Ireki menu nagusia

Kooperatiba

Kooperazioan oinarritutako egitura ekonomikoa

Cooperativa de El Rebollar 01.jpg

Kooperatiba ekonomia, gizarte eta kultura helbuetarako bazkide izeneko pertsonek osatzen duten borondatezko merkataritza-baltzu autonomoa da. Erakundearen jabetza bazkideena da eta bere kudeaketa demokratikoa da, bazkideen artean. Bazkide guztiek eskubide eta eginbehar berdinak dituzte eta irabaziak beraien artean banatzen dira.

Komeni da kooperatibaren lege kontzeptua eta kontzeptu soziologikoa bereiztea. Sarri, kooperatiba legezko kontzeptua murritzagoa da autonomian eta demokrazian oinarritzen den kooperatiba kontzeptu zabala baino. Horrela, mutualitateek eta lan baltzu anonimoek ere kooperatiben ezaugarriak izaten dituzte.

Eduki-taula

HistoriaAldatu

Elkarlanean oinarritzen diren enpresa egiturak historiaren aro guztietan izan dira. Hala ere, XIX. mendearen lehenengo hamarkadetan hasi zen "kooperatiba" hitza erabiltzen.

Garrantzi handikoa izan ziren, XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, batez ere, kontsumitzaileen kooperatibak, nekazaritza kooperatibak eta kreditu kooperatibak.

Azken hamarkadetan, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira lan kooperatibak herri batzuetan. Euskal Herritik aparte, Frantzian, Espainian edo Italian (baita ere Estatu Batuetan, nahiz eta lege egitura ezberdin baten bidez: ESOP delakoen bidez).

Lege egituraAldatu

Kooperatiba gehienak, Hego Euskal Herrian, ekainaren 24ko 4/1993 Kooperatiben Legearen pean eratzen dira (azken aldaketa ekainaren 29ko 1/2000 Legea), bai eta lege hori garatzen duten araudien bitartez ere. Oso kooperatiba gutxi dira, Euskal Herrian, Espainiako legearen pean geratzen direnak.

Bestaldetik, hemendik aurrera, Europako Sozietate Kooperatiboaren Estatutua indarrean sarturik, Estatutu honen barruan eratzeko aukera izango dute ere euskal kooperatibek.

Azkenean, hasieran esandakoaren arabera, ez dugu ahaztu behar ere hainbat kooperatiba mutualitateen edo lan baltzu anonimoen legediaren pean eraturik daudela.

Balore kooperatiboakAldatu

  • Elkar laguntza: ohiko arazo zein lankidetza arazoak konpontzeko irtenbide bateratua da.
  • Erantzukizuna: ekintzei erantzuteko gaitasuna da, helburuak lortu ahal izateko jarduerekiko errendimendu maila, bazkideekin konpromiso moral bat sentitzea.
  • Gizarte erantzukizuna: komunitatearekiko konpromisoa, besteekiko harremana.
  • Demokrazia: kooperatibaren kudeaketa eta kontrolaren inguruko bazkideen arteko erabakiak.
  • Berdintasuna: bazkide guztiek eskubide eta eginkizun berdinak dituzte.
  • Ekitatea: kooperatibako bazkideen arteko soberakin banaketa justua.
  • Elkartasuna: familia eta bazkideen arteko arazoen irtenbidean elkarlanean aritzea. Interesen eta helburu komunitarioak.
  • Zintzotasuna eta gardentasuna: bazkideen arteko zintzotasuna, duintasuna eta elkartasuna. Ezkutuko informazioari eta informazioa faltsutzeari uko egitea.
  • Ahalegin propioa: bazkide bakoitzaren onerako eta finkatutako helburuak lortzeko bazkideen motibazio eta borondatea.

Kooperatiben printzipioakAldatu

Gaur egungo printzipioakAldatu

Gaur egungo printzipioak Kooperazio Aliantza Internazionalaren asanblean onartuak izan ziren Manchesterren, 1995eko Irailaren 23an.[1][2]


  • Atxikimendu boluntarioa eta irekia: kooperatibak, erakunde boluntarioak dira, haien zerbitzuak erabiltzeko gai diren guztiei eta bazkide izateko erantzukizuna onartzeko guztiei daude irekiak, generoaren, arrazaren, klase sozialaren, posizio politikoaren edo erlijioaren araberako bazterketarik gabe.
  • Bazkideek kudeaketa demokratikoa egingo dute: kooperatibak bazkideek demokratikoki kudeatutako erakundeak dira eta haiek kooperatibaren politikak eta erabakiak ezartzen hartzen dute parte. Kooperatibak ordezkatzeko eta kudeatzeko aukeratutako gizon eta emakumeak dira bazkideen aurrean arduradunak. Lehen mailako kooperatibetan, bazkide guztiek dute bozketarako eskubide berberak (bazkideko boto bakarra), eta beste mailakoak ere modu demokratikoan daude antolaturik.
  • Bazkideen parte hartze ekonomikoa: bazkide guztiek diruzko ekarpena egin ohi diote kooperatibari. Diru horren zati bat gutxienez, kooperatibaren ondasun komuna izango da orokorrean. Bazkideek ordaina jaso ohi dute, bazkide izateko baldintza den emandako diruan oinarriturikoa. Bazkideek zehazten dituzte honako xedea betetzeko soberakinak: kooperatibaren garapena, erreserbak ezarri bidez, zati bat behintzat banatzerik ez dagoelarik; bazkideen irabaziak kooperatiban egindako eragiketen proportzioan; eta bazkideek onartutako beste jarduerei laguntzea.
  • Autonomia eta independentzia: kooperatibak, elkarri laguntzearen, erantzukizunaren, demokraziaren, berdintasunaren eta solidaritatearen baloreetan oinarritzen dira. Haien sortzaileen ohiturak jarraituz, kideek zintzotasunaren, gardentasunaren, erantzukizun sozialaren eta besteenganako arduraren balio etikoetan sinesten dute.
  • Hezkuntza, formazioa eta informazioa: kooperatibek hezkuntza eta formazioa eskaintzen diete bazkideei, aukeratutako ordezkariei, zuzendariei eta langileei kooperatiben garapenean modu eraginkorrean lan egin dezaten. Kooperazioaren izaera eta onurak zein diren aditzera ematen diote publikoari, gazteei eta iritzi-liderrei gehienbat.
  • Kooperatiben arteko elkarlana: kooperatibek bazkideei ahalik eta modu efikazenean erantzuten diete eta mugimendu kooperatiboa indartzen dute tokiko, nazioko, eskualdeetako eta nazio arteko egituren bitartez elkarrekin lan eginez.
  • Komunitatearenganako interesa: kooperatibek haien komunitateen garapen iraungarria lortzeko egiten dute lan, haietako bazkideek onartutako politiken bitartez.

Printzipio klasikoakAldatu

Ondorengo printzipioak, Kooperatiba Aliantza Internazionalak 1937. urtean sistematizatu zituen.

  • Atxikimendu askea eta ate irekiak.
  • Kudeaketa Demokratikoa.
  • Bazkide bakoitzaren ekarpenaren araberako soberakinen itzulera.
  • Kapitalaren interes mugatua (sozietateekiko ezberdintasun handiak).
  • Neutralitatea: nagusiki politiko eta erlijiosoak. Modernitateak neutraltasuna ere zabaldu du arraza, etnia, nazionalitate, ideologiko, sindikal eta abarreko planoetara.
  • Eskurako salmenta (hedatzen joan den printzipioa) eta merkatuko prezioak.
  • Sustapen eta hezkuntza kooperatiba: kideen eta gizartearen artean oro har kooperatiben balioak zabaltzen ditu.

Beste printzipio batzukAldatu

Autore batzuk, beste printzipio batzuk aitortzen dituzte:

  • Mutualitatea: kideek soilik erabil ditzakete kooperatibaren zerbitzuak, enpresa komertziala ez den heinean, eta, beraz, irabazi asmorik ez izatea, ezta bezero bihurtzea ere.
  • Erreserben erabilgarritasun eza: kooperatibaren likidazioa gertatuz gero, erantzukizuna ez zaie kideei pasako. Soberakinaren etengabeko kapitalizazioa (erreserbetatik sorturikoa) kooperatibaren aldekoa izatean pentsatuta dago, eta ez bazkideen aldekoa.
  • Kooperatiben integrazioa (edo federazio kooperatiboa): bere kideen kopurua sendotzen duelako.

Kooperatiben egituraAldatu

Kooperatibak normalean, jarduera ekonomikoaren ardatz gisa enpresa pribatuen produkzio-ereduan oinarritzen dira, nahiz eta merkatal sozietatearen eredu gisa egituran berezitasunak izan.


Jarraian, kooperatiben eta sozietate merkantil klasikoaren arteko desberdintasunak azaltzen dituen taula.

Enpresa klasikoa Enpresa kooperatiboa
Enpresariek mozkin monetarioak edo influentziak eskatzen dituzte. Kooperatibistek beraien beharrak konpontzea eskatzen dute.
Irabaziekin, enpresaria soilik izango da onuraduna. Gaindikinekin kooperatiba izango da onuraduna, ondorioz bazkideak baita ere.
Helburu nagusia: irabaziak handitzea, eragina edozein dela ere. Helburu nagusia: kooperatibak motibatzen dituen beharrak asetzea.
Onurak akziodunen artean banatzen dira. Irabaziak ez dute zertan monetarioak izan beharrik, bazkideen artean banatuak edo kooperatiban berrinbertituak izan daitezke estatutuen arabera.
Gobernu organoa: akziodunak. Gobernu organoa: bazkideak, batzarretan.
Langileak ez dute botererik. Bazkideek edo langileek bozketa eta bozketan parte hartzen dute.
Bazkide kopurua mugatua da. Bazkide kopurua mugagabea da, estatutuen arabera.
Helburuak bazkideekiko ezberdinak dira. Helburuak bazkideen beharren araberakoak dira.

Kooperatiben organo sozialakAldatu

  • Batzar Orokorra: bazkide guztiak biltzen dituen bilera da, gaiak eztabaidatu eta akordioak hartzeko. Batzar orokorrean onartutako erabakiak, bazkide guztiek bete beharko dituzte. Batzar orokorrari dagozkion gaiak ondorengoak dira:[3]
  1. Administratzaile, Zaintza-batzorde, Kontseilu Errektore eta Kontseilu Sozialeko kideak izendatu eta kargutik kendu.
  2. Sozietatearen kudeaketa aztertu, urteko ontuak onartu, eta soberakinen banaketa eta galeren egozpena... erabaki.
  3. Derrigorrezko ekarpenak, kapitalera egindako ekarpenen interesak eta kuoten zenbatekoak zehaztu.
  4. Estatutuak aldatu.
  5. Barne araudia onartu edo aldatu.
  6. Zorragiriak, parte hartze-agiriak edo parte hartze agiri bereziak jaulki.
  7. Bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba elkarteak... eratu.
  8. Kooperatiba (beste egitura batzuekin) bateratu, banatu, eraldatu edo desegin.
  9. Estatutuen arabera kooperatibaren ekonomia antolaketan oinarrizko aldaketen erabaki guztiak hartu.
  10. Legeak adierazten dituen erabakiak hartzea.

Kooperatibarentzat interesgarriak diren edo izan daitezken beste edozein gai erabaki daiteke, beti ere organoari dagokion gaia bada.

  • Kontseilu Errektorea eta Administratzaileak: kooperatiban administratzaileak Batzak Orokorrak aukeratzen ditu (beste sozietateetan administratzaileak ez dira honela aukeratzen), hau dela eta, administratzaileen erantzukizuna oso ondo kontrolatuta dagoela esan genezake. Kooperatiba kudeatu eta ordezkatzeaz arduratzen dira administratzaileak, honetaz aparte, legeak edo estatutuak beste organo bati ahalbidetzen ez dizkion erabaki guztiak hartzeaz arduratuko dira.
  • Zaintza Batzordea: batzorde hau ez da derrigorrezkoa izango 100 bazkide baina gutxiagoko kooperatibetan eta existitzen denetan gutxienez hiru kide izan beharko ditu. Batzordeko kideak kooperatibako bazkide izan beharko dirabaina Zaintza batzordeak ezingo du inolaz ere kooperatibaren kudeaketan parte hartu. Eginkizunak:
  1. Urteko kontuak aztertu.
  2. Kooperatibako liburuak aztertu.
  3. Batzar Orokorreko bilerak antolatzea kooperatibarentzat beharrezkoa deritzoten guztietan.
  4. Legeak dioenean, sozietatearen erabakiak aurkatzea.
  • Kontseilu soziala: Berrogeita hamar langile bazkide edo lan bazkide baino gehiagoko kooperatibetan, langileak ordezkatzen dituen organoa da. Estatutuetan jasoko da Kontseilu Soziala eratzeko aukera. Beraien egitekoa administratzaileei argibideak, aholkuak eta iritziak ematea izango da.
  • Errekurtso batzordea: bazkideen arau hauste larriak eta arau hauste oso larrien zigorrak berriro aztertuko dituen organoa izango da,baina soilik, arau haustedunak eskatzen duenean emango da prozesu hau. Organoan izateko, enpresako estatutuetan ezarri diren antzinatasun urteak, esperientzia, eskubide osoko bazkide izatea... baldintzak bete beharko dira.
  • Lehendakaria eta kudeatzailea: Lehendakariaren figura enpresa batzuetan oso garrantzitsua da eta oso ongi bereizten da, beste batzuetan aldiz ez da erraza berau kudeatzailearengandik bereiztea. Lehendakariaren izaera soziala gehienbat soziala dela esan genezake, baina berari dagokio ere Kontseilu Errektorearen gidaritza, eta koordinazioa baita Batzar Orokorretan modelatzaile lanetan jardutea ere. Kudeatzailea eguneroko gestioaz arduratuko da eta Kontseilu Errektoreak aukeratuko ditu.

Kooperatiba motakAldatu

Kooperatiba motak, Bazkide edo Jardueraren araberakoak izan daitezke.

Bazkideen arabera:Aldatu

Bazkideen arabera sailkatzen baditugu, lehen, bigarren edo goragoko mailako kooperatibak aurki ditzakegu.

Lehen mailako kooperatiba mota honetako bazkide, pertsona fisiko ein juridikoak izan daitezke, publiko edo pribatuak. Lehen mailako kooperatiba eratzerako unean gutxienez hiru bazkide izan behar ditu.

Kooperatibek bigarren mailako kooperatibak eratzerako orduan gutxienez bi bazkide izan behar dira(KL 128artikulua eta hurrengoetan). Erakunde hauek kide diren erakundearen jarduera ekonomikoa osatu, sustatu, koordinatu, indartu edo bateratzeko helburuarekin sortuak izan direlarik.


Eraketari dagokionez, Euskadiko Legearen 128 artikulua eta hurrengoetan jasotzen da. Bazkide berrien sarrera baita jada bazkide direnen banatze prozedura eta baldintzak ezartzen dira. Bazkide laguntzaileak onartuz (129 eta 19.2 artikuluak).


Ohiko egitura organikoa du baina berezitasun bat dauka. Berezitasuna boto-eskubidearen araberakoa da, izan ere erakunde bakoitzaren boto-eskubidea parte hartzearen araberakoa da. Kooperatiba-sozietatea ez den erakundearen botoak ezin dira boto guztien herena baino gehiago izan, lau bazkide baino gutxiagokoa denean izan ezik. Kontseiluari dagokionez, kontseilu-kideek ordezkaturiko erakundearen edo erakundeen elkarlanaren edo bazkide-kopuruaren araberakoa izango da. Bestalde batzar orokorrean ezarri daitezkeen mugak kontuan hartuko dira.


Bitariko kooperatibak ere aurreikusten dira Euskadiko Kooperatiba Legeetan (KL 136 artikulua). Kooperatiba mota honen erdiak kapital eraentza dauka eta beste erdiak kooperatiba izaera dauka. Batzar orokorrari dagokionez, ezarritako kapitalaren araberakoa edo kapitala balore merkatuak arautzen duen legeen menpe dauden titulu edo kontu idazpenen araberako izango da boto-eskubidea.

Bestalde, aipatu enpresa-elkarteak, kooperatiba bazkunak eta kooperatiba elkarteak ere.

Jardueraren arabera:Aldatu

  • Ezinduak gizarteratzeko kooperatibak: ezindu fisiko eta psikikoez osaturik dago gehienbat. Bazkideek eginiko produktu eta zerbitzuak antolatu bideratu eta merkaturatzean jarduten dute. (127 art.).
  • Kontsumo kooperatibak: bazkideei eta beraiekin bizi direnei ondasun eta zerbitzuak emateaz gain, kontsunmitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak defendatzean datza (105 art.).

  • Etxebizitza kooperatibak: bazkideen etxebizitzak, eraikuntzak eta eraikuntza osagarriak eskaintzeaz gain, hauen instalakuntzak ere eskaintzea du helburu nagusi. Erabilera komuneko eraikuntzak hobetu zaindu, kudeatu eta beharrezko zerbitzuen antolamendua eta exekuzioa ere burutuz. (114art.).
  • Nekazaritza kooperatibak: nekazaritza, basogintza, abelazkuntza edo ustiakuntza bat baino gehiagoren titularrak; merkatal bideak erraztu, hornidurak, ekoizpen-baliabideak eta zerbitzuak eskaini, gizarte eta ekonomiako edozein arlotan hobekuntzak emateko helburuarekin elkartzen dira. (109 art.).

  • Lurra erkidegoan ustiatzeko kooperatibak: nekazaritzako ondasunak erabili eta hauetaz baliatzeko eskubideen titularrak osatzen dute kooperatiba mota hau. Titularren jabeek sozietateari eskaintzen dizkiote beraien tituluak, bitarikoak izan daitezkeelarik; lana egingo dutenak edo lanik egingo ez duten bazkideak. Elkarteak helburuak lortzeko eskubidea du edozein jarduera martxan jarriz, horretarako titularren ondasun zein lurrak ustiatzeaz aparte, nekazal produktuei atxikita dagoen edozein prozesu aurrera eraman dezakete.
  • Zerbitzu kooperatibak: Ekonomia, teknika, lan, antolamendu, ekologia... arloetan bazkideen jarduerako emaitzak hobetu eta ziurtatzean datza, baita hauen lan eta zerbitzuak eskeintzean ere. Bi modutako zerbitzu kooperatibak daude:
  1. Artisau profesional edo artistak.
  2. Arrantza, industria, merkataritza edo zerbitzuetako banakako enpresari edo sozietateak.
  • Aseguru kooperatibak: Beste edozein aseguru-etxe gisa jarduten dute, hiru mota bereiztuz: ordainsari finkoko erakundea, ordainsari aldakorreko erakundea eta lankide erakundea. (120art.)
  • Osasun kooperatibak: bazkide zein hauen onuradunen osasun arloko arriskuak babestea du helburu. (122 art.).
  • Irakaskuntza kooperatibak: jakite edo hezkuntzaren edozien arlo, maila, mota... desberdinetan irakasle-lanak egiten dituztenei deritzo. Irakaskuntza, eskolaz kanpoko ekintza ezberdinak eta irakaskuntza errazteko zerbitzuak ere barneratzen dira. Hiru motatako Irakaskuntza kooperatibak bereizi ditzakegu: (106 art.).
  1. Ikasleen guraso edo beraien tutoretza eta ikasleak bilduz: kontsumo Kooperatiben eraentza.
  2. Irakasle eta bestelako langileak bilduz: lankide Kooperatiba arauak.
  3. Langileak eta zerbitzu erabiltzaileak biltzen dituenak: irakaskuntza Kooperatiba Integralak.
  • Finantza kooperatibak: bazkide direnen finantza beharrak ahalmentzea dute helburu mailegu-kooperatiba hauek. Beste edozein kreditu-etxeren gisa egiten dute lan eta bazkideez aparte, bazkide ez direnekin ere jardun dezakete. (119 art.).
  • Lankide kooperatibak: jendeari ondasun edo zerbitzu bat eskaintzeko labide-jarduera elkarlanean egiten duten pertsonak elkartzen dituzte (KL 99 art.). Euskadiko Kooperatiben Legean mugak ezartzen dira bazkideak langileak direlako, hau dela eta bazkideak eta inoren konturako lan-kontratudunak sortzen dira. (99 art.).

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz)  Cooperativa 2019-03-04 . Noiz kontsultatua: 2019-03-04 .
  2.   «Principios y valores - ACI Américas» web.archive.org 2011-10-08 . Noiz kontsultatua: 2019-03-04 .
  3.   Kooperatiben enpresa-ekonomia Mondragon Unibertsitatea 2005 ISBN 8468948993 PMC 907403156 . Noiz kontsultatua: 2019-02-16 .

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kooperatiba