Thailandia[1] Hego-ekialdeko Asiako estatua da, Thailandiako Golkoaren eta Andaman itsasoaren artean dagoena. Mugakide ditu Laos eta Kanbodia ekialdean, Malaysia hegoaldean eta Myanmar mendebaldean. Siam edo Siam Erresuma izenez ere ezagutzen da, estatuaren izen ofiziala izan baitzen 1949ko maiatzaren 11 arte.

Thailandiako Erresuma
ราชอาณาจักรไทย ("Ratxa-anatxakra Thai")
Ereserkia: Thai National Anthem (en) Itzuli

Thailandiako bandera

Thailandiako armarria
Geografia
HiriburuaBangkok
13°45′0″N 100°31′12″E
Azalera513.119,5 km² (49.)
Punturik altuenaDoi Inthanon
Punturik sakonenaThailandiako golkoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakLaos, Kanbodia, Malaysia, Myanmar, Khmer Errepublika eta Kedah
Administrazioa
Gobernu-sistemamonarkia konstituzional
Thailandiako erregeaMaha Vajiralongkorn
Thailandiako lehen ministroaSrettha Thavisin
LegebiltzarraNational Legislative Assembly of Thailand (2014) (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria66.188.503 (2017) (51.)
256.953 (2016)
Dentsitatea128,99 bizt/km² (88.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioabudismo, islam eta kristautasun
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 20
Emankortasun-tasa1,54 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak1.025.331 (2015)
Alfabetizazioa% 93,8 (2018)
Bizi-itxaropena77,41 (2021)
Giniren koefizientea35 (2020)
Giza garapen indizea0,8 (2021)
Ekonomia
BPG nominala455.220.920.571,13 $ (2017)
43.465.755.738,455 (2016)
BPG per capita6.595 $ (2017)
616 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa1.236.472.138.879 nazioarteko dolar (2017)
68.755.499.048 (2016)
BPG per capita EAPn17.910,149 nazioarteko dolar (2017)
953,178 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala3,2 % (2016)
Erreserbak202.538.295.197 $ (2017)
30.766.223.340 (2016)
Inflazioa1,1 % (2016)
2 (2015)
Historia
Sorrera data: 1768ko abenduaren 28a eta 1238
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+66
ISO 3166-1 alpha-2TH
ISO 3166-1 alpha-3THA
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli, NEMA 5-15 (en) Itzuli, Europlug (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.th
thaigov.go.th

Hiriburua Bangkok da.

Geografia aldatu

Thailandia Indotxinako penintsulako zati da, Kra istmoraino iristen dena, bertan Malasiar penintsula hasten baita. Estatua 805 km luze da ekialdetik mendebaldera eta 1.770 km iparretik hegoaldera. 514.000 km²-ko azalera du, Espainiaren antzekoa.

Eskualde geografikoak askotarikoak dira, hein batean probintzien mugekin bat egiten dutenak. Iparraldea menditsua da oso, eta gailur garaiena Doi Inthanon da (2.576 m). Ipar-ekialdean Khorat goi-ordokia dago, ekialdetik Mekong ibaiak mugatua. Erdialdean Chao Phraya ibaiaren haran laua dago, Thailandiako Golkoan isurtzen dena. Hegoaldea Kra istmo estua da, Malaysiako penintsula sortzeko zabaltzen dena.

Klima eta landaredia aldatu

Bertako klima tropikala da, eta ezaugarri nagusia montzoiak dira. Maiatz erditik irailera hego-mendebaldeko montzoi euritsu, bero eta lainotsua izaten da, Indiako ozeanotik sartzen den haizearen eraginez. Azarotik maiatz erdira ipar-ekialdeko montzoi lehor eta epela izaten da; orduan giroa hotzagoa da, iparraldean batez ere. Hegoaldeko istmoa beroa eta hezea da urte osoan zehar.

Hala ere, klima samurra da oro har: sasoirik beroenean, 29 °C izaten dira Chiang Mai-n (iparraldea) eta 30 °C Bangkoken; sasoirik hotzenean, 21 °C Chiang Main eta 25 °C Bangkoken.

Euriari dagokionez, alde handi samarrak daude eskualde batzuetatik besteetara. Khorateko ordokia, Bangkoketik Uttaradit-a bitarteko zelaiak eta ipar-ekialdea nahiko lehorrak dira; batez beste 1.000 mm inguru euri egiten du urtean: Bangkoken, 1.400 mm; Chiang Main, 980 mm. Erdialdean eta hegoaldean, berriz, euri asko egiten du: Chanthaburin (Kanbodiako mugaldean), 3.097 mm inguru; Phuketen (Malaysiako penintsularen erdialdean), 2.700 mm inguru eta Songkhla-n (penintsula horren hegoaldean), 2.200 mm inguru.

Thailandiako lurraldearen herena oihanez estalia da, zuhaitz erretxinadun eta zur gogorrekoez batez ere; baina hazten dira palmondoak, banbuak, ihiak eta hainbat iratze mota ere.

Banaketa administratiboa aldatu

 
Thailandiako 76 probintziak.

Thailandia 76 probintziatan (จังหวัด, changwat) banatua dago, 5 taldeetan elkartuak kokapenaren arabera. Gainera bi barruti berezi daude: Bangkok hiriburua bera eta Pattaya, lehenak probintzia maila eta bigarrenak Chon Buri probintzian izanik baita ere.

Probintzia bakoitza barruti txikiagotan banatuak daude. 2000an 796 barruti zeuden (อำเภอ, amphoe), 81 barruti txiki (กิ่งอำเภอ, king amphoe) eta Bankokeko 50 barruti (เขต, khet). Probintzien izenak hiriburuenak dira.

Hauek dira 76 probintziak:

Erdialdea

  1. Ang Thong
  2. Phra Nakhon Si Ayutthaya
  3. Bangkok
  4. Chai Nat
  5. Kanchanaburi
  6. Lop Buri
  7. Nakhon Nayok
  8. Nakhon Pathom
  9. Nonthaburi
  10. Pathum Thani
  11. Phetchaburi
  12. Prachuap Khiri Khan
  13. Ratchaburi
  14. Samut Prakan
  15. Samut Sakhon
  16. Samut Songkhram
  17. Saraburi
  18. Sing Buri
  19. Suphan Buri

Iparraldea

  1. Chiang Mai
  2. Chiang Rai
  3. Kamphaeng Phet
  4. Lampang
  5. Lamphun
  6. Mae Hong Son
  7. Nakhon Sawan
  8. Nan
  9. Phayao
  10. Phetchabun
  11. Phichit
  12. Phitsanulok
  13. Phrae
  14. Sukhothai
  15. Tak
  16. Uthai Thani
  17. Uttaradit

Ipar-ekialdea

  1. Amnat Charoen
  2. Buri Ram
  3. Chaiyaphum
  4. Kalasin
  5. Khon Kaen
  6. Loei
  7. Maha Sarakham
  8. Mukdahan
  9. Nakhon Phanom
  10. Nakhon Ratchasima
  11. Nong Bua Lamphu
  12. Nong Khai
  13. Roi Et
  14. Sakon Nakhon
  15. Si Sa Ket
  16. Surin
  17. Ubon Ratchathani
  18. Udon Thani
  19. Yasothon

Ekialdea

  1. Chachoengsao
  2. Chanthaburi
  3. Chonburi
  4. Prachinburi
  5. Rayong
  6. Sa Kaeo
  7. Trat

Hegoaldea

  1. Chumphon
  2. Krabi
  3. Nakhon Si Thammarat
  4. Narathiwat
  5. Pattani
  6. Phang Nga
  7. Phatthalung
  8. Phuket
  9. Ranong
  10. Satun
  11. Songkhla
  12. Surat Thani
  13. Trang
  14. Yala

Hiri nagusiak aldatu

Nakhon Ratchasima, Chiang Mai, Hat Yai, Khon Kaen eta Nakhon Sawan.

Biztanleak aldatu

Datu orokorrak aldatu

Hizkuntzak: thailandiera (ofiziala), ingelesa (bigarren hizkuntza goi mailako gizartean), eta hainbat dialekto.

Erlijioa: budismoa, % 95, musulmanak % 3,8, kristauak % 0,5, hinduismoa % 0,1, gainerakoak % 0,6.

Etniak: thaiak, % 79,5 (% 52,6 siamdarrak eta % 26,9 laostarrak); txinatarrak, % 12,1; malaysiarrak, % 3,7; khmerrak, % 2,7; gainerakoak, % 2.

Demografia aldatu

Lurraldeari dagokionez, zabalduena dauden herriak thaiak (budistak % 86), mun-khmerrak, karemak eta malaysiarrak dira. Thaiak Txina hegoaldetik iritsi ziren Thailandiara XIII. mende inguruan. Malaysiarrak Malaysiako mugaldean bizi dira; karem herrikoak, Birmaniako mugalde guztian; mun-khmerrak Kanbodiako mugaldean eta thaiak, gainerako guztian. Badira, horiez gainera, txinatarrak, semang herrikoak, tibeto-birmaniarrak eta miao-yaoak ere. Txinatarrak Bangkoken eta gainerako hiri nagusietan bizi dira; semang herrikoak, Malaysiako mugaldean; tibeto-birmaniarrak eta miao-yaoak, iparraldean. Hegoaldeko lau probintzietan malaysiar musulman gutxiengo bat bizi da.

Lurralde horretan malaysiera thai hizkuntza baino gehiago erabiltzen da; bestalde, talde horrek gizarteratze arazoak izan ditu, eta talde separatistak osatu dira. Talde horien ekintzez gainera, alderdi komunistaren ekintzak ere hartu behar dira kontuan, eta horrek segurtasun gabezia haztea ekarri du ondorioz.

Jaiotza tasa jaisteak eta bizitza maila igotzeak biztanleriaren hazkundea jaitsarazi du (% 3,4 1960an, % 1,5 1996an). Thailandiako biztanle gehienak nekazariak dira (% 80) eta batez besteko dentsitatea 117 bizt./km2-ko da.

Thailandian ez dago ia hiririk; Bangkok eta haren inguruak Asiako metropoli handienetako bat osatzen dute (10 milioi biztanle). Bangkok Handiak NPGren erdia sortzen du, eta industria ekoizpenaren hiru laurdenak. Bangkok urteko % 5 hazten ari da, eta gobernuak saio ugari egin baditu ere hazkundea planifikatzeko eta hiria arintzeko (hiri satelite berriak sortu, taldeko garraioak eta zirkulazioa hobetu, aireportu berria) emaitzak oraindik eskasak dira.

Gutxiengo etnikoak aldatu

Chiang Mai, Mae Hong Son eta Chiang Rai probintzietan bizi dira thai etnia nagusiarekin identidikatzen diren talde etniko nagusiak. Thailandiako ikuspegitik, kanpotik etorritakotzat jotzen dituzte, baina egiazki, Akha, Lahu, Lisu, Shan eta Karen herriek Txina hegoaldearekin dute konexio historikoa, thai herriak bezalatsu hain zuzen[2]. Hauen artean Shan eta Karen herriek Birmania eta Thailandia arteko estatu propioen sorrera aldarrikatu izan dute.[3] Karen taldearen azpimultzo batzuetan (Kayan direlakoak, adibibidez) ohitura dago emakumeek lepoa luzatzekoa, umetandik uztaiak jarrita, turistentzako "emakumezko lepaluzeen" espektakulu bilakatu direlarik 20. mende amaieratik.

Beste etnia batzuk, Laosko mugarik gertuago, Hmong eta Yao herriak dira. Asia hego-ekialdeko negrito taldeen artean, bada bat Thailandian bizi direnak, Mani edo Maniq herria.[4]

 
Thailandiako talde etnikoen mapa

Ekonomia aldatu

 
Chiang Maiko arroz-larrainak.

Nekazaritzak BPGren % 40 hartzen zuen 1960an, baina % 10,6 besterik ez 1996an. Hala eta guztiz ere, biztanleen % 60 nekazaritzan aritzen da lanean. Thailandia arroz, kautxu eta mandioka esportatzaile nagusia da munduan, eta bigarrena azukreari dagokionez. Thailandia buruaskia da arroz ekoizpenean, baina ekoizpen maila Asiako txikienetakoa da hala ere. Herrixketako nekazarien irabaziak urriak dira; horregatik, lursail asko hirietako lurjabe merkatarien eskuetara igarotzen ari da, espropiazioak eta hipotekak direla bide; herri horietako gazte askok, bestalde, lurjabe horientzat lan egin behar izaten dute, haien lursailetan edo eraikuntzan, eta oso jornal eskasaren truke askotan.

