Hue[1] (vietnameraz: Huế, hwe˧˥ ahoskatua) Vietnamgo hiria da, Annam lurraldean dagoena, itsasotik 10 km-ra. Thừa Thiên–Huế probintziako hiriburua da. Merkataritzagune garrantzitsua da, eta oihalgintza (kotoia, zeta) ere ekonomia jarduera nabarmena da hiri hartan. Hiriko Phu Bai aireportuak nazioarteko hegaldiak hartzen ditu.
XVII. mendean Annamgo Nguyen jaunek Hue hirian ezarri zuten beren egoitza. Gia Long enperadoreak hiria gotortu eta Annamgo hiriburu bihurtu zuen. 1883an, frantsesek hartu zuten mendean, eta, askapenerako gerran, ia guztiz deseginda geratu zen (1968ko eta 1972ko guduak). Hueko kulturak zeresan handia izan du vietnamdar zibilizazio modernoan.