Arrazismo
Arrazismoa[1], arrazakeria[2] edo arraza bereizkeria arraza gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu edota determinatzen dituela baieztatzen duen jarrera nahiz pentsamoldea da. Honen arabera, balizko arraza desberdinak hierarkikoki katalogatu daitezke, eta taldeen arteko alde ekonomiko, sozial zein politikoak arrazan dute sorburua.
Arrazakeria hitzak zentzu horretan oinarritutako doktrina antropologikoa edo ideologia politikoa ere izendatzen du. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1965eko abenduaren 21ean onartutako Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioaren arabera:
« | «arraza-bereizketan oinarritutako nagusitasunaren doktrina zientifikoki faltsua, moralki kondenagarria, sozialki bidegabea eta arriskutsua da, eta [...] teorian edo praktikan ezerk ez du arraza-bereizkeria justifikatzen»[3]. | » |
Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko nazioarteko konbentzioaren lehen artikuluak honela definitzen du arrazakeria:
« | «arraza, kolore, leinu edo jatorri nazional edo etnikoko arrazoietan oinarritutako bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun oro, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak politika-, ekonomia-, gizarte-, kultura- edo bizitza publikoko beste edozein esparrutan berdintasun-baldintzetan aitortzea, gozatzea edo egikaritzea baliogabetzea edo kaltetzea helburu edo ondorio duena»[4] | » |
1. artikulua |
Badira arrazakeria zentzu zabalean eta zentzu estuan bereiztea proposatzen duten egileak. Lehenengo kasuan, jarrera etnozentrikoa edo soziozentrikoa izango litzateke, norberaren taldea eta kanpokoa bereizten duena eta besterenak (kanpokoak) izaki onartezin eta mehatxagarri bihurtzen dituztena. Besteenganako kontzepzio horrek haien segregazioa, diskriminazioa, kanporatzea edo desagerrarazpena ekarriko luke, eta ideia zientifiko edo erlijiosoetan edo kondaira edo sentimendu tradizional hutsetan oinarritu daitezke. Arraza batzuek beste batzuenganako duten nagusitasun intelektual eta morala ere baieztatzen du, eta nagusitasun hori arraza-garbitasunarekin mantentzen da, eta, mestizajearekin, hondatu egiten da. Arrazakeria mota horren eredua nazia, eta, oro har, mendebaldeko arrazismoa da, eta goragoko arrazek behekoen gainean nagusitzeko duten eskubide naturala defendatzera garamatza[5]. Arrazakeria, zentzu murriztuan, itxura zientifikoko doktrina bat da, gizabanakoaren gaitasun intelektual eta moralen herentziazko determinazio biologikoa baieztatzen duena eta giza taldeak arrazatan banatzen dituena, ezaugarri fisiko intelektual, moral, hereditario eta aldaezinen arabera bereiziak.
Arrazan oinarrituta eskubideak edo pribilegioak ematea edo atxikitzea edo arrazagatik pertsonekin elkartzeari uko egitea arraza-bereizkeria gisa ezagutzen da.
Jarrera, balio eta sistema arrazistek talde etniko edo arrazakoen arteko ordena hierarkikoa ezartzen dute, argia edo lausoa, talde nagusiak dituen pribilegioak edo abantailak justifikatzeko erabiltzen dena.
Buraschik eta Aguilarrek honela definitzen dute arrazakeria: «talde bat beste baten gainetik menderatzeko eta gutxiagotzeko sistema, desberdintasunen arrazializazioan oinarritua, non pertsonen, erakundeen eta kulturaren dimentsioak artikulatzen diren. Ikusezin bihurtzeko, estigmatizatzeko, diskriminatzeko, baztertzeko, esplotatzeko, erasotzeko eta desagerrarazteko ideia diskurtso eta praktika multzo baten bidez adierazten da»[6].
Arrazakeriari aurre egiteko, Nazio Batuen Erakundeak, 1965ean, Arraza-Diskriminazio Mota Guztiak Ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen, eta Arraza-Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egun gisa martxoaren 21a ezarri zuen.
Historia
aldatuArrazismoa nahiko fenomeno berria da. Historialari gehienen iritziz, XVIII. mendean sortu zen. Modernotasuna eta arrazismoa loturik datoz, beraz. Giza motari buruzko gogoeta zientifikoaren hasierarekin batera jaio zen doktrina multzo batekin lotzen da arrazismoa. Bitariko joerakoak (tradizionalistak eta iraultzaileak) izan ziren lehendabiziko teoria arrazistak, edota hobeki esan, arrazialistak (Charles Darwin, Joseph Arthur Gobineau kondea, Herbert Spencer). Jatorrizko arraza garbia bilatu nahia izan zen hasierako arrazialismo zientifistaren gidaria. Bat zetozen horretan burezurrak, hortzeriak eta ohiturak alderatzen aritu ziren era guztietako filosofoak, bidaiariak eta jakintsuak. Teorialari haiek urrezko aroaren mitoa berregin zuten nolabait, odol garbiari eustea eta endekapenari uko egitea gai nagusitzat zituen erromantizismoaren esparru intelektualean. XIX. mendearen bukaeran, bestalde, kutsu sozialistako edo iraultzaileko arrazismoa agertu zen; gizartea arrazen arteko berezko hierarkiaren arabera antolatzea proposatzen zuen joera horrek. Vacher de Lapouge Frantzian eta Ludwig Woltmann Alemanian, esate baterako, sozialismo ariarzalearen (Mendebaldeko Europa jatorri semitako kutsutik garbitu nahi zuten) eta selekzionistaren ordezkari izan ziren. Doktrina egiteko ahalegin hori ez zen XX. mendea arte ideologia bilakatu, nazional-sozialismoaren garaia arte, alegia.
Hortaz, bere doktrinak alde batera utzita, arrazismoa jarrera diskriminatzaile, instituzionalizatu (apartheid) edo derrigortzaile multzo baten erara agertzen da. Era bateko eta besteko ereduak onartzen ditu, sentimendu zurrunetan oinarritutako aurreiritzien arrazismotik hasi eta ideologiazko arrazismoraino. Era desberdin horiek elkarrekin joan daitezke, baina ez da beti hala izaten: ez dago nahitaezko kausalitate loturarik arrazagatiko aurreiritzien eta bazterketa ekintzen artean. Alderantziz, ordea, itxura guztien arabera, faktore ideologikoak eta politikoak erabakigarriak dira genozidioetan.
Teorialari gehienek bi arrazismo mota bereizten dituzte: alde batetik, arrazismo ez-igualitarioa, beste arrazakoak gutxiesten dituenarena eta gizartean leku jakin bat beheragoko mailan ematen dienarena; eta, bestetik, arrazismo diferentzialista, biktima den taldeari batere lekurik uzten ez diona eta baztertzen, kanpora bidaltzen eta suntsitzen duena. Pierre-André Taguieffek dionez, biak bat datoz zenbait ezaugarritan: ez dute gizateria unibertsalaren ideia onartzen; gizabanakoak arraza baten, kultura baten, nazio baten ordezkariak besterik ez direla uste dute; talde desberdintasunak erabatekotzat hartzen dituzte (arrazen arteko mugak gaindiezintzat jotzen dituzte; kultura taldeak, bateraezintzat); azkenik, desberdintasunak sendotzen dituzte (gizabanako bakoitza bere kulturan itxirik dago; determinismo hertsi baten arabera pentsatzen eta jokatzen du).
Bigarren Mundu Gerraz gero, arrazismoaren arrazoibideak bilakaera estrategiko bat izan du, eta orokorki gaitzetsi izan diren dogmatismo biologikoen eta arrazen arteko desberdintasunaren teoriak baztertu ditu. Neoarrazismo horrek itxura sotilagoa hartu du, eta nortasun kulturalaren eskubidea eta horren ondotik datorren desberdintasunaren laudorioa biltzen dituen nahasketa ideologiko batean oinarritu da. Paradoxikoki, arrazismo mota horrek bere zilegitasuna oinarritu nahi du ezkerreko kultura politikoarenak izan diren balio ideologikoetan eta arrazismoaren aurkako joeraren eta bestearekiko errespetuaren usadioan. Duela hogei bat urtetik hona, arrazatik kulturarako eta berdintasun faltagatik desberdintasunerako lerradura trebe horiek eta enuntziatu heterofoboak erabili beharrean, enuntziatu heterofiloen (desberdina izateko eskubidea) edota formulazio leunagoen erabilera nagusitu dira neoarrazisten adierazpenetan; hala ere, funtsezko ideia betiko bera da: kulturaz bestea dena ezin da, berez, asimilatu, taldeak izan zein gizabanakoak izan.
