Inprimatzeko makina edo moldiztegia testu eta irudiak paperaren gainean birsortzeko erabiltzen den makina da. Tinta jartzen da tipo izeneko metal zatien gainean, eta tinta hori paperera igarotzen da presioaren bidez.

XV. mendeko inprimatzeko makina.

Lehen inprimatzeko makina Bi Shengek asmatu zuen, 1040 aldean, Txinan. Europan halako makina bat egiterik ez izateko arazoa ez zen teknikoa; izan ere, Antzinako Erroman bazekiten tinta zigiluen bitartez inprimatzen, baina ez zegoen papera egiteko modu merkerik. Txinatarrek arroz-papera erabiltzen zuten, eta inprimatzeko portzelanazko oinarria. Europan ez dago argi nork asmatu zuen. Gehienen iritzia Johannes Gutenbergek asmatu zuela da, nahiz eta haren izena ez dagoen jasota inongo testu idatzitan. Johannes Mentelinek Estrasburgon (1458-1478), Panfilo Castaldik Italian (1470) eta Laurens Costerrek Haarlemen (1430) inprimatzeko makinaren asmatzaile direla esan ohi da, eta bakoitzari bere herrian monumentua ezarri zaio horren omenez.

Inprimatzearen historia

aldatu

Txinan, K. a. 2000. urte inguruan, inprimatzeko ezinbesteko diren hiru gaiak ezagutu eta erabiltzen zituzten jadanik: papera, tinta eta harrizko, zurezko edo metalezko moldeak. Horixe izan zen, beraz, inprimeriaren hastapen enpirikoa. XI. mendean, Bi Sheng txinar alkimistak erabili zituen, lehenbiziko aldiz, tipo mugikorrak, zurezkoak (xilografia), baina txinatar alfabetoak dituen ideogramak ugari zirenez gero, ez zen teknika hura zabaldu.

Papera XII. mendean iritsi zen Europara, arabiarrek ekarria, eta, XIII. mendean, italiarrak eta frantziarrak hasi ziren papera egiten. Europan, xilografiaz (baina tipo mugikorrak erabili beharrean, zurezko xaflez baliatuz) inprimatutako lehenbiziko liburuak XV. mendean agertu ziren. Geroxeago, metalezko xaflak hasi ziren erabiltzen (metalografia), zurezkoen ordez. Tipo mugikorrak eta behin baino gehiagotan erabiltzeko modukoak lortzea zen hurrengo urratsa, eta grekozko eta latinezko alfabetoak, letra gutxi dituztelako, guztiz egokiak ziren horretarako. Laurens Coster herbeheretarrari egozten zaio horiek sortu izana.

 
Inprimatzeko makinaren hedapena XV. mendean
 
Inprimaturiko liburuen ekoizpena Europan 14501800 bitartean

Johannes Gutenberg alemaniarra izan zen, dena den, inprimeria modernoaren lehenbiziko teknikak gauzatu zituena, XV. mendearen erdialdean. Gutenberg metalezko tipo mugikorrez eta behin baino gehiagotan erabiltzeko modukoez baliatzen zen. Tipoak –hitzak, tarte hutsak eta lerroak osatuz– zurezko kaxa batean jartzen ziren eta, tintaz busti ondoren, papera jartzen zen haien gainean. Torloju baten bidez, xafla bat jaitsarazten zen papereraino eta, xafla hura paperaren kontra zapatuz, tipoak paperean inprimatzen ziren. Xilografiaren aldean, hiru abantaila nagusi zituen Gutenbergen teknikak: askoz azkarrago osatzen ziren inprimatu beharreko testuak, kalitate hobea zuten inprimatutakoak, eta paper orri baten bi aldeetan inprima zitekeen. Estrasburgon egin zituen Gutenbergek bere teknikaren lehenbiziko saioak, 1434-1439 bitartean.

1450ean, Gutenbergek elkarte bat eratu zuen, Mainzen, Johann Fust zilargin aberatsarekin eta, geroxeago, Peter Schöffer metal irartzailearekin. Elkartea 1455ean hautsi zen. Lankidetza horren emaitza da Gutenbergen teknikak sortutako lehenengo maisu lana: Mazarinoren Biblia (Berrogeita bi lerroko Biblia izenaz ere ezaguna; 1455). Gutenbergen teknikari zor zaizkion lehenbiziko liburuetan, hauek dira nagusietakoak: Latinezko gramatika (Aelius Donatusek idatzia; 1445), Astronomia egutegia (1447), Konstantzako mezaliburua (1450), Barkamenen buldak (1454), Turkiarren aurkako Gurutzadak (1454), Mainzeko salmotegia (1457), Hogeita hamasei lerroko Biblia (1458), Catholicon (1460), etab.

XVI. eta XVII. mendeetan, tipoak hobetu ziren: Aldo Manuzio veneziarrak, 1501ean, hizki kurtsiboak (aldini eta italiarrak ere deituak) sortu zituen, eta Claude Garamond frantziarrak (1499-1561) garamond hizkiak.

XVIII. mendean aurrerapauso handiak eman zituen inprimeriaren teknologiak: François-Ambroise Didot frantsesak asmatu zuen burdinazko prentsa (1777), prentsaren xafla eta zeinuen kaxa neurri berekoak zituelako kolpe bakar batez (lehenago bi behar ziren) inprimatzen zuena. Prentsa hori Charles Stanhope britainiarrak hobetu zuen (1795). Garai bertsuan agertu ziren, Frantzian, berunezko xafla erliebedunen bidez inprimatzeko teknikak.

Une horretatik aurrera, mekanizazioa nagusitu zen inprimerian. Urrats garrantzitsuena izan zen papera zanpatzen zuen xaflaren ordez zilindro bat erabiltzea, kalitate handiagoa lortzen baita zilindroaren bidez zanpatuz gero, presioa hobeki erregulatzen duelako. XIX. mendean, tresna eta teknika berriak agertu ziren, mekanizazioaren ildo beretik: linotipia, monotipia, errotatiba, etab. Ottmar Mergenthaler alemaniarrak asmatu zuen, 1880an, Estatu Batuetan, linotipia (zeinuak banaka ezarri beharrean, lerro osoak ezartzen zituen tresna). Testuak osatzeko denbora ikaragarri laburtu zuen linotipiak, eta denbora luzean izan da inprimatzeko teknikarik erabiliena, XX. mende erdialdera arte. Tolbert Lanstonek monotipia asmatu zuen 1885ean, Estatu Batuetan. Teknika haren bidez, banaka konposatzen ziren tipoak. Lehenbiziko errotatiba 1855ean patentatu zen. Errotatibak lastertu egin zuen inprimatze prozesua, inprimagailura sartzen den papera, orriz orri igaroarazi beharrean, biribil batean bilduta baitago eta etengabean automatikoki sartzen da.

XIX. mendearen bukaerakoak dira, baita ere, fotograbatu eta offset teknikak, metalezko tipoak baztertu zituztenak. Sistema haietan oinarritutako zenbait teknikaren bidez, testuak paperean zuzenean osatzera iritsi zen, idazmakina bereziak erabiliz. Paperean osatutako testuak, fotografia sistemaren bidez tratatzen ziren, inprimatu nahi zen testuaren oinarria sortzeko. 1950etik aurrera hasi ziren agertzen testuak fotografia bidez eratzen dituzten tresnak, eta informatikarekin batera garatu dira, gaur egun ezagutzen diren teknologietaraino.

Inprimatzeko makina Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Edizioaren historia Euskal Herrian»

Arnoldo Guillermo Brocariok (frantziarra, alemaniarra edo espainiarra ote zen argi ez dagoen arren, badakigu Mainzen ikasi zuela inprimatzeko artea) jarri zuen, Iruñean, Euskal Herriko lehenbiziko inprimatzeko makina, eta 1489an eman zuen argitara lehen liburua: Manuale secundum consuetudinem ecclesiæ pampilonensis. Orobat Iruñean inprimatu zituen, besteak beste, Regulas liburua (1492koa, Esteban Masparrauthek idatzia. Ale bakar bat geratzen da, Savonako udal liburutegian dagoena, Italian) eta Epílogo en medicina y cirugía conveniente a la salud (1495ekoa). Iruñeko inprimategian hogeita bosten bat liburu argitara eman ondoren, Logroñora joan zen Brocario, agramontarren eta beaumontarren arteko gerra hasi zenean (1503), eta bertan jarraitu zuen inprimatze lanetan. Beste zenbait hiritan ere inprimatu zuen, 1523an hil zen arte: Alcala de Henaresen (han inprimatu zuen, Cisneros kardinalaren aginduz, Biblia poliglota complutensis liburua, 1514-1517an inprimatua eta 1522an argitaratua), Valladoliden eta Toledon.

Migel Egia (Brocarioren suhia) izan zen Euskal Herriko bigarren inprimatzeko makina jarri zuena, Lizarran, 1546an. Liburu gutxi inprimatu zituen Egiak Lizarran; lehenbizikoa Vocabularium ecclesiasticum (Rodrigo Fernándezek idatzia) izan zen. Egiaren inprimatzeko makinan, Adrian Anbereskoak jarraitu zuen inprimatze lanetan, 1567 arte. Hauek dira garai hartan Lizarran inprimatutako liburu nagusiak: Manual de confesores y penitentes (1556koa, Martin Azpilikuetak idatzia), Amadís de Gaularen zazpigarren liburua, Cuadernos de Cortes, Recopilaciones de Leyes y Ordenanzas eta Elio Antonio de Nebrijak prestatutako latin-gaztelania hiztegia (Lexicon eta Dictionarium izenez ezagutzen dena).

1568an Iruñera joan zen Adrian Anbereskoa, eta 1569an, Iruñean, Tomas Porralis Savoiakoak inprimatu zuen De Institutione Gramaticæ (Nebrijak idatzia), eta Porralisek berak liburu batzuk inprimatu zituen Tuteran 1572 eta 1573an, Juan Huarte San Juanen Examen de ingenios liburuaren bigarren argitalpena, besteak beste. Porralisek Iruñean jarraitu zuen, inprimatzaile bakarra zela, 1591 arte. Urte hartatik aurrera, haren seme Pedrok jarraitu zuen inprimatze lanetan, Iruñean bertan. Pedro Porralisen lehenbiziko lana izan zen Crónica del Sereníssimo Rey Don Pedro, hijo del Rey don Alonso de Castilla. Liburugile honen izena ikus daiteke Refranes y Sentencias (1596) testuko lehen lerroetan: Pedro Porralis de Amberes.

Matias Maresek jarri zuen, Bilbon, Bizkaiko lehen inprimatzeko makina, 1578an. Han jarraitu zuen Maresek inprimatze lanetan 1587 arte, eta 1592tik aurrera Iruñean eta Iratxen lan egin zuen. Pedro Cole Ibarrak jarraitu zuen, Bilbon, Maresen lana, eta hark inprimatua da, besteak beste, 1596an argitaratutako Joan Perez de Betolatzaren Doctrina Christiana en Romance y Bascuence.

Baionako lehen inprimatzeko makina 1642an jarri zen; Gipuzkoakoa 1668an, Donostian; eta, azkenik, Arabakoa 1722an, Gasteizen.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu