Juan Sebastian Elkano

Getariako marinel eta esploratzailea
Artikulu hau marinelari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Elkano (argipena)».

Juan Sebastian Elkano[1] (Getaria, Gipuzkoa, 1487Ozeano Barea, 1526ko abuztuaren 4a) esploratzailea eta itsasgizona izan zen. Munduari bira osoa eman zion lehenbiziko euskal herritar izan zen, Magallanes-Elkano espedizioan (1519–1522 bitartean), Elkano izan zen buruzagia azken zatian[2] (1521eko apirilaren 27tik aurrera).

Juan Sebastian Elkano
Elcano.jpg
Bizitza
Jaiotza Getariac.1487
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Talde etnikoa euskalduna
Heriotza Ozeano Barea1526ko abuztuaren 4a (49 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak latina
euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak esploratzailea, itsasturia eta gudaria
Gradua arkitekto
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Eliza latinoa
Firma Elcano.svg


BizitzaAldatu

GaztaroaAldatu

 
Juan Sebastian Elkano, bere jaioterri Getarian (Gipuzkoa). Ignacio Zuloagaren margolana, irudimenezkoa.

Uste denez, Getaria udalerriko San Roke kalean zegoen etxe batean jaio zen, gaur egun Juan Sebastian Elkanoren jaiotetxea deritzon horretan. Gertakariaren oroitzapen plaka bat dago jaio zen etxearen ondoan. Bere jaioterriaren inguruan ez daude zalantza handirik, Elkanok berak idatzitako testamentuan bere jaioterria aipatzen duelako.

Uste denez, ekonomia aldetik nasai zebilen familia arrantzale batekoa zen, etxea zein itsasontzi propioa zuten. Haren aitak Domingo Sebastian Elkano izena zuen, eta amak Catalina del Puerto. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Elkanoren anai-arreba batzuen datu bibliografikoak ezagutzen dira. Lehengo semearen jaiotze urtea ezagutzen da, 1481. Ondoren, Catalina etorri zen, Rodrigo de Gainza getaitarrarekin ezkondu eta seme bat izan zuenarekin, eta Domingo Elkano, aitaren izena hartu zuena, apaiza izan zen Getarian. Juan sebastian Elkano laugarren anaia izan zen. Ondoren Martín Pérez, Ochoa Martínez, Inés eta Antón Martínez estorri ziren. Martin Perez Elkano, Anton Martin Elkano eta Ochoa Martin Elkano marinelak izan ziren eta Elkanorekin batera hainbat espedizioetan parte hartu zuten. Erdi arreba bat ere izan zuen, Maria, aitaren alaba ez legitimoa. Jakina da Catalina, Elkanoren ama, bizirik iraun zuela Elkanoren heriotza, haren testamentuan aipatu zuelako. Euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ba omen zekien latinez ere. Euskara zuen ama-hizkuntza, zeharkako datuetatik ondorioztatu ahal izan denez.

Gaztetik bere jaioterria zen Getariako itsasgizonen bizitzara ohitua izanik arrantzale izan zen, gerora Frantziako portuetan zehar merkataritza eta estraperloko jardunetan ibili ondoren bere itsasgizon ibilbidea gehiago osatu zuen.

Magallanesen espedizioaAldatu

Italiako kanpainetik Itzuli ondoren, Elkanok gerraontzi bat atzerritarrei errenditu zienez espainiar legearekin hainbat arazo eta liskar izan zituen, ondorioz Sevilla hirira ihes egin zuen, han 33 urterekin Fernando Magallanesen espedizioan zihoan eskifaian izen eman zuen. Uste denez, Elkano ontzi-jabe gaztea zela erregeak mediterraneoko gudetara behartu zuen (gainontzeko ontzi-jabeei bezala). Erregearen aginduari ezin zaio ezetzik esan eta alteratibarik gabe Fernando Magallanesen espedizioan izena eman zuen.

Espedizio honen lehenbiziko helburua Espainia eta garai hartako Sartaldeko Indiak eta Ekialde Urruna lotuko zituen ibilbidea irekitzea zen, hain zuzen ere, espezien bide berria. Erregeak jarritako helburua espeien-bidea irekitzea izanda ere, tartean kapitainen helburu pertsonalak sartu ziren (Erregeak Magallanesi bi uharte nagusiko merkataritza eskubideak emango zizkion). Bestalde, portugaldarren uretatik ez igarotzeko mendebaldetik abiatu ziren; portugaldarrek kontrolatzen baitzuten ekialdeko bidearen pareko bat. Ekialde Urruneko espezien merkataritzarekin aberasteko modua emango zien espedizio honek.

Espedizio hura 5 ontziz eta 234 gizonez osaturik zegoen. Elkanori Concepción naoan maisu postua eman zioten.

Hasiera batean Magallaesen espedizioa osatzen zuten ontziak
Ontzia Tonak    Eskifaia
Trinidad 110   55  
San Antonio 120   60  
Concepción 90   45  
Victoria 85   42  
Santiago 75   32  
    Denera: 234 
 
Espedizioak Magallaes itsasartea igarotzeko egin zuen ibilbidea.
 
Elkanoren eskaintza, munduari bira egin ondoren lehorreratu ziren unea irudikatzen duen koadroa, Elias Salaberriak 1924an egina.

Bidaiaren hasieraAldatu

Espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean Sevillatik atera eta irailaren 20an Sanlúcar de Barramedan itsasoratu zen. Ondoren, Kanarietan geldiune bat eginda Brasilgo kostaldera zuzendu zen. Hegoaldeko norabidean zeharkatu eta 1520ko martxoaren 30ean San Julián deitu zuten ibaiaren bokalean gelditu (gaur egungo Patagonian) eta han negua igaro zuten. Han, Magallanesek Juan de Cartagenak eta beste hainbat kapitain eta itsasgizonek sorturiko batzordeari aurre egin behar izan zien, aurrera jarraitzeari uko egin eta matxinatu egin baitziren. Matxinatuek Elkanori San Antonio naoaren ardura militarra eman zioten. Elkano gogor zigortu zuten Magallanesen aurkako matxinadan parte hartu zuelako.

Bi alderdien arteko liskarrak modu bortitzean konpondu ondoren, Elkano aurretik Concepción ontzian zuen kargura itzuli zen. Postu horretan ziharduelarik, urte hartako azaroan, gerora Magallanes itsasartea izenez ezagutuko zen itsasartetik igaro, eta Ozeano Barearen handitasunean barneratu ziren. Gorabehera eta gertakari ugariren ostean 1521eko udaberrian Filipinetara heldu ziren, ordurako espedizioari bi ontzi besterik ez zitzaion gelditzen, eta jada hilak ziren espedizioa osatzen zuten itsasgizonetako asko, gaixotasunez. Han zeudela, 1521eko apirilaren 27an, Cebutik hurbil dagoen Mactan uhartean espedizioko buruzagi Magallanes hil zuten.

Elkanok espedizioaren kapitainaAldatu

Dokumentu eskasak iritzi zaizkigu bere eskuz idatzita daudenak. Magallanes bizirik egon zen bitartean Elkanok ez zuen ezer idatzi. Hil ondoren, Elkano kapitain izendatu zutenez, gertatutako idatzita utzi zuen. Elkanok idatzitako lehen mundu-biraren kontakizuna galdu eta Maximiliano Transilvanok eta Gonzalo Fernandez de Oviedok berretzitako pasarteak iritsi zaizkigu. Elkanok Victoria ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen marinelek kapitain izendatu zutenean. Moluka uharteetara iritsi eta ontzi bat bertan deseginda geratu arren, bestea espeziez kargatu eta itzulera antolatu zuten. Moluketatik, Cabo Verdera joateko, ez zen bide erraza izan, ontzi matxuratu batean harrapatuta, olatuen eta haizearen kontra, denbora luze lurra hartu gabe, eta hildakoak pilaten ari zitzaizkiola, infernua pasatzea lortu zuen. Behar adina gaitasunak biltzen zituen Elkanok. Kontuan hartzekoa da munduari bira baldintza txarretan eman ziotela (urik gabe, lurra-hartu gabe, txalupatxoetan, jatekorik gabe…)

 
nao Victoriaren replika bat. Nao Victoria Punta Arenas museoan (Txile)

Espediziotik bueltan, Cabo Verdeko lehorreratzean esaten da esklabo edo beltzen bila jaitsi zela. Baina etsipena aipatzea falta da; bidaiaren azken zatia zen, hilabeteak lurrik ukitu gabe, astean bi-hiru hildako, ontzi-zulotik ura sartu, eta indar falta ura ateratzeko, jatekorik ere ez zuten. Laguntza behar dute. Ez dute zerekin trukatu janaria. Nola ordaindu portugaldarrei? Iltzea. Nondik zetozen agerian jarri zuen eta haien aurka aterako dira portugaldarrak. Gaizki atera zitzaien. Jende bila jeitsi eta 13 lagun gutxiagorekin (preso) jarraitu behar izan zuten Sevillara bitarteko azken zatian. Ondoren, Sanlukar de Barramedatik erregeari idatziko dio Iraiaren hasieran cabo Verden preso hartutako 13 lagunak libratzeko ahalegina eskatuz.

Aipatzekoa da Elkano kapitain izan bitartean ez zuela inor hilzeko agindurik eman, eta erabaki inportanteenak tripulazioarekin kontsultatuta hartu zituela, elkarrekin bozkatuz. Itsasontzi-kapitain demokrata.


Sevillara iristeaAldatu

1522ko ekainaren 6an itzuli ziren Sanlucar de Barramedara, hiru urteko bidaldiaren ostean, eta irten ziren 265 gizonetatik 18 baizik ez ziren heldu. Karlos V.a erregeak Elkano Valladoliden hartu zuen, eta bere armarrian munduaren irudi bat ezartzeko baimena eman zion, honako esaldi hau ipinita: «primus circumdedisti me» («zuk inguratu ninduzun lehena»). Urtero 500 urrezko dukateko pentsioa ere agindu zion, Francisco de los Cobos idazkariaren bidez, baina ez zuen sekula jaso.

Hiru molukar ekarri zituela kontatzen da, konkistatzaile-esklabozale aritu zela. Baina esaten ez dena da soldatapean izan zituela Elkanok. Sevillara iristean aske lurreratu ziren eta ez ziren elizan sartu. Gainera, Elkanoren hurrengo espedizioan hirutik bik parte hartu zuten eskifai gisa.


 
Magallaesen Victoria ontziaren itsasbidea (urdinez); munduari lehen bira eman zion, Elkanok Filipinetatik aurrera agintea hartuta (gorriz).

Munduari emandako lehen itzulia bizirik amaitu zutenakAldatu

 
Magallaesen espediziotik bizirik itzuli zirenen izenen zerrenda. 1956eko maiatzaren 7an datatutako idazkia, Sanlúcar de Barramedako udaletxean gordea.
Hamazortzi gizon hauek itzuli ziren Sanlucar de Barramedara Victoria ontzian 1522an
Izen-deiturak eta jaioterria Kargua
Juan Sebastian Elkano (Getaria, Euskal Herria) Kapitaina
Francisco Albo (Axio —gaur egun Kios—, Grezia) Pilotua
Mikel Rodaskoa (Rodas, Grezia) Pilotua
Juan Akurio (Bermeo, Euskal Herria) Pilotua
Antonio Pigafetta (Vicenza, Venezia) Nabigatzailea, kronikagilea
Martin de Yudícibus (Genova, Italia) Nabigatzailea
Hernando de Bustamante (Alcantara, Espainia) Marinela eta bizargina
Nicolás el Griego (Nauplio, Grezia) Marinela
Miguel Sánchez (Rodas, Grezia) Marinela
Antonio Hernández Colmenero (Huelva, Espainia) Marinela
Francisco Rodrigues (Sevilla, Espainia) Marinela
Juan Rodríguez (Huelva, Espainia) Marinela
Diego Carmena (Baiona, Galizia) Marinela
Hans Akisgrangoa (Akisgran, Alemania) Kanoilaria
Juan Arratiakoa (Bilbo, Euskal Herria) Itsasmutila
Vasco Gómez Gallego (Baiona, Galizia) Itsasmutila
Juan de Santandrés edo Santander (Cueto, Espainia) Itsasmutila
Juan Zubileta (Barakaldo, Euskal Herria) Morroia


Moluketara bigarren aldizAldatu

1525ean espedizio berri batean itsasora bueltatu egin zen Loaisa espedizioko kide bihurtuta Santa María de la Victoria itsasontzian. Garcia Jofre de Loaisarekin batera, zazpi ontziren agindupean Ekialdeko Indiak erreklamatzera abiatu zen Karlos V.ak bidalita. Elkano eta Loaisa, beste hainbat marinelekin batera, desnutrizioz hil ziren Ozeano Barearen artean. Batzuk bizirik ailegatu ziren Indietara eta horietatik gutxi batzuek itzultzea lortu zuten.

Elkanok idatzitakoakAldatu

Karlos erregeari zuzendutako bi gutun eta testamentu bat iritsi zaigu bakarrik.

  • Lehen gutuna: Sanlukar de Barramedatik idazten dio lehengo mundu biratik iritsi dela abisatzeko eta Iraiaren hasieran Cabo Verden preso hartutako 13 lagunak libratzeko ahalegina eskatuz.
  • Bigarren gutuna: Hobariak eskatzeko. Mundu-bira eman, Valladolideko gortera iritsi eta 40 egunetara idatzi zion Kapitain Nagusi izendatzeko eskatuz, baita Moluketako merkataritza eskubideak izatea edo Santiago Ordenako abitua, Magallanesek zituen moduan. Erregearen idazkariak (Francisco de los Cobosek) horiek denak ukatu zizkion. Antza denez, kortean ez zuten gehiegi errespetatzen.
  • Testamentua: Testamentuari esker ikusi daiteke inoiz ezkondu ez zen arren gutxienez bi emazte izan zituela. Biak euskaldunak edo euskal jatorrikoak. Bi seme-alaba izan zituen, emazte bakoitzarekin bana. Seme-alaba bat mundu-bira egin aurretik izan zuen, eta bestea, mundu-bira eta gero. Laurak eskuzabaltasunez tratatzen ditu ondasun-banaketan. Bestalde, alabak 4 urte betetzean Valladolidetik Getariara eramateko ahalegina eskatzen du, behar bada, Getaria kuttunagoa zuelako Valladolideko gortea baino.

BorneoAldatu

Borneoko kontakizunaren pasartea Elkanok idatzitakoa da(Maximilianoren bigarren zatia). Interegarria da Elkanok Borneoko irlaren deskribapen utopiko bat egiten duelako. Bertan, Borneon, ikusten du europarrak ez zirela zibilizazio bakarra eta, herrialde haiek harrokeria ebanjelizatzailerik gabe begiratu zituela nabaria egiten da. Deskribapena bisio utopiko zoragarria marrazten du. Ez da asko esaten Borneoko gertakariei buruz; bertako erregearekin hitz egin, truke batzuk egin eta aurrera jarraitu zuten. Han zer egiten zuten ez da pasartean azaltzen nahiz eta jakina egiten den, Borneo, gatazka-leku izan zela bidaiarientzat. Horregatik, ikus daiteke Elkano gehiago ari dela bere bisio utopikoaz hitz egiten Borneo deskribatzen baino.

Deskribapena irudikatzean, urrun-urruneko jendarte haiek ingurune idilikoan bizi direla ematen du; jendarte europarrekin alderatuta, ez hain galduak, hain hondatuak, handinahikeri gutxiagokoak, naturalagoak.. onberagoak direlako oraindik. Antza denez, Elkanok Borneon irudikatzen ditu bere herrian izan nahi lituzkeen bertute, askatasun eta giza-harreman Edukiari begiratuta, badago kritika gogor bat monarkia gudazaleari. Errege ona bakezalea da.  Borneon herriak lortzen du erregea bakezalea mantentzea, arautxo bat ezarriz: guda bat pizten duen erregeak guda zelaira lehena iritsi behar da. Guda horretan hiltzen den lehena bera dela bermatzeko. Guda nahi zuen erregeak guda horretan hiltzen dela ziurtatzen da, soilik ondoren hasten dira gupidagabe borrokan. Izan ere, erregeari (Karlos V.) ematen dion aholku zuzenena eta argiena anti-inperialista da: inguruko herriak bakean uzteko adieraten dionean. (Borneoko erregeak miresmenez deskribatu zituenean Karlos V.ari). Bestalde, uharteko bizilagunak paganoak dira, eguzkia eta ilargia gurtzen dituzte, oso bakezaleak dira. Lotura egiten du erlijio politeistaren eta izaera bakezalearen artean.

Hilezkortasunean ez dute federik, zigor eternoaren mehatxurik ere ez, eta hala ere pozik bizi dira. Zaila da Elkano fededuna zenik ukatzea, hilondoko eta gutunetan kristau peto moduan idazte duelako. Bestalde, Borneoko indioak mantendu ditzaketen beste emazterekin ezkondu daitezke. Dirua duten gizonek emazte bat baino gehiago izan ditzakete. Biaiatik itzuli eta Valladoliden egonkortzean bigarren emaztea hartuko du Elkanok (Europan “indioak” basatitzat hartu ohi direnean)


Euskaldun bati inoiz jasotako lehen utopiaren aurrean geundeke.


Monumentuak eta jaiotetxeaAldatu

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.. . Noiz kontsultatua: 2018-08-5.
  2. Berasaluze Ostolaza, Gari. (2008). Elkano, itsasoak emandako bizitza. Txalaparta, 172 or. ISBN 978-84-8136-535-1.

Kanpo estekakAldatu