Vietnam[1] (vietnameraz: Việt Nam, viət˨ næm˧) ahoskatua), izen ofiziala Vietnamgo Errepublika Sozialista (vietnameraz: Cộng hòa Xã hội chủ nghĩa Việt Nam), hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da, Indotxina penintsulan dagoena. Iparraldean Txina du, Tonkingo golkoa eta Hego Txinako itsasoa ekialdean eta hegoaldean, eta Thailandiako golkoa, Kanbodia eta Laos mendebaldean. 331.231 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 96,2 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Hiriburua Hanoi da.

Vietnamgo Errepublika Sozialista
Cộng hòa Xã hội chủ nghĩa Việt Nam
Ereserkia: Tiến quân ca (en) Itzuli
Goiburua: Độc lập – Tự do – Hạnh phúc
("Independentzia, Askatasuna, Alaitasuna")
Flag of Vietnam.svg
Vietnamgo bandera
Emblem of Vietnam.svg
Emblem of Vietnam (en) Itzuli
Vietnam (orthographic projection).svg
Vietnam Topography.png
Vietnam-CIA WFB Map.png
Geografia
HiriburuaHanoi
21°1′28″N 105°50′28″E
Azalera331.690 km² (65.)
Punturik altuenaFansipan
Punturik sakonenaHegoaldeko Txinako itsasoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTxinako Herri Errepublika, Kanbodia eta Laos
Administrazioa
Gobernu-sistemaEstatu unitario
Vietnamgo PresidenteaNguyễn Xuân Phúc (en) Itzuli
Vietnamgo Lehen MinistroaPhạm Minh Chính (en) Itzuli
LegebiltzarraVietnamgo Biltzar Nazionala
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria96.208.984 (2019) (14.)
Green Arrow Up.svg1.548.984 (2018)
Dentsitatea290,06 bizt/km² (46.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagizonezko: 20
emakumezko: 18
Emankortasun-tasa2,06 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak4.069.875 (2002)
Alfabetizazioa% 94,5 (2015)
Bizi-itxaropena76,253 (2016)
Giza garapen indizea0,703 (2021)
Ekonomia
BPG nominala234.189.000.000 US$ (2018)
Green Arrow Up.svg10.325.003.645,345 (2017)
BPG per capita2.342 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg172 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa648.742.228.935 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg52.704.653.612 (2016)
BPG per capita EAPn6.790,211 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg487,542 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala6,2 % (2016)
Erreserbak49.075.567.812 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg12.548.277.240 (2016)
Inflazioa4,7 % (2016)
Green Arrow Up.svg4,1 (2015)
Historia
Sorrera data: 1976ko uztailaren 2a, 1945eko irailaren 2a eta 1804
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+84
ISO 3166-1 alpha-2VN
ISO 3166-1 alpha-3VNM
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli, Europlug (en) Itzuli, BS 1363 (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.vn
vietnam.gov.vn

Historia luze eta oparoa izan du. Ia mila urtez Txinako Inperioaren mende egon zen, X. gizaldian independentzia lortu zuen arte. Harrezkero, bertako errege-dinastiak izan ziren agintean. XIX. mendean, Frantziak kolonizatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran Japoniak inbaditu. Gerra amaitu ondoren, Frantziak ezin izan zion eutsi hego-ekialdeko Asian zeukan botereari. Indotxinako gerra galdu zuen, eta Genevako Akordioek herrialdea bitan zatitu zuten: Ipar Vietnam (Gerra Hotzaren garaian Txinaren eta SESBen laguntza izan zuena) eta Hego Vietnam (Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin).

Zatiketa horren ondorioa izan zen Vietnamgo Gerra, 1958tik 1975era iraun zuena. 1976an, Ipar Vietnamek Hego Vietnam menderatzea lortu zuen, AEBetako soldaduak kanporatu zituzten eta Vietnameko Errepublika Sozialista sortu zen. 1990eko hamarkadaren amaieran, AEBekin zuen gatazka leunduz joan zen, eta negoziazio politikoak hasi ziren. Hizkuntza ofiziala vietnamera da, eta dirua đồnga.

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Vietnam Indotxinako ekialdean dago, ipar latitudeko 8° eta 24° artean, eta ekialdeko longitudeko 102° and 110° artean. S luze baten itxura du, zabala iparraldean (600 kilometro) eta hegoaldean (400 kilometro) eta estua erdialdean (50 kilometro Quang Binh probintzian). Ipar eta hego muturren arteko distantzia 1.650 kilometro da. Guztira 331.231 kilometro koadroko azalera du.

Iparraldean 1.297 kilometroko muga du Txinarekin, eta mendebaldean 1.158 kilometrokoa Kanbodiarekin, eta 2.161 kilometrokoa Laosekin. Hego-mendebaldean Thailandiako golkoa dauka, eta hegoaldean eta ekialdean Hego Txinako itsasoa eta Tonkingo golkoa.[3]

Eskualde naturalakAldatu

Lau alderdi nagusi bereiz daitezke Vietnamgo lurraldean:[4]

  • Barnealdeko mendiguneak.
    • Hoang Lien Son ipar-mendebaldean, Txinako mugan; bertan dago Fansipan, herrialdeko tontorrik garaiena (3.134 metro).
    • Annamgo mendikatea (Dãy Trường Sơn) erdialdean, Laosko mugan (mendilerroa Kanbodiako ipar-ekialdean ere barneratzen da). Txinako Yunnan-Guizhou goi-ordokiaren jarraipena da, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera hedatzen dena. 2.000 metrotik gorako gailur asko daude, eta baso tropikal trinkoak estalirik dago.
    • Tay Nguyen hegoaldeko erdian. Basaltozko bost goi-ordokik osatzen dute, mendi malkartsuekin tartekaturik, 51.000 kilometro koadroko eremuan. Gailurrik gorenak, 2.000 metro ingurukoak, Lam Vien goi-ordokian daude.
  • Ibai Gorriaren (Sông Hồng) delta ipar-ekialdean. 3.000 kilometro koadro inguru hartzen ditu Tonkingo golkoaren aurrean. Batzuetan ibaiak, bat-batean, gainezka egiten du, eta lursail handiak urperatzen ditu. Deltako lurra nekazaritzan erabiltzen da, eta ibaia ureztapenerako eta garraiorako.
  • Mekongen delta hegoaldean. 40.000 kilometro koadroko delta erraldoia eta laua da, Mekong ibaiaren bokalean. Munduko arroz-eremurik handienetakoa da (10.000 kilometro koadro inguru). Urtean behin gainezkaldi luzea izaten du, eta lohi-geruza berriez estaltzen eta zabaltzen da.
  • Itsasertzeko lautada estua ekialdean, Ibai Gorriaren deltaren hegoaldetik Mekongen deltaraino. Lur aberatsak dira, oro har, eta arroza lantzen da.

Klima eta landarediaAldatu

Klima tropikal hezea da, oro har. Udan 38 °C-tik gora egin dezake lurralde osoan. Negua epela da hegoaldean (25 °C) eta hotzagoa iparraldean (15 °C). Urtean 1.500 mm euri inguru izaten da Ibai Gorriaren deltan, eta hiru aldiz gehiago erdialdeko mendietan. Euri gehiena udako montzoiak ekarria da, maiatzetik urrira. Noizean behin, Hego Txinako itsasoko haize-erauntsiak jotzen du.

Hosto iraunkorreko oihan tropikalak eta hosto erorkorreko basoak lurraldearen bi bosten hartzen dituzte. Banbua ere oso zabaldua dago, bai zuhaiztien artean, bai ibai ertzeetan ere. Kostaldean, ur gaziko landaredia hazten da. Goi-lautadak sabanako belardiek eta zuhaixkek estaltzen dituzte.

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Vietnamgo historia»

Lehenbiziko garaiak eta txinatar aginteaAldatu

 
Văn Lang nazioaren mapa. Vietnamdarren lehen nazioa izan omen zen.

Arkeologia-aurkikuntzen arabera, Vietnamgo herria Neolitoan moldatu zen Ibai Gorriaren deltan, bertan finkaturik zegoen melanesiar edo indonesiar tankerako biztanleria eta iparretik iritsitako mongoliar jatorriko jendea elkartu ondoren. Brontzea Dong Son deituriko zibilizazioan azaldu zen, K.a. 1000 aldean. K.a. III. mendean, Âu Lạc erresuma eratu zen, eta K.a. 208an Zhao Tuo txinatar jeneralak Nam Viet erreinua sortu zuen.

K. a. 111n, Nam Viet osoa Txinako probintzia bihurtu zen, eta hala iraun zuen mila urte inguru. Hegoaldean, Annamen eta Kotxintxinan, hinduen zibilizazioaren eragin nabarmena zuen Champa erresuma sortu zen. Txinak, bere administrazioa ezartzearekin, herrialdea egituratu zuen, bertako gizartea txinatartu zen eta goi-klaseak konfuzianismora bihurtu ziren. Txinaren aurkako matxinadak izan baziren ere (Trung ahizpak, K.o. 39-43;, Ly Bon, 541-602) 939 arte ez zuen Nam Vietek askatasuna lortu.

Dinastia nazionalakAldatu

 
Ming dinastiaren dominazioaren mapa.

X. mendearen erdialdetik aitzina, bertako zenbait familiak gobernatu zuten Dai Viet herrialdea: Dinh (968-980), Le (980–1009), Ly dinastia (1010-1225). Ly dinastiarekin estatua garatu zen, eremua hedatu zen Champa lurraldeak hartuta, hiriburua egungo Hanoin kokatu zuten eta khmerren erasoak geldiarazi zituzten. Tran dinastiak (1225-1413) mongolen erasoei aurre egin zien, eta Hue aldea beretu zuen 1306an. 1400ean, Ho Quy Ly aginpideaz jabetu zen, eta Txina, Tran familiari tronua itzultzeko aitzakian, herrialdeaz jabetu zen berriro 1407an. Le Loi txinatarren aurka matxinatu zen 1427an eta, herrialdetik egotzi ondoren, Lê dinastia berria sortu zuen. Le Thanh Tonek (1460-1497) Champa menderatu zuen, eta erdialdeko Mekongeraino iritsi zen. 1527an Mac Dang Dung gudarostearen buruzagiak aginpidea eskuratu zuenetik, egonkortasuna galdu zen herrialdean.

