Tabako
Tabakoa tabako-landarearen hostoak lehortuz egiten den produktu bat da. Landarea Nicotiana generoaren parte da, Solanaceae familian. Egun, 70 espezie erabiltzen dira tabakoa egiteko, baina nagusia Nicotiana tabacum da. hala ere, herrialde askotan indar handiagoko Nicotiana rustica landarea ere erabiltzen da.

Tabakoak nikotina alkaloidea du —droga kitzikagarria da— eta tetrahidrodarmina[1]. Tabakoaren hosto lehorrak batez ere erabiltzen dira zigarro, puru, erretzeko pipan edo xixa zaporedun tabako eran. Tabako-hauts, mastekatzeko tabako edo snus moduan ere eskaintzen da.
Arrisku-faktorea da gaixotasun askotan, batez ere bihotzari, gibelari eta birikei eragiten dietenetan, eta minbiziaren sortzaile da. 2008an Munduko Osasun Erakundeak tabakoa izendatu zuen mundu osoan saihets daitezkeen heriotza-arrazoi nagusietako dat[2].
EtimologiaAldatu
Hitza gaztelania eta portugeseko tabacotik dator: haren jatorri zehatzaren inguruan eztabaida dago, baina uste da taino hizkuntza batetik datorrela, zehazki Karibeko arawaketik. Tainoz, Bartolomé de las Casasen arabera, tabago hitza tabako hostoen zilindro bat egitea zen. Oviedoren esanetan, hostoei cohiba izena ematen zitzaien eta Y forma zuen tabakoaren kea esnifatzeko tresna zen tabago hori[3][4].
Hala ere, eta agian kasualitatez, gaztelaniaz, portugesez eta italieraz oso antzeko ele bat erabili zen 1410etik aurrera, hainbat belar sendagarri izendatzeko, arabierazko ṭubbāq (طُبّاق) hitzetik eratorria: berba jadanik IX. mendean erabiltzen zen eta landare batzuen izen arrunta zen[5].
HistoriaAldatu
Europarrek Indietara iritsi zirenean, tabakoaren berri izan zuten. Ameriketan oso zabalduta zegoen landare horren erabilera eta hainbat modutara hartzen zuten bertakoek: hauts bihurtuta, hostoa ahoan ibilita edo erreta (zigarro moduan, pipan...). produktuak izen ugari zituen: aztekek pisietl deitzen zioten, maia zibilizazioan kutz eta Brasilen, petum. Hitza ez dator Karibeko Tobago irlatik, arabiar hitza baita, tubbaq terminoaren eratorria, arabiarrek medikuntzarako erabiltzen zituzten hainbat belarrentzako izenetik hartua[6].
Tabakoa mundu magiko eta terapeutikoarekin oso lotuta zegoen Ameriketan eta botika berezia balitz bezala pasatu zen Europako gizarte klase altuetara. Jean Nicot de Villemain Portugaleko enbaxadore frantsesak Frantziako gortera eraman zuen eta Katalina Medici erreginak gustura hartu zuen landarea. Bestaldetik, Ameriketatik etorritako esklabu beltzen eta marinelen artean ere oso azkar zabaldu zen, lan nekezaren ostean lasaitu egiten zuelako. XVII. mendearen bukaeran, Europa guztian erabiltzen zen. Aristokratek eta aberatsek tabako hautsa hartzen zuten sudurretik (frantsesez râpé deitzen zitzaion). Jende xehearen artean, ordea, ohikoagoa zen erretzea. Gero, tabakoa erretzeko ohitura hori klase sozial altuetara pasa zen[6].
Noski, tabakoaren kontsumoa geldiarazteko saiakera asko izan ziren. Izan ere, medikuntzarekin baino, aztikeriarekin lotu baitzuen batek baino gehiagok. Errusian esate baterako, tabakoa sudurretik hartzen zuenak sudurra mozteko arriskua zuen[6]; Urbano VIII.a aita santuak berriz, tabakoa hartzen zuten elizgizonak eskumikatzeko agindua eman zuen[7]. Baina herrialde gehienek kalterik ez, onurak ikusi zizkioten tabakoari, poltsikoak betetzeko aukera paregabea, adibidez.
Produkzioa eta merkataritza, euskaldunen itzalAldatu
1634an Espainiak tabakoa estankatu zuen. Estankoak esan nahi zuen estatuak monopolio guztia zuela tabakoa produzitu eta saltzeko. Gerora, izen hori bereganatu zuten tabakoa saltzen zuten saltokiek eta gaur egun horrela ezagutzen ditugu. Tabakoa estankatu aurretik, Sevillan munduko lehenengo tabako fabrika sortu zen. Bertatik pasa behar zen kolonietatik etorritako tabako guztia. Espainiar Inperioak produkzio eta merkatal sare handia osatu zuen tabakoaren inguruan eta laster produktu hau Koroaren diru sarrera nagusiena bilakatu zen[6].
Sare handi horretan euskaldunak ere izan ziren. Madril eta Sevillako euskal jatorriko familiek tabako erakundeetan zuzenean parte hartu zuten. Ameriketako kolonietan tabakoari esker aberastu zen euskaldunik ere badugu, batez ere Kuban. Juan Jose Justiz Etxabarria gipuzkoarra, Kubako kreole aberats batekin ezkondu zen eta horrekin batera bilakatu zen irla hartako lurjabe handienetakoa. XVIII. mendeko urte oparoetan, tabakoaren industrian etekin ugari izan zituen Justizeko markesak (jubilatzean eman zioten titulua), eta bere tabakoa espainiar gortera eramaten zuten zuzenean, kalitate handikoa zelako. Badugu beste adibide bat. Oraindik existitzen da Por Larrañaga zigarro marka. Ignacio Larrañagak asmatu zuen 1834an Kuban eta fabrika eraiki zuen. Zigarroak industrializatzen aitzindari izan zen Larrañaga. Mende horren amaieran hain zuzen, Heraclio Farias izeneko batek makina berezi bat patentatu zuen zigarroak egiteko, Farias puruak[6].
XVIII. mendean, tabakoa eta beste kolonialak (azukrea, kakaoa, kafea...) merkaturatzeko, hainbat ekimen martxan jarri ziren eta horien artean euskaldunek sorturiko bi merkatal konpainia daude: Habanako Errege Konpainia eta Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Habanako Konpainiaren bultzatzaile nagusi izan zen Martin Arostegi arantzarra. Arostegi, tabako produkzioarekin oso lotuta zegoen, Kuban zituen jabegoen bidez. Hain zuzen, konpainia honen lehentasuna zen Sevillako fabrikak tabakoz hornitzea. 1739an Espainiako erregearen baimena lortu zuten Kubako merkataritzaren monopolioa izateko eta hurrengo urteetan Kubako tabako produkzioa izugarri igo zen konpainia honi esker. Habanako Konpainia akzioen bidez sortu zen, eta akziodunen artean euskaldun ugari aurki daitezke, batez ere nafarrak eta gipuzkoarrak: Arostegi, Basabe, Goienetxe, Iturralde, Zuaznabar... Urte batzuen ostean Koroak tabakoaren asientoa kendu zion Habanako Konpainiari. Tabakorik gabe konpainiak nekez egin zuen aurrera, azukrearen negozioari nola hala helduta[6].
Caracasko Konpainia ezagunagoa da agian. Donostiako kontsulatuak eta merkatariek sortutako konpainia honek Venezuelako kakaoa zuen helburu, baina horrezaz gain tabakoa ere ekarri zuen Ameriketatik. Dena den, konpainiak aurkari gogorrak izan zituen, holandarrek aspaldi sortu baitzuten venezuelar tabakoarekin merkatal sare sendoa. Gipuzkoarrek, tabakoa Cadiz edo Donostiara eraman eta gero, Amsterdamera bidaltzen zuten, bertan manufakturatu zezaten. Jakina den bezala, merkatal pribilegioa galdu zuenean desagertu zen Caracasko Konpainia, 1778an[6].
Tabako kontrabandoa Euskal HerrianAldatu
Eta zer gertatzen zen Euskal Herrian tabakoarekin? Foruen bidez, Hego Euskal Herriko probintziek zerga sistema berezia zuten. Oinarrizko produktuentzako aduanak ez zeuden kostaldean, barrualdeko mugetan baizik. Oinarrizko produktu horien artean dago tabakoa. Bilbo edo Donostiara inolako trabarik gabe iristen ziren Ameriketako tabakoak eta horrek, hala beharrez, kontrabando emankorra sortu zuen[6].
Gipuzkoa eta Bizkaiko kostara Brasil tabakoz beteriko barku holandarrak eta ingelesak iristen ziren behin eta berriro. Caracas eta Habanako konpainiek ez zieten sekula itzalik egin. Horrezaz gain, Donostian, Baionatik ekarritako tabakoa sartzen zuten. XVII. mende amaieran, donostiarren merkatal jarduera okerrenean zegoenean, Baionakoek sartu zuten tabako gehiena Gipuzkoan, Donostiako portutik. Iparraldetik bestelako tabakorik ere sartzen zen muga pasata: bertako faktoria eta plantazioetatik ateratakoa. Nafarroari dagokionez, erreinuan estanko sistema berezia zegoen eta etekinak berarentzat izaten ziren[6].
Horiek horrela, agerian zegoen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, kontsumitzen zena baino askoz ere tabako gehiago sartzen zela eta sobera zegoen hori kontrabandora bideratzen zela, Gaztelara batez ere. Horrek, Espainiaren eta euskal probintzien arteko auzi eta liskar ugari ekarri zituen mendeetan zehar: lehenak kontrabandoa geldiarazteko neurriak hartu nahi zituen, bigarrenek berriz ez zuten konpetentzia kentzerik nahi. Soluzioa izan zen probintzien esku uztea lurralde hauentzako tabako estankoaren kudeaketa. Hala ere, kontrabandoa eragozteko zigorrak, indarra eta kontrola izan ziren ohikoena: Oiartzunen, bertako alkateak bizilagun bat salatu zuen mikeleteek bere lurretan tabako plantazio bat aurkitu zutelako; Hernanin, 1770ean aguazila auzitan sartu zuten tabako kontrabandoagatik atxiloturik zuen pertsona batek ihes egin ziolako; Bergaran, Tolosako bizilagun bat izan zen auzitan sartu zutena tabako kontrabandoagatik, «bi fardel tabako hostotan eta beste bat tabakoa hauts bihurtuta» zeramatzan. Euskal Herriko artxiboak tabako kontrabandoarekin zerikusia duten horrelako dokumentuz gainezka daude[6].
Tabakoaren laborantza eta idortzeaAldatu
Tokia | Herrialdea | Tonak[8] |
---|---|---|
1 | Txina | 3.005.928 |
2 | Brasil | 787.817 |
3 | India | 690.000 |
4 | AEB | 325.766 |
5 | Malawi | 172.922 |
6 | Argentina | 137.000 |
7 | Indonesia | 135.700 |
8 | Zimbabwe | 109.737 |
9 | Italia | 89.112 |
10 | Tanzania | 60.900 |
11 | Tailandia | 59.540 |
12 | Turkia | 55.000 |
Filipinak | 40.530 | |
Espainia | 33.410 | |
Japonia | 29.300 | |
Grezia | 22.000 |
Tabako landareak mintegietan jaio eta sei aste dituztenean sailetan birlandatzen dira[9]. Gehienezko luzerara (2 metro inguru) iritsi baino lehen, infloreszentziak mozten dira, hostoen kalitatea hobea izan dadin. Geroago, alboetako ernamuinak ere kendu behar izaten dira. Gaur egun, lan horiek egiteko makinak eta produktu kimikoak (hidrazida maleikoa, esate baterako) erabiltzen dira. Hostoak heltzen direnean, haien kolorea berdetik hori argira aldatzen da. Beheko hostoak goikoak baino lehenago heltzen dira, eta bilketa noiz egin erabakitzeko, konposizio kimikoa kontuan hartzen da. Eskuz edo makinaz bil daitezke[10][11].
Bildu ostean, hostoak ondu (idortu) egin behar dira. Idortzean ura galdu eta prozesu biokimikoek aurrera jarraitzen dute[10]. Lau modu nagusi daude[12]:
- Airearen bidez: hostoak ongi haizeztatutako lehortegietan zintzilikatzen dira. Prozesuak 4-8 aste irauten du. Era horretan ondutako tabako hostoak kolore marroia, oso azukre gutxi eta nikotina eduki handia izaten ditu.
- Beroaren bidez: hostoak esekirik dauden lehortegian bero artifiziala sartzen da. Hostoek kolore hori-laranja hartzen dute eta azukre eduki handia daukate. Virginiako tabakoa ontzen da modu horretan.
- Eguzkiaren bidez: hostoak armazoietan lotu eta eguzkitan jartzen dira. Idortzeko 12-30 egun behar dute. Hostoen kolorea horia edo laranja izaten da, eta azukre edukia handia.
- Suaren bidez: zintzilik dauden tabako hostoen azpian adar lehorrak erretzen dira. Era horretan, idortzeaz gain, ke usaina hartzen dute. Piparako tabako batzuk ontzen dira horrela.
ErreferentziakAldatu
- ↑ «Tobacco : the most dangerous drug in the world» www.biopsychiatry.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ «WHO | WHO report on the global tobacco epidemic 2008» WHO (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ «Christopher Columbus discovers Cuba 11.04.03» wais.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ (Ingelesez) Ernst, A.. (1889). «On the Etymology of the Word Tobacco.*» American Anthropologist A2 (2): 133–142. doi: . ISSN 1548-1433. (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ «Mawrid Reader» ejtaal.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ a b c d e f g h i j Urko APAOLAZA: Landare magiko eta terapeutiko hura Argia.eus. Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported[Betiko hautsitako esteka] lizentziarekin argitaratua
- ↑ Luis REYES: La primera ley antitabaco Tiempodehoy.com
- ↑ Tabako ekoizpena (2010) Faostat.fao.org
- ↑ El cultivo del tabaco (1ª parte) Infoagro.com
- ↑ a b Ana GALARRAGA (2005): Tabako-ekoizpenari kea dario[Betiko hautsitako esteka] Elhuyar aldizkaria. Zientzia.net
- ↑ El cultivo del tabaco (2ª parte) Infoagro.com
- ↑ Tabaco: Cosecha, curado y procesamiento Batcentralamerica.com