Esplorazioen Aroa XV. mendetik XVII. mendera bitarte eman zen garai historikoa da. Denbora horretan zehar, europarrek, batez ere, portugaldarrek, espainiarrek eta britainiarrek, ia mundu osoa zeharkatu zuten, berori kartografiatzen eta konkistatzen. Europako lurralde horien zabalkundearen kausa, batik bat, Asiako aberastasunaren nahia izan zen, horrela, merkatu berrien bila abiatuz. Egindako bidaietan europarrek eurentzako ezezagunak ziren zenbait lurralde aurkitu zituzten, nahiz eta leku horietako gehienetan ordurako jendea bizi zen. Europarrak ez ziren askorentzako, bestalde, esplorazio eta aurkikuntzen garaia ezagutzen ez zituzten kontinenteetako inbaditzaileen iritsiera ekarri zuen.

Amerika agertzen den mapamundi zaharrena, Juan de la Cosa itsasgizonak 1500. urtean El Puerto de Santa Marian (Cadiz) egina. Mundu Berria ezkerraldean agertzen da (berdez) eta Mundu Zaharra erdialdean eta eskumaldean (zuriz).

Esplorazio globala portugaldarren honako aurkikuntzekin hasi zen: Madeira eta Azoreetako atlantiar artxipelagoetakoa, Afrikako kostaldekoa eta 1498an Indiako itsas-ibilbidekoa. Horrez gain, hasiera hartan, Gaztelako Koroa, Kristobal Kolonek (1492-1502) Ameriketara egin zituen bidaia transatlantikoak eta munduko lehen zirkumnabigazioa (1519-1522) garrantzitsuak izan ziren. Aurkikuntza horiek zenbait espedizio behar izan zituzten; bai itsaso bidezkoak (Ozeano Atlantikoa, Indiakoa eta Pazifikoa zeharkatuz) zein lurrekoak (Amerika, Asia, Afrika eta Australia zeharkatuz), XIX. mendera arte luzatu zirenak, Poloetako herrialdeen esplorazioekin bukatuz XX. mendean.

Europak bestelako kontinenteetan egindako esplorazioek mundu mailako merkataritzaren gorakada ekarri zuten; horrela, kolondar trukaketa deritzona emanez: Mundu Zaharra (Europa, Asia eta Afrika) eta Berriaren (Amerika eta Australia) artean 1492. urtetik aurrera eman zen trukaketa izan zen, non giza populazioak, kulturak, gaixotasunak, elikagaiak, animaliak eta landareak besterendu zituzten bi hemisferioetakoek. Gertaera garrantzitsua izan zen ekologiaren, nekazaritzaren eta kulturaren historian.

Esplorazio zein aurkikuntzek munduko mapen eraketak ahalbidetu zituzten, munduaren ikuskera berria txertatuz eta bata bestearengandik urruti kokaturiko zibilizazioak harremanetan jarriz. Haatik, Esplorazioen Aroak ekarritako ondorio oro ez zen positiboa izan: esklabutza, esplotazioa, konkista militarra, gaixotasunen barreiaketa eta Europa eta bere kolonien nagusitasun ekonomikoa konkistatutako lurraldeekiko izan ziren, besteak beste, ekarri zituen ondorio bortitzak. Kristautasunaren hedapena ere har daiteke garaiaren efektutzat, islamarekin batera erlijio zabalduena bilakatuz.

Garai hartako esploratzaileen artean, zerrenda luzeago baten artean, besteak beste, honako hauek nabarmen daitezke: Kristobal Kolon, Juan Sebastian Elkano, Vasco da Gama, Pedro Álvarez Cabral, Juan de la Cosa, Bartolomé Díaz, Juan Caboto, Diego García de Moguer, Fernando Magallanes, Andres Urdaneta, Diego de Almagro, Katalina Erauso, García Jofre de Loaísa, Mencía Calderón, Miguel López de Legazpi, Ines Suarez, Francisco Pizarro, Francisco de Orellana, Isabel Barreto, Willen Barents eta Jacques Cartier.

Garai hartan oso bitarteko prekarioekin burutu zituzten esplorazioak, izan ere, itsasontziak oso ahulak ziren ekaitzen aurrean, kapitainek zein gidariek zailtasunez zehatz zezaketen longitudea, teredoek (edo zur zizareek) ontzietako zur puskak erasotzen zituzten, elikadura ezegokia zen bidaia luzeetarako, higienea eta bizi-baldintzak ontzietan eskasak ziren eta espedizioek zekartzaten arriskuak eta har zitezkeen gaixotasunak nabarmenak ziren. Hala ere, baldintzak baldintza, esploratzaileek aberastasun pertsonala lortzeko, balio handiko lehengaiak eskuratzeko edota beraien lurraldeak hedatzeko itxaropenez burutu zituzten bidaiak.

Aurrekariak aldatu

Lur planetatik egindako esplorazio kulturalen lehen aurrekariek lehen idatziak agertu ziren unean dute jatorria. Baina, nabarmentzekoa da, Antzinarotik Aro Garaikidera europarrek Asian jarri zutela arreta, klima eta merkatu arrazoiak zirela eta. Merkataritza, batez ere, arrazoi erabakigarria izan zen esplorazioei hasiera emateko, Asiaraino itsasbide bat aurkitu behar izan zutelako Europara ekialdeko espezieak eramateko.

Ibilbide komertzialak: itsasbidea eta lurreko bidea aldatu

 
Zetaren bidea Asia zeharkatuz Xianera (Txina) iristen zen.

Antzinarotik bi ibilbide komertzial ezarri ziren ekialdera: bata itsasbidezkoa, Egipto eta Iraketik abiatzen zena; eta bestea lur bidezkoa, Zetaren Bidea.

Indiara eta Txinara iristeko itsas ibilbideak haize montzonikoak baliatzen zituen: apiriletik ekainera bitartean, Asiako ekialdera abiatzen ziren ontziak, Suezetik edo Basoratik, Itsaso Gorrian edo Persiako Golkoan nabigatuz, hurrenez hurren; Arabiar itsasoraino, non hego-mendebaldeko montzoiak —lurrerantz jotzen baitu— Indiako Ozeanora eta Txinako itsasora bultzatzen zituen. Sei hilabete geroago, urria eta abendua bitartean, ipar-ekialdeko montzoiak —itsasorantz jotzen baitu— jatorrizko portuetara itzultzea errazten zuen.[1][2]

Lurreko ibilbidea edo Zetaren Bidea,  bi adar eta helmugako puntu desberdinekin osatzen zen, bata ekialdeko Mediterraneoko portu batzuetan amaitzen zen, batez ere Alexandrian, Damaskon eta Alepon[3], eta bestea Itsaso Beltzeko zenbait lekutan. Pekin eta Shanghaitik abiatzen ziren biak, Txinako Xian hirira iristeko. Hiri hori, tradizioz, europarrek ibilbide horren ekialdeko muturtzat hartu izan dute. Xianetik Asia zeharkatzen zuten; lehengoa Kaspiar itsasoaren hegoaldea eta Bagdad inguratzen zuten, eta ibilbide horrek Aral itsasotik zetozen adarrak jasotzen zituen. Bigarrena Bukhararaino zihoan, Asiako erdialdean, Indiako Delhi eta Agratik desbiderazio bat jasoz. Bukharatik harantzago, Samarkandan, Pamiren iparraldean, Zetaren Ibilbidea bitan banatzen zen berriro: iparraldetik, Almatyrantz eta ekialdetik Himalaia inguratuz.