Agerpide arrazistak
aldatuArrazakeria nazia eta juduen zein ijitoen holokaustoa
aldatuSentimendu arrazista zaharren eta zabalduenetarikoa dugu antisemitismoa mundu osoan, juduen aurka gauzatutakoa. Errege-erregina Katolikoek egotzi zituzten Espainiatik XV. mendean, lehen deportazio masiboen artean dagoena. Alemanian, XX. mendeko lehen erdian, erregimen naziak agindu egin zuen. Ezaugarri arrazistak ere bazituen, bereziki juduen aurkakoak. Haiek holokausto izeneko garai zoritxarreko eta kriminala aurrera eraman izan zuten.
Alemanian, ideologia arrazistaren garapenak bere unerik gorenena Adolf Hitlerren gidaritzapeko mugimendu nazionalsozialistarekin (nazismoa) lortu zuen. Mugimendu honek, 1930 eta 1940ko hamarkadetan, biztanleriaren kopuru esanguratsu baten babesa lortuz joan zen; 1945. urtean, Alemaniak Bigarren Mundu Gerraren porrota pairatu zuen arte. Nazionalsozialismoa "arraza zuriaren" nagusitza azpimarratzen zuen ideologia bat bezala sortu zen, zeinetan "arraza arioa" gailentzen zen: XX. mendeko aleman purua "arraza arioa"ren ordezkari eta eredua zen. Gehienbat juduak izan ziren arrazakeria honen pairatzaile nagusiak. Hala ere, ez ziren bakarrak izan, bigarren maila batean ijitoek ere jasan baitzuten.
Alemaniatik kanpo ere nazismoak eragin handia eduki zuen, besteak beste, Estatu Batuetan. Bertan, bat egin zuen oso garatuta zegoen afroamerikarren kontrako arrazakeriarekin; testuinguru hartan, Henry Ford estatubatuar enpresaria ideologia naziaren zabaltzaile sutsua izan zen. Izan ere, Fordek El judio internacional (1920) liburua idatzi zuen, arrazakeriaren eta ideologia naziaren hedapena sustatzearekin batera jatorri judua zuten alemanen zein ijito edo beste etnia gutxituen jazarpena eta hilketa bultzatu zuena. Ideia hauetan oinarrituta, 11 edo 12 milioi pertsona inguru lekualdatu, kontzentrazio guneetan atxiki eta sistematikoki sarraskitu zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar biktima horien erdia, gutxi gorabehera, judua zen, eta, euren hilketa masiboari, Holokaustoa (Shoah) deritzogu. Esan bezala, ijitoek ere oso gertutik jasan zituzten nazismoaren ondorio latzak: 100.000-1.000.000 ijito inguru Porraimoan edo “ijitoen holokaustoan” erail zituzten.
Apartheid
aldatuHegoafrikan, "apartheid" izeneko erregimena indarrean egon zen XX. mendean zehar, arrazakeriaren adibide ona izan zena. Bere kasuan, arraza beltzeko pertsonak baztertzen zituen arraza zurikoen nagusitasuna sustatuz.
Aparheida Hegoafrikan sortutako arrazakeria segregazio erregimena izan zen, hain zuzen ere, Bóer edo afrikaner kolonizatzaile herbeheretarrek ezarri zutena .jatorrizko gehiengo beltz aborigenen gainean.
Aparheid hitzak afrikanerrez “segregazioa” esan nahi du. XIX. mendearen hasieratik, Hegoafrikan, kolonizatzaile ingeles eta frantsesek diskriminazio arrazistan oinarritutako arauak ezarri zituzten, eta honako legeak hurrengo gobernu boer “zuriekin” batera egin zuten aurrera.
Apartheida 1948.urtean sortu zen Alderdi Nazionalaren gailentzearekin batera. Alderdi Nazionalaren asmoa biztanleriaren mestizajea debekatu, eta gutxiengo zuriaren boterea gailenduko zukeen erregimen arrazista bat ezartzea izan zen. Horrekin batera, 1949.urtean, 55/49 Legea Ezkontza Mistoen Debekua ezartzen zuen, eta “zuri” eta “beltzen” arteko ezkontzak debekatu zituen. Hurrengo urtean (1950.urtean), 21. Ezmoraltasun Legea, biztanleriaren harreman sexualak erregulatu zituenak, abian jarri zen, pertsona zuri eta pertsona beltzen arteko “larru-jotze ilegalak” edo “edozein ekintza ezmoralak” debekatu zituena, alegia. Arau hauek “Apartheid txikia” bezala ezagunak izan ziren.
1955.urtean, Johannesburgotik hurbileko Kliptown auzoko kongresu batean, oposizioko hainbat erakundek (ANC eta Indiar Kongresua, besteak beste) Askatasunaren Aldarrikapenaren aldeko koalizio bat eratu zuten arrazakeri eta diskriminaziorik gabeko Estatu bat ezartzeko asmoz. Boer erregimenak arrazisten kontrako mugimenduak bortizki zapaldu zituen heriotza eta atxiloketa masiboak gauzatuz. Atxilotutako buruzagi beltzen artean, Nelson Mandela izan zen aipagarrienetako bat, 27 urte espetxean eman zituelarik (1963-1990).
1950, 1960 eta 1970 urteetako hamarkadetan zehar, Apartheid-a AEB eta Mendebaldeko Europako herrialdeen aldetik onartua izan zen; izan ere, haien aburuz, Hegoafrikak hartutako jarrera guztiz antikomunista izan zen. Aldiz, Sobietar Batasunak lideratutako bloke komunistako europar herrialdeek hasieratik salatu zuten mugimendua, hauen ustez, giza eskubideak urratzen zituen erregimen arrazista bat zelako. 1970eko hamarkadatik aurrera, munduko iritzi publiko eta komunitate internazionaleko gehiengoa baztertzen hasi zen Hegoafrikako erregimena.
Arraza, nazioa eta klasea zapalkuntza hegoafrikarraren interpretazio eta erantzun ezberdinak eskuratzeko beharrezkoak izan diren gai zentralak izan dira. Hauekin batera, ideologia ere zapalkuntzaren fenomenoa ulertarazteko funtsezko elementua kontsideratuta dago (A. W. Marx, 1991)
Ku Klux Klan
aldatuErakunde arrazisten artean, Ku Klux Klan da ezagunenetarikoa. 1865ean sortu zuten AEBn, eta, gaur egun, oraindik desagertu ez bada ere, oso modu isolatuan ibiltzen da.
Hego Amerikako arrazakeria XIX. mendean
aldatuXIX. mendearen hasieran, espainiar eta portugaldar kolonizazio geldoaren aztarnak agerian zeuden oraindik Hegoamerika osoan. 1825ean, Kaliforniatik Patagoniarainoko lurralde zabalak askeak ziren, eta hainbat estatutan zatiturik zeuden. Nolanahi ere, azken kolonia garaietako gizarte eta ekonomia egiturak indarrean jarraitu zuen egoera politiko berrian, baina independentzia kanpainetan altxaturiko gudarosteen zama, gehiturik.
Burujabetza horrek krisi egoeran ezarri zituen meatzaritza eskualde nagusiak (Mexikoko iparraldea eta Peru Goialdea, gero Bolivia bihurtu zena). Horren aldamenean, merkaturako nekazaritza eta abeltzaintzara jarriak ziren Atlantikoko eskualdeek, aldiz, halako goraldi bat izan zuten. Mendearen erditik aurrera, Britainia Handia nagusi zen mundu mailako merkataritzaren goren aldian, Ozeano Barea aldeko herriak ere produktuen trafikoan sartu ziren.
Aurreiritzi arrazistek moldatu zituzten. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, oso bilakaera desberdinak gertatu ziren. Oro har, lur-jabeek (gizarte erpinean kokaturik) etekina atera zietela lehengaiei eta kanpoko inbertsioei esan daiteke. Mendearen azken bi hamarraldietan, kanpoko interesen esku geratu zen hegemonia, ipar amerikarrak gero eta sartuago zirela, nahiz eta Erdialdeko Amerikara mugatua oraino.
Jendeztatze kolonialak lurralde zabalak utzi zituen kontrol zuzenetik at. Bereizketa bat egin daiteke: alde batetik, metropoliko aginpidetik landa ziren barne eskualdeak (Erdialdeko Amerika, Txile, Paraguai eta, batez ere, Brasil), eta, bestetik, indiar gehienen kontrola espainiarren aurreko eliteen esku utzitako lurraldeak (Peruko erregeorderria).
Hiru mendeko kolonizazioaren ondorioz, biztanleria mestizoaren portzentaia handiko gizarteetan moldatu ziren espainiarren mendeko eskualdeetan, kasta sistema zurrunean antolatuak. Independentzia gerrek Hego-Amerikako gizartea berrantolatu zituzten, eta, nor bere iraultzaren ondoren, ez zuten hain zorrotz jokatu odol nahasiko jendearekin. Aurrez aurre gertatu ziren alderdiek jende oldeak beretu behar izan zituzten beren gudarosteetarako, eta, armagizonen artean, aurreratzeko aukera izan zuten indiarrek zein mestizoek, hala nola Santa Cruz buruzagiak. Gauza bera gertatu zen Simón Bolívarrek Venezuelan bildutako mulato eta beltzekin.
Atlantikoko itsasertzeko plantazio tropikalek esklabo beltzen lana erabili zuten. Hain zuzen ere, afrikar esklabo gehienak XIX. mendearen lehen erdian iritsi ziren, Britainia Handia buru zen abolizioaren aldeko kanpainarekin bateratsu. Britainiarren presioak esklaboen tratua errepublika berrietan galaraztea lortu zuen (Brasilgo Inperioa azkena izan zen hori izenpetzen, 1852an).
Nolanahi ere, oraindik ere iritsi ziren esklaboak Hego Ameriketara –gero eta gutxiago–, trafiko klandestinoaren bidez. Garai horretakoak dira Brasilgo indiarren ehizaldiak iparraldeko plantazioetara eskulana eramateko.
Mendearen erdialdean, estatu berriak sendotu eta mundu merkatua helburua zuten landaketak hedatzearekin, indiarren lurraldeari eraso zioten. Guda sailean, herri borrokazaleenen aurka jo zuten (Argentinako iparraldea).
Gizarte sailean, jabego higiezin komunitarioa debekatu zuten erreforma liberalek, Eliza eta indiarrak berdin joak gertatzen zirelarik. Oro har, indiar jendea bere herrialdeetako prozesu modernizatzaile eta gatazka politikoetatik aparte bizi zen Mexikon, Erdialdeko Amerikan edo Andeetan.
- Kostalderako emigrazioa izan zen indiarren gizarteratze mota bakarra, eta hori miseriak edo desjabetzeak bortxaturik.
- Esklaboen prezioa garestitzea eta Europaren eta Ipar Amerikaren presioak erabakigarriak gertatu ziren esklabotza kentzeko.
- Abolizioa aldarrikatu zuten azkeneko herrialdeak Espainia –1873an Puerto Ricorako eta 1886an Kubarako– eta Brasil (1888) izan ziren.
- Lurgabeturiko indiarrek eta esklabo askatuek hirietako masak eta merkataritzarako nekazaritza langileria osatu zituzten.
Arrazismoa XXI. mendean
aldatuXXI. mendean, mendebaldeko gizarteetan, inork gutxik defendatzen du gizaki batzuk, genetikoki, beste batzuk baino gehiago direla. XX. mendeko joera arrazistarik bortitzenak ez dira hain agerikoak XXI. mendean. XXI. mendeko arrazismoa, muturreko nazionalismoz mozorrotuta, xenofobiarekin eta aporofobiarekin nahasita agertu ohi da.
Zientzia, gizartea eta arrazakeria
aldatuZientzia-inguruneetan, arrazaren egungo kontzeptua Europako sorkuntza bat da, XVI. mendetik XX. mendera bitartean izan zuen hedapen inperialaren erantzun eta justifikazio gisa garatu zena.
Arrazaren kontzeptua, zenbait giza talderen nagusitasunaren edo gutxiagotasunaren froga gisa, pixkanaka eboluzionatu zuen aldi horretan oso maila sofistikatu eta jakintsuetaraino, eta benetako sasizientzia bihurtu zen, oraintsuago «etnografia» edo «antropologia fisikoa» izenak hartuko zituena. Zientziaz mozorrotutako doktrina ideologiko horien gorakada ez da hutsala izan, eta Alemania nazi edo Apartheid izeneko erregimen suntsitzaileetan gertatu izan dira.
Albert Ellis estatubatuar terapeutaren arabera, psikologia kognitibotik abiatuta, arrazakeria aurreiritzien mekanismo bat da, komenentziagatik sortzen dena beste pertsona batzuk diskriminatzeko, baztertzeko edo menderatzeko edo, ahal bada, onartzeko, damurik izan gabe eta hori ona edo txarra den edo iritzi subjektiboa edo objektiboa den hausnartu gabe. Normalean, gizarte-talde bateko kide den pertsona baten aurkako edo aldeko jarrera izaten da. Kasu gehienetan, ziurtzat jotzen da talde bereizian gutxiagotze naturala edo genetikoa dagoela edo, bestela, taldekideen gutxiagotasuna egonkortzen duen edozein zirkunstantzia dagoela.Halaber, ohikoa da ezberdintasun kulturalak azpimarratzea, eta horrek besteen gutxiagotasuna edo nagusitasuna azalduko luke. Giza gogameneko alterazioak dira, ezabatzen nahiko zailak direnak eta pertzepzioaren distortsioa edo distortsio kognitiboa, judizio zehaztugabea edo interpretazio ilogikoa eragiten dutenak. Psikologia kognitiboaren arabera, arrazakeria zerbaiten aldeko edo kontrako grina subjektiboa da, eta ez dago posizio horri eusteko argudio nahikorik. Isuria informazioa prozesatzeko akats bat da, eta pertsonek distortsio kognitiboak izatea eragiten du. Ideia arrazistak probatzeko, pertsonek arrazionaltasunaren, funtzionaltasunaren eta objektibotasunaren froga egin behar diete norberaren pentsamenduei[8].
Arrazakeria kulturaren eremuan
aldatuArrazakeria zirkulu intelektual kolonialistetan
aldatu1899an, zortzi urte geroago Nobel saria jaso zuen Rudyard Kipling idazle indo-ingelesaren Gizon Zuriaren zama poema agertu zen. Bertan, munduko gobernua konkistatzera eta bere gain hartzera deitzen dio «Gizon Zuriari» pertsona «ez-zurientzako» zerbitzu gisa, nahiz eta jakin horrek «zaintzen dituzuen horien gorrotoa» ekarriko dizuela[9].
1911n, Encyclopædia Britannica-ren 14. edizioak ideologia arrazista hartu zuen, «Beltza, intelektualki, kaukasiarra baino txikiagoa» zela esan baitzuen[10].
1930eko hamarkadan, Frantzian, Hergeren Tintinen abenturak komiki ezaguna agertu zen, mendebaldeko pentsamenduan gorpuztu zuen pentsamendu arrazistaren eramailea, bereziki nabarmena Tintin Kongon (1930-1931) edo Belarri hautsia (1935) izeneko istorioetan.
Chamberlain: goi arrazako goi mailako taldea izateagatik
aldatu1899an, ideologia arrazista sendotu egin zen Houston S. Chamberlain ingelesaren The Foundations of the Nineteenth Century liburuaren argitalpenarekin. Gobineauren ideiak sakonduz, Chamberlainek germaniar eta eskandinaviar herrien papera areagotzen du, balizko «arraza ariarren» benetako ordezkari gisa, eta, beraz, beste guztien gainetik. Chamberlainek dioenez, germaniar herriak historian sartzeak, 1200. urte inguruan, «mundu berri baten igoera» esan nahi izan zuen, Europako zibilizazioa, eta prozesu historiko hori, oraindik martxan dagoena, «mundu teutoniko baten mailaz mailako igoeran» datza, zeinean teutonikoak ez diren elementu arrotzak ontzi piratak balira bezala hondoratuko diren[11].
Garaiko potentzia handietan, «goi-mailako arraza» saxoiak (Britainia Handia eta Estatu Batuak)[12], zeltak (Frantzia)[13] eta teutoiak (Alemania) zirela frogatzen saiatzen ziren autoreak agertu ziren. Garaiko pentsalari britainiar batzuek arrazismoa erabili zuten Britainiar Inperioa justifikatzeko, hala nola Thomas Henry Huxley (Giza Gizartean Existitzeko Borroka[14], 1888), Benjamin Kidd (Eboluzio Soziala[15], 1894), P. Charles Michel (Gure nazioarteko politikaren ikuspegi biologikoa[16], 1896), Charles Harvey (Politika Britainiarraren Biologia[17], 1904)...
1902an, Thomas Dixon, Jr. eleberrigile estatubatuarrak, The Leopard's Spots: A Romance of the White Man's Burden 1865-1900 (1902)[18] argitaratu zuen supremazismo zuriaren ideologian oinarritutako trilogia arrazista baten lehen eleberria, The Clansman: A Historical Romance of the Ku Klux Klan (1905)[19] eta, azkenik, The Traitor: A Story of the Fall of the Invisible Empire (1907)[20] eta Ku Klux Klan aintzakotzat hartzen duena. Trilogia horri buruz, D. W. Griffithek The Birth of a Nation filma filmatu zuen 1915ean.
Anténor Firmin: Giza arrazen berdintasunaren tratatua
aldatu1885ean, Anténor Firmin antropologo haitiarrak bere tratatu hau argitaratu zuen: De l, egalité des races humaines, Gobineauren De la Inegalité des races humaines[21] liburu ospetsuari erantzunez, bai eta kolonialismoari ere, europarrak Berlingo Konferentzian Afrika banatzen ari zirenean bertako biztanleei entzungor eginez. Arrazakeriaren aurkako pentsamenduaren eta antropologia modernoaren aitzindaria, Firminen lana ez zuten hamarkadetan aintzat hartu Europako akademikoek, harik eta Holokaustoaren kolapso moralak munduko potentziak arrazakeriaren aurkako jarrera publikoa hartzera behartu zituen arte.
Ikus-entzunezko baliabideak
aldatuHalaber, arrazakeriaren errealitatea erakusten zuten filmak eta telenobelak ere egon ziren. Zinema estatubatuarraren kasuan, zenbait zinema-ekoizle arrazistatzat jo izan dira, pertsonaia antagonikoak (beltzak, asiarrak, hispanoamerikarrak, baita Ipar Amerikako indigenak ere) jartzeagatik. Telenobela batzuek (mexikarrak, brasildarrak, kolonbiarrak, venezuelarrak eta beste batzuek) arrazakeria gainditzen saiatu dira, adibidez, protagonista nagusitzat hartuta landa-eremuko emakume xume bat etorkizun hobe baten bila hirira iristen dena eta antagonistak gizarte-maila altukoak dira diskriminazioa sustatzen dutenak, eta, azkenean, neskak bere aurkarien maila berdintzea lortzen du. Hesi arrazista horiek gainditzen saiatu den telenobeletako bat Niña moza da, esklaboen alde borrokatzen duen lurjabeen eta goi-maila klasekoen alaba, zeinak esklabotza deuseztatzeko eta afroamerikarren askatasun-eskubideak aitortzeko borrokatzen duen.
Arrazakeria hezkuntzan
aldatuLehenik eta behin, aipatu behar da hezkuntzak, ikastetxeak ez ezik, familiak ere biltzen dituela, gurasoak baitira lehen hezitzaileak. 1933an, familia zen erakunderik garrantzitsuena berdintasuna eta elkartasuna gizarteratzeko. Horrela, etxeko hezkuntzak haurraren sinesmenetan uste baino eragin handiagoa duela ikusten da, dela negatiboa edo positiboa.
Hala ere, ikastetxeetan zentratuz, etorkinek egokitzapen-aldia izaten dute. Etorkin gehienak jatorrizko herrialdeko egoera ekonomikotik ihesi iristen dira herrialdera. Iristerakoan aurkitzen duten zailtasun handienetako bat hizkuntza da, eta hor jarri behar dituzte abian eskolek ikasteko baliagarriak diren metodoak. Hizkuntza ez ezik, kultura ere ezagutzen ez duten faktoreetako bat da, bizitzeko edo izateko beste modu bat baitute, eta talka kulturala eragin baitezake.
Horren ondoren, pertsonek sozializatu egin behar dute, eta eskola funtsezko faktorea eta aukera da haurrak edo gazteak harremanetan has daitezen. Hala ere, askotan, etorkinek zailtasunak izaten dituzte ikaskideekin eta irakasle batzuekin, eta horrek sorleku bereko berdinen edo etorkinen talde bat osatzea lekarke. Eskoletan bertan, diskriminazioa eta arrazakeria daude; biktimek, askotan, nahiago izaten dute etorkinen ehuneko handia den ikastetxeetara joan deseroso ez sentitzeko. Gainera, nabarmendu behar da nahiago dutela ikastetxe publikoetara joan pribatuetara baino, horietan jarrera arrazista gehiago aurkitzen baitituzte. Jarrera, iruzkin edo ekintza arrazista horiek guztiak taldean edo bakarka egin ohi dituzte gazteek. Arrazakeriaren biktima askok nahiago dute isilik gelditu, beste batzuek, berriz, nahiago dute gertatzen zaiena azaldu irakasleei. Gainera, etorkinen aukera akademikoei eta etorkizunari buruzko aurreiritziak edo estereotipoak daude.
Larruazalaren kolorearekin lotutako eskola jazarpenak gora egiten du estatistiketan, eta, ikastetxeetan, berriz, minimizatzen jarraitzen da. Protokolo espezifikorik ez dagoenez, gogorragoa da jazarpen hori jasaten duten amen eta seme-alaben borroka[22].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Arrazismo, Euskaltzaindiaren Hiztegia', Euskaltzaindia
- ↑ Arrazakeria, Euskaltzaindiaren hiztegia. Euskaltzaindia
- ↑ (Gaztelaniaz) «Convención Internacional sobre la Eliminación de todas las Formas de Discriminación Racial» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
- ↑ Cisneros, Isidro (2004). Formas modernas de la intolerancia. océano. p. 52.
- ↑ Álvarez Chillida, Gonzalo (2002). El Antisemitismo en España. La imagen del judío (1812-2002). Madrid: Marcial Pons. p. 216. ISBN 978-84-95379-49-8
- ↑ (Ingelesez) Buraschi, Daniel; Aguilar Idáñez, María José. (2019-10-11). Racismo y antirracismo: comprender para transformar. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
- ↑ «Futbol zelaian jasotzen dituzten irain arrazistak, bizkarrean idatzita» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
- ↑ «Proyecto de Declaración». Cámara de Diputados de la Provincia de Buenos Aires. 19 de junio de 2020. Consultado el 3 de julio de 2023
- ↑ Kipling, Rudyard (1899). La carga del Hombre Blanco (The White Man’s Burden). McClure’s Magazine.
- ↑ The Negro is intellectually inferior to the caucasian. Citado por Honoré Vinck (2000). Races et Racisme dans les Manuels Scolaires Coloniaux, reproducido parcialmente por Cobelco.org.
- ↑ Chamberlain, Houston Stewart (1899). Die Grundlagen des neunzehnten Jahrhunderts (The Foundations of the Nineteenth Century) [Texto original en alemán y traducción al inglés]. HSChamberlain Net, 2.ª ed., publicada por John Lane, The Bodley Head [1912], pag. 229
- ↑ Homer Lea (1876-1912), The Day of Saxon (1912)
- ↑ Frantzian, pentsalari arrazistek zeltengana jo zuten, eta ez frankoengana, azken horiek herri germaniarra baitziren, eta, beraz, nagusitasuna Alemaniari zegokion, Frantziari baino lehen.
- ↑ The Struggle for Existence in Human Society.
- ↑ Social Evolution
- ↑ A Biological View of Our Foreign Policy.
- ↑ The Biology of British Politics.
- ↑ Dixon, Thomas (1902). The Leopard's Spots: a Romance of the White Man's Burden—1865-1900. New York: Doubleday, Page & Co
- ↑ (Ingelesez) The Clansman: A Historical Romance of the Ku Klux Klan. 2023-07-18 (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
- ↑ (Ingelesez) The Traitor (Dixon novel). 2023-06-13 (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
- ↑ José Bengoa (23 de mayo de 2018). «Anténor Firmin, un antropólogo haitiano silenciado por 150 años». Revista Contexto.
- ↑ «Racismo en la escuela: asignatura pendiente». www.elsaltodiario.com (en local). Consultado el 29 de marzo de 2021