1592an, Trinh familiak Hanoi hartu zuen, eta Lêtarrak berrezarri zituen tronuan benetako aginpidea beren eskuetara iragan zenean. Hegoaldean, ordea, Nguyen familia indartsuak aurre egin zien. Herrialdea zatitu egin zen, eta Tonkin eta Annam erresumen arteko gatazka 1627tik 1802ra luzatu zen. Aldi hartan hasi ziren mendebaldeko herrialdeak bertako arazoetan esku hartzen: portugaldarrek, lehenik, nguyendarrei lagundu zieten; gero, herbeheretarrek eta britainiarrek merkataritzarako guneak ezarri zituzten bertan, eta frantsesak, azkenik, nguyendarren alde aritu ziren.

1802an, Nguyen Anhen gudarosteak Hanoi hartu zuen, eta erreinua berriro batu zuen bere agintaritzapean. Bi urte geroago, Nguyen Ahn enperadoreak (1802-1820), Gia Long izena harturik, Vietnam deitu zion bere erreinuari eta Hue aukeratu zuen hiriburutzat; errege absolutu gisa gobernatu zuen; administrazioa zentralizatu zuen, eta herri lan handiei ekin zien: errepideak, ubideak, dikeak, portuak, gotorlekuak. Ming Mang (1820-1841) haren ondorengoak Kanbodia protektoratutzat hartu zuen 1834an, eta kristauek lagunduriko Saigongo matxinada zapaldu zuen (1833-1835). Ondoko enperadoreak, Thieu Tri (1841-1847) eta Tu Duc (1847-1883), administratzaile nabarmenak izan ziren, baina Frantziaren presio gero eta handiagoa jasan behar izan zuten.

Frantziar IndotxinaAldatu

Artikulu nagusia: «Frantziar Indotxina»
 
Indotxinaren frantziar kolonizazioa.

Bertako kristauen eta mendebaldeko misiolarien jazarpena aitzakia harturik, Napoleon III.ak Vietnam mendean hartzea erabaki zuen. 1859an, frantsesek Saigon hartu zuten. 1862ko itunaren ondorioz, Frantzia Kotxintxinaz jabetu zen, eta 1873an Hanoin sartu ziren. 1883an, Annamen eta Tonkinen Frantziaren mendeko protektoratu ezartzen zuen ituna onartu behar izan zuen enperadoreak. Txina gatazkan sartu zen frantsesen aurka, baina 1885ean Vietnam osoaren gaineko aginpidea aitortu zion Frantziari. 1887an, frantses gobernadore nagusi baten mendean zegoen Indotxinako Batasuna sortu zuten frantsesek, Kotxintxina, Annam, Tonkin, Kanbodia eta Laos barne zirela.

Frantziak administrazioa erreformatu zuen, letratu tradizionalen ordez, bere aldeko jendea ezarriz, eta hezkuntza-sistema aldatu zuen. 1905etik aurrera, europar hezierako burges-giroetan, kolonialismo-egoera aldatzea helburu zuten zenbait talde sortu ziren. Gero, beste erakunde erradikalago batzuk agertu ziren: Nguyen Thai Hocek 1927an Viet Nam Quoc Dan Dang ("Vietnamgo Alderdi Nazionala") eratu zuen Txinako Kuomintangen eredura, eta 1930ean Indotxinako Alderdi Komunista sortu zen, Ho Chi Minh buruzagi nagusi zuela. Bi alderdiok herriaren matxinada prestatu zuten 1930ean baina, arrakastarik ez izanik, ondoko errepresio gogorra jasan behar izan zuten. Iraultzaileen aurka, frantsesek erreformabideak sustatu zituzten: 1932an, Frantzian ikasia zen Bảo Đại enperadoreak bere karguaz jabetu zen, eta Ngô Đình Diệm gaztea izendatu zuen ministro. Administrazioa berritzen saiatu ziren arren, ez zuten emaitza nabarmenik lortu.

Bigarren Mundu Gerran, 1940an zehazki, Japoniak okupatu zuen, baina Frantziaren nagusitasuna errespetatuz. Izan ere, garai hartan Vichyko gobernuaren mende zegoen Vietnam; Japonia bezala, Hitlerren aliatua zen beraz. Gerra amaiera aldera, ordea, Japoniaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu egin ziren, Frantzia aliatuen aldera mugitzen zela iruditu baizitzaion Japoniari. Horregatik, Japoniak frantziarrak kanporatzeko ahalegina egin zuen.

Indotxinako lehenbiziko gerraAldatu

Artikulu nagusia: «Indotxinako gerra»

Bigarren Mundu Gerran japoniarrak Frantziar Indotxinan sartu zirenean, Ho Chi Minhek, Indotxinako alderdi komunistaren buruzagiak, Viet Minh alderdia sortu zuen, kanpoko gudarosteei aurre egiteko eta independenzia lortzeko. Gerra bukatu ondoren, Viet minhek hartu zuen aginpidea eta Vietnamgo Errepublika sortu zuen. Frantziak, ordea, ez zuen bere inperio koloniala galdu nahi eta Frantziar Batasuna (frantsesez: L’Union française) eratu zuen, horrela beste izen batez koloniak atxikitzeko. Frantziako gobernuak Indotxinari erresuma independente modura eutsi nahi zion, baina Frantziar Batasunaren barruan.[5]

1948an, armada frantsesa itzuli zen Indotxinara, Hai Phong hiria bonbardatu ondoren. Viet minhen barruan komunistak, burgesak eta abertzaleak elkartu ziren Frantziaren kontra, fronte bakar eta indartsu batean. Viet minhgo armadak, Võ Nguyên Giáp jeneralak zuzenduta, Cao Bangeko gudua irabazi zuen 1950ean, baina gero frantsesek kontraeraso batez lurralde osoa menderatu zuten berriro. Azkenean Giáp jeneralak frantsesak inguratu zituen Diên Biên Phun, eta 1954an Frantziako gudarostea errenditu egin zen. Genevako bake itunean, Indotxina bi estatutan banaturik gelditu zen: Ipar Vietnam eta Hego Vietnam.[5] Hala ere, Genevako Ituneko erabakiek Vietnamgo batasuna aurreikusten zuten.

Vietnamgo gerraAldatu

Artikulu nagusia: «Vietnamgo gerra»

1955eko urrian, Estatu Batuen laguntza zuela, Ngô Đình Diệmek Bảo Đại enperadorea eraitsi eta errepublika aldarrikatu zuen Hego Vietnamen, Genevako erabakiei uko egiten zien bitartean. Horrenbestez, su-etenaren ondoren hegoaldean ziren Viet Minheko kideek errepresio gogorra jasan zuten, hala demokratek nola liberalek erbesterako bidea hartu behar izan zuten. 1957an, azkeneko oste frantsesek alde egin zuten Indotxinatik, Estatu Batuek laguntza militarrerako ordezkaritza bertan finkatu ondoren. 1960ko urtarrilean lehen gudu irekiak gertatu ziren eta, urte berean, gobernuaren aurkako borroka gidatu behar zuen Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Frontea (FNL) sortu zen, komunistek eta joera ezberdineko beste zenbait alderdi politikok bultzatua.

 
Estatu Batuetako B-66 bat eta lau F-105 Ipar Vietnam bonbardatzen, 1966an.

1960an, Estatu Batuen esku-hartze zuzena hasi zen, eta 1961ean Kennedyren administrazioak aholkulari militarren kopurua handitu zuen. Hala eta guztiz, 1963an Ngô Đình Diệmen gudarostea lehen aldiz garaitua izan zen; gobernuak budisten kontrako zapalkuntza bideratu zuen, eta 1963ko maiatzean haietako batzuen jendaurreko suizidioak mundu osoaren jakin-mina erakarri zuen. Estatu Batuek Diệm familia bertan behera utzirik, militarrek hartu zuten aginpidea.

Johnsonen agintaldian (1965-1968), William Westmoreland jenerala Vietnamgo amerikar armadaren buru zela, estatubatuarren esku-hartze zuzena indartu zen: 275.000 soldadu 1966an, 550.000 1968an. Estatu Batuek Vietnamgo Errepublika Demokratikoa bonbardatu zuten, napalma eta landaredia hondatzen duten produktuak erabiliz, aldi berean beren tropek operazio handitan parte hartzen zutela. Vietnamgo Errepublikak, 1965etik Nguyên Van Thieu eta Nguyên Cao Kỳ jeneralak agintari nagusiak zirela, 1.500.000 gizonez osaturiko gudarostea eta polizia zituen. Guztiarekin ere, FNL indartsu ageri zen landa-eremuetan, eta 1966an hegoalde osoaren hiru laurdenetan bere administrazioa ezarri zuen.

FNLren barnean, bi tropa-mota bereizten ziren: herri-milizia, tokian tokiko gerrilla-ekintzak egiten zituena, eta tropa erregularrak, higikortasun handikoak eta etsaiari oste handitan erasotzeko gai zirenak. FNLren esku zeuden lurraldeen aurkako bonbardaketa etengabeek biztanleak bertatik alde egitea eta kontrolaturiko hirietara biltzea zuten helburu, baina ondorio latzak ekarri zituzten: nekazaritza-guneak hondaturik eta abandonaturik geratu ziren, eta hirietara gehiegizko jendetza bildu zen denbora laburrean. Gizartea guztiz desegituratua geratu zen. Vietnamgo Errepublikaren ekonomia guztiz Estatu Batuen mende geratu zen.

1968ko urtarriletik martxora, FNLk Tet erasoaldia jo zuen: gerrillari-talde handiak erabiliz, 34 probintzia-hiriburuz eta garrantzi txikiagoko beste hainbat hiriz jabetu zen denbora batez. Estatu Batuek, beren estrategiaren porrotaz oharturik, iparraldeko bonbardaketak geldiarazi zituzten 1968ko martxoak 31n. Hanoik bake-negoziazioak hastea proposatu zuen, eta Johnsonen administrazioak elkarrizketak hastea onartu zuen: Parisko bake konferentzia, 1968ko maiatzean hasi zena.

1965etik aurrera, Estatu Batuetan geroz eta jende gehiagok azaltzen zuen gerraren aurkako iritzia, batez ere ikasleen artean. 1968an, Richard Nixon presidente hautatua izan ondoren, Estatu Batuetako agintari berriek vietnamdartzea deitu estrategia berria abiatu zuten: beren tropak gutxitzen hasi ziren arian-arian eta, aldi berean, Saigongo erregimenari erabateko laguntza ekonomikoa zein militarra ematen zioten. FNLk 1969ko ekainean Behin-behineko Gobernu Iraultzailea sortu zuen. 1969ko abuztuan, Washington eta Hanoi isilpeko negoziaketan hasi ziren Parisen, Henry Kissinger eta Lê Ðức Thọ ordezkari nagusiak zirela.

Aldi berean, ordea, Estatu Batuek bere aire-indar guztia erabili zuten oinezko tropen murrizketa orekatzearren eta Ho Chi Minh bidea deitua (iparraldetik hegoalderako laguntza bideratzen zuena) hondatzearren. Xede horretan, CIAk Kanbodian sustaturiko estatu-kolpeak Norodom Sihanouk neutralista eraitsi zuen 1970eko martxoan eta, ondoren, hegoaldeko gudarostea amerikarrekin batera sartu zen herrialde hartan; antzeko ekintza egin zuten Laosen 1971ko martxoan. Ahalegin horiek guztiek ez zuten inolako garaipen garbirik ekarri; aitzitik, etsai guztien batasuna ekarri zuen (Ipar Vietnam, FLN, Pathet Lao, Kanbodiako gerrilla). Borrokatokiak ugaldu ziren, eta herri-armada zenbait lurralde estrategikoz nagusitu zen: Mekong haraneko goi-eskualdeak, Kanbodiako iparraldea, etab. 1971ko ekaina-uztaileko negoziaketan, Estatu Batuek uko egin zioten Hanoik eta Behin-behineko Gobernu Iraultzaileak aurkezturiko bake-planari, Nguyên Van Thieuren dimisioa eta nazio-akordiorako gobernua eskatzen baitzituzten.

1972ko martxoaren 30ean, FLNren indarrek eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoko gudarosteek erasoa jo zuten; Quang Tri probintziaz jabetu ziren, eta Saigondik 100 kilometrora hurbildu. Erantzun gisa, Iparraldeak gerra-hasieratik izandako bonbardaketarik gogorrenak eta hilgarrienak jasan zituen (Hanoi, Hai Phong). Halaber, Estatu Batuek minak jarri zituen iparraldeko portuetan, eta erabateko blokeoa ezarri zuen.

Zigor horiek gorabehera, FNLri irabazteko ezintasuna gero eta garbiago ageri zen Estatu Batuentzat eta 1973ko urtarrilaren 15ean bonbarbaketak gelditu zituzten. Handik egun gutxira, urtarrilaren 27an, bake-ituna sinatu zuten. Estatu Batuek bi administrazioen existentzia onartzen zuten Hegoaldeko Vietnamen eta, nazio-akordiorako batzordea eratu aurretik, su-etenaren beharra aitortzen zuten.

Guztiarekin ere, Van Thieuren gudarosteak, Estatu Batuek bultzaturik, ahaleginak egin zituen Behin-behineko Gobernu Iraultzailearen mendeko eskualdeak eskuratzearren; baina, haien kontraerasoak beharturik, 1975eko martxoan Thieuren gudarostea erdialdeko goi-lautadetatik erretiratu zen, Saigonen inguruko defentsa-perimetroa finkatzeko. Hala ere, Behin-behineko Gobernu Iraultzailearen etengabeko garaipenek etsaien desmoralizazioa eragin zuten eta, apirilaren 30ean, haien eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren gudarosteak Saigonen sartu ziren.

Vietnam batuaAldatu

1976ko uztailean, iparraldeak eta hegoaldeak Vietnamgo Errepublika Sozialista eratu zuten, eta Tôn Đức Thắng izan zen lehenengo presidentea. Nazio askok berehala ezagutu zuten estatu berria. Egin beharreko lana, ordea, handia zen. Oinarri ezberdineko bi sistema ekonomiko adostu beharra zegoen, eta gerraren ondorioei aurre egin behar zitzaien: Saigonen 500.000 pertsona lanik gabe zeuden, eta laborantza lurretara itzuli behar zuten, bonbardaketak deseginik ziren lurraldeetara hain zuzen; amerikarrak erretiratu ondoren, 300.000 prostituta geratu ziren, eta droga gogorren mendekotasunak jotako 20.000 lagun inguru.

Gerra ondoren, milioi inguru pertsonak ihes egin zuen, aurreko erregimenarekin zerikusia zutenen eta erdi-mailako klaseko pertsonen artean. Auzo-herriekiko harremanei dagokienez, 1978ko abenduan, SESBen eta Txinaren arteko etsaigoaren ondorioz, Vietnamgo gudarosteak Kanbodiari eraso zion eta, Txinaren laguntza zuen Khmer Gorrien gobernuaren ordez, beren aldeko gobernua ezarri zuen aginpidean. Ekintza horren ondorioz, 1979ko otsailaren 17an Txinaren erasoa jasan behar izan zuen. 1989ko irailean, Vietnamek bere tropa guztiak atera zituen Kanbodiatik, eta 1990ean itun bat sinatu zuen Txinarekin gatazkari amaia emateko.

