Zeta (gaia)

animalia jatorriko ehun-zuntza

Zeta zuntz naturala da, gehienbat fibroina proteinaz osatua. Hari jarraia da, oso mehea eta distiratsua. Hainbat artropodok jariatzen dute euren hesteetatik eta airearekin kontaktuan solidotzen da. Bombyx mori sitsaren larbek ekoitzitakoa erabiltzen da ehungintzan.

Zeta-harren kuskuak.

Ezaugarriak aldatu

 
Kanbodiako zetazko oihala.

Zetak luzatzeko ahalmena du (hasierako luzeratik % 20 gehiago luza daiteke); bustitzen denean berriro uzkurtu egiten da (% 15-25). Dentsitate txikiagoa du kotoiak, artileak eta rayonak baino, ongi xurgatzen du (bere pisuaren herena duen isurkaria xurga dezake, hezetu gabe) eta oso ongi hartzen ditu tindagaiak. Artileak baino hobeto jasaten du beroa, eta 170 °C-tan desegiten da. Sukoia izan arren, berez itzaltzen da. Luzatzeko ahalmena gal dezake gaizki gordeta edukitzen denean; eguzki argiak luze jotzen badu honda daiteke, baina nekez hartzen du lizunak. Zetazko ehunak eskuz eta ur hotzez garbitu behar dira, lixibak kalte egiten die, eta erraz zimurtzen dira.[1]

Ekoizpena aldatu

 
Zeta gordina.

Zeta-harra, krisalida bihurtzeko prest dagoenean, kuskua egiten hasten da. Horretarako, burua 'zortzi' zenbakiaren itxuran mugitzen du, eta beheko barailatik hurbil dituen bi guruinek likido bat jariatzen dute. Airearekin kontaktuan, likido hori solidotu eta zeta-hari bihurtzen da. Aldi berean, harrak bi harizpiak batzen dituen goma bat jariatzen du. Hiru egunean, duen likido guztia zeta bihurtzen du. Kusku batean, 1.300 metro zeta-hari biltzen da, eta 5.500 zeta-har behar dira kilo bat zeta ekoizteko.[1]

Zeta haria gizakiarentzat erabilgarri bihurtzeko kuskuak labe berezietan uzten dira lehortzen 16-18 ordutan, eta gero beratu egiten dira haria errazago askatzeko. Gero haria matazetan biltzen da. Hari horri zeta gordina esaten zaio, eta hortik aurrera landu egiten da. .

Munduko zeta ekoizlerik handienak – 2019
Herrialdea Ekoizpena (1000 kg)[2]
Txina 68.600
India 35.820
Uzbekistan 2.037
Vietnam 795
Thailandia 700
Brasil 469
Ipar Korea 370
Iran 227
Bangladesh 41
Japonia 16

Erreferentziak aldatu

  1. a b Galarraga Aiestaran, Ana. Arropa, lehen babesa. Elhuyar, 217. zenbakia, 2006ko otsailak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
  2. Global Silk Production (in Metric Tonnes). inserco.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu