Dien Bien Phuko gudua

Dien Bien Phu-ko gudua 1954an gertatu zen Vo Nguyen Giap jeneralak gidatzen zuen Viet Minh eta Henri Navarrek gidatzen zuen Frantziako Espedizioa artean. Dien Bien Phu herrixkaren inguruan izan zen, eta Indotxinako gerrako azken bataila izan zen.

Dien Bien Phuko gudua
Irudia
Map
Motagudu
Honen parte daIndotxinako Gerra
Denbora-tarte1954ko martxoaren 13a - 1954ko maiatzaren 7a
Data1954ko maiatzaren 7a
KokalekuĐiện Biên Phủ (en) Itzuli
HerrialdeaVietnam

Aurrekariak aldatu

1940an, Bigarren Mundu Gerran Frantziak alemanen aurka porrot egin ondoren, japoniarrek Indotxinako kolonia frantsesa okupatu zuten, baina Vichyko gobernu kolaborazionistari hura administratzen segitzeko aukera eman zioten. Hala ere, japoniarrek administratzaile frantsesak atxilotu zituztenean, Estatu Batuekin lankidetzan aritzeagatik susmagarriak zirelako, eta gainerakoek Alessandri zutabean Txinara ihes egin zutenean, Frantziaren ospea oso kaltetuta geratu zen eta gerra aurreko garaietara itzultzeko aukerak nabarmen murriztu ziren. Nolanahi ere, horretan saiatu ziren, eta 1949an Frantziako indar kolonialen eta Vietnamen independentziarako Ligaren (Viet Minh izenaz ezaguna) arteko lehen liskarrak lehertu ziren Hanoin. [1]

Hasieran, Frantziaren aldeko tropek kontrola berreskuratu zuten hirigune handietan, baina landan egoera desberdina zen. Kontrol hori lortzeko, armadak landan eta mugan guarnizioak jarri zituen, elkarren artean errepidez komunikatuak, ibilbide kolonial deiturikoak osatuz; guztiarekin ere, leku horien hornidura arriskutsua zen, gero eta arma hobeekin egindako segada etengabeak zirela eta. Horrela, laugarren bide koloniala galdu zuten. [2] Porrot horren ondorioz, frantses komandante berriak, Jean de Lattre de Tassigny jeneralak, taktika aldatzea erabaki zuen, eta Ibai Gorriaren deltaren inguruan defentsak indartzea, haren erdigunea Hanoi baitzen. Handik, zenbait irain hartzeko prestatu ziren, Ho Chi Minhek berak 1951rako iragarritako ofentsibara aurre egiteko, haren bidez Hanoi hartu nahi baitzuen, Tet (vietnamdar urte berria) festarako. Frantziako plana erasoei aurre egitea zen, eta aireko boterea eremu irekian suntsitzeko erabiltzea. Azkenean, ofentsiba gertatu zen, Vo Nguyen Giap jeneralak zuzenduta: borrokaldirik txarrenak Vihn Yen-go goi-lautadan izan ziren, eta Vietnamgo jeneralaren gizonek porrot latza jasan zuten. [3]

Zenbait hilabeteren buruan, Deltan kale egin ondoren indarrak biltzen zituzten bitartean, 1953ko udaberrian, Giapek eraso egin zion Na San kanpamentuari. Borroka gogorren ondoren —posizioak behin eta berriz galdu eta berreskuratu ziren—, Viet Minh garaitua izan zen eta milaka baja izan zituen. Na Sanen gertatutakoak Frantziako egunkarietan agertu ziren eta Navarre jeneralari, buru komandante berriari, jokaldia errepikatzeko ideia eman zioten, baina oinarri handiago eta artilleria hobearekin. Helburua kanpaleku bat altxatzea zen, Hanoitik ipar-mendebaldera, Txina eta Laos lotzen zituzten Vieth Minhen lineak mozteko eta Giapen gerrillariei aurre egiteko, ondo gotortutako gune batetik. [4]

1953aren amaieran, bi aldeak bake-elkarrizketarako prestatzen ziren koloniaren etorkizuna erabakitzeko. Frantsesek garaipen handia behar zuten beren baldintzak inposatzeko, eta horregatik hasi ziren ekintzak Dien Bien Phu sektorean.

Guda aldatu

1953ko azaroaren 20an, bi frantses batailoi jausgailuaz jaurti ziren Dien Bien Phuren gainera, Lai Chau probintzian, Txinatik gertu. Hiru egun geroago, 9.000 soldadu zeuden Christian de Castries koronelaren agindupean. Bederatzi gotorleku ezarri zituzten herriaren inguruan, eta emakumezko izenak jarri zizkieten: Béatrice, Gabrielle, Élianne, Huguette, Dominique, Dominique 2, Claudine, Anne-Marie eta Isabelle. Bi hilabetez, vietnamdarrek ez zekitela zirudien, baina Vo Nguyen Giap jeneralak jada erabaki zuen frantziarrei aurre egitea, guduak gerraren fisonomia aldatuko zuela sinetsita, nahiz eta, urte batzuk geroago aitortu zuenez, ez zuen uste erabakigarria izango zenik.

Ho Chi Minhek Giapi indar guztia tropa frantziarren aurka jaurtitzeko agindu zion, AEBek gero eta konpromiso handiagoa hartu zutela jakinda. Txinatarren babesa behin betikoa izan zen: otsailean eta martxoan elikagaien eta material belikoaren hornidura handitu egin zen. Viet Minhek erabili zituen hainbat kalibretako artilleria pieza gehienak Koreako gerran estatubatuar eta hegokorearrei harrapatuak izan ziren.

Azkenean, martxoaren 13an, vietnamdarrek Dien Bien Phuri eraso egin zioten. Bonbardaketen intentsitateak frantziarrak harritu zituen, eta 9.000 obus baino gehiagoko uholdea izan zuten lehen egunean. Bi egun geroago, bi gotorleku galduta, egoera kezkagarria zen. Erabateko porrotaren aurrean, Frantziako artilleriako komandanteak bere buruaz beste egin zuen. Artilleriako su jarraituaren konbinazioak eta Koreako infanteria txinatarraren kargak gogorarazten zituzten giza olatuen erasoek ezaugarritu zituzten Vietnamgo Frantziaren posizioen aurkako erasoak lehen egunetan. Giza kostua oso handia izan zen vietnamdarrentzat (9.000 hildako) eta Giapek taktika aldatu zuen.

Erasoaldiak gelditu eta setio geldo eta arduratsu bat hasi zen, lubakien eta tunelen bidez, etsaiarengana hurbiltzeko, bajak murriztuz. Frantziako partean, elikagaiak eta munizioak urritzen hasi ziren, eta garnizioak, lehen egunetatik, aireko hornidura arazotsua zela ikusten zuen. Vietnamdarrek bi lurreratze pistak kaltetu zituzten, eta hornigaiak jausgailuetan jaurti behar izan zituztenez, horietako asko etsaien eskuetan erori egin ziren.

Frantziako agintearen erabaki okerra izan zen Dien Bien Phi aukeratzea. Herria haran baten hondoan zegoen, eta inguruko mendiak kontrolatu gabe, tranpa hilgarri bat izan zen. Gotorlekuaren egoera etsiaren aurrean, Parisko Gobernuak Paul Ely Estatu Nagusiko burua Washingtonera bidali zuen AEBko esku-hartze bat eztabaidatzeko. Buitre operazioaren helburua Dien Bien Phuren gaineko presioak arintzea zen, Vietminhen posizioetara eta hornikuntza lerroetara gaueko bonbardaketa masiboak eginez. Baina proiektuak ez zuen Eisenhower presidentearen onespenik izan. Apirilaren 8an, berriz, Washingtonek Parisi eragozpena egin ziola jakinarazi zuen egunean, John Foster Dulles Estatu idazkariak Georges Bidault kantziler frantziarrari bi bonba atomiko jaurtitzeko aukera eskaini zion.

Frantziako Gobernuak uko egin zion eskaintzari. Viet Minheko bost dibisioz inguratuta (50.000 gizon), frantziarrek kontraeraso ausartak egin zituzten martxoaren amaieran, baina ez ziren nahikoak izan guduaren bilakaera aldatzeko. Isolatuta, milaka kilometrora, airez ebakuatu ezinik, espedizio frantziarra suntsitua izan zen: nazioarteko prentsak egunero-egunero kontatzen zuen, gainera.

Apirilaren 22an, vietnamdarrek haran gehiena kontrolatzen zuten eta jausgailu jaurtiketak ia ezinezkoak ziren. Horrez gain, montzoiaren etorrerak hegaldiak ezinezko bihurtu zituen. Frantsesek eraso masiboak jasan zituzten maiatzaren 1ean eta 6an, eta ia gotorleku guztiak banan-banan galdu. Maiatzaren 7an, Giapek azken erasoa agindu zuen. Arratsaldeko lehen orduetan, De Castriesek Hanoiri esan zion vietnamdarrak leku guztietan zeudela eta, amaiera hurbiltzen ari bazen ere, amaierara arte borrokatuko zirela.

 
Vietminh tropak Dien Bien Phun

Azkenean, frantziar garnizioko 20.000etatik 2.293 hil eta 11.721 preso izan ziren: haietako batzuk gosez eta gaixotasunez hil ziren atxiloaldian. Horietako asko ez ziren frantsesak, legionarioak baizik: senegaldarrak edo vietnamdarrak eta espainiar talde txiki bat. Vietnamdarren artean, 7.900 hildako eta 15.000 zauritu izan ziren, erasotzaileen ia erdia.

Batailaren ondoren aldatu

Garaipenak gerraren amaiera ekarri zuen Genevako akordioekin. Vietnam banatuta geratu zen: iparraldean, Ho Chi Minhen agintaritzapean; eta hegoaldean, Bao Dai enperadore zela. Bi urte geroago, bi aldeak elkartzeko hauteskundeak aurreikusten ziren, baina Estatu Batuek, akordioak sinatu gabe zeudela, Ngô Đình Diệm —akordioaren aurka zegoen— babestu zuten. Diệmek erregimen autoritarioa ezarri zuen eta oposizi osoa jazartzen hasi: budistak, kaodaistak eta komunistak. Gauzak horrela, 1958an borrokak berpiztu ziren, eta 1960an, Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Frontea (Viet Cong) sortu zen.

Giap aurreko taktika berriz egiten saiatu zen, baina AEBetako aire-ahalmen handiak eragotzi zion balentria errepikatzea.

Bataila hartan, lehendabiziko aldiz, nazio-askapeneko indarrek XX. mendean taktika konbentzionalen bidez garaitu zuten Europako herrialde kolonial bat. Ez zen azkena izan.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

  • Bergot, Erwan (1979). La batalla de Dien Bien Phu. Barcelona: Albar. ISBN 8496803007
  • Solar, David. (2004). «El mundo en vilo la ratonera de Dien Bien Phu» La aventura de la Historia (Arlanza Ediciones) 6 (67) ISSN 1579-427X..
  • Windrow, Martin (2004). Dien Bien Phu and the French defeat in Vietnam (ingelesez). Cambrige: Da Capo Press. ISBN 978-0-306-81443-3

Kanpo estekak aldatu