1992an konstituzio berria onartu zen. Lege-nagusi hark aukera ematen zuen hauteskundeetan hautagai independenteak aurkezteko. Hala eta guztiz ere, urte hartako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaien % 90 Alderdi Komunistako kide ziren. Urte hartan bertan, Estatu Batuetako senatari-batzorde batek Vietnam bisitatu zuen 2.000 gerra-presoei buruz hitz egiteko. Pribatizazio-neurriek eta atzerriko inbertsioen liberalizazioak BPGa % 8,3 igotzea ekarri zuen. Garai hartan, Vietnamgo kanpo-ekonomia bi gairen mende zegoen: arroza eta, maila apalagoan, petrolioa. Arrozaren ekoizpenaren igoerak onurak ekarri zizkion batez ere hegoaldeari eta, aldi berean, nabarmendu egiten zituen Vietnam hegoaldearen eta iparraldearen arteko desberdintasunak.

1993an, langabezia % 30era iritsi zen, eta kontrabandoa gorantz zihoan. Estatu Batuen boikota urte hartan hasi zen desagertzen, Senatuko batzorde batek azaldu zuenean Vietnamen ez zegoela preso estatubatuar soldadurik. 1994ko otsailean, 19 urte igaro ondoren, Bill Clintonek merkataritza-blokeoaren amaiera iragarri zuen. Alderdi Komunistak gogor egiten zion kontra politikaren eta ekonomiaren liberalizazioari. Vietnam eta Estatu Batuen artean 1995. urteaz geroztik hasi ziren harreman diplomatikoak. Harreman haien ondoren, askok uste zuten Estatu Batuetako enpresa asko berehala joango zirela Vietnamera inbertsioak egitera, baina ez zen horrenbestekoa izan, zain baitzeuden Vietnamgo ekonomia noiz liberalizatzen zen.

1997an, Asiako diru-krisia iritsi zen herrialdera. Urte hartako bozetan, Trần Đức Lương hautatu zuten presidente, eta Phan Văn Khải lehen ministro. 1998an, lehorteak 7.000 kafe-sail hondatu zituen, eta beste 40.000 galtzeko zorian utzi. 1999an, uholdeek kalte latzak eragin zituzten ekonomian. Ustelkeria gero eta gehiago zabaldu zen eta, 1998an, arazo nazionaltzat aitortu zuten agintariek; hiru funtzionario hil zituen gobernuak, ustelkeria egotzita, eta hainbat ministro eta goi-mailako kargu dimisioa ematera behartu zituzten.

2000n eta 2001ean, hainbat hitzarmen sinatu ziren Vietnamen eta Estatu Batuen artean. 2002an, ehunka pertsona eta erakunde epaitu zituzten bankuetan iruzurra egiteagatik. Uztailean, Trần Đức Lương berriz aukeratu zuten presidente eta Phan Văn Khải, berriz, lehen ministro. 2004an, hegazti gripearen pandemia izan zen herrialdean, baina urte hartan bertan indargabetu zuten gaixotasuna. 2005ean, gerra bukatu izanaren 30. urteurrena ospatu zuten. Phan Văn Khải lehen ministroa aurrenekoz joan zen Estatu Batuetara bisita ofizialean. 2006an, legebiltzarrak ikerketa sakon bat egin zuen hainbat ministeriotako ustelkeria argitzeko, eta, azkenean, lehen ministroak eta goi-mailako beste kargudun batzuek dimisioa eman behar izan zuten. 2007an, Nguyễn Tấn Dũng lehen ministro berriak gobernua eraberritu zuen.

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Vietnam alderdi bakarreko errepublika marxista-leninista unitarioa da. Vietnamgo Alderdi Komunistak (lehenago Vietnamgo Lanaren Alderdia) kontrolatutako sistema baten bidez gobernatzen da. Presidentea da estuburua, eta lehen ministroa gobernuburua.[3] Gobernua, teorian, alderdi komunistatik independentea den arren, alderdiak hartzen ditu erabakirik garrantzitsuenak. Legebiltzarrak ganbera bakarra du, Vietnamgo Biltzar Nazionala Quốc hội Việt Nam, 500 kidez osaturik dagoena.[3]

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Vietnamen banaketa administratiboa»

Vietnam 59 probintziatan (vietnameraz: Tỉnh) eta probintzia-mailako 5 udalerritan (vietnameraz: thành phố trực thuộc trung ương) banaturik dago; probintziak barrutitan eta udalerritan azpibanaturik daude. Vietnamgo gobernuak zortzi eskualdetan batzen ditu probintziak:

Vietnamgo probintziak

Uharteak:

*-Phu Quoc (Kiên Giang probintzia [58])

**-Con Dao (Con Dao barrutia, Bà Rịa–Vũng Tàu probintzia [51])

***-Paracel uharteak (Hoàng Sa barrutia, Đà Nẵng [4])

****-Spratly uharteak (Trường Sa barrutia, Khánh Hòa probintzia [43])


6. Điện Biên
22. Hòa Bình
7. Lai Châu
8. Lào Cai
16. Sơn La
12. Yên Bái


20. Bắc Giang
14. Bắc Kạn
10. Cao Bằng
9. Hà Giang
11. Lạng Sơn
17. Phú Thọ
21. Quảng Ninh
15. Thái Nguyên
13. Tuyên Quang