Ozeano Bareko espedizioak aldatu

Gaur egun Ozeano Barea ezagutzen dugun horretara iristeko europarrek zuten interesa Alexandro Handiaren agintaldian jada bazegoen (336 k.a.). Baina Alexandro Handiaren espediziotik eta ondoren haren inperioaren desegitetik, europar gutxi iritsi ziren espeziak eta zeta eskuratu zitezkeen lurraldera. Ekialdearekin komunikatzeko bide hori arabiarrek monopolizatua egon ohi zen. Alexandria, Alepo eta Damasco zeharkatzeko zailak ziren; erromatarrak behin baino gehiagotan saiatu ziren haiek zeharkatzen eta zituzten merkantzien jatorria jakiten, baina ez zuten informazio hori lortu. Erdi Aroaz geroztik, Europa egonkortu ondoren, abenturazale batzuek Mongolia, Txina eta Indiari buruzko lehen eskuko albisteak lortu zituzten. Hala, XIII. eta XIV. mendeen artean, europarrek Catay zeharkatu ahal izan zuten, Marko Polok ezagutzen zituen txinatar lurraldeei berak eman zien izena, Kublai Khanen inperioaren goraldian.

Eurasiako espedizioa aldatu

 
Marko Polo

Erdi Aroaren amaieran Eurasia lehorretik zeharkatu zuten Europako espedizio batzuk Aurkikuntzen Aroaren aurrekariak izan ziren. Mongolek Europa arpilatzeko mehatxua egin zuten arren, Eurasiako zati handi bat ere bateratu zuten, Txinaren eta Ekialde Ertainaren artean komunikazio-bideak eta ibilbide komertzialak ezarriz. Zenbait europarrek ekialdeko eskualdeak esploratzeko aprobetxatu zituzten komunikazio-bideak; gehienak genovarrak, florentziarrak eta veneziarrak izan ziren, Europa eta Ekialde Hurbilaren arteko merkataritza Italiako hiri-estatuetako merkatarien kontrolpean egotera iritsi baitzen.

Bidaiari horietako lehena Giovanni da Pian del Carpine izan zen, Mongoliara iritsi eta Europara itzuli zena 1244 eta 1247 bitartean. Hala ere, bidaiarik ospetsuena Marko Polorena da, ekialde osoa zeharkatu baitzuen 1271tik 1295era. Bidaiaren zerrenda Marko Poloren Bidaiak liburuan kontatzen da; lan horrek hedapen handia izan zuen Europa osoan.

Bidaia horiek ez zuten berehalako eraginik izan, baina ibilbideak edo bidaien zati ona ezagutzeko aukera eman zuten (Love, 2006, 11. orr.[4]). Hala ere, Mongoliako Inperioa sortu bezain laster erori zen. Hala, ekialderako ibilbideak arriskutsuagoak eta ibiltzeko zailagoak bihurtu ziren. XIV. mendeko izurri beltzak ere oztopatu zuen merkataritza-fluxua. Lurretik ekialderako ibilbidea luzeegia eta zailegia zen salgai handien merkataritza bati eusteko, eta, gainera, mendeetan zehar europarrek aurre egin zieten Inperio Islamiarren eskuetan egon zen. Otomandar Inperio oldarkor eta hedakorraren igoerak are gehiago mugatu zituen europarren itxaropenak.

Txinak burututako esplorazio-bidaiak aldatu

Txinak baita ere esplorazio-bidaiak burutu zituen. Zheng He[5] (1371-1435) esploratzaile eta marinel txinatarra izan zen; eta Yong enperadorearen agindupean egindako espedizio gehienak zuzendu zituen, Ming dinastiaren baitan. Nabigatzaileak egunkari bat idatzi zuen,  munduko lehen iparrorratzetako bat zuen, eta lehen karta nautiko batzuk ere egin zituen. Zheng Hek Asiako hego-ekialdea aztertu zuen —Kotxintxina, Malaka, Siam, Java, Kalkuta, Sri Lanka—, baita Persiar Golkoa, Ekialdeko Afrika eta Egipto ere. Horrez gain, Zheng Hek marfila, tindagaiak eta harribitxiak salerosi zituen; eta 1405etik 1433ra burutu zituen espedizioak zazpi bidaitan. Gainera, zalantzak zalantza, ikertzaile batzuek diote aipaturiko esploratzaile txinatarra Kristobal Kolon baino lehenago iritsi zela Amerikara.

Asiaren baliabideak aldatu

 
Kanelaren makila, hautsa eta loreak

Merkataritza-bideek espezia preziatuak ekartzen zituzten; hazi eta zurtoinek abantaila ugari ematen zituztelarik. Alde batetik, garai hartako kontserbazio-metodo eskasak sendotzen zituzten, hala nola gazia eta ketua, eta elikagaiez denbora luzeagoan gozatzeko aukera ematen zuten.[6] Bestetik, plater askok zituzten zaporearen eta usain ustelaren zati batzuk kentzeko aukera ematen zieten. Eta, hirugarrenik, farmakopea iturri ziren, zenbait propietate antiseptiko, eta digestiorako eta arnas aparaturako estimulatzaile zituzten (Gheerbrant,1990,15. orr.[7]). Horregatik guztiagatik, kanela-zuhaitzen basoa, besteak beste, estimuan zuten europarrek.

Labore horien garrantzia kontuan hartuta, akatsa litzateke pentsatzea Afrikaren kolonizazioa piperbeltzagatik edo kanelagatik bakarrik egin zela, edo, oro har, espeziengatik; nahiz eta agian baloratuenak izan. Konstantinopla hartu zenean, turkiarrek Itsaso Gorrian eta Persiar Golkoan hazten ziren ostra eta perlen iritsiera moztu zuten Europara. Horretaz gain, Txinatik zetozen zeta, portzelana, lurrin, ehunak koloreztatzeko tindagai eta alfonbren salerosketa oztopatu zen; baita Indiatik ekartzen hasi ziren diamanteen hedapena mugatu (Campbell, 2003,128. orr.[8]).

XV eta XVI. mendeko gizartea aldatu

 
XV. mendeko inprenta.
 
Vera Cruz karabela portugaldarra.

XV. mendeko gizartea zenbait aldaketen lekuko izan zen. Kontzientzia kolektiboagotik, gizarte indibidualagora pasa zen; esate baterako, landa-eremuko bizitzaren ordez hirietako bizitza etorri zen, non pertsonen arteko loturak ez ziren hain estuak. Herrialdeen eta kulturen arteko merkataritza ere aldatu egin zen, balio handiko salgai txikietatik askoz ere merkantzia handi eta ugariagoetara pasatuz; eta horrek, itsas garraio hobea eskatzen zuen.

Esplorazioen Aroaren hasieran, XV. mendean, Johannes Gutenberg-ek historiaren bilakaera gehien aldatu duen objektuetako bat asmatu zuen: karaktere mugikorren inprenta; ekarpen garrantzitsua ezagutzaren zabalkunderako.[9]

XV. mendetik XVI. mendeko bigarren erdira arte Italiar Gerrak deiturikoak gertatu ziren, alegia, Frantzia, Espainia, Germaniako Erromatar Inperio Santua, Ingalaterra, Eskozia, Veneziako Errepublika, Aita Santuaren Lurraldea eta Italiako beste hiri-estatu batzuen artean gertaturiko zenbait gatazka.

XVI. mendean zehar, hainbat erlijioso, filosofo eta politikari Mendebaldeko Europan Eliza Katolikoaren erabilera eta ohituretan aldaketa sakona eragiten saiatu ziren. Horrela hasi zen Erreforma Protestantea, Martin Lutero apaiz katoliko agustindarraren predikuaren bitartez. Horri erantzuteko sortu zen Kontrarreforma, Eliza berritzeko eta doktrina protestanteen aurrerapena saihesteko. Horrez gain, XVI. mendeko bigarren erdian Frantziako erlijio gerrak eman ziren: hugonote eta katolikoen arteko gatazkak.

1347an, izurri beltzaren lehen agerraldia eman zen Europan, eta, ondorioz, populazioaren herena gutxienez hil zen. Beldurra eta nahasmena izan ziren nagusi herri xehearen, agintarien eta medikuen artean, eta denek behar izan zituzten konponbide eta azalpenak. Hala, alferrikakotzat jotzen hasi zen greko eta latindar idazkietan oinarritutako medikuntza klasikoa, eta medikuntza esperimentalarekin ordezkatu zuten. XVI. mendean eskolastikaren –kristautasunaren  agerkunde erlijiosoa ulertzeko arrazoia erabili zuen korrontea– gainbeherarekin humanismoa izeneko korronte filosofiko, filologiko, intelektual, artistiko eta hezitzailea zabaldu zen, berpizkundearekin estu lotuta zegoena. Hain zuzen ere, horrexek markatuko zuen Europako kulturaren mundu-hedapenaren hasiera, eta horrek hautsi egin zuen Erdi Aroko mundu-ikuskerarekin (adibidez, geozentrismotik heliozentrismora igaroz). Hauxek izan ziren, besteak beste, berpizkunde garaiko –XV eta XVI. mende bitarte–  izen entzutetsu batzuk: Martin Lutero, Antonio Moro, Johannes Kepler, Giordano Bruno, Hugo Grotius, Leonardo da Vinci, Miguel de Cervantes eta Artemisa Gentileschi.

1453an, Otomandar turkiarrek Konstantinopla hartu eta Bosforo itsasartea kate baten bidez itxi zuten; horrela Europarekiko merkataritza asko zailduz eta Asiatik zetozen produktu guztiak garestitu ziren.

Esplorazioen Aroa posible izan zen, besteak beste, kartografian, nabigazioan eta ontzigintzan egindako hobekuntzei esker. Bestalde, abenturari bide eman zion lorpen teknikoa karraka izan zen, eta ondoren, karabela iberiar penintsulan; bi hauek ozeano atlantikoan ibiltzeko gaitasuna zuten ontziak izan ziren.

Europarren espantsioaren zergatik aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kolonialismo», «XVI. mende» eta «XVII. mende»

Garai horretan, Europako potentziek munduaren zatirik handiena menderatu zuten. Europako zibilizazio klasikoko eskualde garatuenak munduko beste edozein eskualde baino urbanizatuago zeuden arren, Europako zibilizazioak gainbehera eta kolapso mailakatuko aldi luzea jasan zuen. Aro moderno goiztiarrean, Europak bere nagusitasuna berreskuratu ahal izan zuen; historialariek kausak eztabaidatzen dituzte oraindik.

Europak garai honetan izan duen arrakasta ez dator bat beste eskualde batzuetakoarekin. Adibidez, Erdi Aroko zibilizazio aurreratuenetako bat Txina izan zen. Kristau aroko 1000. urtean ekonomia monetario aurreratua garatu zuen. Txinak nekazaritza libre bat zuen, jada bizirik irauteko nekazaria ez zena eta bere produktuak saldu eta merkatuan aktiboki parte har zezakeena. Adam Smithen arabera (XVIII. mendean idazten zuen), Txina aspalditik zen munduko herrialderik aberatsenetako, emankorrenetako, hobekien landuenetako, industriazaleena, urbanizatuenetako eta oparoenetako bat. Abantaila teknologikoa zuen eta burdin urtuaren, pistoi-hauspoen, zubi esekien eraikuntzaren, inprentaren eta iparrorratzaren ekoizpenaren monopolioa zuen. Hala ere, bazirudien aspaldi utzi ziola aurrera egiteari. Marko Polok, XIII. mendean Txina bisitatu zuenak, XVIII. mendeko bidaiariek bezala deskribatzen ditu bere laborantza, industria eta gizarte-antolaketa.

Europaren gorakadari buruzko teorietako batek dio Europako geografiak zeregin garrantzitsua izan zuela bere arrakastan. Ekialde Ertaina, India eta Txina mendiz eta ozeanoz inguratuta daude, baina behin kanpoko hesi horiek gaindituta, ia lauak dira. Aldiz, Pirinioek, Alpeek, Apeninoek, Karpatoek eta beste mendikate batzuek Europa zeharkatzen dute, eta kontinentea ere hainbat itsasok banatzen dute. Horrek nolabaiteko babesa eman zion Europari Erdialdeko Asiako inbaditzaileen arriskuaren aurka. Suzko armen aroaren aurretik, nomada horiek euroasiar kontinentearen periferiako nekazaritza-estatuak baino militarki handiagoak ziren, eta Indiako iparraldeko lautadetan edo Txinako haranetan sartzen zirenean, ia geldiezinak ziren. Inbasio hauek sarritan suntsitzaileak izan ziren. Islamaren Urrezko Aroa Bagdadeko mongoliar arpilatzearekin amaitu zen 1258an. Indiak eta Txinak aldian behingo inbasioak jasan zituzten, eta Errusiak mende pare bat igaro zituen uztarri mongol-tatariarraren azpian. Erdialdeko eta mendebaldeko Europa, logistikoki Asia Erdialdeko bihotzetik urrunago zegoena, ez zen hain kaltebera mehatxu horien aurrean.

 
Orteliusen 1570eko mapa, mundu ezaguna erakusten zuena.

Geografiak desberdintasun geopolitiko garrantzitsuei lagundu zien. Bere historiaren zatirik handienean, Txina, India eta Ekialde Ertaina potentzia nagusi bakar baten pean bateratuta egon ziren, inguruko mendi eta basamortuetara iritsi arte hedatu zena. 1600. urtean, Otomandar Inperioak Ekialde Ertain ia osoa kontrolatzen zuen, Ming dinastiak Txina gobernatzen zuen eta Mogol Inperioak India menderatzen zuen. Europa, aldiz, gerran zeuden hainbat estatutan banatuta zegoen ia beti. Inperio paneuroparrek, Germaniako Erromatar Inperioaren salbuespen nabarmenarekin, erortzeko joera izan zuten agertu eta gutxira. Europaren sorreran beste faktore geografiko garrantzitsu bat Mediterraneo itsasoa izan zen, milaka urtetan zehar ondasun, pertsona, ideia eta asmakizunen trukea sustatzen zuen itsas superautobide gisa funtzionatu zuena.

Ia nekazaritza-zibilizazio guztiak oso mugatuta geratu ziren beren inguruneagatik. Produktibitateak txikia izaten jarraitzen zuen, eta aldaketa klimatikoek erraz bultzatzen zituzten goranzko eta gainbeherako zikloak, zibilizazioen gorakada eta beherakada eragiten zutenak. Hala ere, 1500. urtearen inguruan aldaketa kualitatibo bat gertatu zen munduaren historian. Aurrerapen teknologikoak eta merkataritzak sortutako aberastasunak aukerak zabaldu zituzten.

Askok argudiatu dute, halaber, Europako erakundeek hedatzeko aukera eman ziotela, jabetza-eskubideak eta merkatu libreko ekonomia beste leku batzuetan baino indartsuagoak zirela, Europak berezko duen askatasun-idealaren ondorioz. Azken urteetan, ordea, Kenneth Pomeranz bezalako ikertzaileek zalantzan jarri dute iritzi hori. Europaren itsas hedapena, kontinentearen geografia kontuan hartuta, bere estatu atlantikoen lana izan zen neurri handi batean: Portugal, Espainia, Ingalaterra, Frantzia eta Herbehereak. Hasiera batean, portugaldar eta espainiar inperioak izan ziren konkistatzaile eta eragin-iturri nagusiak, eta haien batasunak Iberiar Batasuna ekarri zuen, "Inoiz eguzkia sartzen ez zen" munduko lehen inperioa. Laster hasi ziren ingelesak, frantsesak eta holandarrak, iparraldekoagoak, Atlantikoa menderatzen. XVII. eta XVIII. mendeetan izandako gerra batzuetan, Napoleonen Gerrekin amaitu zirenak, Britainia Handia munduko potentzia berri gisa agertu zen.

Esplorazioen hastapena: Portugal aldatu

Portugalek merkataritza eta trukerako bide berriak hedatu eta ireki behar izan zituen, batez ere erresuma bakarrarekin muga eginez. Henrike nabigatzailearen lanak ekarpena egin zuen horretan, flotaren kartografian eta eraketan diharduen erakunde bat sortu baitzuen; Gaztelak, berriz, lan hori ekimen pribatuari utzi zion. Portugalek bidali zituen lehen espedizio handiak Henrike nabigatzailearen agindupean izan ziren. Ozeano Atlantikoan sartu ziren, 1419an Madeira uharteetara eta 1427an Azoreetara iritsiz, horren ostean 1439an, bi uharteak kolonizatuta geratuz (Love, 2006, 10. orr.[10]).

Proiektua Afrikako mendebaldeko kostaldea esploratzea zen. Mendeetan zehar, Mendebaldeko Afrikaren eta Mediterraneoaren arteko ibilbide komertzialek Saharako Basamortua zeharkatzen zuten. Ibilbide horiek Afrikako iparraldeko estatu islamikoek kontrolatzen zituzten, Portugalen aspaldiko arerioek; beraz, portugaldarrek Mendebaldeko Afrikarekin zuzenean itsas bidetik merkaturatzea espero zuten, lurralde islamikoak saihestuz.

Afrikaren zirkumnabigazioa aldatu

 
Vasco de Gamak (beltzez), Pêro da Covilhãk (laranjaz) eta Afonso de Paivak (urdinez) hartutako ibilbideak; berdez ageri dena hirurek batera egindakoa da.

Afrikatik egindako espedizioek kontinentearen aberastasuna ageriko egin zuten; bertan zura, ehiza eta arrantzaren oparotasuna aurkitu zuten, baita esklabutzaren botere-formaren berri izan zuten.

 
Vasco de Gama[11] (1469-1524), Indiara itsasbidez iritsitako lehen europarra.

Gil Eanesek 1434an, Sahara hegoaldeko Afrikara egindako bidaietan Bojador lurmuturrak sortzen zuen oztopoa behin betiko ekiditea lortu zuen. Horri esker, Portugalera baliabideak eramateko aukera zabaldu zen, baina kolonia autosufizienteak behar zituzten, Afrikatik haratagoko ibilbidean nabigatzaileei hornigaiak emateko behar bestesko gaitasuna zutenak. Hala, portugaldarrek zenbait kokaleku hartzen hasi ziren: Cabo Verde 1460an, Santo Tomé 1470ean eta Angola 1478an.

Bi hamarkadatan Saharako muga gaindituta egon zen eta gaur egun Senegal deritzogun lurraldean urrearen eta esklaboen merkataritza hasi zen. La Minan eta Sao Tomé eta Principen gotorlekuak eraikitzen hasi ziren, azukrea ekoizten zuen lehen kolonia bihurtuz, eta gainera, Europan eskari handia izanik[12].

Mugarri erabakigarria izan zen 1487. urtea,  Bartolomé Díazek Esperantza Oneko lurmuturra zeharkatu eta bataiatu baitzuen; Indiako Ozeanora iritsiz. Indiako Ozeanoak, ozeano tropikala izateagatik, berezko korronte-erregimena izan arren, Vasco da Gamak (Indiara iritsi zen lehen europarrak), 1497an, Mozambike begiztatu zuen, eta haren atzetik Afrikako ekialdeko kostaldeko hainbat lurralde.

Indiako kostaldean, zehazki Kalkuta eta Goan, porturatzea garrantzitsua izan zen; baita ibilbide berriak zabaltzea, besteak beste, Zetaren Ibilbideari uko egin ahal izateko; beste kokaleku batzuen jabetza hartzea xede zutelarik. Hala, portugaldarrak esploratzen eta jabetzak bereganatzen hasi ziren, modu mugatuan bada ere: Mozambike 1505ean, Goa 1510ean, Indiarekin muga eta portua izateko, gaur egungo Ekialdeko Timor 1514an eta Macao 1557an, Txinarekin muga eta portua izateko, Sánchez i Cervellók (1995)[13] laburtzen duenez. Hala ere, aipaturiko baliabide horiek izan arren, Portugalek portu gehiago behar zituen Afrikako eta Arabiako kostalde osoan zehar Lusitaniako merkataritza-flotei euskarria emateko; horrela, Portugaldar inperioaren sorrerari hasiera eman zitzaion, XV. mendetik XX. medera iraun zuelarik.

Brasilen aurkikuntza aldatu

Pedro Alvarez Cabralen agindupean ustezko nabigazio-akats baten ondorioz (baina, halere, Tordesillasko Itunaren ondorioz Portugali zegokion lurraldera desbideratuz[14]), Portugalek ofizialki aurkitu zuen ondoren bere inperioaren kolonia aberatsena eta hiriburu izango zena: Brasil. Beraz, Brasilgo aurkikuntza ausazkoa izan zen, jomuga ez baitzuten bertan jarri, ezpada Afrikan.

XV. mendean Brasilgo aurkikuntzak eta XVI. mendean ekarri zituen aberastasun handiek lusoen –Lusitaniako biztanleak– nahi-kolonialak martxan jarri zituzten. Ez zuten Asiarekiko interesa eten, baina Iberiar Penintsulak ez zuen Asian eta Afrikan sakontzeko populazio nahikorik Amerikako aberastasunak esploratzen eta ustiatzen jarraitu bitartean. Amerikak diamanteak eskaintzen zituen, banilla bezalako espezia berriak zituen, eta XVIII. mendean kautxutik latexa ateratzen hasi ziren ontziak egiteko eta ehunak iragazgaizteko (Gheerbrant, 1990, 79. or.[15]). Brasilek eskaini zitzakeen baliabideetan arreta jartzeak Asiako zenbait lurralde galtzera eraman zuen Portugal, ez baitzuen izan nahikoa baliabide dena mantentzeko. Aitzitik, Hego Amerikak arreta gehien jaso izan zuen arren, Portugalek ez zuen Afrikarekiko kolonizazio-harremana eten.

Monopolio portugaldarren gainbehera aldatu

Portugaldarren esplorazioak eta kolonizazioak aurrera egin zuten. Japonian salerosketak burutu zituzten lehen europarrak izan ziren. Portugaldarren estrategia ekialderako bide komertzialak kontrolatzen zituzten gotorlekuen eraikuntzan zetzan. Horrela, gotorlekuak eta koloniak Afrikako eta Asiako kostaldean kokatu zituzten: Luanda, Mozambike, Zanzibar, Mombassa, Sokotra, Ormuz, Kalkuta, Goa, Mumbai, Malaka, Macao eta Timorren. Gainera, Portugalek aurreko atalean aipaturiko Brasil ere mendean zeukan, Tordesillasko Hitzarmenak (1494) arautzen zuen bezala.

