Fiji[1] (fijieraz: Viti; Fijiko hindiz: फ़िजी), izen ofiziala Fiji Uharteetako Errepublika (fijieraz: Matanitu Tugalala o Viti; Fijiko hindiz: रिपब्लिक ऑफ फीजी, Ripablik ăph Phījī), Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, hegoaldeko Ozeano Barean dagoena, Melanesiaren bihotzean, Zeelanda Berritik 1.800 kilometro iparraldera. 18.274 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2018an 912.241 biztanle zituen.[2] Hiriburua Suva da.

Fijiko Errepublika
Matanitu Tugalala o Viti
रिपब्लिक ऑफ फीजी
Ripablik af Fījī
Bandera Armarria
Goiburua: Rerevaka na Kalou ka Doka na Tui
("Begirunea Jainkoari eta Ohorea Erreginari")
Ereserkia: God Bless Fiji
Hiriburua
eta hiri handiena
Suva
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa, fijiera eta fijiko hindia
Herritarra fijiar[1]
Gobernua Errepublika unitario parlamentarioa
 -  Presidentea Jioji Konrote
 -  Lehen ministroa Frank Bainimarama
Independentzia
 -  Britainia Handitik 1970eko urriak 10 
Azalera
 -  Guztira 18,274 km2 (151.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2018[2]) 912.241 (161.)
 -  2017[3] errolda 884.887
 -  Dentsitatea 46,4 bizt./km2 (148.)
Dirua Fijiko dolarra (FJD)
Ordu-eremua FJT (UTC+12)
 -  Udan (DST) FJST (UTC+13)
Aurrezenbakia +679
Internet domeinua .fj
Bazkide: NBE, Commonwealth.

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Ozeano Bareko hego-mendebaldeko uhartedia da, 15° 42′ S eta 20° 02′ S arteko latitudean, eta 176° 53′ E eta 178° 12′ W arteko longitudean hedaturik dagoena. Guztira 322 uharte eta 522 uhartetxo dira, eta horietako 106tan bizi da jendea. Denera 18.274 kilometro koadroko eremua dute. Uharte handienek, Viti Levuk eta Vanua Levuk, hartzen dute lurraldearen % 90. Beste uharte-multzo batzuk dira Kadavu, Moala, Mamanuca, Lau, Lomaiviti, Rotuma eta Yasawa.

Uharte nagusiak : 300 km² edo 2.000 biztanle baino gehiago
Izena Multzoa Eskualdea Eremua (km²) Bizt.
Kadavu Kadavu Iparraldekoa 411 10.000
Moala Moala Ekialdekoa 65 3.000
Lakeba Lau Ekialdekoa 59,5 2.100
Gau Lomaiviti Ekialdekoa 142,8 4.000
Koro Lomaiviti Ekialdekoa 105,3 4.500
Nairai Lomaiviti Ekialdekoa 25,7 2.000
Ovalau Lomaiviti Ekialdekoa 106,4 9.100
Rotuma Rotuma Ekialdekoa 44,9 2.150
Qamea Vanua Levu multzoa Iparraldekoa 34,5 2.182
Rabi Vanua Levu Iparraldekoa 67,3 5.000
Taveuni Vanua Levu Iparraldekoa 434,5 9.000
Vanua Levu Vanua Levu Iparraldekoa 5587,1 120.000
Beqa Viti Levu Erdialdekoa 37,5 3.500
Viti Levu Viti Levu Erdialdekoa eta Mendebaldekoa 10.388 670.000
Nacula Yasawa Mendebaldekoa 22 3.300

ErliebeaAldatu

Uharte gehienak menditsuak dira (1.000 metrotik gorako mendiak daude). Handienak sumendi uharteak dira eta koral atoloiak, berriz, txikiak. Viti Levun dagoen Tomaniivi (1.324 metro) da estatuko mendirik garaiena.

Klima eta landarediaAldatu

Fijik klima tropikal euritsua du, eta zikloi indartsuek eraso ohi dute sarritan. Lurrak oso emankorrak dira.


Datu klimatikoak (Suva, 1971–2000)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 35.0 36.0 37.0 34.0 34.0 32.0 32.0 32.0 32.0 34.0 34.0 36.0 37.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.8 31.2 30.9 29.9 28.5 27.7 26.8 26.7 27.2 28.2 29.3 30.3 28.9
Batez besteko tenperatura (ºC) 27.4 27.6 26.4 26.6 25.4 24.6 23.8 23.7 24.1 25.1 26.1 26.9 25.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23.9 24.0 23.9 23.3 22.2 21.4 20.7 20.7 21.0 21.9 22.8 23.5 22.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 19.0 19.0 19.0 16.0 16.0 14.0 13.0 14.0 14.0 14.0 13.0 17.0 13.0
Euria (mm) 371 265 374 366 270 163 136 158 177 221 245 277 3023
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 23 22 24 23 21 18 19 18 17 19 19 22 245
Iturria: met.gov.fj[4]

HistoriaAldatu

 
Levuka 1842an

Arkeologia aurkikuntzen arabera, malayo-polinesiar herriak bizi ziren Fijin K. a. 2000. urtean. Abel Tasman herbehereetarrak begiztatu zuen uhartediko zati bat 1643an, eta ondoren James Cook (1774), William Bligh (1789), Jules Dumont d'Urville (1827) heldu ziren bertara. 1835ean iritsi ziren lehen misiolari kristauak. Alemaniarrak eta amerikarrak bertatik bota ondoren, britainiarrek hartu zituzten Fiji uharteak 1874. urtean, eta kolonia bihurtu zituzten, nolabaiteko autonomia emanez.

1970ean independentzia eskuratu zuten, Commonwealthen barruan. Ordutik hainbat gorabehera politiko izan ziren, besteak beste, jatorri desberdinetako taldeen bizikidetza zailaren ondorioz. Independentziaren ondoren, Britainiar Inperioaren pean Fijira eramandako indiarren ondorengoek boteregune handiak eskuratu zituzten, eta horrek jatorrizko biztanleen haserrea piztu zuen.[5]

1987an, Sitiveni Rabukak emandako kolpearen ondoren, errepublika bihurtu zen. Rabukak behin-behineko gobernu militarra osatu zuen, eta 1992ko hauteskundeetan lehen ministro izendatu zuten. 1994an berriro hautatu zuten Rabuka. 1999ko hauteskundeetan indiar jatorriko Mahendra Chaudhry, langileen koalizioko ordezkaria, atera zen irabazle. 2000eko maiatzean, George Speight buruzagi nazionalistak estatu kolpea jo eta boteretik atera zuen Chaundhry. Speighten estatu kolpe saioa galarazi zuten militarrek eta, horren ostean, Frank Bainimarama armadaburua lehen ministro karguan jarri zen. 2000ko uztailean, Laisenia Qarase izendatu zuten lehen ministro.[6]

2006an, Frank Bainimaramak estatu kolpea jo zuen Qaraseren kontra, eta bere burua izendatu zuen lehendakari. 2007an, egoera zertxobait baretu zen, Bainimaramak Josefa Iloilo izendatu baitzuen lehendakari, eta Iloilok, berriz, Bainimarama izendatu zuen berehala lehen ministro. 2009ko apirilean Helegite Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen 2006ko estatu kolpea, baina Iloilo presidenteak baliogabetu egin zuen 1997ko konstituzioa, Helegite Auzitegiko magistratuak kargutik kendu eta larrialdi egoera agindu.[6] 2014ko irailaren 17an hauteskundeak egin ziren eta Frank Bainimaramak alde handiarekin irabazi zituen. Nazioarteak onartu egin zuen hauteskunde prozesua. 900.000 biztanle zeuzkan herrialdeak eta 590.000ek zeukaten boto eskubidea.[7] Fijiko Alderdi Laboralak iruzurra egon zela salatu zuen.[8]

Gobernua eta administrazioaAldatu

 
Fijiren banaketa administratiboa.

PolitikaAldatu

Fiji errepublika da 1987tik. Egungo konstituzioa 2013tik dago indarrean. Haren arabera, presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Ganbera bakarreko parlamentuak 51 kide ditu. Alderdi politiko ugari daude, baina bi dira garrantzitsuenak: FijiFirst, jatorri indigenako kidez osatuta, gehienbat, eta Fiji Labor Party, nagusiki jatorri indiarreko kideak biltzen dituena.

Banaketa administratiboaAldatu

Hamalau probintzia, Ba, Bua, Cakaudrove, Kadavu, Lau, Lomaiviti, Macuata, Nadroga-Navosa, Naitasiri, Namosi, Ra, Rewa, Serua, Tailevu, eta dependentzia batean, Rotuma, banaturik dago.[9] Probintziak lau eskualdetan bildurik daude:

  • Erdialdekoa: Naitasiri, Namosi, Rewa, Serua eta Tailevu.
  • Ekialdekoa: Kadavu, Lau eta Lomaiviti.
  • Iparraldekoa: Bua, Cakaudrove eta Macuata.
  • Mendebaldekoa: Ba, Nadroga-Navosa eta Ra.

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Fijiar emakume indigenak, 1935

884.887 biztanle zituen 2017an.[3] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 27,4 dira, 15-24 urte bitartekoak % 15,9, 25-54 urte bitartekoak % 41, 55-64 urte bitartekoak % 8,8, eta 65 urtetik gorakoak % 6,8. Bizi itxaropena 73,2 urtekoa da; 70,5 urtekoa gizonezkoena eta 76 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[9]

Banaketa etnikoaAldatu

Fijiar indigenak polinesiar eta melanesiar jatorrikoen nahastea dira, orain dela mende asko Pazifikoko hegoaldean izan ziren migrazioen ondorengoak. 2007an, fijiar jatorrikoak ziren biztanleen % 56.8, eta indiar jatorrikoak % 37,5. 1987ko estatu kolpe militarra baino lehen, ordea, langile indostandarren ondorengoak ziren gehienak, 1879-1916 bitartean britainiarrek azukre kanabera landetan lan egitera eramanak; estatu kolpeaz gero ordea, indiar askok ihes egin behar izan zuen Fijitik.

HizkuntzakAldatu

Ingelesa da hizkuntza ofiziala, baina indigenek gehienbat fijieraz hitz egiten dute. Indiar jatorrikoen artean, berriz, batez ere Fijiko hindia erabiltzen da.

ErlijioaAldatu

Kristauak dira % 58, hinduak % 33,7 eta musulmanak % 7.[10] Fijiar indigena gehienak kristauak dira, batez ere metodistak eta katolikoak. Indiar jatorriko gehienak hinduak dira, baina musulman eta kristau gutxi batzuk ere daude.

Hiri nagusiakAldatu

Biztanleen erdiak baino gehiago (% 56,8) hirietan bizi ziren 2019an.[9]

EkonomiaAldatu

 
Konplexu turistiko baten ikuspegia.

Fijik baliabide aberatsak ditu basoetan, lurpeko gaietan eta itsasokoetan, eta Ozeano Bareko uharteetan aurreratuenetakoa da ekonomiaren ikuspegitik. Dena dela, oraindik ere beren beharrak asetzera bideraturiko nekazaritzan dihardute biztanle gehienek (arroza, artoa, kokoa, banana, manioka). Diru iturri nagusiak azukrearen esportazioa eta turismoa dira (842.884 bisitari 2017an,[9] Australiatik, Zeelanda Berritik eta Ipar Ameriketatik joanak gehienak); kokoa eta haren eratorriak ere esportatzen ditu, eta baita urrea ere. Industria aipagarrienak azukrearen eta nekazaritzako gaien langintzarekin dute zerikusia.

Dena dela, bertako diru iturri nagusiak kanpo eragileen mende daude, adibidez egoera politiko nahasiaren, lehorteen eta merkatuko prezioen mende, eta langile askok emigratu ohi du kanpora. 1997az gero gainbehera etorri zen bertako hazkundea, azukrearen prezioaren jaitsieraren eraginez, eta nekazarien eta lurjabeen arteko gorabeheren eraginez. 1998ko lehorteak, bestalde, kalte handiak eragin zituen azukrearen industrian.

KulturaAldatu

KirolaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Fijiko errugbi selekzioa»

Errugbia da Fijiko kirol nazionala. Lorpenik handiena gizonezkoen zazpiko errugbiko selekzioak erdietsi zuen, urrezko domina irabazi batzuen 2016ko Udako Olinpiar Jokoetan; artean Olinpiar Jokoetako dominarik inoiz lortu gabea zen Fiji.[12] Emakumezkoen selekzioa zortzigarren postuan gelditu zen 2016ko Olinpiar Jokoetan.

ErreferentziakAldatu

  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b World Population Prospects 2017. United Nations-Population Division, web.archive.org-ek gordea . Noiz kontsultatua: 2020-1-4.
  3. a b Fiji Bureau of Statistics Releases 2017 Census Results. Government of Fiji, web.archive.org-ek gordea . Noiz kontsultatua: 2020-1-4.
  4. The Climate of Fiji. met.gov.fj . Noiz kontsultatua: 2020-1-6.
  5. Militarrek hartu dute agintea Fijin. Berria egunkaria, 2006ko abenduak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-8.
  6. a b Sokarros, Allande. Tropikoetako diktadura. Berria egunkaria, 2009ko apirilak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-7.
  7. Fijin lehenengo hauteskundeak egingo dituzte gaur, 2006ko kolpeaz geroztik. Berria egunkaria, 2014ko irailak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-7.
  8. %60. Berria egunkaria, 2014ko irailak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-7.
  9. a b c d Fiji. The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-1-7.
  10. Fiji. Estilo Liburua, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-7.
  11. Fiji. citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-1-8.
  12. Rio 2016: Kaiera. Berria egunkaria, 2016ko abuztuak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-8.

Kanpo estekakAldatu