Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa

Ikus, gainera: «Euskararen hotsak»

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa (NAF edo IPA, International Phonetic Alphabet) hizkuntzalariek asmatutako transkripzio sistema bat da, adituek munduko hizkuntza guztien soinuak edo hotsak idatziz jasotzeko era bateratu bat eskuratzeko helburuarekin. Alfabeto fonetikorik erabiliena da munduan, Estatu Batuetako erakundeetan izan ezik. NAFa Parisen sortu zen 1886an Nazioarteko Fonetika Elkartearen eskutik, baina urteen joan-etorrian, aldaketak izan ditu, zehazki 1989, 1993 eta 1996. urteetan. Latindar alfabetoan oinarrituta dago nagusiki. 2005.ean, 107 letra eta 56 ikur diakritiko eta suprasegmental zituen.

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren euskarazko itzulpena; 2021eko bertsioa.

Historia aldatu

NAFa 1886an sortu zuen Paul Passyk zuzentzen zuen frantses eta britainiar hizkuntza irakasle talde batek. Talde hori geroago Nazioarteko Fonetika Elkartea bilakatu zen. Hasieran, hizkuntza bakoitzerako alfabeto fonetikoa garatzea pentsatu zuten baina, azkenean, alfabeto fonetiko unibertsala egitea hobetsi. Lehena 1988an argitaratu zen; geroztik, aldaketa sakonak egin zaizkio.

Deskripzioa aldatu

 
2018ko NAFaren taula, ingelesez. Gorago agertzen den taularen sorburua da.

Ikurrak hautatzerakoan, ez zuten latindar alfabetotik asko aldendu nahi. Horregatik, ikur gehienak latindarrak edo greziarrak dira. Azken urteetan, ordea, beste alfabetoetatik letra gehiago onartu dira.

Hainbat letra eta sinbolo diakritiko dituenez, NAFa transkripzio estua lortzeko oinarrizko lanabesa da.

Erabilpena aldatu

Transkripzioa, zehaztasunaren arabera, estua edo zabala da. Estua denean, hotsa edo forma ahal den bezain zehazki idazten da, bereizi nahi den hots bakoitzerako ikur bana erabiliz. NAFa horretarako asmatu zen, transkripzio estu edo zehatzak egiteko, hain zuzen; baina estua lortzeko, NAFa erabiltzen jakitea ez da nahikoa. Hizkuntza jakin batean transkripzio estu egokiak egiteko, "belarria ohitua" behar da. Izan ere, hizkuntza jakin batean ondo trebaturik ez dagoenak, aditua izanda ere, lanak izango bide ditu hotsak behar bezala bereizteko.

Transkripzio zabalak, berriz, bereizketa gutxiago egiten ditu hotsen artean, hau da, dialektoen edo hizkera erregistroen hainbat tasun ñabardura handiegirik gabe islatzen ditu. Transkripzio zabalak egiten dira transkripzioaren helburua fonetika-kontuetatik urrun dagoenean. Esate baterako, ikerketa soziolinguistiko bateko transkripzio batean ñabardura fonetiko-fonologikoek, agian, ez dute zertan ardura berezia izan.

Hizkuntzalaritzari buruzko hainbat liburuk eta hiztegi askok alfabeto hori erabiltzen dute gaur egun, bereziki ingelesaren ahoskerari buruz argibideak emateko.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu