetarako lingua franca. Hindi, urdu eta persiera dira, besteak beste, etorkinen mintzairak.

ErlijioaAldatu

Musulmanak dira biztanleen %76, kristauak %12,6, hinduistak %6,6 eta budistak %2 (2010eko zenbatespenak).[10]

Hiri handienakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Dubai hiriko etorbide nagusia

Golkoko Lankidetza Kontseiluko ekonomietan bigarrena da Emiratoetakoa, Saudi Arabiakoaren ondotik,[12] eta petrolioa da bertako ondasun ia bakarra. Eskualde honetako ohiko ekonomia jarduerak basamortukoak ziren, nomadenak askotan: datilen bilketa, perlen arrantza, gamelu zaintza eta arrantza. Baina, 1960ko hamarkadan, munduko petrolio-eskualde nagusietakoa bihurtu zen eta, geroztik, petrolioaren industriak sortzen ditu lanpostu eta aberastasun gehienak.

Arabiar Emirerri Batuak LPEEko (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) kide dira. 1990ean, Golkoko Gerraren ondorioz, atzerriko kapitalek alde egin zuten, baina berehala itzuli ziren eta Emirerrien ekonomiak gorantz jarraitu zuen. Harrezkero, nabarmen aldatu da herrialdearen egoera, eta Europako mendebaldeko herrialdeetakoen antzeko biztanleko errenta du gaur egun.

Gobernua beste diru-iturri batzuk sendotzeko ahaleginak egiten ari da, petrolio-erreserba mugatuekiko mendekotasunetik askatzeko, eta indar handia hartzen ari da turismoa, batez ere Dubain. Izan ere, munduko norako turistikoetan bosgarrena da Dubai hiria.[4]

ErreferentziakAldatu

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  3. Petroleum Exports by Country (2014) Harvard Atlas of Economic Complexity, atlas.cid.harvard.edu . Noiz kontsultatua: 2018-8-14.
  4. a b Sophia, Mary Dubai Ranks Fifth Among Top Global Destinations For Travellers Gulf Business, http://gulfbusiness.com+. Noiz kontsultatua: 2018-8-14.
  5. a b c d Helen Chapin Metz, ed UAE: Geography U.S. Library of Congress, countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2018-8-13.
  6. Dubai Meteorological Office Climate.
  7. Qwikcast Records and Averages of Dubai, United Arab Emirates.
  8. a b c d United Arab Emirates cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-8-13.
  9. Population of the UAE Ministry of Economy and Planning, Government of the United Arab Emirates, dubaifaqs.com . Noiz kontsultatua: 2018-8-14.
  10. United Arab Emirates globalreligiousfutures.org . Noiz kontsultatua: 2018-8-14.
  11. Population of the major cities in the United Arab Emirates citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2018-8-14.
  12. UAE's economy growth momentum set to pick up Khaleej Times, khaleejtimes.com . Noiz kontsultatua: 2018-8-14.

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arabiar Emirerri Batuak