Nekazarien beste diru iturrietako bat, Thailandiako, Birmaniako eta Laosko mugaldean bizi direnena batez ere, opio belarra da; muga horietako opio belarrik gehiena Birmanian eta Laosen lantzen da, baina horren % 50 Bangkok-etik zabaltzen eta bideratzen da kanpora. Bananak, kokoa, anana eta artatxikia ere lantzen dira. Tabakoa eta soja ere esportatzen dira. Errepide sarea hobetzeak onura asko ekarri dizkio nekazaritzari.

Abeltzaintzari dagokionez, behiak eta txerriak hazten dira gehienbat, baina ez dituzte herrialdeko bertako beharrak asetzen. Nekazaritzaren hazkundeak basoaren gutxitzea ekarri du (lurraldearen % 55 1965ean, % 26 1995ean), eta aldi berean, gehiegizko higadura eta lurraren pobretzea eragin du; hala, Thailandia zur inportatzaile bihurtu da.

Pobretasun maila jaitsi bada ere, eskualde batetik bestera alde handia dago; ipar-ekialdea eta iparraldea dira lurralde pobreenak. Nekazaritzaren hazierarekin desberdintasunak handitu egin dira. Arrantza oso aurreratua dago; arrainak, soinberak eta oskoldunak dira thailandiarren proteina iturri nagusiak. Ontzidia berritzearen ondorioz, zenbait inguru gehiegi ustiatu dira. Mea ustiaketari dagokionez, eztainua da Thailandiak duen diru iturririk garrantzizkoena. Munduan eztainurik gehiena ustiatzen den lurraldeetako bat da. Horrez gainera, petrolioa, burdina, baritina, fluorita eta karea ustiatzen dira. Nekazaritzak BPGren barruan duen garrantzia txikitu ahala, hazi egin da industriarena (1960an % 20, 1996an % 40). Industria nagusiak manufakturak, eta industria elektronikoak eta elektrikoak dira. 1997ko Asiako finantza krisiak ondorio larriak izan zituen Thailandiako ekonomian; diruaren balioa erdira jaitsi zen oso denbora gutxian; burtsa hondoratu egin zen, eta horrek guztiak eragin izugarriak izan zituen Asiako beste finantza guneetan. Nazioarteko Diru Funtsak Thailandiari 17 mila milioi dolarreko laguntza ematea erabaki zuen, baina trukean banku eta zerga sistemak berritzea eta aurrekontua zorroztea agindu zion. Baina hartutako neurri ekonomikoek ez zuten lortu atzeraldiari eustea, ezta langabezia gutxitzea ere.

Thailandiako garraiobideen bilgune nagusia Bangkok da. Burdinbide eta errepide nagusiak Bangkok Chiang Mai hiriarekin, Chiang Rairekin (iparraldea), Udon Thanirekin (ipar-ekialdean), Ubon Ratchathanirekin (hego-ekialdean), Kanbodiarekin eta Malaysiarekin lotzen dituztenak dira. Denera, 3.728 km burdinbide eta 77.609 km errepide du Thailandiak (1988). Bangkokeko eta inguruko garraioetan garrantzi handia dute, bestalde, Chao Phraya ibaiaren deltako ibaiek eta ubideek ere, ontziz ibil baitaiteke horietan. Portu nagusia Kholong Toei-koa (hiriburutik hurbil) da. Nazioarteko aireportua dago, Bangkoken; Asiako hego-ekialdean daudenetan sartu-irten gehiena duenetakoa da. Badira beste zenbait aireportu ere lurralde barneko hegaldietarako. Gainerako hirietako garraiabideak nahiko onak dira, baina ez leku menditsuetakoak eta urrutietakoak.

Gobernua eta gizartea aldatu

 
Thailandiako legebiltzarra.

Thailandia monarkia konstituzionala da, baina gudarosteak aginpidean esku handia duena. Lehen ministroaren eskuetan dago aginpide eragilea, eta gudarosteak izendatzen du. Legegintzako aginpidea bi ganbaratan banatua da: 301 diputadu dira batean, boto bidez hautatuak, eta 225 senatari bestean, (% 85 gudarostekoak), gobernuak izendatuak.

Thailandiako egoera eta bizimoduak aurrerabidean dauden lurraldeetakoen erakoak dira. 1986 ezkero hirietan bizi den zenbait sektoreren bizimodua zerbait hobetu den arren, herri eta herrixketako jendea behar handian bizi da. Hirietan bertan ere, herrixketatik joaten diren biztanleak direla eta pobrezian bizi direnen kopurua gehiagora joan da 1980-1991 urteak bitartean. Egoera horrek gero eta ume gehiago lanean hartzea eta gazte askok prostituziora jotzea eragin du.

Gaur egun, zenbait ahalegin egin da osasun egoera hobetzeko (biztanle guztiei txertoak ematea, paludismoa ia erabat desagertaraztea), baina biztanleek duten osasun babesa oso urria da (mediku bat 5.576 biztanleko eta erietxetan ohe bat 605 biztanleko, 1987an). Mediku eta erietxe gehienak hirietan daude, bestalde. Hiri eta hirialdeetan ere, inolako gizarte babesik ez duen biztanle asko da, herrietatik emigratu dutenen artean batez ere. Hezkuntzari dagokionez, nahitaezkoa da 7 urteko ikasketak egitea. 1992an biztanleen 12-17 urte bitarteko % 38 ari zen ikasketak egiten; goiko mailako ikasketak egiteko adinean zeuden biztanleetan, berriz, % 16.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Thailandiako historia»

Duen kokapen geografikoa dela-eta, Tai kulturak Txina eta Indiarek eragin handia izan du. Hala ere, hainbat kultura indigena ere izan dira Thailandian, Baan Chiang kulturatik hasita.

Lehenengo siamdar/tai estatutzat Sukhothai Erresuma budista jotzen da, 1238an sortua, Khmer Inperioaren gainbeheraren ostekoa. Mende bat geroago, Sukhotahi itzalpean geratuzen Ayutthaya siamdar erresumak agintea hartu zuenean. 1431an, Ayutthayak Angkor arpilatu zuenean, Khmer gortearen gehiengoa hartu zuen, bertako kultura hinduismoa, ohiturak eta errituak bereganatuz.

Ayuthaya 1767an erori ondoren, Thonburi izan zen Thailandiako hiriburua epe labur batean, Taksin Handiaren erregealdian. 1782an, estatu kolpe baten ondorioz, oraingo Ratthanakosin aroa hasi zen eta Bangkok hiriburu ezarri, Chakri dinastia hasiz Rama I.a Handiaren erregetzarekin.

Europarrak XVI. mendean hasi ziren Thailandiara joaten eta interesa pizten. Hala ere, Thailandia Asia hego-ekialdeko herrialde bakarra izan da Europako estatuek kolonizatu ez dutena. Horrela izan zen batez ere XIX. mendean Thailandiak agintari trebeak eduki zituelako, Frantziar Indotxinaren eta Britainiar Inperioaren arteko lehia kudeatzen jakin baitzuten. Horrela, tarteko estatu izan zen, bi estatu kolonizatzaileen desirak indargetuz. Hala ere, Mendebaldearen eraginak hainbat erreforma eginarazi zuen XIX. mendean zehar, britainiarren merkataritza interesei men eginez. Horrela galdu zituen hegoaldeko hiru probintziak, gerora Malaysia iparraldeko hiru estatu bihurtuko zirenak.

1932an, odolisuri gabeko iraultza batek monarkia konstituzionala ezarri zen. Bigarren Mundu Gerran Thailandia Japoniaren aliatua izan zen, nahi eta gerra ostean Estatu Batuen aliatu bihurtu. Hurrengo urteetan hainbat estatu kolpe izan zituen, 1980ko hamarkadatik aurrera demokraziaruntz bideratuz.

Sorreratik XVIII. mendera arte aldatu

 
Phanom Rung, Khmer Erresumaren tenplua.

Gaurko Thailandiak milagarren urte inguruan du sorrera. Tai herriko talde batzuk (Syam izenekoak) Txinako hegoaldetik Vietnam, Laos, Birmania eta Thailandia aldera zabaldu ziren garai horretan. XIII. mendean, bi tai erresuma sortu ziren ipar-ekialdean, Sukhothaikoa (1220) eta Chiang Maikoa (1296). Mende horren azkenaldera, Chiang Maiko erresuma Ping ibaiko ibarrean hegoaldera hedatu zen, eta mendean hartzen zituen eskualdeetako kultura, erlijioa (budismoa), agintzeko moldeak eta idazkera beretu zituen. XIV. mendearen erdialdera, tai erresuma berri bat (Ayuthya hiriburu zuena) eratu zen erdiko ordokiaren hegoaldean; kanbodiarren khmer inperioa eta Sukhothaiko erresuma beheraldian zirela baliatuz, horien lurraldeak mendean hartu zituen. Gaurko Thailandiaren lurraldea hartzen zuen erresuma horrek; hala ere, inguruko erresumen zabaldu nahia eta hiriburutik urrun zeuden eskualdeen bereizi nahia zirela bide, erabateko mugarik ez zuen izan. 1569an, birmaniarrek menderatu eta basailu bihurtu zuten Ayuthyako erresuma, baina Naruasan printzea buru zuela 1584an burujabetasuna lortu zuen berriro. XVI-XVII. mendeetan beste lurraldeekin harremanak lotzen hasi zen; hurrenez hurren, portugaldar, espainiar, holandar, eta britainiar merkatariak sartu ziren eta hiriburuaren inguruetan bizitzen jartzea ere lortu zuten, baina eragin handirik ez zuten izan Thailandiako bizitzeko eran. 1688an, 600 soldadu frantses heldu zirela eta erbestekoen kontra sortu zen joeragatik, gobernuak atzerritar guztiak kanporatu zituen. Mende t´erdian beste lurraldeekin harreman gutxi izan zuen. 1767an birmaniarrak sartu ziren, Ayuthya hiria desegin eta lurraldea mendean hartu zuten, baina urte gutxiren buruan Phya Tak jeneralak (Taksin) Thon Buri (gaurko Bangkoken ondoan) askatu eta erresumako hiriburu egin zuen, eta hura birmaniarren eskuetatik askatzeaz gainera, Laos bere egin zuen (1778). 1781ean, Phya Tak erotu zela eta, Phya Chakkri jeneralak (Rama I.a), Chakkrien dinastia sortuko zuenak, hartu zuen aginpidea eta Bangkok Thailandiako hiriburu egin zuen.

Chakkri dinastia aldatu

Chakkri dinastia bitartean aldaketa handiak izan ziren Thailandian. Rama I.aren (1782-1809), Rama II.aren (1809-1824) eta Rama III.aren (1824-1851) erreinuetan Thailandiako aginpidea zentralizatu zen, lurralde berriak konkistatu ziren (Malaysiako penintsula eta iparraldeko zenbait eskualde), jakintza maila hobetu zen eta Txinarekiko merkataritza harremanak indartu ziren (1850. urte inguruan, Bangkokeko 400.000 biztanleetatik erdia txinatarra zen). Rama IV.ak (1851-1868) europarrei Thailandian sartzeko bideak zabaldu zizkien; kontsul egoitzak jarri zituen, irakasleak eta teknikoak eraman zituen, baina aldi berean Kanbodia frantsesei utzi behar izan zien, eta misiolarien eraginari kontra egiteko budismoa eraberritu zuen. Rama V.a errege berritzailea izan zen; esklabotasuna eta feudalismoaren garaiko antolaketa ezereztu zituen; burdinbideak eginarazi eta ikaskuntza publikoa indarrean jarri zuen; berebat Frantziari Laos eta Ingalaterrari Malaysiako penintsularen parte bat eman behar izan zien. Rama VI.arenak (1910-1925) aitak bidean jarritako berrikuntzak jarraitu zituen (Siamgo unibertsitatea sortu zuen, 1917; lehen mailako ikasketak nahitaezko jarri, 1921). Rama VII.ari (1925-1932) munduan ekonomia krisi handia zen aldian agintzea egokitu zitzaion (1929ko krisia), eta egoera bideratu ezinik 1932ko ekainean gudarosteak estatu kolpe bat jo eta monarkia konstituzio bidez agintzera behartu zuen.

Gaurko Thailandia aldatu

 
Rama IX.a, Thailandiako erregea.

Gaurko Thailandiak 1932ko estatu kolpean ditu oinarriak. Urte horretatik 1992 arteko politika demokraziaren aldeko borrokek, militarren estatu kolpeek eta nolabaiteko ekonomia berritzeak markatu dute. 1938an Pibul Songgram mariskalak hartu zuen aginpidea, gudarostearen laguntzarekin. Bigarren Mundu Gerran Japoniaren alde irten zen eta horren truke Malaysiako penintsulako eta Kanbodiako zenbait lurralde eskuratu zituen. Gerra bukatzean ordea, Pridi Phanomiong aliatuen aldekoari utzi behar izan zion aginpidea. 1948an gudarosteak hartu zuen berriro aginpidea eta Pibul mariskala izendatu zuen Lehen ministro. 1958an Sarit Thanarat jeneralak Pibul aginpidetik kendu, konstituzioa ezeztatu eta bozketak galarazi zituen. 1963an, Sarit Thanarat hiltzean, Thanom Kittikachorn jenerala izan zuen ondorengo. 1962an alderdi komunistak bultzatutako gerrilla nahiko zabaldua zegoen eta Estatu Batuak sartu ziren hura zapaltzera. 1968an konstituzio berria zen, eta 1969an legebiltzarra eratu zen. 1971n gudarosteak aginpidea hartu eta legebiltzarra ezeztatu zuen. Baina gobernuak 1973 arte baino ez zuen iraun, ikasleen manifestaldiak zirela eta Rama IX.a erregeak kargua kendu baitzien militarrei. Hiru urtez, askatasun handiagoa izan zen, komunikabideentzat eta giza-elkarteentzat batez ere; baina gerrillak ere gehiagora egin zuen eta 1976an gudarostea egin zen berriro aginpidean jabe. 1992ko hauteskundeetan gudarosteko hautagaiak irten ziren garaile, baina herriak demokraziaren alde borrokan segitu zuen, eta Lehen ministro aukeratu berria zen Suchinda Krapayoon jeneralak kargua utzi behar izan zuen. Urte bereko ekainean konstituzioa berritu zen; hauteskundeak egin ziren berriro eta alderdi demokratikoek lortu zuten gehiengoa. Zibil bat, Chuan Leekpai (Alderdi Demokratako kide), jarri zen Lehen ministro. 1995eko hauteskundeetan Banharn Silpa-Archa iritsi zen aginpidera. Agintari berriak klientelismo harremanei eman zien lehentasuna, eta nekazariek manifestazio ugari egin zituzten haren politikaren kontra (1996). Hala, Legebiltzarra desegin zen berriz ere, eta 1996ko azaroko hauteskundeetan Chaovalith Yongchaiyuth jenerala bihurtu zen Lehen ministro. Ministro berriak ezin izan zuen ekonomia osatu, ezta finantza sektorea ere, eta horrek 1997ko udako diru krisi izugarria ekarri zuen. Urte horretan bertan, Chaovalith Yongchaiyuthek dimisioa aurkeztu zuen, eta Chuan Leekpai jarri zen haren lekuan. Egoera latza zen eta Mundu Diru Funtsak neurri gogorrak jarri zizkion. Nekazariak pobreturik zeuden prezioen jaitsieraren eta dirulaguntzen etenaren ondorioz. Manifestazio ugari egin zen Bangkoken egoera horren kontra. Zenbait ministrok dimititu egin zuten 1999. urtean zehar, espekulazioaren salaketapean. 2001eko eta 2006ko hauteskundeak Thai Rak Thai alderdiko Thaksin Shinawatrak irabazi zituen, baina, bere agintaldian, prentsa askatasuna mehatxatu izanaz, botoak erosteaz, botereaz baliatuz bere enpresei laguntzeaz eta poliziaren gehiegikeriaz salatu zuten. 2006an, hauteskundeak egin ziren berriz, baina oposizioak boikotatu egin zituen eta beste deialdi bat egin behar izan zuten. 2006ko irailean, Thaksin New Yorken zela, militar talde batek estatu kolpea jo eta amaiera eman zion hamabost urteko demokraziari. Junta militarrak konstituzioa baliogabetu, legebiltzarra eta gorte konstituzionala desegin, gerra-legea ezarri eta jarduera politiko guztiak eta alderdi politikoak debekatu eta prentsa-zentsura ezarri zuen. Militarrek erregeari leial izatea zin egin, eta behin behineko gobernu bat eratu zuten. Abuztuan, militarrek hauteskundeak egiteko baimena eman zuten. Thaksin lehendakari ohiaren aldeko batek irabazi zituen, Samak Sundaravejek. Ez zuen askorik iraun, handik gutxira kendu baitzuten kargutik, ustelkeria egotzita. Thaksinen koinatu Samak izan zen orduan lehendakaria. Haren aurkakoek usteltzat salatu zuten eta manifestazio eta protesta handiak egin zituzten haren aurka; protestak sei hilabetez iraun zuten, manifestariek Lehen Ministroaren jauregia hartu zuten; gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen eta armada atera zuen kalera. Armadak Somchai jarri zuen agintean. 2008ko udazkenean, 30.000 manifestari ibili zen kalez kale eta hiriburuko bi aireportuak hartu zituzten. Egoeraren larria ikusirik, armadak Somchairen dimisioa eskatu zuen. Azkenean, 2008ko bukaeran, Abhisit Vejjajiva aukeratu zuen legebiltzarrak Lehen Ministro, baina haren izendapenak protesta gogorrak sortu zituen oposizio berriaren artean.

2016ko urrian Bhumibol erregea hil zen hirurogei urte baino gehiagoko erregealdiaren ondoren eta bere seme Maha Vajiralongkorn errege berria koroatu zuten.

Kultura aldatu

 
Ayutthayako pagodak.

Arkitektura aldatu

Thailandiako kultura, thaia, Txinako hegoaldekoa da berez, baina azken 800 urteotan hinduen, karen, khmer eta mon herrien eragin handia izan du.

Ageriko zeinu kultural bat antzinako arkitektura da, tenplu eta jauregiei dagokienez batez ere. Horren adierazgarri dira Thailandian dauden milaka tenplu budista. Eraikuntza aipagarrienak Ban Chiengeko nekropolisa, K.a. 3600. urtetik K.o. 200. urtea bitarte erabili izan zena; Sukhotai, eta inguruetako Si Satchanalai eta Kampheng Pet hiriak, tai estiloan XIII-XIV. mendeetan eraikiak; Ayuthya hiria, Thailandia Siam izenaz ezagutzen zen garaiko hiriburua eta bertako tenpluak, eta Thung-Yai-Huai-ko santutegia dira.

Zinema aldatu

20. mendetik aurrera, Asiako beste herrialde batzuetan bezala, zinema propioa garatu duen herrialdea da Thailandia. 1920ko hamarkadatik aurrera hasi zen zinea garatzen. 21. mendean, zenbait zuzendari independentek egindako filmek izena eman diote nazioartean bertako zineari, Apichatpong Weerasethakulekin hasita, zeinaren 2002ko filmak, nazioartean Blissfully Yours izenarekin zabalduak, Un Certain Regard saria irabazi zuen urte hartako Cannesko zinemaldian.[5]

Beste zuzendari independente batzuk dira Aditya Assarat (Wonderful Town), Anocha Suwichakornpong (Mundane History), Pimpaka Towira (One Night Husband), Thunska Pansittivorakul (Voodoo Girls), Sivaroj Kongsakul (Eternity), eta Wichanon Somumjarn (In April the Following Year, There Was a Fire). Zine honetaz gain, mainstream deitu dezakegun zine komertziala ere ez da falta Thailandian, eta honetako filmekin: Fan Chan, Shutter, Kung Fu Tootsie, Bangkok Traffic Love Story. 2019 bitartean, inoizko film thai arrakastatsuena Pee Mak da, 33 milioi dolarreko salmentekin, horietako asko Asiako beste herrialde batzuetan jasoak.

Erreferentziak aldatu

  1. 38. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-03-27).
  2. (Gaztelaniaz) Tio, Xavi. (2021-04-27). «Tribus de Tailandia: Las 6 etnias de las montañas [Guía para viajeros»] Mundo-Nomada.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  3. «Fronte bakarreko gatazka» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  4. (Ingelesez) «Mani people : Ethnic ‘negrito’ tribe of Thailand» Asean Now.
  5. (Ingelesez) «Thai film history» Polyglot Perspective (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).

Kanpo estekak aldatu