Edonola ere, kostaldeko eremuez haratago joaterakoan, oztopoak kausitu zituen Portugalek. Herrialdeak ez zuen giza- zein ekonomia-baliabiderik horrelako inperioa ustiatzeko. Portugaldar inperioa eta monopolioa mehatxatzen zituzten Europako beste botereen aurrean gotorlekuek ez zeukaten erresistentziarik egiterik. Hala, herbeheretarrek, frantziarrek eta ingelesek portugaldarren monopolioa amaiarazi zuten.

Gaztelako Filipe II.a, 1580an, Portugalgo errege ere bihurtu zen, dinastiaren kontuak tarteko. Bi inperioak batuta, kanpoko arerioei aiseago aurre egin zieten. Macao, Timor, Goa, Angola, Mozambike eta Brasil portugaldarren esku geratu ziren, euren presentzia eraginkorra suertatu baitzen. Herbeheretarrak Brasil bereganatzen saiatu ziren, eta une batean lurraldearen erdia ere mendean hartu arren, azkenean atzera egin zuten[16].

Amerikaren baliabideak aldatu

Interesgune nagusia espezien merkataritza izan zen, Amerikak ekoizpenerako lurra eskaini baitzuen, esaterako Europatik demanda handia zuten azukrea bezalako produktuak lortzeko[17]. Baina baita beste aberastasun batzuk ustiatzeko aukera eman zuen, hala nola metal preziatuak, batez ere urrea eta zilarra; gainera hauen metaketek XVIII. mendetik aurrera emango zen industria-gizartea ekarriko zuten.

Amerikan nagusiki garatu eta ustiatu ziren produktuak hauek izan ziren: artoa, manioka, kakahuetea, pipermorroa (piperrak, oro har, mota askotakoak, preziatuak izan ziren), anana, ahuakatea, banilla, tomatea, patata, kakaoa (eta berarengandik eratorritako txokolatea), tabakoa eta kotoia. Aurretik Europako zenbait lurraldeetan ezagunak ziren zenbait produktu ere heldu ziren Amerikara: azukrea, kafea eta latexetik eratorritako kautxua.

Bestalde, tinte emaile ziren landare edo espezieak Aurkikuntzen Aroan preziatuak izan ziren Europan. Paubrasilia echinata landareak ez zuen Amerika jatorri izan, Sri Lankan (Indiako ozeanoko uharte eta estatua) baizik; hala ere, Hego Amerikan antzeko landare bat aurkitu zen, jatorrizkoaren antzekoa bertatik eratorritako tintea kalitate txarragokoa izan arren. Kanpetxe makila, esaterako, tinta ekoizleengandik eskaera asko jaso izan zituen zuhaixka zen; izan ere, kolore asko eman zitzakeen. Haatik, ia mende bat behar izan zuen ekoizpen erregular bat izatera iristeko. Ekua makila eta anila ere baliagarriak suertatu ziren tinta ekoizpenerako, bata bere kolore beltzarengatik bestea kolore urdinarengatik, hurrenez hurren.          

Espainiar esplorazioak aldatu

Gaztelako erresuma, Atlantikora esplorazioak beranduago hasi zituen arren, Portugalekin lehian aritu zen; XV. mendean lehia hori are zuzenagoa bilakatuz. Bi lurraldeen arteko lehen konfrontazioa Kanariar Uharteen jabetza nahia zela eta eman zen; ondoren, Alcazobaseko Itunak, uharteak Gaztelaren esku utziko zituelarik. Bestalde, Gaztelaren baliabideak Granadako erresumaren aurkako gerra-ahaleginari eskainiak zeuden penintsula barruan.

Amerikaren aurkikuntza aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Amerikaren aurkikuntza» eta «Tordesillasko Ituna»

Aragoirekin bat eginda, Gaztelak itsasoan kolonia berriak ezartzeko eta bide berriak esploratzeko aukera eta baliabideak topatu zituen. Horrela, Gaztela eta Aragoiko erregeek, 1492an, Kristobal Kolon babestu zuten Indiara mendebaldetik iristeko ahaleginean; espezieen ibilbidearen alternatiba gisa eta, Alcazobaseko Ituna betez Afrika hegoaldeko ibilbidea Portugalen esku utziz.

Nolanahi ere, Kolon ez zen Asiara heldu, Mundu Berrira baizik. Pedro Alvares Cabral itsasgizon portugaldarra ere 1501ean ailegatu zen Ameriketara; egungo Brasilera, hain zuzen ere. Bi botere horien artean lurralde berriak banatzeko, Tordesillasko Ituna adostu zen 1494an.

Itun horrek bi lurraldeen –Portugal eta Gaztela– arteko muga ezarri zuen, Portugalek lurraldeen banaketari dagokionez zenbait eskaera egin ondoren. Portugaldarrek Cabo Verdeko uharteetatik mendebaldera igarotzen zen meridianoaren ekialdean zegoen Europakoa ez zen lurralde guztia jabetu zuten. Horrek Afrika, Asia eta Hego Amerikako ekialdeko zatia eta Brasilgo muturra bere eskuetan jartzen zituen. Gaztelakoek, berriz, mendebaldeko lurraldeak –ordura arte ia ezezagunak ziren lurrak– jabetu zituzten, batez ere Amerikako kontinentearen mendebaldea eta Ozeano Bareko uharte batzuk.

Hertsiki, zenbaiten arabera, Amerikako kontinentea asiar kulturek aurkitu zuten, Kolon iritsi baino zenbait milurte lehenago, baina, Kolon iritsi arte, Europan, Afrikan eta Asian finkatutako kultura gehienek ez zuten ezagutzen.

Kolon eta Europako beste esploratzaile batzuk atsekabeturik geratu ziren aurkitutakoarekin. Gaztelakoentzako, hasiera batean, Afrika edo Asiako lurraldeek ez bezala, Karibekoek ez zuten beraien nahiei loturik preziatuak ziren ondasunik. Hala ere, beranduago, egungo Peruko zein Mexikoko urre eta zilarren oparotasunak txunditurik utzi zituen esploratzaileak; bertan amerikar inperiorik boteretsuenak kokatuta zeudelarik. Horrela, konkistatzaileen talde txikiek mendean hartu izan ahal zituzten lurralde horiek (Hernan Cortesek Aztekar inperioa 1521ean, eta Francisco Pizarrok Inka Inperioa, 1532an), suzko armen nagusitasunari esker. Inperio horiek garaitutakoan, urre eta zilar oparo horiek Europara eraman zituzten urte askotan.

1496an Bartolome Kolonek Santo Domingori izena eman zion; Amerikako lehen europar kokalekua izateagatik eta Espainiako gobernu kolonialaren lehen egoitza izateagatik ezaguna. Une hartan, halere, ez zen ezagutzen Mexikoko Golkoaren beste aldean zegoen kontinentearen zatia, ezta Lurreko ozeanorik handienaren, alegia, Ozeano Barearen, benetako tamaina ere.

Amerikaren barnealdean espainiarrek bi inperio handi aurkitu zituzten: Azteka eta Inka; zabalak eta populatuak. Espainiako konkistatzaileek inperio horietako herriekin egindako aliantzek  eta europarrek inkontzienteki eramandako gaixotasunek, batez ere baztangak, eragindako hondamendi demografikoek erraztu zuten haien konkista. Beste kasu batzuetan, kultura indigenen erresistentzia hain izan zen tematia, europarrek konkistatu nahi izanak gerra luzeak eskatu zituela edo, besterik gabe, ezinezkoa bihurtu zela.

Munduari lehen bira aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Magallaes-Elkano espedizioa»
 
Magallaes-Elkano espedizioaren bidaia.

Espedizioaren helburu nagusia Molukuetako –Indonesiako espezieen irlako– espezieak ustiatzeko Espainiarentzako itsasbide eraginkor bat aurkitzea zen, Portugaldarren menpeko uretatik igarotzea ekidinez. Lurraren inguruko lehen itzulia Magallanesi aitortzen bazaio ere, Juan Sebastian Elkano getariarraren eginkizunaren emaitza izan zen; izan ere, Molukuetatik mendebalderantz nabigatzen itzultzearen erabakia berak hartua izan zen[18].

Lurra zirkumnabigatzeko aukeratutako ibilbidea arriskuz beteta zegoen, izan ere, Viktoria ontziarekin inoiz zeharkatu ez zuten Indiar Ozeanoko eremuetan nabigatu zuten. Horrez gain, portugaldarrekin zeukaten lehia hark are gehiago zailtzen zuen helburua, Portugali zegozkion lurrak eta haien erasoak ekidin behar zituztelako. Hala ere, Elkanok mendebaldera jarraitzea erabaki zuen, neguan ekialdetik jotzen zuen montzoia baliatuz.

Horrela, Lurraren lehen itzulia Elkanok Molukuetatik itzultzeko hartutako erabakiaren ondorio izan zen, itsasontziko kapitain zen Gomez de Espinosaren oniritziarekin.

Bidaia urratsez-urrats aldatu

  • 1521eko abenduaren 21ean Viktoria ontzia Tidoretik abiatu zen Elkanoren aginduetara. Trinitatek –beste ontzietako bat– matxurak zituen eta horiek konpontzeko Tidoren geratu zen, ondoren Ozeano Barea zeharkatuz itzultzeko asmoarekin. Behin konponketak amaituta abiatu zen, baina haize eta korronte egokirik aurkitzen ez zuenez berriz ere Moluketara itzuli zen. Azkenean, bertan Portugaldarrek atzeman zutelarik.
  • 1522ko urtarrilaren 25ean Viktoriak Timorren eskala egin zuen. Beste itsas zeharkaldi baten hasiera izan zen, Elkanok zuzendutako ontziak Indiako Ozeano osoa zeharkatu baitzuen lehorrik jo gabe.
  • Maiatzaren 19an lehorrik jo gabeko hiru hilabeteko bidaian berriz ere zailtasunak izan ondoren, Afrika hegoaldeko Esperantza Oneko lurmuturrera iritsi ziren, baina portugaldarrek atzemango zituztenaren beldur zirenez, lehorreratu gabe aurrera jarraitu zuten Atlantiar Ozeanoa zeharkatzeko.
  • Uztailaren 2an Portugaldarren menpekoak ziren Cabo Verde uharteetan elikagaiak erosteko geldialdia egitea beste erremediorik ez zuten izan. Tratuan ari zirela portugaldarrek igarri egin zuten ekialde urrunetik zetozela, eta lehorrean zeuden 12 marinelak atxilotu egin zituzten. Viktorian zeuden gainontzeko kideek, Elkano buru zutela, ihes egin eta aurrera jarraitu zuten amaigabeko bidai hartan.
  • Irailaren 6an 18 gizon iritsi ziren Sanlucarrera Viktoria ontzian, portu hartatik irten eta hiru urtera. Itsasoratu ziren bost ontzietatik –Trinitate, San Antonio, Kontzepzio, Viktoria eta Santiago– bakarra iritsi zen; 238 kideetatik, 18, eta horietatik lau euskaldunak: Juan Sebastian Elkano, Viktoria ontziko kapitaina, getariarra; Juan Akurio, pilotua, bermeotarra; Juan Arratia, txotxoa, bilbotarra eta Juan Zubileta, pajea, barakaldarra.

Iritsi eta berehala Elkanok bi gutun idatzi zizkion erregeari. Lehenengoan, Cabo Verden atxiloturik zeudenen askatasuna bideratzea eta espedizioak erregeari zor zizkion irabaziak marinelen artean banatzea eskatzen zion. Bigarrengoan espezieen Kontratazio Etxe berri bat Coruñan sortzea proposatu zion, Europa iparraldetik horiek erostera Lisboara zetozen merkatariek gertuago izan zitzaten.

Amazonas ibaiaren jaitsiera aldatu

 
Amazonas ibaia eta bere inguruko oihana ingurune gogorra da ezagutzen ez dutenentzat.

Lurreko ibai luze eta emaritsuenaren aurkikuntza ez zen izan aurrez pentsatutako saiakera batengatik, zenbait gertaerengatik baizik. Ibai horren zati bat ezagutzen zen, Vicente Yáñez Pinzónek ibaiko bokalea arakatu zuelako 1500ean, baina barrualdea ezezaguna zen oraindik. Berrogei urte geroago, Francisco Pizarrok bere anaia zen Gonzalori agindu zion iparraldeko probintziaz arduratzeko, Quitoren gobernazio deiturikoa.

1540ko abenduaren 1ean, Gonzalo Pizarrok lehen saiakera egin zuen Cuscotik abiatuta, ehun pertsona eta beste hainbeste zaldirekin batera; baina, halere, kopuru txikiegia zenez porrot egin zuten. Horregatik, Francisco de Orellana, Gonzarro Pizarroren lehengusuak, bigarren saialdi baterako laguntza eskaini zuen.

Denak batera abiatu ziren; baina, hogeita hamar legoa egin ondoren, espedizioa hedatuta zegoelarik, eta beren helmugara iristean, espero zen ezer ez zegoela ohartu ziren. Egindako ibilbidea horren akigarria izanik, gaztelarrek beste bide bat aurkitzen saiatu ziren gerora Coca ibaia deituko zitzaionari jarraituz.

Handik Napo ibaira iritsi ziren, eta bertan brigantin–bela karratuak dituen bi mastako itsasontzia– bat eraikitzen hastea erabaki zuten, tresnak eta gaixotutako kideak garraiatzeko, elikagaiz hornitutako herrixka batera iritsi arte. Baina horrelako ezaugarridun herririk ez zen agertu hornidura gehienak jadanik kontsumitu zituztenean; beraz, Orellanak proposatu zuen hirurogeita hamar pertsonekin aurreratzea bestelako ontzi txikiago batzuekin, espedizio osoa ez mugitzeko. Hala ere, korronteak ez zien atzera egiten utzi, eta beraz, taldekideei jakinarazten ere ez; egunean 25 legoa egin zituzten, hau da, 120 kilometro inguru. Bestalde, Gonzalo Pizarrok, pazientzia agortuta, Quitora lurretik bueltatzea erabaki zuen.

1.200 kilometro inguru egin ondoren, Orellanaren kideek hornidurak lortu zituzten; eta hilabete igaro ondoren, Perura eraman behar zituen ontzia eraiki zuten. 1541eko otsailaren 11n, Orellanako kideek atzean utzi zituzten etorkizuneko Napo eta beste ibaiadar batzuk, hala nola Ibai Beltza; Amazonasen nabigatzeko xedez. Handik hamabost egunera, herrixka bat aurkitu zuten, eta han beste itsasontzi bat eraikitzera jo zuten.

Xingó ibaiaren bokaletik igarotzean, sabana ageriko egiten joan zen. Ibilbidean zehar bertako biztanleen erasoak jasan zituzten. Gaztelarrek nabaritu zuten marea Ibaian sartuta, eta, beraz, bokaleak gertu egon behar zuen ordurako. Horrela, Orellanaren kideak 1542ko uztailaren erdialdean iritsi ziren estuariora. Hala eta guztiz ere, espedizioko kideek eraso berriak jaso zituzten, kasu horretan karibekoen aldetik, eta baita ere matxuraren bat tarteko ontzietako bat konpondu behar izan zuten (Gheerbrant, 1990, 19. eta 20. orr.[19]); horrela, 1542ko abuztuaren 26an iritsi zen espedizioa Atlantiar itsasora.

Iparraldeko Europako herrialdeen esplorazioak aldatu

Tordesillasko Ituna onartzeari muzin egin zioten iparraldeko herrialdeek. Itsas-usadio luzea edukita, Frantziak, Ingalaterrak eta Herbehereek kolonizazio-bidaiei ekin zieten; teknika eta mapa berriak bertara iritsi zirelarik, nahiz eta iberiarrek hori oztopatu nahi izan zuten. Misio horietako lehena, John Cabot nabigatzaile italiarrarena izan zen, 1497an, Ingalaterrak sustatuta. Britainiarrek zein frantziarrek Ipar Amerikara jo zuten batez ere, Asiarako bidea irekita aurkitu nahian; gainera, Erdialdeko Amerikaren eta Hego Amerikaren aldean horrenbesteko oparotasuna (urreari eta zilarrari zegokienez) ez zuelakoan, Gaztelak ez zuen zonalde hori aintzat hartu. Horrela, 1525ean, Giovanni da Verrazzano bikingoen ostean egungo AEBetako kostaldea bistaratu zuen lehen europarra bihurtu zen. XVII. mendetik aurrera, frantziarrak eta ingelesak Ipar Amerikan koloniak ezartzen hasi ziren.

Afrikari dagokionez, Portugalen monopolioa mehatxatu zuten ipar Europako herrialdeek (XVII. mendean), nork bere koloniak sortuz. Horrela, gutxinaka, Gaztelako zein Portugalgo monopolioak behera egin zuen haien aurrean. Iparraldeko europarrek lurralde berriak esploratzeari ekin zioten; ezagutzen ez zituzten Ozeaniako zein Ozeano Bareko hainbat tokitara iritsiz. Willem Janszoon edo Abel Tasman esploratzaile herbeheretarrek Australiako kostaldea esploratu zuten lehenengo europarrak izan ziren. XVIII. mendean, James Cook britainiarrak Polinesiako lehendabiziko mapak marraztu ahal izan zituen.

Esplorazio ingelesak aldatu

 
James Cook nabigatzailea.

Britainiarrek Esplorazioaren Aroa amaitzear zegoela, XVII. mende inguruan, hasi ziren esplorazioak maiztasun gehiagorekin burutzen, aurretik horretarako nahikoa baliabide ez zutelako.

Martin Frobisherrek (1535/1539-1594) Artikoan barrena ibilbide bat eratu zuen, Asia ainguratzeko bide baten bila. Espedizio guztiak Kanadako ipar-ekialdera iritsi ziren, Bereizmen Uhartearen eta Frobisher badiaren inguruan, eta bertan Baffin uharteko kostaldeak, Hudson itsasartea eta bere izena daraman badia aztertu zituen.

Francis Drakek 1577. eta 1580. urteen bitartean munduari bigarren bira eman zion. Henry Hudsonek (1565-1611), bere aldetik, AEBn kokatuta dauden eta bere izena daramaten ibaia eta badia aurkitu zituen, nahiz eta aurretik Giovanni de Verrazanok, 1524an, esploratu zuen ibai hori.

James Cookek (1728-1779) Ozeano Barean hiru bidaia burutu zituen. Haietan, eremu zabala mapetan zehazki marraztu ahal izan zuen. Berari esker ezagutzen ez ziren irlak eta kostaldeak dokumentatu ziren. Bere arrakasta nagusiak, Australiako ekialdeko kostaldearen eta Hawaiiren aurkikuntza zein Zeelanda Berria eta Ternua kartografiatzea izan ziren.

Walter Raleighek Ipar Amerika kolonizatzeko proiektua sortu zuen, 1584an Roanoke uhartean (gaur egungo Ipar Carolina) Virginia kolonia sortuz, Isabel erreginaren omenez.

Esplorazio frantziarrak aldatu

 
Jacques Cartier

Jacques Cartier, Saint Malotik abiatuz, Amerika esploratu zuen lehen frantziarra izan zen, zehazki Labrador eta Ternuako kostaldeetara iritsiz, eta bertako hiritarrekin objektuak trukatzeko abagunea edukiz. 1535eko maiatzean, Cartier berriro abiatu zen ontzidi berriarekin, Frantzia Berrira, geroago Kanadako Quebec probintzia izango zena. Bigarren bidaia horretan, Gaspesiako penintsulan aurkitu berri zuten ibaian –San Lorentzo– sartu nahi izan zuten. Atlantikoko ibilbide berria zein San Lorentzoko nabigazioa gogorrak eta gorabeheratsuak izan ziren. Ur-ibilgua oso zabala izaten jarraitzen zuen, baina uharte handi bat, egungo Orleans uhartea, atzean utzita, frantsesek haren etengabeko estutzea ikusi zuten, horrela ibaiertz batean indiar herri bat ikusiz. Han, Stadacone tribuarekin lehen harremana izan zuten, ondoren, Quebec hiria izango zena eraiki zuten lekuan (Appell y Ballester, 1968, 24 eta 25. orr.[20]). 1535eko urrian, Cartierren kideek beste meandro bat zeharkatu zuten, Hochelegua izeneko mendixka eta herri batera iristeko. Bertakoek adeitasunez hartu zituzten gero Montreal hiria izango zenaren barruan (Appell eta Ballester, 1968, 26. orr.[21]); horrela, Kanadaren esplorazio frantsesaren lehen zatia bukatuz.

René-Robert Cavelier de La Salle (1643-1687) ere nabarmendu zen, Ipar Amerikan Aintzira Handien eskualdea eta Mississippi ibaia esploratu baitzituen. Horrez gain, Louis Antoine de Bougainville (1729-1811) izan zen munduari bira eman zion lehen frantziarra, zeinek Malvinak, Tahiti, Samoa, Salomon uharteak eta Hebrida Berriak esploratu zituen.

Aipatutakoaz gain, Jean-François de la Perouse (1741-1788) Ozeano Barean aritu zen, Bougainville eta Cooken lanari jarraitu nahiean. Filipinak eta Macao inguruko zonaldea esploratu zuen, bere izena daraman itsasartea aurkituta.

Herbehereetako esplorazioak aldatu

 
Jan van Riebeecken Afrikako lehorreratzea 1652. urtean.

Oliver van Noort (1559-1627) munduari bira eman zion lehen herbeheretarra izan zen. Willem Barentsek (1550-1597), 1596an, Svalbard artxipielagoa aurkitu zuen, eta Barents Itsasoari izena eman zion. Hornos Lurmuturrera 1616an Willem Schouten eta Jacob Le Maire marinelak iritsi ziren.

Abel Janszoon Tasman (1603-1659) Tasmania, Zeelanda Berria zein Tonga eta Fiji aurkitu zituen esploratzailea izan zen. Jacob Roggeveenek (1659-1729), bere aldetik, Pazko uhartea eta Samoako zenbait irla aurkitu zituen.

Herbehereek Afrikako hegoaldea kolonizatzean portugesen antzeko helburuak izan zituzteen, hornikuntza-oinarriak behar izan zituztelako. Baina, herbeheretarren kasuan, kolonizazioa enpresa pribatu batek egin zuen, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiak, hain zuzen. Enpresa horrek lehen biztanleak garraiatu eta lehen kokalekuak antolatu zituen.

1652an, Jan van Riebeeckek zuzendutako kolono-talde bat Itxaropen Oneko lurmuturrera iritsi zen. Europarren eginkizuna barazkiak landatzeko eta ardoa egiteko kokaleku bat sortzea izan zen, hau da, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiako kideek Asiarako bidean jasandako eskorbutoaren kontra eraginkortasun handiko produktuak. Kontinentearen alde hartan nagusi zen klima mediterraneoa askoz ere osasungarriagoa zen Afrikako beste eskualde batzuetakoarekin alderatuta; beraz, gaixotasunek kalte gutxiago eragiten zieten kolonoei. Era berean, lurraldeak hainbat barazki landatzeko aukera ematen zuen. Horregatik guztiagatik, europarren ondorengo populazioa bikoiztu egiten zen belaunaldi berri bakoitzarekin, eta populazioa pixkanaka barneratzen joan zen. Aitzitik, mende eta erdi besterik ez zen izan, Europako gerra napoleonikoek eta Herbehereek Napoleoni emandako babesak Kolonia galtzea ekarri zutelako britainiarren aurrean.

Errusiako esplorazioak aldatu

Errusiarrek egindako esplorazioak Siberiara mugatzen ziren, edo, zehatzago, Siberiako ekialdeko aldera, eta Alaskara.

Ural mendietaik Ozeano Barera arte masa kontinental ikaragarri bat zegoen, Aurkikuntzen Aroa baino mende asko lehenago ezagutzen zena. Mongolak eta tartaroak Siberiako zenbait aldeetatik edo haien inguruko mendietatik zetozen. Era berean, japoniarrek eta txinatarrek ekialdeko eta Kamtxatka penintsulako kostaldea esploratu zuten, Kuril uharteetatik milia gutxira dagoena. Mendebaldekoentzat Siberia ere ez zen gutiz ezezaguna, Marko Polok lurralde horren berri eman baitzuen; baina, tamainaren handitasuna zela eta, bere barneko zati handi bat ezezaguna zen.

Ivan III. Handiaren esku zeuden tartaroen porrotak eta 1478 inguruan duke-estatu bat sortzeak ahalbidetu zien errusiarrei basailu edo menpeko izateari uztea eta, ondoren, Siberia kolonizatu eta esploratzea. Ivan III.aren ondorengoek beren politikekin jarraitu zuten, erresumarentzat nolabaiteko egonkortasuna lortuz, eta haien hedapena ahalbidetu zuten.

1586an errusiarren diru sarreren kantitate esanguratsu bat Siberiako larru ekoizpenetik zetorren, horretan baizetzan bertako aberastasunaren zati handi bat. Semion Dezhniov izan zen europarrentzako ezezagunak ziren lurraldeei buruzko lehen eskuko informazioa lortu zuena; Jenisei ibaira heltzeaz gain, Lena ibaiarekin topo egin zuelarik, Lurreko ibai luzeenetariko batekin, alegia.

Ondoren, aurkikuntzen Arotik kanpo, errusiarrek ekialderantz jarraitu zuten. Dezhniovek espedizioa egin eta mende bat baino gehiagora, Vitus Bering daniarrak tsarraren (errusiar-erregearen) zerbitzuko errusiar talde baten buru izan zen, ondoren bere izena jasoko zuen kanaletik (Bering itsasoa) egindako espedizioan. Azkenik, esplorazioaren bidez Alaskaren jabetza lortu zuen 1741ean (Fuster, 1998, 78. orr.[22]).

Esplorazioen Aroaren amaiera aldatu

Esplorazioaren Aroa amaitutzat XVII. mendearen hasieran jotzen da, aurkikuntza nagusiak jada eginak baitziren. Ordurako, europar itsasontziak planetako edozein itsasotan nabigatzeko gai ziren, eraikitze-teknika garatuen eta marinelen ezagutzaren ondorioz.

Hala ere, esplorazioek aurrera jarraitu zuten; oraindik esploratzeke zeuden lurraldeak zeudelako. Europako eta Asiako kontinenteak baino ez ziren ia osorik esploratu. Europarrak edo europarren ondorengoak Ipar Amerikako azpikontinentearen erdialdera  sartzeko prozesua ez zen behin betiko amaituko Sezesio Gerra (1861-1865) amaitu arte.

Australiako ekialdeko kosta 1770ean baino ez zen esploratu; eta Ozeano Artiko eta Antartikoa XIX. mendera arte ez ziren esploratu. Halaber, kontinenteen barnealdera bidaiatzeak tarte luzeagoa eskatu zien europarrei; Afrikakoa, esaterako, XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen hasieran esploratu zen, batik bat merkataritza murritza zuelako edota tropikoko gaixotasunek oztopo larria jartzen zutelako.

Erreferentziak aldatu

  1. «Los Monzones» jmarcano.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  2. «Los Monzones: Gráficas» jmarcano.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  3. «Comercio y rutas comerciales del Islam» www.musulmanesandaluces.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  4. (Ingelesez) Love, Ronald, S. (2006). Maritime Exploration in the Age of Discovery: 1415-1800. Greenwood Press, 11 or. ISBN 0-313-32043-8..
  5. «Biografia de Zheng He» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  6. (Gaztelaniaz) March, Fundación Juan. «Audio: Las plantas bajo el dominio del hombre (III): (III) "De los grandes viajes a la hibridación vegetal"» www.march.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).[Betiko hautsitako esteka]
  7. (Gaztelaniaz) Gheerbrant, Alain. (1990). El amazonas, un gigante herido. Aguilar universal, 15 or. ISBN 840360081X..
  8. (Gaztelaniaz) Campbell, Greg. (2003). Diamantes Sangrientes. Paidos, 128 or. ISBN 8449314518..
  9. «Johannes Gutenberg. La imprenta» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  10. Love, Ronals, S. (2006). Maritime esploration in the Age of Discovery. Greewood Press, 10 or. ISBN 840360081X..
  11. «Biografia de Vasco da Gama» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  12. (Gaztelaniaz) March, Fundación Juan. «Audio: Las plantas bajo el dominio del hombre (III): (III) "De los grandes viajes a la hibridación vegetal"» www.march.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Gaztelaniaz) Sánchez i Cervelló, Josep. (1995). La revolución portugesa y su influencia en la transición española (1961-1975). Nerea ISBN 9788486763848..
  14. (Gaztelaniaz) Lucena, Manuel. (2000). Brasil, 1500 ¿casualidad o argucia? La aventura de la historia (23). ISBN 1579-427X..
  15. (Gaztelaniaz) Gheerbrant, Alain. (1990). El amazonas, un gigante herido. Aguilar universal, 79 or. ISBN 840360081X..
  16. «ARTEHISTORIA - Protagonistas de la Historia - Ficha El siglo XVII» web.archive.org 2008-02-09 (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  17. (Gaztelaniaz) March, Fundación Juan. «Audio: Imperio y Arte. Una introducción a la pintura británica y a la historia de su Imperio (IV): El Imperio británico (I)» www.march.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).[Betiko hautsitako esteka]
  18. Fundazioa, Elkano. «Elkano Fundazioa – Elkanoren bidaia» Elkano Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  19. (Gaztelaniaz) Gheerbrant, Alain. (1990). El amazonas, un gigante herido. Aguilar universal, 19-20 or. ISBN 840360081X..
  20. (Gaztelaniaz) Appell eta Bullester, Claude eta Rafael. (1968). Grandes aventureros. Plaza y Jamés, 24-25 or..
  21. (Gaztelaniaz) Appell eta Bullester, Claude eta Fafael. (1968). Grandes aventureros. Plaza y Jamés, 26 or..
  22. (Gaztelaniaz) Fuster, Francisco. (1998). El final de los decubrimientos de América. Murtziako Unibertsitateko publikazio zerbitzua, 78 or. ISBN 8483710404..

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu