Polinesia
Polinesia[1] (grezieratik πολύς ugari, νῆσος uharte) Ozeano Barearen erdi eta hegoaldean barreiaturiko 1.000 uharte gorako uhartedi edo artxipelago handia da, Ozeaniako lau lurraldeetako bat. Hawaii (iparraldean) Zeelanda Berria (hego-mendebaldean) eta Pazko uhartea (hego-ekialdean) erpinak dituen hirukitzat definitu ohi da.
Geografia
aldatuUharte eta uhartedi hauek osatzen dute Polinesia (alfabetoaren hurrenkeran):
Lurralde bakoitzaren burujabetasun edo mendekotasun estatusa aintzat hartuta, berriz, hau da Polinesiako uharteen zerrenda:
- Tuvalu, Tonga eta Zeelanda Berria (estatu burujabeak);
- Samoa (izen bereko estatuaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean banatua);
- Hawaii (Ameriketako Estatu Batuak);
- Phoenix eta Line (Kiribati);
- Tokelau eta Cook (Zeelanda Berria);
- Societé, Gambier, Markesa uharteak, Tuamotu eta Tubuai (Polinesia Frantsesa);
- Pitcairn (Britainia Handia);
- Pazko uhartea (Txile).
Sumendiek eragindako uharteak dira gehienak (Hawaii, Savai, Tahiti, Rarotonga eta abar); sumendi horietako asko oso garaiak dira (4.210 m ditu Hawaiiko Mauna Kea sumendiak). Horietako zenbait pizturik daude oraindik (Hawaiiko Mauna Loa sumendia). Klima tropikala da uharte guztietan, beroa eta hezea uharte garaietan, eta idorragoa uharte lauetan, Zeelanda Berrian izan ezik, klima ozeanikoa baitu. Zuhaitzek eta zuhaixkek (kokondoak, ogi-arbolak, manioka eta abar) hartzen dute Polinesiako lurraldearen laurdena, baina oso apala da berez bertako landaredia. Faunari dagokionez, aipagarria da ugaztun handirik ez izatea. Arrainek eta itsaskiek, hegaztiek eta narrastiek osatzen dute bertako fauna nagusia.
Historia
aldatuK.a. 3000 eta 1000 bitartean, austronesiar hizkuntzako hiztun batzuk Asiako hego-ekialdeko uharteen artean zabaldu ziren. Hizkuntzalaritzako eta arkeologiako datuetatik ondorioztatu denez, herri horiek Taiwandik abiatu ziren; eta haien arbasoak Txinako hegoaldetik iritsi ziren Taiwana 8.000 urte lehenago. Izan ere, gaur egun Txinan eta Taiwanen nagusi den han etniako biztanleak askoz geroago iritsiko ziren bi toki horietara.
Arkeologian hedatze mugimendu horien aztarnak topatu dira, eta, hortaz, nolabaiteko segurtasunez ezagut daitezke. Gutxi gorabehera, K.a. 1500ean, Lapita kultura agertu zen Bismarck uhartedian, Melanesiako ipar-mendebaldean. Kultura hori bertan sortua izan daiteke, edota Txina-Taiwandik etorria.
Handik hiruzpalau mendera, K.a. 1300 eta 900 bitartean, Lapita kultura Bismarck uharteditik hasi zen zabaltzen, eta duela 2000 urte iritsi zen Fiji, Tonga eta Samoaraino. Toki horietan garatu zen polinesiar kultura bereizia. Bidaiari horiek beren zeramika eta etxekotutako animaliak eraman zituzten.
K. o. 300 eta 500. urteen bitartean, polinesiarrak Pazko uhartera iritsi ziren (nahiz eta beste historialari batzuek data hori 800 eta 1200 bitarteraino atzeratu). Hawaii K. o. 500 inguruan populatu zuten polinesiarrek, eta Zeelanda Berria K. o. 1000 inguruan.
XVI. mendearen bukaeran espainiar itsasgizonak (Alvaro de Mendaña, Pedro Fernández de Quirós) iritsi ziren Polinesiako zenbait uharteditara. Abel Janszoon Tasman herbeheretarra Zeelanda Berrian lehorreratu zen 1642. urtean, eta XVIII. mendearen bigarren erdian uharteak kolonizatzeko lehen urratsak eman zituzten britainiar itsasgizonek (Samuel Wallis, James Cook) eta frantsesek (Louis-Antoine de Bouganville). XIX. mendearen bukaerarako Mendebaldeko estatuen mende zeuden Polinesiako uharteak.
Ekonomia
aldatuNekazaritza (kokoak, kopra, azukrea, pinaburuak, fruitu garratzak, mangoa, kafea, kakaoa), arrantza, zurgintza eta —batez ere— turismoa dira Polinesiako ekonomia jarduera nagusiak. Industria Hawaii eta Zeelanda Berriko hiri nagusietan baizik ez dago.
Demografia
aldatuNahasirik bizi dira asiar eta europar jatorriko biztanleak eta bertakoak. Hawaii, Mendebaldeko Samoa eta Polinesia Frantseseko uharteak dira biztanle gehien dutenak; jendea hirietan nahiz itsasertzean bizi da batez ere.
Hizkuntzak
aldatuAustronesiar familiako (malaiar-polinesiar adarra) ekialdeko adarreko 30 bat hizkuntza dira Polinesiako gaur egungo jatorrizko hizkuntzak, eta milioi bat inguru lagun mintzatzen dira hizkuntza horietan.
Aski hizkuntza homogeneoak dira. Tonga-Samoa gunean dute jatorria, eta handik duela 2.500 urte barreiatu ziren. Hiru dira Polinesiako hizkuntza nagusiak: samoera (200.000 hiztun inguru), Zeelanda Berriko maoriera (100.000 inguru) eta tahitiera (100.000 inguru), Frantziako Polinesian lingua franca gisa erabilia.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-03-30). 168. araua: Ozeaniako toponimia. .