Miguel de Cervantes
Miguel de Cervantes Saavedra[1] (Alcalá de Henares, Espainia, 1547ko irailaren 29a - Madril, Espainia, 1616ko apirilaren 22a), izengoitiz Lepantoko besomotza,[1] gaztelaniazko eleberrigile, poeta eta antzerkigile bat izan zen, Espainiako Urrezko Mendeko idazlerik behinena. On Kixote Mantxakoa, haren lan nagusia, Europako lehen eleberri modernotzat hartzen da,[2] eta, adituen artean, inoiz idatzi den fikziozko lanik hoberenetako bat dela jotzen da.[3]
Miguel de Cervantes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Alcalá de Henares, 1547ko irailaren 29a |
Herrialdea | Gaztelako Koroa |
Talde etnikoa | espainiarra |
Lehen hizkuntza | Gaztelania ertaina |
Heriotza | Madril, 1616ko apirilaren 22a (68 urte) |
Hobiratze lekua | Hirutasundar Oinutsen komentua |
Heriotza modua | berezko heriotza: 2 motako diabetes mellitusa |
Familia | |
Aita | Rodrigo de Cervantes |
Ama | Leonor de Cortinas |
Ezkontidea(k) | Catalina de Salazar y Palacios (en) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Q5849846 Salamancako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | Gaztelania ertaina gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, antzerkigilea, poeta, kanta-idazlea, soldadua, idazlea, kontularia eta zerga-biltzailea |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Heliodorus of Emesa (en) , Lope de Vega, Amadis de Gaula, Garcilaso de la Vega eta Guzmán de Alfarache (en) |
Mugimendua | Espainiako Urrezko Mendea manierismoa Errenazimentuko literatura |
Genero artistikoa | olerkigintza tragedia komedia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
| |
Ez da haren bizitzari buruzko gauza askorik ezagutzen. Valladolid eta Madrilen egin zituen ikasketak. Acquaviva kardinalaren zerbitzari gisa, Erromara joan eta soldadu ibili zen. Lepantoko guduan parte hartu zuen (bertan beso bat erbaldu zitzaion) eta, turkoek atxilotu ondoren, bost urte eman zituen Aljerko presondegian. Espainiara itzulita, ezkondu eta funtzionario lanetan hasi zen, baina arazoak izan zituen justiziarekin.[4]
Lehen eleberria garai hartan boladan zegoen artzain eleberrien generokoa izan zen, La Galatea (1585). Askoz geroago idatzi zuen El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha (lehen zatia 1605ean argitaratu zen eta 1615ean bigarrena), mundu osoko literaturan guztiz ospetsu bihurtuko zen obra. Errealismo handiz deskribatzen du Cervantesek Espainia eta halaxe sentitu zuen Espainiak Don Quijote-n bere burua islatuta. Bertan Mantxako handiki bat, Alonso Quijano, erotu egiten da zalduntza liburuak irakurriz; bere burua ere zaldun egitea erabakitzen du, ezkutaria (Sancho Panza) eta zaldiarekin (Rocinante) behar duen edonori bere laguntza eta babesa emateko, eta bere egitandien gloria bere damari (Dulcinea del Toboso) eskaintzeko asmotan. Dena alderantziz aterako zaio, ordea; zentzua berreskuratu, eta zaldun liburuak madarikatuz hiltzen da.[4]
1613an Novelas Ejemplares izeneko kontakizunak plazaratu zituen Cervantesek. Bi mota bereiz daitezke horietan; egilearen amodiozko abenturak islatzen dituztenak: La española inglesa («Ingeles espainola»), El amante liberal («Maitale liberala») eta, errealismoz eta psikologia handiz, gizartearen hainbat alderdi ukitzen dituzten obrak: Rinconete y Cortadillo («Rinconete eta Cortadillo»), El coloquio de los perros («Zakurren berriketaldia»). 1614an, Viaje al Parnaso poema liburua («Parnasorako bidaia»), komediak (zortzi, Los Baños de Argel, etab.) eta entremes delakoak —ekitaldi bakarreko antzezlan umorezkoak— eta El retablo de las maravillas («Gauza zoragarrien erretaula») argitaratu zituen. Hamar urte lehenago bezala, Kixoteren bigarren zatiak arrakasta handia izan zuen (1615). Hil zenean (1616, Shakespeare hil zen urte bera), Los trabajos de Persiles y Segismunda eleberria utzi zuen.[4]
Bizitza
aldatuLehenengo urteak
aldatuEz da Cervantesen bizitzari buruzko gauza askorik ezagutzen. Alcalá de Henaresen jaio zela uste da, baina ez daukagu egun zehatzik. Ziurrenik irailaren 29an sortu izanen zela uste da, San Migel egunean alegia, garai hartan jaioteguneko santuaren izena jartzea ohitura baitzen. Alcalá de Henaresko Santa Maria la Mayor parrokian bataiatu zuten, 1547ko urriaren 9an,[5] eta honela dio une hartan jaso zen aktak:
« | Domingo, nueve días del mes de octubre, año del Señor de mill e quinientos e quarenta e siete años, fue baptizado Miguel, hijo de Rodrigo Cervantes e su mujer doña Leonor. Baptizóle el reverendo señor Bartolomé Serrano, cura de Nuestra Señora. Testigos, Baltasar Vázquez, Sacristán, e yo, que le bapticé e firme de mi nombre. Bachiller Serrano. | » |
Aita Rodrigo de Cervantes zen, Alcalá de Henaresen jaioa baino kordobar eta galiziar arbasoak zituena.[6] Lanbidez zirujau ibiltaria zen, gaur egungo praktikantearen antzeko. Ama, Leonor de Cortinas, Arganda del Reykoa zen. Haren Anai-arreba batzuk ere ezagutzen ditugu: Andrés (1543), Andrea (1544), Luisa (1546), karmeldar mojaetxe bateko priore izan zena; Rodrigo (1550), Miguelekin batera Aljerko presondegian egon zen soldadua; Magdalena (1554) eta Juan. Froga garbirik ez badago ere, Américo Castro, Daniel Eisenberg eta beste zenbait adituk bi adarretatik jatorri judu konbertsoa zuela diote.
1551 inguruan, Rodrigo de Cervantes Valladolidn kokatu zen, ama, arreba, emaztea eta lau umerekin (orduko Andrés hila zen). Zorrez lepo, eta eskatu zuen maileguari aurre egin ezinik, 1552an kartzelan sartu zuten eta ondare guztiak bahitu zizkioten. 1553an Kordobara, alegia gurasoen hirira, aldatu zen; ez dago argi, ordea, Miguel eta gainerako seme-alabak berarekin joan ote ziren. Juan de Cervantes, Rodrigoren aita eta Miguelen aitona, 1566an hil zen.[7] Urte hartan Miguel Madrilen kokaturik zegoen bere familiarekin; hantxe sortu izango zitzaion antzerkirako zaletasuna.
Miguelen ikasketak ere misterio hutsa dira, baina ziurrenik ez zen unibertsitatera joan izanen. Litekeena da Valladoliden, Kordoban edo Sevillan ikasi izana. Baliteke Jesusen Lagundian izatea, El coloquio de los perros eleberrian, bere ikasle bizitza aipatuko balu bezala, jesulagunen ikastetxe baten deskripzioa egiten baitu. Baina horren gaineko ziurtasunik ez dago.[5]
Italiarako bidaia eta Lepantoko gudua
aldatu1569ko abenduan Cervantes Erromara iritsi zen. Simancasko artxiboan, urte horretan Filipe II.ak emandako erabaki bat dago, Miguel de Cervantes atxilotzeko agintzen duena, duelu batean Antonio Sigura delako bat zauritu zuelako. Ez dakigu gure idazlea den Miguel hori baina, hala balitz, Italiara alde egiteko arrazoi sinesgarria izango litzateke.[5] Ziur asko han irakurri izanen zituen Petrarca, Ludovico Ariosto, Jacopo Sannazaro eta Torquato Tassoren lanak, eta baita Judah Leon Abravanel judu sefardiaren Amodiozko Elkarrizketak ere; Abravanelen platonismoak eragin handia izan zuen La Galatea artzain eleberrian.[8] Cervantesek Italiako estiloa eta artea barneratu zituen eta betirako gorde zuen oroimen xamurra.
1570ean kardinal egin zuten Giulio Acqurivaren zerbitzura hasi zen lanean (ziurrenik Madrilen ezagutuko zuten elkar). Palermo, Milan, Florentzia, Venezia, Parma eta Ferraran izan zen berarekin, eta 1571ean Diego de Urbina kapitainaren konpainiako soldadu egin zen, Miguel de Montcadaren tertzioan.
Marquesa galeran ontziratu zen eta, 1571ko urriaren 7an, Lepantoko guduan, «la más alta ocasión que vieron los siglos pasados, los presentes, ni esperan ver los venideros», hartu zuen parte, Joan Austriakoak gidatutako kristau armadan; Joan Austriakoa, «hijo del rayo de la guerra Carlos V, de felice memoria», Filipe II.a Espainiakoaren anaiordea zen, eta haiekin zihoan garai hartako marinel ospetsuenetako bat: Viso del Marquésen (Mantxa) bizi zen Álvaro de Bazán. Zortzi urte geroago jasotako legezko dokumentu batek horrela dio:
« | Cuando se reconosció el armada del Turco, en la dicha batalla naval, el dicho Miguel de Cervantes estaba malo y con calentura, y el dicho capitán... y otros muchos amigos suyos le dijeron que, pues estaba enfermo y con calentura, que estuviese quedo abajo en la cámara de la galera; y el dicho Miguel de Cervantes respondió que qué dirían de él, y que no hacía lo que debía, y que más quería morir peleando por Dios y por su rey, que no meterse so cubierta, y que con su salud... Y peleó como valente soldado con los dichos turcos en la dicha batalla en el lugar del esquife, como su capitán lo mandó y le dio orden, con otros soldados. Y acabada la batalla, como el señor don Juan supo y entendió cuán bien lo había hecho y peleado el dicho Miguel de Cervantes, le acrescentó y le dio cuatro ducados más de su paga... De la dicha batalla naval salió herido de dos arcabuzazos en el pecho y en una mano, de que quedó estropeado de la dicha mano. | » |
Hortik datorkio Lepantoko besomotza ezizena. Ez zen benetan besomotza, baina ezkerreko eskua elbarri geratu zitzaion berun puska batek nerbioa ebaki zionean. Zauriak ez ziren larriegiak izango, Messinako ospitalean sei hilabete eman ondoren, 1572an berriro ari baitzen militar bizitzan. Hainbat itsas espediziotan hartu zuen parte Joan Austriakoarekin: Navarino (1572), Korfu, Bizerta eta Tunisia (1573); gero, Sizilia, Sardinia, Genova eta Lonbardiako hiri nagusiak ezagutu zituen eta urte pare bat eman zituen Napolin, 1575era arte.
Cervantes Lepantoko guduan borrokatu izanaz harro agertu zen beti. Kixotearen bigarren atalaren hitzaurrean horrelaxe dio, mende guztietako aukera aparta izan zela, aurrekoak eta ondorengoen artean seinalatua.
Aljerko gatibualdia
aldatu1575eko irailean Sol galeran ontziratu zen Napolitik Espainiara itzultzeko; baina hilaren 26an, Arnaut Mamíren esanera zeuden otomandar piratek, bai Miguel eta baita haren anaia Rodrigo ere, preso hartu zituzten. Costa Brava inguruan harrapatu eta Aljerera eraman zituzten; Miguel Dali Mamíren eskuetan gelditu zen eta, aldean Joan Austriakoaren eta Sessako dukearen gomendiozko gutunak zeramatzanez gero, itzal handiko gizona izango zela pentsatu eta berreskuratze sari handia jasotzeko aukera ikusi zuten. Beraz, 500 urrezko ezkutu eskatu zuten aske uztearen truke.[9]
Garai hartan Aljer itsaslapurretaz bizi zen, eta 20.000-25.000 gatibu kristau zeuden bertako bainuetan («gatibutegietan»). Preso egon zen bost urteetan, Miguel lau aldiz, behintzat, saiatu zen alde egiten.[9] Ez zuen bere lagunei zigorrik jartzerik nahi izan, eta beti jaso zuen berak erantzukizun osoa. Torturatua ere izan zen. Diego de Haedoren Aljerko topografia eta historia orokorra lanak (1612) gatibualdi haren berri preziatuak ematen dizkigu. Beste jakingarri batzuk Cervantesen beraren lanetan -Aljerko tratuak, Aljerko bainuak eta Kixotearen lehenengo ataleko 39 eta 41. kapitulu artean txertatzen duen gatibuaren istorioan- irakur ditzakegu. Hala ere, Haedok berak aitortu zuen argitaratutako lan hura ez zuela berak idatzi. Emilio Solaren ustez, egilea Antonio de Sosa izan zen, Miguelekin batera preso egon zen beneditarra. Baina Daniel Eisenberg ez dago ados, Sosa ez baitzen idazlea, eta haren ustez egilea ezin zen Cervantes bera ez zen beste inor izan. Hau egia balitz, Haedoren lana ez litzateke kanpoko testigantza izango, Cervantesek berak egindako beste idazlan bat baizik.[10]
Ihes egiteko lehen saiakera porrotean geratu zen, Miguel eta bere kideak Oraneraino garraiatu behar zituen musulmanak lehenengo egunean abandonatu zituenean. Iheslariek Aljerera itzuli behar izan zuten, eta han kateatu eta lehen baino gertuagotik zaindu zituzten.[9] Bitartean, ama Leonorrek bere bi semeak askatu nahian, zenbait dukat biltzeko ahalegina egin zuen. 1577an, tratuak gauzatu ziren azkenean, ez nahi orduko, baina dirua ez zen biak askatzeko adina iristen. Miguelek nahiago izan zuen bere anaia libratzea eta horrelaxe iritsi zen Rodrigo Espainiara.[11]
Askatu zutenean, Rodrigok anaia eta beste hamalau-hamabost lagunak askatzeko plana zeraman berarekin. Miguel kobazulo ezkutu batean gorde zen bere kideekin batera, bila etorriko zitzaien espainiar galera baten zain. Ontzia gerturatu zen pare bat aldiz hondartzara, baina ezin izan zuen lurra jo. Azkenean, ezkutuan zeudenak otomandarren esku erori ziren, traidore bat baitzuten tartean. Miguelek bere buruari bota zion errua;[9] Azán Bajá beyk, turkiar gobernariak, presondegian sarrarazi zuen, katez inguratua; bertan bost hilabetez egon behar izan zuen.
Hirugarren saiakeran, Oranera lurrez iristeko ahaleginak egin zituen. Martin Kordobakoa zen plaza hartako jenerala eta hari bidali zion konfiantzazko musulman bat, plana azaldu eta gidariak eskatzeko. Baina mezularia preso hartu zuten eta gutunak aurkitu zizkioten. Haietan garbi ageri zen Miguel de Cervantesek zuela erantzukizun osoa, eta bi mila makilkada jasotzera kondenatu zuten. Azkenean, ez zen epaia bete, askok bere alde egin zutelako.
Ihes egiteko azken saiakera Aljeren zegoen merkatari batek eman zion diruarekin egin zuen. Miguelek 60 bat kristau garraiatu ahal izango zituen fragata bat erosi zuen. Dena prest zegoenean, libratzeko zain zegoen batek, Juan Blanco de Paz domingotar ohiak, plana salatu zion Azán Bajári. Ordainetan, traidoreak ezkutu bat eta txarro bat gantz jaso zituen. Orduan ere, Cervantesek bere gain hartu zuen erantzukizun guztia. Horren ostean, Azán Baják horrenbeste burukomin ematen zion esklaboa erosi zion Dali Mamíri, 500 urrezko ezkutu ordainduta.[9] Gero, Konstantinoplara eramateko asmoa zuen; han ia ezinezkoa izango zen ihesaldia.
1580ko maiatzean, Antonio de la Bella eta Juan Gil trinitarioak iritsi ziren Aljerera; erlijiozko ordena hori gatibuak askatzeko ahaleginetan ibili ohi zen eta, zenbaitetan, beraiengatik trukatu ere egiten ziren. Frai Antonio berrerositako gatibu batzuekin joan zen bitartean, Frai Juan Gil Cervantes askatzeko ahaleginetan zebilen, baina 300 ezkutu besterik ez zeuzkan eta 500 eskatzen zituzten. Fraideak kristau saltzaileengandik lortu zuen falta zitzaion dirua. Orduko, Cervantes, erabat kateaturik, Azán Baják Konstantinoplara eramango zuen galeran zegoen. Azkenean, 1580ko irailaren 19an, Cervantes askatu ahal izan zuten 500 ezkutu haien truke.[9] Urriaren 24an, itzuli zen Espainiara beste gatibu ohi batzuekin. Déniara iritsi eta gero Valentziara joan zen. Azaro edo abendu aldera, Madrilera itzuli zen.
Espainiara itzultzea
aldatu1581eko maiatzean, Cervantes Portugalera joan zen, Filipe II.aren gortera; haren asmoa bere bizitza berregiteko, eta Aljerretik atera ahal izateko familiak egindako zorrak ordaindu ahal izateko, irabazbide bat lortzea zen. Iparraldeko Afrika ongi ezagutzen zuenez gero, Oranera bidali zuten isilpeko misio bat egitera, eta 50 ezkutu ordaindu zizkioten. Ondoren, Lisboara itzuli zen eta, urte amaieran, Madrilera. 1582ko otsailean, Indietan hutsik zegoen lanpostu bat eskatu zuen, baina ez zioten eman.
Madrilen amodio harremanak izan zituen Ana Villafranca (edo Franca) de Rojasekin, Alonso Rodríguez tabernariaren emaztearekin, alegia. Harreman hartatik, 1584an Isabel de Saavedra sortu zen, Miguelek alabatzat ezagutu zuena. Urte bereko abenduaren 12an, 20 urtera iristen ez zen Catalina de Salazar y Palaciosekin ezkondu zen Esquiviasen. Catalinak ezkonsari txiki bat ekarri zuen. Bikoteak ez zuela funtzionatu uste da. Ez zuten seme-alabarik izan eta Catalina ez zen sekula idazlearen testu autobiografikoetan agertu.
Urte haietan, ongintza elkarteei esker, Espainiako antzerkiak susperraldi bat izan zuen. Elkarte horiek antzerki emankizunak antolatzen zituzten, eta irabazkinekin umezurztegi eta eritegien mantentze kostuak ordaintzen zituzten. Aktore-talde ibiltariak sortu ziren, eta hiri garrantzitsuenetan etxarteko antzokiak (gaztelaniaz «corrales de comedias» deituak) eraiki ziren. Cervantesek zenbait antzerki lan idatzi zituen (20 edo 30 haren hitzetan), baina denak galduak dira, El trato de Argel eta Numancia izan ezik. Ezin da jakin obra horiek nolako harrera izan zuten; beti ere, Ocho comedias y ocho entremeses (1615) liburuaren hitzaurrean etsipena agertu zuen garai hura gogora ekartzean.[5]
Horrezaz gain, urte haietan La Galatea artzain eleberria ere idatzi zuen. Liburua 1585ean kaleratu zen, Alcalá de Henaresen, Primera parte de La Galatea, dividida en seis libros izenburuarekin.[5]
Andaluziako egonaldia
aldatu1580ko hamarkadan Espainiako gorteak Ingalaterraren aurkako itsas erasoaldi handi bat jotzea erabaki zuen, Elisabet I.a erregina tronutik kendu eta erresuma inbaditzeko helburuarekin. Horretarako, itsas-gudaroste ikaragarri bat, Itsas Armada Garaiezina deitutakoa, prestatzen hasi ziren.
1587an, Cervantesek Itsas Armada Garaiezinaren hornikuntza-komisario lanpostua lortu zuen, Andaluziako komisario nagusi Antonio de Guevararen esanera. Beraz, 1587-1594 bitartean, Sevillan kokaturik, Andaluziako herriak korritu zituen, garia, garagarra eta olibak konfiskatzeko. Urte haietan, maiz egin behar izan zuen Madril eta Andaluzia arteko bidea, Toledo eta Mantxan zehar pasatuz. Lanbideak arazo eta haserre ugari ekarri zizkion: zenbait herritan, Écija eta Teban esate baterako, luzamendu handitan ibili ziren hornigaiak ematea saihesteko, Sevillako Bikario Nagusiak eskumikatu zuen, 1592an Castro del Ríoko korrejidoreak espetxeratu zuen, garia legez kanpo saltzeaz akusaturik, eta askotan laguntzaileen geihegikeriak jasan behar izan zituen.[5]
1594tik aurrera, atzeratutako zergak biltzen jardun zuen. Guadix, Baza, Motril, Ronda eta Vélez-Málagan ibili zen egiteko horretan, arazo nekagarriekin beti ere, eta Sevillara itzuli zen. Baina, 1597an preso hartu zuten, jasotako dirua gordetzen zueneko bankuak kiebra egin zuelako. Zenbait hilabete igaro zituen Sevillako kartzelan eta, hitzaurrean dioenez, bertan hasi zen On Kixote Mantxakoa idazten edo, behintzat, han bururatu zitzaion ideia. Ez dakigu, zehazki, espetxetik noiz atera zen, baina 1600eko udan Sevillatik behin betiko alde egin zuen.[5]
Azken urteak
aldatuAndaluziatik Gaztelara itzuli zenetik aurrera, Cervantesen ibilerei buruzko berri gutxi dago: 1600eko abuztuan Toledon zegoela, 1602ko urtarrilean Esquiviasen egindako bataio batera joan zela, eta gutxi gehiago. 1604ko udan Valladolidera, alegia Filipe III.aren gorte-hirira, aldatu zen, emaztearekin batera. Azkenik, errege-pribilegioa lortu ostean, 1605 hasieran On Kixote Mantxakoa-ren lehen zatia kaleratu zen Madrilen. Liburuak arrakasta handia izan zuen berehala.[5]
1605eko ekainean gertaera ilun batean nahasi zuten: haren etxe ondoan Gaspar Ezpeleta zaldun nafarra ezpataz zauritu zuten. Oihuka hasi zelarik, zaurituarengana iristen lehenak Esteban de Garibay apaiza eta Miguel de Cervantes izan ziren, eta azken horren etxera eraman zuten. Handik ordu batzuetara hil zen, hiltzailearen izenik esan gabe. Bizilagun batek deklaratutakoaren arabera, Cervantesen etxeko emakumeek «zaldunen bisitak izan ohi dituzte, egunez zein gauez», eta horixe erabili zuen Cristobal de Villarroel alkateak mendekatzailea Cervantes bera izan zitekeela argudiatzeko. Ekainaren 30ean, idazlea, Andrea arreba, Constanza iloba eta Isabel alaba Valladolideko kartzelan sartu zituzten. Handik zortzi egunera askatu zituzten, haien aurkako inolako frogarik gabe.[12]
Gortea Madrilera itzultzearekin batera, Miguel eta bere familia hiri horretako Atocha auzoan kokatu ziren (1608ko otsailerako bertan zeuden). Ondoko urteetan maiz aldatu zen bizitokiz, baina Madrildik irten gabe. Urte haietan, familiako nahigabe batzuek markatu zuten haren bizitza: Isabel alabarekin izan zituen ezadostasunek, batetik, eta heriotz zenbaitek, bestetik. Izan ere, arreba Andrea 1609an hil zen eta iloba Isabel Sanz nahiz arreba Magdalena 1610ean. Bestalde, 1609an Congregación de los Esclavos del Santísimo Sacramento izenekoan sartu zen.[5]
Madrilen kokatu zenetik, idazteari ekin zion buru-belarri: 1613an, Novelas ejemplares, 12 istorio laburren bilduma, kaleratu zuen, 1614an Viaje del Parnaso poema luzea, eta 1615ean, Ocho comedias y ocho entremeses nuevos, nunca representados antzerki-lan bilduma (La Numancia XVIII. mendera arte ez zen argitaratu) eta Segunda Parte del Ingenioso Caballero Don Quixote de la Mancha. Bere bizitzako azken hilabeteak Los trabajos de Persiles y Sigismunda eleberria amaitzen eman zituen. Hil baino bi egun lehenago, Pedro Fernández de Castro y Andrade, Lemoseko VII. kondeari lan horren eskaintza egin zion:
« |
Señor; aquellas coplas antiguas que fueron en su tiempo celebradas, que comienzan: «Puesto ya el pie en el estribo», quisiera yo no vinieran tan a pelo en esta mi epístola, porque casi con las mismas palabras las puedo comenzar diciendo:
Ayer me dieron la extremaunción, y hoy escribo ésta. El tiempo es breve, las ansias crecen, las esperanzas menguan, y, con todo esto, llevo la vida sobre el deseo que tengo de vivir y quisiera yo ponerle coto hasta besar los pies de V. E., que podría ser fuese tanto el contento de ver a V. E. bueno en España, que me volviese a dar la vida. Pero, si está decretado que la haya de perder, cúmplase la voluntad de los cielos y, por lo menos, sepa V. E. este mi deseo y sepa que tuvo en mí un tan aficionado criado de servirle, que quiso pasar aún más allá de la muerte mostrando su intención. Con todo esto, como en profecía, me alegro de la llegada de V. E.; regocíjome de verle señalar con el dedo y realégrome de que salieron verdaderas mis esperanzas dilatadas en la fama de las bondades de V. E. Todavía me quedan en el alma ciertas reliquias y asomos de las Semanas del Jardín y del famoso Bernardo. Si a dicha, por buena ventura mía (que ya no sería sino milagro), me diere el cielo vida, las verá, y, con ellas, el fin de la Galatea, de quien sé está aficionado V. E., y con estas obras continuado mi deseo; guarde Dios a V. E. como puede, Miguel de Cervantes. |
» |
Miguel de Cervantes 1616ko apirilaren 22an hil zen, Madrilen, diabetesak jota.[13] 68 urte zituen. Biharamunean ehortzi zuten, Hirutasundar Oinutsen komentuan. Azken data hau da popularizatu dena.
Obra
aldatuEleberriak
aldatuMiguel de Cervantesek XVI. mendeko bigarren erdiko ohiko genero narratiboak landu zituen: eleberri bizantinoa, artzain eleberria, eleberri pikareskoa, moriskoa, satira... Novella italiarra berritu zuen, ordura arte kontadizo laburra zena, erretorikarik edo garrantzi handirik gabea. Lan hauek argitaratu zituen:
- Galatea (La Galatea, 1585)
- On Kixote Mantxakoa (1605)
- Novelas ejemplares (1613)
- On Kixote Mantxakoaren bigarren atala (1615)
- Persiles eta Sigismundaren lanak (Los trabajos de Persiles y Sigismunda, 1617)
Galatea
aldatuLa Galatea eleberria sei liburutan banatu zuen eta istorio nagusi bat eta bigarren mailako beste lau daude. Egunsentian hasten dira eta iluntzean amaitu, ohiko eglogatan gertatu ohi den lez, baina Virgilioren poema bukolikoetan bezala, artzain bakoitza egiazko pertsonaia ordezkatzen duen maskara bat da.
On Kixote Mantxakoa
aldatuEl ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha gaztelerazko literaturaren gailurtzat hartzen da. 1605ean agertu zen lehen atala eta oso harrera ona egin zion jendeak. Bigarren zatia 1615ean argitaratu zen. Europako hizkuntza ezberdinetara itzultzen joan ziren eta gaur egun munduan itzulpen gehien dituen lanetariko bat da.
Hasiera batean, Cervantesek zalduntza liburuen aurkako lana egin nahi izan zuen, horrelako liburuak irakurtzearen ondorioz erotu zen Mantxako hidalgoaren satiraren bidez. Izan ere, idazlearen aburuz zalduntza eleberriak oso txarrak ziren eta istorioek ez zuten ez hanka eta ez bururik. Baina, hasierako asmo hura gainditu eta liburua garaiko gizartearen ispilu izatea lortu zuen.
Novelas ejemplares
aldatu1590 eta 1612 artean idatzi zituen liburu honetako eleberri laburrak, eta 1612an argitaratu zuen bilduma. Hamabi idazlan dira:
- La gitanilla («Ijito neska»), Lukas Dorronsorok euskaratua.
- El amante liberal («Maitale liberala»)
- Rinconete y Cortadillo («Rinkonete eta Kortadillo»), Lukas Dorronsorok euskaratua.
- La española inglesa («Ingeles espainola»)
- El licenciado Vidriera («Kristal lizentziatua»), Lukas Dorronsorok euskaratua.
- La fuerza de la sangre («Odolaren indarra»)
- El celoso extremeño («Extremadurar jeloskorra»)
- La ilustre fregona («Txukundari argia»), Lukas Dorronsorok euskaratua.
- Las dos doncellas («Bi dontzeilak»)
- La señora Cornelia («Cornelia anderea»)
- El casamiento engañoso («Gezurrezko ezkontza»), Lukas Dorronsorok euskaratua.
- El coloquio de los perros («Zakurren berriketaldia»)
Persiles eta Sigismundaren lanak
aldatuEleberri bizantinoa da eta, autorearen ustez, Heliodoro Emesakoaren eredu klasikoan koka zitekeen. 1616ko apirilaren 19an, hil baino bi egun lehenago, Pedro Fernández de Castro y Andrade, Lemoseko VII. kondeari eskaini zion; eskaintzak honela dio:
« |
|
» |
Autoreak garbi ikusten du bere bizitzaren amaiera eta lagunak agurtzen ditu. Ez du desagertu nahi eta bere bukatu gabeko lanak amaitu nahiko lituzke. Titulua jarrita utzi zituen: Bernardo Ospetsua, Galatea-ren bigarren atala...
Olerkia
aldatuBere gaitasuna zalantzan jarri bazuen ere, Cervantes poeta izaten saiatu zen. Horrela idatzi zuen hil baino lehentxeagoko Parnasorako bidaia-n:
« |
|
» |
Eleberri edo antzezlanetan ez dauden bertso gehienak galduta daude, baina erromantze ugari idatzi zuela esan zuen. Isabel Valoiskoaren hiletei eskaini zizkien lehen lau konposizioak eta ondoren beste batzuk etorri ziren: A Pedro Padilla, A la muerte de Fernando de Herrera, A la Austriada de Juan Rufo...
Hala ere, arlo komiko eta satirikoa nabarmentzen da bere poesian. Bere maisulanak Un valentón de espátula y greguesco eta Al túmulo del rey Felipe II sonetoak dira; horrelaxe dio azken honetan:
« |
|
» |
Viaje del Parnaso
aldatuHaren poema narratibo luze bakarra dugu. Bertan, autoreak beste espainiar poeta batzuen kritika egiten du, batzuen alde eta beste batzuen kontra. Miguelek berak argitu zuen bezala, Cesare Caporali di Perugiaren Viaggio di Parnaso lanaren (1578) antzera egin zuen. Zortzi kapituluetan zehar, Parnaso mendirako bidaia kontatzen digu era autobiografikoan.
Antzezlanak
aldatuCervantesen bokazio handia izan zen antzerkia. Gaztetatik gustatu zitzaizkion komedianteak eta Lope de Ruedaren emanaldietan egon zen. Arrakasta lortu bazuen ere, ez zen Lope de Vegaren mailara iritsi. Cervantesek helburu morala zuen eta pertsonaia alegorikoak zituen, beti hiru batasun klasikoak (denbora-batasuna, leku-batasuna eta ekintza-batasuna) errespetatuz. Loperen antzezlanek, ordea, batasun horiek hausten zituzten, eta moralaren aldetik lotsagabeagoak ziren, bertso ederra eskainiz gainera. Loperen antzerkiak sortzen zion ezin eramana Kixotea-ren lehen atalean agertu zuen
Inoiz antzeztu gabeko obrak Ocho comedias y ocho entremeses nuevos, nunca representados liburuan (1615) argitaratu zituen. Komediak El gallardo español, La casa de los celos, Los baños de Argel, El rufián dichoso, La gran sultana, El laberinto de amor, La entretenida eta Pedro de Urdemalas dira, eta entremeseak El juez de los divorcios, El rufián viudo, La elección de los alcaldes de Daganzo, La guarda cuidadosa, El vizcaíno fingido, El retablo de las maravillas, La cueva de Salamanca eta El viejo celoso.[14] Beste zenbait antzezlan, hala nola El cerco de Numancia, Los baños de Argel eta La conquista de Jerusalén, kontserbatu badira ere, beste batzuk galdu dira.
Eragina
aldatuCervantesen sorkuntzarik handiena, Kixotea, gizaldi batez baino gehiagoz Espainiako fikziozko idazleek egindako berrikuntza eta lorpenen buruan dago. Berehala jarraitu zitzaion lan mordo bat, pikareska generokoa. Kixoteren eragina, ordea, eleberrigintza modernoan dago, batez ere. Izan ere, lan askoren iturburu izan da.
Honen adierazpide dira egile asko eta askoren lanak: Daniel Defoe, Henry Fielding, Tobias Smollett, Laurence Sterne. XIX. mendeko eleberrigile handien lanetan ere nabarmena da Kixote-ren garrantzia; horien artean daude Walter Scott, Charles Dickens, Gustave Flaubert, Benito Pérez Galdós, Herman Melville eta Fiodor Dostoievski. Eta gauza bera gertatzen da, beste modu batean, XX. mendeko idazle askorengan, James Joycerengandik Jorge Luis Borgeseraino. Honen azalpena, eragin zuzenean baino, Cervantesen lorpen batean dago kritikarien ustez; alegia, eleberriaren gaitasunak erabiltzen asmatu zuen Cevantesek.
Horrez gainera, Kixotea beste generoetako eta adierazpideetako egileentzat ere inspirazio iturria izan da. XVII. mendetik aurrera, Kixotea gaitzat duten antzerkirako egokitzapenak, operak, balletak eta musika lanak, eta telebista eta zinemarako egokitzapenak XX. mendean, ugariak izan dira. Kixotea halaber pintoreen eragile izan da: William Hogarth, Goya, Honoré Daumier, Picasso eta Gustave Doré.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ (Ingelesez) «Harold Bloom on Don Quixote, the first modern novel» The Guardian (theguardian.com) 2003-12-13 (Noiz kontsultatua: 2015-07-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La mejor novela de la historia» El País (elpais.com) 2002-05-08 (Noiz kontsultatua: 2015-07-09).
- ↑ a b c «Cervantes Saavedra, Miguel de» Lur Hiztegi Entziklopedikoa. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) López Pombo, Luis. «El origen lucense de Miguel de Cervantes Saavedra» Concellocervantes.es (Noiz kontsultatua: 2015-07-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández de Cano, J.R.. «Cervantes, Rodrigo de (padre)» Mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2015-07-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Stoopen, María. Los autores, el texto, los lectores en el Quijote. Universidad Nacional Autónoma de México, 60 or. (Noiz kontsultatua: 2015-07-12).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Garces, Maria Antonia. (1998-07-06/11). «"Yo he estado en Argel cinco años esclavo". Cautiverio y creación en Cervantes» Actas del XIII Congreso de la Asociación Internacional de Hispanistas (cvc.cervantes.es) (Noiz kontsultatua: 2015-07-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Eisenberg, Daniel. (1996). «Cervantes, autor de la "Topografía e historia general de Argel" publicada por Diego de Haedo» Cervantes: Bulletin of the Cervantes Society of America (The Cervantes Society of America) 16.1: 32-53. (Noiz kontsultatua: 2015-07-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández de Cano, J. R.. «Cervantes, Rodrigo de (hijo)» Mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2015-07-14).
- ↑ Irazustabarrena, Nagore. (2012-06-17). «Cervantes susmagarri» Argia (Noiz kontsultatua: 2015-07-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cervantes fue tartamudo y murió de cirrosis» ABC 2005-11-10 (Noiz kontsultatua: 2015-08-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cervantes Saavedra, Miguel de. Ocho comedias y ocho entremeses nuevos, nunca representados. in: Florencio Sevilla Arroyoren edizioa. Cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-05).
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Miguel de Cervantes |
- Euskarari ekarriak: Miguel de Cervantes Ekarriak.armiarma.eus
- (Gaztelaniaz) Miguel de Cervantesen ataria Cervantesvirtual.com
- (Gaztelaniaz) Autoreari buruzko webgune zabala Miguelde.cervantes.com
- (Ingelesez) Cervantes Society of America H-net.org