1. Hanoi (udalerria)
3. Hai Phong (udalerria)
19. Bắc Ninh
26. Hà Nam
24. Hải Dương
23. Hưng Yên
27. Nam Định
28. Ninh Bình
25. Thái Bình
18. Vĩnh Phúc


31. Hà Tĩnh
30. Nghệ An
32. Quang Bình
33. Quảng Trị
29. Thanh Hóa
34. Thừa Thiên–Huế


41. Đắk Lắk
42. Đắk Nông
38. Gia Lai
37. Kon Tum
44. Lâm Đồng


4. Da Nang (udalerria)
39. Bình Định
46. Bình Thuận
43. Khánh Hòa
45. Ninh Thuận
40. Phú Yên
35. Quảng Nam
36. Quảng Ngãi


2. Ho Chi Minh Hiria (udalerria)
51. Bà Rịa–Vũng Tàu
49. Bình Dương
47. Bình Phước
50. Đồng Nai
48. Tây Ninh


5. Cần Thơ (udalerria)
56. An Giang
62. Bạc Liêu
55. Bến Tre
63. Cà Mau
53. Đồng Tháp
59. Hậu Giang
58. Kiên Giang
52. Long An
61. Sóc Trăng
54. Tiền Giang
60. Trà Vinh
57. Vĩnh Long

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Cham etniako emakumeak dantzan.

Vietnamek 96,2 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 22,6; 15-24 urte bitartekoak, % 15,2; 25-54 urte bitartekoak, % 45,7; 55-64 urte bitartekoak, % 9,5; eta 65 urtetik gorakoak, % 6,9. Bizi itxaropena 75,5 urtekoa da: 72,9 urtekoa gizonezkoena eta 78,4 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[3]

Biztanleriaren dentsitatea 290 bizanle/km2 bada ere, alde handiak daude eskualde batetik bestera: Ibai Gorriaren deltan bizi da biztanleen % 27, lurraldearen % 8 besterik ez izan arren (1.000 biztanle/km2); Mekongen deltan, berriz, biztanleen % 35 lurraldearen % 19an (445 biztanle/km2). Erdialdeko kostaldeko lautadetan biztanleriaren dentsitate handia da; mendiguneetan, aldiz, oso jende gutxi bizi da.

Bi gerren ondorioz, biztanleen lekualdatze handia izan zen herrialdean bertan: iparraldeko katolikoak hegoaldera, hegoaldeko iheslariak iparralderantz, herrietako biztanleak hirietara hegoaldean, eta alderantziz iparraldean. 1975eko batasunaren ondoren, jende asko ekonomiaren gune berrietara joan zen. Atzerrira ere iheslari asko joan ziren (1,3 milioi 1975-1989 bitartean), Estatu Batuetara, Kanadara, Australiara eta Frantziara gehienak. Horiez gain, 270.000 langile inguru Ekialdeko Europako herrialde sozialistetara joan ziren, baina gehienak etxera itzuli ziren 1990eko hamarkadaren hasieran.[3]

Banaketa etnikoaAldatu

Etnia anitzeko herrialdea da. Gobernuak 54 talde etniko ezberdin onartzen ditu, zortzi familia linguistikotatik eratorriak (Viet-Muong, Tay-Thai, Mon-Khmer, Mong-Dao, Ka-Belt, Nam duc, Han eta Tang). Banaketari dagokionez: vietnamdarrak, edo kinh, dira gehienak, % 85,3. Tay-ak, %  1,9 dira; thai-ak, % 1,9; muong-ak, % 1,5; khmer-ak, % 1,4; nung-ak, % 1,1; besteak, % 5,2.[3] Eskualde menditsu eta landatarretan biltzen dira gutxiengo etnikoak, baina herrialde osoan zehar ere sakabanatu dira, gerraren eta migrazioaren ondorioz. Komunitate eta herrixka askotan elkarrekin bizi dira 3-4 talde etniko desberdin.[6]

HizkuntzakAldatu

Vietnamera da hizkuntz ofiziala, eta ingelesa gero eta gehiago mintzatzen da. Frantsesa, txinera, khmerera, tai-kadai, monera-khmerera, kantonera eta zenbait mintzaira malaiar-polinesiar ere hitz egiten dira.[7]

ErlijioaAldatu

2020ko datuen arabera, vietnamdar gehienak, % 73.7, ez dira erlijio antolatuen jarraitzaileak, baina erlijio tradizionalen erritoak praktikatzen dituzte. Budistak % 14,9 dira, kristauak % 8,5 (katolikoak % 7,4, protestanteak % 1,1), Hòa Hảo budistak % 1,5, eta Caodaismoaren jarraitzaileak % 1,2.[8]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

Vietnam herrialde pobrea da: urteko batez besteko errenta 240 dolarrekoa zen laguneko 1995ean, eta 1.168 dolarrekoa 2010ean. Ekonomian eta aberastasunean alde handiak daude eskualde batetik bestera. Ekonomia kolonialaren ondoren (1954), bi erregimen izan ziren, komunista iparraldean eta kapitalista hegoaldean. Iparraldean, nekazaritzaren erreforma ahularen ondoren, 1975. urteaz geroztiko kolektibizazio-programak (kooperatibak) ez zuen nekazaritza-ekoizpena hazterik lortu. 1979. urtetik aurrera, ordea, familiara mugatutako ustiakuntza-sistema hartu zuten. 1988 eta 1989. urteetan izan ziren liberalizazioekin bizkortu egin zen kolektibizazioak amaitzeko prozesua. 1993ko ondasunen gaineko lege berriaren bidez, indartu egin zen nekazariek lurra erabiltzeko eskubidea. Arroz-ekoizpena bikoiztu egin zen 1980tik 1996ra. Industriak izan zuen bilakaera nekazaritzaren oso antzekoa izan zen. 1979. urteko lehenengo liberalizazioa 1987an berretsi zen atzerriko inbertsioak indartzen zituen lege baten bidez. 1990-1996 urteen bitartean, ekonomia vietnamdarrak % 8-9,5 bitarteko urteko hazkundea izan zuen. Baina 1997ko Asiako krisiak geldiarazi egin zuen hazkunde hori.

NekazaritzaAldatu

 
Vietnamdarrak baratzeak lantzen.

Nekazaritza da Vietnamgo ekonomiaren oinarria: BPGren % 28 hartzen du eta langileen % 72 (1995). Mekong ibaiaren deltan ekoizpenaren % 38 lantzen da, eta Ibai Gorriaren deltan, berriz, % 18. Delta-inguruetako lurraren % 90 arroza lantzeko erabiltzen da (19,4 milioi tona urtean) eta, toki askotan, bi uzta biltzen dira urtean. Arrozaz gainera azukre-kanabera, artoa, batata, tea, barazkiak, mandioka, tabakoa, soja, kafea, kotoia, hebea (kautxua) eta fruitu garratzak lantzen dira, besteak beste. Vietnam burugaina da elikagaiei dagokionez, eta 1989. urtetik aurrera munduko hirugarren arroz-esportatzailea da Thailandia eta Estatu Batuen ondoren. 1990eko hamarraldian, txerri- eta hegazti-hazkuntzak garrantzi handia hartu zuen. Arrantzak ere gora egin du azken hamarraldiotan, eta proteina-iturri nagusia bihurtu da (400.000 tona 1980an, 900.000 1995ean). Basoak lurraldearen % 44 hartzen zuen 1943an, eta 1995ean, berriz, % 23. Basoaren urritze horrek bi arrazoi nagusi ditu: batetik, herrialdeko bertako erabilera, eta, bestetik, estatubatuarren kontrako gerra. Basoaren urritzea lehen mailako arazo bihurtu da vietnamdarrentzat, eta 1992an gobernuak debekatu egin zuen zuraren esportazioa.

Mea- eta energia-baliabideakAldatu

Vietnamek aberastasun handia du lurpean, ikatza eta burdin mea batez ere (ipar-ekialdea). Bauxita, kromoa, kobrea, eztainua, titanioa, zinka, urrea, apatita, fosfatoak eta harribitxiak ere badira. Ustiatzen den ikatzaren parte bat Japoniara esportatzen da. Petrolioa 1986. urteaz geroztik ustiatzen da, hegoaldean aurkitu diren itsaspeko hobiei esker. Ateratzen den petrolioaren bostena Japoniara eta Singapurrera esportatzen da. Hala eta guztiz ere, petrolioaren ustiaketa ez da uste bezainbestekoa izan. Gas naturaleko hobiak ere garrantzizkoak dira. Elektrizitatearen produkzioa urria da, hegoaldean batez ere.

IndustriaAldatu

Industriak BPGren % 30 hartzen du (% 22 eskulangintzako industriak), eta langileen % 13k dihardu sektore horretan lanean (1995). 1987. urteaz geroztik, ordu arteko estatuaren mendeko sistemaren ordez merkatu-ekonomia nagusitu zen. Kontsumo-ondasunak, esportaziora zuzenduak batez ere, indartu ziren. Iparraldean industria astunak eta ekipo-ondasunak (siderurgia, engranajeak, papera) dira nagusi. Industria arinak eta eskulangintza, eskulan merkearekin, hegoaldean daude batez ere: ehungintza, elikagaiak, osagai elektrikoak eta elektronikoak. Vietnamek merkataritza-harremanak ditu Singapur, Hego Korea, Japonia eta Taiwanekin. Turismoa gorantz doan sektorea da (1,6 milioi turista 1996an). 1997ko Asiako krisiaren ondorioz, esportazioak eta hazkunde-tasa nabarmen jaitsi zen, eta donga debaluatu egin zen (% 20).

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b c Vietnam. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-7-18).
  3. a b c d e f Vietnam. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-7-18).
  4. Cima, Ronald J.. Geography. Vietnam: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1987, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2022-7-20).
  5. a b Indotxina, Frantziakoa. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-24).
  6. Ethnic minorities and indigenous people. vietnam.opendevelopmentmekong.net (Noiz kontsultatua: 2022-10-6).
  7. Vietnam. Berriaren Estilo Liburua, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-6).
  8. 2018 Report on International Religious Freedom: Vietnam. Office of International Religious Freedom, state.gov (Noiz kontsultatua: 2022-10-6).

Kanpo estekakAldatu


Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
 

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

 

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
 

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
 

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
 

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan