Mogol Inperioa (turkieraz: Babür İmparatorluğu; persieraz: شاهان مغول‎Shāhān-e Moġul; urduz: مغلیہ سلطنت‎) edo Mughal Inperioa Indiako azpikontinentea gobernatu zuen Turkiar inperioa izan zen. 1526an sortua, XVII. eta XVIII. mendeen zehar hegoaldeko Asiako gehiena inbaditu eta gobernatu zuen XIX. mendearen erdian amaitu arte[1]

Mogol Inperioa
شاهان مغول
Shāhān-e Moġul
1526 – 1858
Monarkia absolutua
Mogol Inperioko bandera

Mogol Inperioko armarria

Inperioa 1700. urte inguru
Geografia
HiriburuakAgra; Fatehpur Sikri; Delhi
Kultura
Hizkuntza(k)turkiera
ErlijioaHinduismoa, sunismoa eta sinkretismoa
Historia
Eratua1526
Independentzia1858
Aurrekoak
Timuridoen dinastia
Delhiko sultanerria
Suri leinua
Adil Shahi leinua
Deccango sultanerriak
Ondorengoak
Maratha Inperioa
Durrani Inperioa
Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainia
Britainiar Raj
Hyderabad

Mogol enperadoreek, timuridoen leinukoak zirenak, bere une gorenean ekialdean Bengalatik mendebaldean Balutxistanera eta iparraldean Kaxmirretik hegoaldean Kaveriko arrora zabaltzen zen eskualdea gobernatu zuten, 110 eta 150 milioi biztanle eta 3,2 milioi kilometro koadro zituena.

Inperioaren aro klasikoa 1556an Jalaluddin Mohammad Akbarren erreinaldian hasi eta 1707an Aurangzeb enperadorean heriotzan (Maratha Inperioak menderatua) amaitu zen[2] nahiz eta leinuak beste 150 urte iraun. Azken enperadorea Bahadur Shah II.a, Delhin baino ez gobernatu zuena, Britainiar Rajak atxilotua eta erbesteratua izan zen zipaioen matxinadaren ondorioz.

Historia aldatu

Mogol Handia esapidea (o grao Mogor), portugaldarrek erabili zuten lehen aldiz dinastia honen jatorri mogola izendatzeko; baina Baburrek, dinastiaren sortzaileak, persiarren eragin handia zuen, bere memoriak turkiar hizkuntzaz idatzi bazituen ere; haren ondorengoek persieraz idatzi zuten. Enperadoreak berak sah edo padsah izendatzen zuen bere burua, eta ez mogol handia, titulu hori sartaldekoek bakarrik erabiltzen baitzuten.

1526an Babur Afganistango erreinutik abiatu zen, eta berehala menderatu zituen Delhi eta Agra. Gero rajput leinuen elkarte bati aurre egin zien, bai eta garaitu ere, artilleriari esker. 1530ean hil zen Babur; haren seme Humayaun izan zen Baburren ondorengoa. Biharko enperadoreak Indiako iparraldetik egotzi bazuen ere, persiarren laguntzari esker eskuratu ahal izan zituen berriro galdutako lurrak.

Akbarren erreinaldian (1556-1605), iritsi zuen gailurra mogolen inperioak: Akbarrek Indiako iparralde osoa azpiratu zuen, Gujaratetik Bengalaraino, erlijio tolerantzia ezarri zuen bere mendeko guztiak batzearren, eta administrazioa eraberritu zuen. Inperioa aginpide zentralaren mendeko probintzia, barruti eta azpi-barrutietan banatua geratu zen. Akbarrek Fatehpur Sikri hiria izendatu zuen inperioko hiriburu, baina utzi egin zuen ur hornidura arazoak zirela eta.

Akbarren hurrenak, Jahangirrek (1605-1627), jesuitak onartu zituen misio lanetan, eta egoitza bereziak eman zizkion Sortaldeko Indietako Konpainia Ingelesari; oso gogorra izan zen ordea sikhen sekta berriarekin. Sah Jahan (1628-1658), Jahangirren semea eta laugarren mogol handia, Indiako eraikitzaile handiena izan zen. Haren erreinaldian eraiki ziren Gotorleku Gorria, Meskita Handia eta Taj Mahal.

Aurangzeben (1628-1707) erreinaldi luzean hasi zen inperio mogolaren gainbehera. Horren arrazoi nagusiak bi izan ziren: azken erregeek hindu erlijioaren kontra jokatu izana, eta elkarrengandik oso urruti zeuden herrialdeak aginpide zentral baten pean baturik edukitzeko zailtasuna, burujabe izan nahi zuten gobernarien esku zeudela gainera.

Artea eta arkitektura aldatu

 
Taj Mahal mausoleoa, Agra (1631-1654)

Akbar enperadore mogolak (1556-1605) Indiako inperioaren iparraldea atzera batzea lortu zuen. Errege tolerantea zen, eta erlijio guztietako artistez inguratu zen. Eklektizismo hori nabarmena da bere erreinaldian eginarazi zituzten eraikuntzetan. 1569 eta 1585 bitartean jauregi bat eraikiarazi zuen inperioko hiriburuaren ondoan, Fatepur Sikri-n. Jauregiko arkitekturan bi tradizioak nahasten dira : musulmana (arkuak, gangak eta patio zabalak), batetik, eta hindua (harri leuneko habeak, apaindurazko eskultura ugari eta sendotasuna), bestetik. Terraza asko egoteak eta parapetoek eta erlaitzek murruetan egiten duten itzalak horizontaltasun sentipena sortzen dute Fatepur Sikriko eraikuntzetan. Akbar-eko jauregiak Pertsiakoen antolaketa bera du, baina kanpoaldeko harri masa gorriak gotorleku itxura ematen dio.

Arte mogolaren monumentu aipagarriena Taj Mahal da. Hileta monumentu ikusgarria da. Shah Jahan enperadoreak (1627- 1658) eraikiarazi zuen Agra hiriaren kanpoaldean, bere emazte Murotaz Makalen gorpua gordetzeko, hamabosgarren semeaz erditzean hil baitzen. Arte mogolarena ez ezik Sortalde osoko monumentu aipagarrienetakoa da Taj Mahal. Eraikuntzaren fatxadak arku zorrotzeko leihoak ditu, eta erraboil baten itxurako kupula handi bat estalki gisa. Kupula handien albo banatan beste bi daude, txikiagoak. Multzo osoa inguratzen duen laukiaren kantoietan zilindro itxurako lau dorre mehe daude, kanpoaldera pixka bat makurtuak, lurrikararen batek eraitsiz gero, ez daitezen erori eraikuntza nagusiaren gainean. Eraikuntza marmol zuriz egina dago eta lore marrazkiez apaindua, simetria, ordena eta zorroztasun ikaragarriaz.

 
Delhiko Gotorleku Gorria (1638)

Enperadore horrek berak Delhin ezarri zuen gero bere inperioaren hiriburua.

1638an Delhi osatzen dute zortzi hirietako zazpigarrena eraikitzen hasi zen: Shahjahanabad. Hiriak hareharri gorrizko harresi bat du inguruan eta hiribide zabal bat alderik alde. Lekurik altuenean meskita handi bat eraikiarazi zuen eta geroago Gotorleku. Gorria, luxuzko jauregi bat hareharri gorrizko harresiez inguratua, enperadorearen bizileku eta altxor inperialaren gordeleku. Harresiez barne marmol zurizko pabiloiak zeuden gorteko zeremoniak ospatzeko. Jauregi hartan bizi izan ziren enperadore mogolak ingelesek Delhi hartu zuten arte (1858).

Mogolen garaiko pintura Persiako eta Indiako pinturaren sintesi bat da. Akbar enperadoreak pintore maisuak ekarrarazi zituen Pertsiatik haren lantegian egitandien eskuizkribuak irudiztatzen ziharduten pintore hinduen irakasle izan zitezen. Miniaturak kolore bizi-bizikoak ziren, eta gorteko eszenak irudikatzen zituzten, jauregietan edota paisaia idealizatuetan kokatuak. Beste eskolak ere sortu ziren, baina lantegietan inperialetan egiten zenaren eraginpean egon ziren denak.

Mogol enperadoreen zerrenda aldatu

Izena Jaiotza Agintaldia Heriotza
Zaheeruddin Muhammad Babur 1483 1526–1530 1530
Nasiruddin Muhammad Humayun 1508 1530–1540 1556
Sher Shah Suri 1472 1540–1545 1545
Islam Shah Suri 1500 1545–1554 1554
Nasiruddin Muhammad Humayun 1508 1555–1556 1556
Jalaluddin Muhammad Akbar 1542 1556–1605 1605
Nooruddin Muhammad Jahangir 1569 1605–1627 1627
Shahaabuddin Muhammad Shah Jahan 1592 1627–1658 1666
Mohiuddin Muhammad Aurangzeb Alamgir 1618 1658–1707 1707
Bahadur Shah I.a 1643 1707–1712 1712
Jahandar Shah 1664 1712–1713 1713
Furrukhsiyar 1683 1713–1719 1719
Rafi Ul-Darjat Ezezaguna 1719 1719
Rafi Ud-Daulat
edo Shah Jahan II.a
Ezezaguna 1719 1719
Nikusiyar Ezezaguna 1719 1743
Muhammad Ibrahim Ezezaguna 1720 1744
Muhammad Shah 1702 1719–1720, 1720–1748 1748
Ahmad Shah Bahadur 1725 1748–54 1754
Alamgir II.a 1699 1754–1759 1759
Shah Jahan III.a Ezezaguna 1759 1770
Shah Alam II.a 1728 1759–1806 1806
Akbar Shah II.a 1760 1806–1837 1837
Bahadur Shah Zafar 1775 1837–1857 1862

Erreferentziak aldatu

  1. "The Mughal Empire"
  2. bbc.co.uk. Section 5: Aurangzeb. Londres: British Broadcasting Corporation.

Kanpo estekak aldatu