Jenisei
Jenisei[1] (mongolieraz: Gorlog; errusieraz: Енисе́й) Siberiako ibai handiena eta Asiako nagusienetakoa da. 4.093 kilometroko luzera du eta bere arroa munduko zabalenetarikoa da: 2.620.000 km².
Geografia
aldatuJenisei Kyzylen (Tuva errepublikako hiriburua) sortzen da, Bolshe Jenisei edo Jenisei Handia eta Mali Jenisei edo Jenisei Txikia ibaien-bilgunean. Lehenbizikoak Ekialdeko Saian mendietan du iturria, eta bigarrenak Mongoliako Khoridol Saridag mendigunean. Siberia hegotik iparrera zeharkatzen du, eta 2.000 km luze den behe ibilbidean 40 km-ko zabalera izatera iristen da. Kara itsasoan, Ozeano Artikoan, isurtzen du ura, 300 km-ko luzera eta adar asko dituen estuarioan[2]. Jenisei Handia eta Jenisei Txikiaren bilgunetik ahora 3.487 km luze da, baina Jenisei Handiarena iturritzat hartuz gero, Jeniseik 4.093 km-ko luzera du[3].
Ibaiadar nagusiak Angara, Tunguska Harritsua eta Tunguska Beherea dira.
Historia
aldatuJenisei ibaiaren bazterretan tribu nomadak bizi ziren, hala nola Ket edo Yugh tribuak. Hauek, Kott, Assan, Arin, Baikot edo Pumpokol tribuak bezala, XVII. eta XIX. mendeen artean errusiartu ziren politikoki. Gaur egun, Ket batzuk baino ez dira geratzen Jeniseiren ezkerraldean[4].
Hidrologia
aldatuOrdokietako ibaien erregimena agertzen du: maiatz-ekainean izotz urtzeari dagokion urandia, ezkerretako ertzeko lurraldeak maiz urpean hartzen dituena eta abendutik martxora bitarteko ur gutxiagoko aldia[5].
Jeniseiren emaria 1936-1999 bitartean neurtua izan da Igarkan (itsasoratu baino 697 km lehenago)[6]. Gune horretan, drainatutako eremuak 2.440.000 km² ditu, arro osoaren % 93,1. Bertan urteko batez besteko emaria 18.395 m³/s da; emari handiena ekainean du (80.928 m³/s) eta txikiena abenduan (6.019 m³/s).
Jeniseiren batezbesteko emariak (m³/s), Igarkan neurtuak
Datuak: 1936 eta 1999 artean
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Yenisey River[Betiko hautsitako esteka] Global.britannica.com
- ↑ Edward J. VAJDA: «The Ket and Other Yeniseian Peoples» Pandora.cii.wwu.edu
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Jenisei Igarkan R-arcticnet.sr.unh.edu