Miguel Unamuno
Miguel Unamuno Jugo[1] edo, berak euskaraz sinatu ohi zuenez, Migel Unamunokoa[2] (Bilbo, Bizkaia, 1864ko irailaren 29a - Salamanca, 1936ko abenduaren 31) idazlea eta filosofoa izan zen, bere garaiko Espainiako nabarmenetako bat. Orduko pentsamenduaren eta politikaren joeretan, jarrera desberdinak eta, batzuetan, kontraesankorrak agertu zituen.
Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten 1901ean, eta bertan hil zen Espainiako Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan. Haren heriotzaren benetako kausak hizpidea jarri eta eztabaida piztu du azken urteotan. Bilbo jaioterriko Zazpikaleetan bere omenezko Miguel Unamuno plaza dago, eta Bilboko zabalgunean, Institutu Zentralean, bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoa.
Biografia
aldatuHaurtzaroa eta gaztaroa
aldatuBilboko Zazpikaleetako Erronda kalean jaio zen, gaur egun 16. zk. duen etxean. Bost senideetatik hirugarrena zen. Bere aita, Félix de Unamuno Larraza, bere iloba zen Salomé Jugo Unamuno-rekin ezkondu zen. Telesforo Arantzadi antropologoa lehengusua zuen.[3]
Migel Unamunokoak hamar urte zituela, Bigarren Karlistaldian Bilbo hiriak izandako setioaren lekuko izan zen. Eta esperientzia hori islatu zuen Paz en la guerra bere lehen nobelan.
Madrilen egin zituen Filosofia eta Letra ikasketak, eta hemeretzi urterekin lortu zuen titulua, 1883an. Hurrengo urtean eskuratu zuen doktoregoa, Euskal Herria, euskara eta euskaldunen historia gaitzat zituen tesia aurkeztuta: Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (Euskotar arrazaren etorkiari eta historiaurreari buruzko auziaren kritika), 1958ra arte argitaratu ez zena.[4]
1884an, ikastetxe batean hasi zen lanean, latineko eta psikologiako eskolak ematen. Urte berean, «Del elemento alienígena en el idioma vasco» artikulua eta «Guernica» ohitura-testua argitaratu zituen. 1886an, El Noticiero Bilbaíno egunkarian artikulu gehiago argitaratzen hasi zen, eta Sabin Aranarekin polemika biziak izan zituen.
1888an, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon sortu berria zen euskal katedrarako lehiaketa deialdia egin zuen, eta katedra eskuratzeko asmoekin aurkeztu zirenetako bat izan zen Unamuno, nahiz eta bere euskara maila aski apala izan. Sabin Arana eta Resurreccion Maria Azkue izan ziren beste bi hautagaiak. Hondarrean, Azkuek lortu zuen katedra.
1889an, beste oposizio batzuetarako prestatu eta Suitza, Italia eta Frantzian zehar bidaiatu zuen, eta Eiffel Dorrea inauguratu zeneko Erakustaldi Unibertsalean izan zen, Parisen.
Ezkontza eta katedra
aldatu1891ko urtarrilaren 31n Concha Lizarraga Ezenarrorekin ezkondu zen, umetandik maite zuen emakumearekin. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Fernando, Pablo, Raimundo, Salomé, Felisa, José, María, Rafael eta Ramón. Urte berean, Salamancako Unibertsitateko Grezierako katedrarako oposizioetara aurkeztu zen, eta postua bereganatu zuen. 1901ean, unibertsitate bereko errektore izendatu zuten.
1894ko urriaren 11n, PSOEren Bilboko sekzioan (Agrupación Socialista de Bilbao) izena eman eta La Lucha de Clases Bilboko egunkari sozialistan hasi zen idazten. 1897an utzi zuen alderdia, depresioak jota.
Euskara baztertzeko deia
aldatu1901ean, Bilbon egindako Lore Jokoen ospakizuneko presidente zela, Unamunok hautsak harrotu zituen hitzaldi ezaguna eman zuen. Hor, euskarari hileta duina egitearen alde agertu baitzen:
« | El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna [...]. Bilbao hablando vascuence es un contrasentido. [...] El vascuence se extingue [...]. Enterrémosle santamente. | » |
—Miguel Unamuno |
Euskaldunei honela mintzatu omen zitzaien:
« | Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz! | » |
—Miguel Unamuno[5] |
Xabier Kintanaren ustez, euskara maitatu eta duintasunez erabili nahi izateagatik esan zuen hori, «hots, euskara hilik ikusi nahiago zuelako, guztien irrigarri izan baino», bere bizialdian euskara ziztu bizian gainbehera ikusi baitzuen Unamunok. Gainera, Kintanaren iritziz, euskaldunei zirika ari zitzaien Unamuno, euskara goi-mailako jakintzetara eraman zezaten: «ez baitirudi oso zuzena, Unamuno, 1901eko Lore-Jokoetan, besterik gabe probokatzaile agertu zela pentsatzeak. [...] Zentzuzkoagoa litzateke kritika horien bidez Unamunok, sibilak bezain maltzurki, bere herritarrei erronka egiten ziela pentsatzea, euskararen aurkako erasoekin min emanez, hala, haserrez eta kontrakarrean, haiek, eginekin, euskara zientziaren zehaztasuna eta filosofi mintzabidearen xehetasunak oro adierazteko egiazki gai zela frogatzen ahalegin zitezen, bera oker zegoela erakutsi arte».[5][6]
Joxe Azurmendien ustez, aldiz, 1901eko Lore Jokoetako hitzaldia euskararen biziraupenari zuzen-zuzenean egindako erasoa izan zen. Unamunok erabili zuen oldarkortasuna Espainiari buruzko gogoeta berri batek azal lezake, hau da, Azurmendiri jarraituz, Unamunok hautu politiko bat hizkuntzaren gaineko gogoeta batekin ezkutatu zuen Bilbon.[7]
Unamunok jada bere doktore-tesian (Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca, 1884) iradoki zuen modernitaterako eta aurrerakuntzarako euskararen gaitasun eza. Aurreragoko hitzaldietan (Espíritu de la raza vasca, 1887) uste horretan sakonduz joan zen. Euskararekiko gogoeta hori bere fase positibistan, aurrerakuntzaren gogoetaren baitan, garatu zuen Unamunok.[7] Bide beretik, Cómo se hace una novela bere idazlanean, Axularren Egunean (1925) egon zela aipatu gabe uzteaz gain, argi agertu zion gutxiespena euskarari:
« | Y el campo circunstante le hablaría en vascuence, en infantil éuskera, le hablaría infantilmente, en balbuceo de paz y de confianza.[3] | » |
Aldi horretan, Unamuno, Salamancan jada irakasle, politikan interesatzen hasia zen eta zeregin nagusitzat hartua zuen Espainiako berrikuntza kultural eta intelektuala. Eta hori Estatu zentralista eta sendo baten baitan egin nahi zuen.[7] Espainiar nazionalismora lerratze horretan, oso egoki ikusten zuen 1909an mairuen kontra Rifen gerra egitea, "gure artean espiritu kolektibo nazionala pizteko", Victor Moreno irakaslearen arabera.[8] Bilboko Lore Jokoetan parte hartu zuenerako, bada, euskararekiko eta Euskal Herriarekiko kezkak baztertuak zituen ikuspegi politiko jakin baten alde.[7]
1930ean, Unamunok elkarrizketa batean Iberiar Penintsulako idazle guztiek gaztelania erabiltzearen aldeko aldarria egin zuen, irakurle gehiagorengana iristeko. Fernando Pessoak ingelesez idatzitako testu honekin erantzun zion:[9]
"The problem of language does not matter, for if a Catalan likes to write Castilian, he will do so then as he does now, in the same manner as a Catalan can write in French and get a wider public still. Unamuno put the case: why not write in Castilian? If it comes to that, I prefer to write in English, which will give me a wider public than Castilian; and I am as much Castilian as I am English in blood and much more English than Castilian since my education is English. Unamuno’s argument is really an argument for writing in English, since that is the most widespread language in the world. If I am to abstain from writing in Portuguese, because my public is limited thereby, I may just as well write in the most widespread language of all. Why should I write in Castilian? That U[namuno] may understand me? It is asking too much for too little."[10]
Agintariekiko desadostasunak
aldatu1914an, Hezkuntza Publikoko ministroak errektore postua kendu zion Unamunori, arrazoi politikoak zirela medio. 1920an Filosofia eta Letra Fakultateko dekano izendatu zuten bere lankideek. Hamasei urteko espetxe zigorra ezarri zioten erregea iraintzeagatik, baina sententzia ez zen betearazi. 1921ean errektoreorde egin zuten. Erregearen aurkako bere etengabeko erasoengatik, Miguel Primo de Riverak Fuerteventurara erbesteratzeko agindua eman zuen 1924ko otsailean. Uztailaren 9an indultua eman zioten, baina Unamuno bere borondatez joan zen erbestera. Lehenik, Parisera heldu zen eta, 1925eko abuztuaren 23an, Hendaiara etorri zen, Ortega y Gassetekin batera diktaduraren kontra mintzatzera.[3]
Bidasoko herrian, ia bost urte eman zituen. Bertan aterpeturik zela, [[Sara] bisitatu zuen 1925eko irailaren 17an Euskaltzaleen Biltzarrak antolatu Axularren Egunean, tartean zirela hainbat euskaltzale, hala nola Manuel Arantzadi, Pablo Fermin Irigarai, Joxemiel Barandiaran, Ixaka Lopez Mendizabal...[3] Cómo se hace una novela bere idazlan garrantzitsuenetako batean, azaldu zuen Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Azkaine, Arnegi, Biriatu, Urruña eta beste herri batzuk bisitatu zituela; Sara eta Axularren Eguna, ordea, inoiz ez zituen aipatu. Hendaian, 1930eko otsail arte hartu zuen aterpe.[3]
1930ean Primo de Riveraren diktadura erortzearekin batera, Salamancako Unibertsitatera itzuli zelarik, bertakoek harrera beroa egin zioten. 1931ko apirilaren 12an Salamancako udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten, sozialistek eta errepublikarrek osatutako zerrenda bateratuaren barnean. Apirilaren 12an Salamancan Unamunok aldarrikatu zuen Espainiako Bigarren Errepublika, udaletxeko balkoitik. Mintzaldian, hau esan zuen: «Comienza una nueva era y termina una dinastía que nos ha empobrecido, envilecido y entontecido» ("aro berri bat hasten da, eta pobretu, gaiztotu eta ergeldu gaituen dinastia bukatzen da"). Errepublikako gobernuak errektore postua itzuli zion. Gorteetarako hautagai aurkeztu zen Salamancako zerrenda errepublikazale-sozialistaren barnean, independente gisa. Hala ere, laster errepublikarekiko desengainua etorriko zitzaion, eta berriro ez aurkeztea erabaki zuen 1933an. Hurrengo urtean, unibertsitateko errektoretzatik erretiroa hartu eta ohorezko errektore izendatu zuten, horrekin batera bere izena zuen katedra sortuta. Nahiz eta 1935ean errepublikako ohorezko herritar izendatua izan, Unamunok gogor kritikatu zuen erregimen berria.
Gerra Zibila piztean, Unamunok hasieran babesa eman zien altxatuei. Uztailaren 19an agintari berriek Salamancako ia udalbatza osoa kanporatu zutelarik, alkate berria zen Del Valle komandanteak eskainitako zinegotzi kargua onartu zuen. 1936ko udan, Europako intelektualei deia egin zien altxatuen alde jar zitezen, horiek mendebaldeko zibilizazioa eta tradizio kristauak defendatzen zituztela aldarrikatuz. Salamancan errepresioak hartu zuen norabidearekin, ordea, Unamunok iritzia aldatu zuen. Adiskide eta ezezagunen gutunak jasotzen zituen, haien senitarteko atxilotuentzat laguntza eskatuz. Haren adiskide batzuk fusilatu egin zituzten: Prieto Carrasco, Salamancako errepublikar alkatea; José Andrés y Manso, diputatu sozialista; eta Salvador Vila Hernández, haren ikasle ohi eta Granadako Unibertsitateko errektorea. Adiskide kartzelatuen artean ziren Filiberto Villalobos doktorea eta Jose Sánchez Gómez kazetaria. Atilano Coco masoi eta apaiz anglikanoak heriotza mehatxuak izan zituen, eta azkenean mehatxua bete eta 1936ko abenduan fusilatu zuten. Unamuno Francisco Francorekin elkartu zen apezpiku-jauregian, bere adiskideentzat errukia erregutzeko.
Bere damua jendaurrean lehenengo aldiz 1936ko urriaren 12an agertu zuen, unibertsitateko ikasturtea hasteko ekitaldian, urte hartan Arrazaren Egunarekin batera egin baitzen. Jose Millan-Astray generalarekin eztabaida sutsuan ari zela, egun hartan esan zuen bere «venceréis, pero no convenceréis» esaldi ospetsua ("garaituko duzue, baina ez duzue konbentzituko"). Hitz horiek egundoko zalaparta eragin zuten faxistez betetako aretoan, Francisco Francoren emazte Carmen Polo eta Enrique Deniel y Pla apezpikua buru zituen ekitaldi hartan. Azken bi horiek babestuta atera zen Unamuno bere unibertsitatetik, faxisten oihuen eta mehatxuen artean, eta behin betiko etxeratu zen. Egun batzuk geroago, urriaren 28an, Burgosko Egunkari Ofizialean argitaratu zuten Unamunori errektore ardura kentzeko erabakia.[11]
Heriotza
aldatu1936ko udazkenean, Unamunok 72 urte zituen eta, urriaren 12ko hitzaldia zela eta, agintari kolpistek haren etxean giltzapetu zuten. Palabras para un fin del mundo dokumentalak agertu duenez (2020), kolpistek Unamuno, haren irudia eta haren hitzak bahitu eta manipulatu zituzten gutxienez udazken hasieratik. Etxean, tarteka bisitak hartzen zituen. Abenduaren 31n, bi bisita espero zituen, baina haietako batek huts egin zuen, eta bakarrik Bartolomé Aragón falangista joan zen, aspaldi gabe Espainia hegoaldeko frontetik heldua. Sutondoan zirela, etxeko morroiak oihu batzuk entzun zituen sukaldetik; gero, berriz entzun ziren. Morroia gelara sartu zen, eta Unamuno hilik aurkitu beheko suaren aldamenean; Aragón urduri eta presaka atera zen gelatik, emakume morroiari «yo no he hecho nada» adieraziz asaldaturik.
Unamuno arratsalde erdialdera hil zen. Dokumentalak (2020) aditzera eman du Bartolomé Aragón falangistak hil zuela Unamuno, harekin gelan zegoela. Hildakoan, agintariek familia alboratu eta gorpua eta zerraldoa bahitu zituzten. Haren hiletan, «heroi falangista» gisa goraipatu zuten. Antonio Machadok, ordea, Unamuno hil zenean hau idatzi zuen: «Señalemos hoy que Unamuno ha muerto repentinamente, como el que muere en la guerra. ¿Contra quién? Quizá contra sí mismo; acaso también, aunque muchos no lo crean, contra los hombres que han vendido a España y traicionado a su pueblo. ¿Contra el pueblo mismo? No lo he creído nunca ni lo creeré jamás».
Unamunok espainiar gazteei
aldatu« | [...] El Escorialeko eta Deustuko abadeen industria pedagogikoaren negozio doilorra eta profanoa ez da ezer gure negozio nagusiaren ondoan; hau da, adimena, egia, askatasuna, justizia eta erlijioa salbatzeko negozioaren ondoan. Politika egiten dugula? Nahitaezkoa da, gazte ikasleok. Gure politika justizia, moraltasuna eta egia egitea da. Bidegabekeria, ez-moraltasuna eta gezurra tiranoen politika da.
[...] Zuen irakasleei irakasten ari zatzaizkiete, horiei irakasle eta herritar izaten irakasten. Mespretxatu zoriaren eta mailaren zerbitzari horiek [...]. Morroi hutsak dira. Batzuk Giza Zientzietako irakasleak omen dira. Gizatasuneko irakaslea behar dute. Adimena eta askatasuna gorrotatzen duen eta lapurrez beteta dagoen (batez ere, lapurrak) botere batek gauzarik baliotsuena ostu nahi digu, herritar espainol eta aske modura duzuen etorkizuna [...]. |
» |
—Miguel Unamuno |
Miguel Unamunok Espainiako gazteei Frantziako erbestean idatzitako gutuna, 1929ko apirilean.
Pentsamendua
aldatuUnamunoren pentsamendua hobeto ulertzeko, garai desberdinak hartu behar dira kontuan. Garrantzitsuena bizitzaren sentimentu tragikoaren Unamuno edo Unamuno existentzilista litzateke. Aurretik, ordea, beste fase batzuk ere pasa zituen Unamunok.[12]
Gaztaroan garai euskaltzalea edo dei genezakeena bizi izan zuen. Foruak ezabatu ondorengo sasoi hartan Antonio Trueba, Navarro Villoslada, Juan Benanzio Arakistain, Vicente Arana eta horien euskal kontakizunak irakurriak zituen.
1880an, Madrilera iristearekin batera, fase berri bat hasi zen Unamunoren pentsamenduan. Sasoi horretan ohikoa zen XIX. mendeko arrazionalismo eta filosofia positibistari heldu eta gaztaroko aro erromantiko zein euskaltzalea betirako baztertu zuen. Periodo horretan Herbert Spencer zuen autore estimatuen artean.
Mendea amaitzear zela, Unamunok erlijio krisi moduko bat pairatu zuen. Positibismoak jada ez zion balio eta Schopenhauer-en ildotik abiatu zen. Azkenean, Kierkegaard-en eraginpean, bere berezkoa zuen pentsamendua garatzen hasi zen XX. mende hasiera horretatik aurrera.
Bere pentsamenduan garrantzi berezia zuen berak bizitzaren sentimendu tragikoa deitu zuenak. Bizi nahi eta hil beharrak bultzatzen du sentimendu tragiko hori. Egoera horrek arrazoimenak konpondu ezin dituen auziak azaleratzen ditu, arrazoimena bizitzarekin etengabeko gatazkan lotuz. Hilkortasunaren aurrean etsi ezinik, betiko bizinahiaren poderioz, arrazoimenak absurdotzat baztertzen duena sentimenduak sinetsi nahi du. Sinesmenera lerratzen da Unamuno. Sinesmen horrek ez du badagoen zerbait aitortzen, baizik eta ez dagoen zerbait sortzen du: hilezkortasuna, Jainkoa.[13]
Harrera Euskal Herrian
aldatuUnamunok euskara, Euskal Herria eta euskal kulturaren aurka bereak eta bi esan arren Unamuno-zale ugari izan dira euskaltzale eta abertzaleen artean. Gerraosteko euskal pentsamendua Unamuno-zalea izan da eta, nolabait esatearren, Unamunoren filosofia baliatu du Unamunoren aurka jotzeko.
Joxe Azurmendiren ustez, Unamunok XIX. mendeko ikuspegiarekin aztertu eta baztertu zuen euskal arazoa. Era berean, Unamunok berak gainditu zuen hoberen XIX. mendeko filosofia positibista hura, baina Euskal Herriarekikoak utziak zituenez, ez zion bere filosofia berria euskal arazoari aplikatu. Azurmendiren ustean, gerraondoko euskal pentsamenduak aplikatu dio euskal arazoari Unamunoren filosofia.[14]
Azurmendik Unamunoren hiru berreskurapen modu azaltzen ditu.[15] Lehena katolizismo frankista ofizialaren aurkako Unamunoren berreskurapena litzateke, benetako katoliko gisa. Unamunoren fede angustiatu existentzialista goraipatu nahi da. Horretan saiatu zen, adibidez, Karlos Santamaria.
Bigarren berreskurapenak Unamuno euskaldun gisa ulertu nahi du. Euskalduntasuna ulertzeko modu berriaren ordezkari gisa hartu nahi da Unamuno hor. Unamuno tragikoa da, eta ordura arteko euskaldun idealizatuaren aurka, eredu berria eraikitzeko baliagarria zen. Horretan aritu zen Salbatore Mitxelena bere Unamuno ta Abendats (1958) saiakeran, adibidez.
Hirugarren berreskurapena Unamuno kritikoa, egiatia, mito eta uste onen apurtzailea eta ezkertiarra litzateke. Ikuspegi hori hartu zutenen artean ezagunena Txillardegi da. Txillardegik berak aipatzen du, Unamuno eragille (1957) artikuluan, Unamuno eta bere existentzialismoak gazteen artean izan zuen eragina.
Obra
aldatuLiteraturaren arloan, 98ko Belaunaldia izeneko idazle taldearen barnean kokatzen da. Unamunoren obra oparoa izan zen, batez ere nobelagintzan, eta liburu guztien artean Niebla (lainoa) da nabarmenena, egile askoren ustez. Gaztelaniaz idatzi zituen ia lan guztiak. Gaztetan euskaraz ere argitaratu zituen bi lan: «Agur, arbola bedeinkatube!» artikulua (1888) eta gabon kanta euskaltzale bat. Horiexek ditugu ezagutzen zaizkion euskarazko testu bakarrak.
Halaber, poesia, saiakera eta antzerkia ere landu zituen, lehenengo bietan gai berdinak jorratzen zituelarik: bere larritasun espirituala, Jainkoaren isiltasunak eragiten zion mina, denbora eta heriotza.
Nobela
aldatu- Paz en la guerra (1897).
- Amor y pedagogía (1902).
- Niebla (1914). Mikel Garmendia Ugartek Laino izenburuarekin euskaratua (1998).
- El espejo de la muerte (1913).
- Abel Sánchez (1917). Euskaratua: Abel Sánchez. Aintzane Atela eta Miren Arratibel. Ibaizabal, 1992.
- Tulio Montalbán (1920).
- Tres novelas ejemplares y un prólogo (1920).
- La tía Tula (1921).
- Cómo se hace una novela (1927).
- San Manuel Bueno, mártir (1931).
- Don Sandalio, jugador de ajedrez (1930).
Filosofia
aldatu- En torno al casticismo (1895).
- Vida de Don Quijote y Sancho (1905).
- Por tierras de Portugal y España (1911).
- Del sentimiento trágico de la vida (1912). Euskaratua: Bizitzaren sentimendu tragikoaz. Xabier Kintana. KLASIKOAK, Pentsamendu unibertsala, 1994.
- La agonía del cristianismo (1925).
Poesia
aldatu- Poesías (1907).
- Rosario de sonetos líricos (1911).
- El Cristo de Velázquez (1920).
- Andanzas y visiones españolas (1922).
- Rimas de dentro (1923).
- Teresa. Rimas de un poeta desconocido (1924).
- De Fuerteventura a París (1925).
- Romancero del destierro (1928).
- Cancionero (1953).
Antzerkia
aldatu- La esfinge (1898).
- La venda (1899).
- La princesa doña Lambra (1909).
- La difunta (1909).
- El pasado que vuelve (1910).
- Fedra (1910).
- Soledad (1921).
- Raquel encadenada (1921).
- Sombras de sueño (1926).
- El otro (1926).
- El hermano Juan o el mundo es teatro (1929).
- Razón y fe.
Bestelakoak
aldatu- Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (1884). Doktorego-tesia. 1958an argitaratua.
- Recuerdos de niñez y de mocedad (1908). Obra autobiografikoa.
- Diario íntimo. 1897 inguruan idatzia eta 1970ean argitaratua.
- La raza vasca y el vascuence. En torno a la lengua española (1974).
Euskal Herriari buruzko idazki, artikulu eta konferentziak
aldatu- "La unión hace la fuerza", El Noticiero Bilbaíno, 1879-12-27. 15 urte zituenean idatzitako artikulu foruzalea.
- "Guernica. Recuerdos de un viaje corto", El Noticiero Bilbaíno, 1885-08-31.
- "Del elemento alienígena en el idioma vasco" (I eta II), Revista de Vizcaya, 1886-02-16 eta 1886-03-01.
- ¿Vasco o Basco?, Revista de Vizcaya, 1886-04-01, 399-404 orr.
- "Más sobre el vascuence", Revista de Vizcaya, 1886-04-16, 422-426 orr.
- "Orígenes de la raza vasca", Bilboko El Sitio elkartean 1886ko apirilaren 9an emandako konferentzia.
- "Espíritu de la raza vasca", El Sitio elkartean 1887ko urtarrilaren 3an emandako konferentzia.
- "Gabon-abestia". Euskaraz idatzitako gabon kanta.
- "¡Agur, arbola bedeinkatube!", Euskal-Erria, 19. liburukia, 1888, 299-300 orr. Euskaraz idatzitako testu euskaltzale eta foruzalea.
- "La sangre de Aitor", El Nervión, 1891-09-14. Foruzaleen aurkako idazki satirikoa.
- "Alma vasca", Alma Española, 10, 1904, 3-5 orr.
Miguel Unamuno zineman
aldatu- 1964an Miguel Picazok La Tía Tula eleberria zinemara eraman zuen. Emaitza Espainiako 1960. hamarkadako film garrantzitsuenetariko bat izan zen. Aktore nagusiak Aurora Bautista, Tularen paperean, Carlos Estrada eta Irene Gutiérrez Caba izan ziren.[16]
- 2019an, Alejandro Amenábar zuzendaria espainiarrak Mientras dure la guerra filma zuzendu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren hasieran Unamunok izan zituen zalantzak kontatzen dira eta, azkenean, frankistekin izan zuen liskar ospetsua. Filma polemikoa izan zen.
- 2020an, Manuel Menchón zuzendari espainiarrak Palabras para un fin del mundo film luze dokumentala zuzendu zuen, II. Errepublikan politikan agertu zituen ideia eta jarrerak erakutsiz. Filmaren puntu nagusia intelektual espainiarraren azken hilabeteak, 1936ko urriaren 12ko hitzaldia eta heriotzaren inguruabarrak dira.
Plaza eta hezkuntza zentroa
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ «[...] euskaraz artikulu eta poema batzuk idatzi zituen, Migel Unamunokoa gisa sinaturik argitaratuak».
Xabier Kintana (2000): «Unamuno eta euskara», Jakin, 121. zenbakia, azaroa-abendua. - ↑ a b c d e Altonaga, Kepa. (2022). Axularren gerizpean. Pamiela ISBN 978-84-9172-307-3..
- ↑ Jose Antonio Ereño Altuna: «La tesis de Unamuno (1884)», Ediciones Beta argitaletxearen webgunea.
- ↑ a b Xabier Kintana (2000): «Unamuno eta euskara», Jakin, 121. zenbakia, azaroa-abendua.
- ↑ Kintana, Xabier. (1994). Bilbao, euskararen bizitzan. X. Kintanaren Euskaltzaindian sartzea. Euskaltzaindia.
- ↑ a b c d Azurmendi, Joxe (2006): «Hizkuntzaren izpiritua, edo hizkuntza eta izpiritua», in Joxe Azurmendi, Espainiaren arimaz, 101-146 orr.
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-03-17). «Ni Dios, ni Kant» naiz: IRITZIA (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
- ↑ Delgado, Antonio Sáez. (2014). «Fernando Pessoa y sus cartas “ultraístas” en la reconstrucción de las relaciones literarias entre España y Portugal» Cuadernos AISPI: Estudios de lenguas y literaturas hispánicas (3): 13–26. ISSN 2283-981X. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
- ↑ Pessoa, Fernando. (2012). Ibéria : introdução a um imperialismo futuro. Ática ISBN 978-972-617-248-2. PMC 826831337. (Noiz kontsultatua: 2021-04-17).
- ↑ Josu Chueca: «Miguel Unamuno, guelfogibelino baten bigarren heriotza»,[Betiko hautsitako esteka] 36ko gerra orain atala, Berria egunkariaren webgunea.
- ↑ Joxe Azurmendi 2012: "Unamunoren atarian" in Euskal Herriko pentsamenduaren gida, 29 or.
- ↑ Joxe Azurmendi 2012: "Unamunoren atarian" in Euskal Herriko pentsamenduaren gida, 41-42 or.
- ↑ Joxe Azurmendi 2012:Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa, 29 or.
- ↑ Joxe Azurmendi 2012:Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa, 138-139 or.
- ↑ http://paradigmamejillon.wordpress.com/tag/la-tia-tula/ «La tía Tula, 1964, El clásico de la semana, la grandeza del cine».
Bibliografia
aldatu- Azurmendi, J. (2006): "Unamuno, Völkerpsychologie", "Euskal Herri gogoaz" eta "Hizkuntzaren izpiritua, edo hizkuntza eta izpiritua" in Espainiaren arimaz, Donostia: Elkar. ISBN 84-9783-402-X
- Azurmendi, J. (2012): Bakea gudan, Tafalla, Txalaparta. ISBN 978-84-15313-19-9
- Azurmendi, J. (2012): "Unamunoren atarian" in Alaitz Aizpuru (koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9
- Kintana, Xabier (2000): «Unamuno eta euskara», Jakin, 121. zenbakia, azaroa-abendua, 65-80.
- Mitxelena Salbatore "Iñurritzak" (1958): Unamuno ta Abendats, Baiona, Euzko Gogoaren separata.
- Penades, Josu: Lauaxeta eta Unamuno. - Egan, 2005-3/4, 65-81.
- Soto, I. eta Soto, M. (2006): Unamuno, Donostia, Elkar.
- Torrealdai, J.M. (1998): El libro negro del Euskara, Donostia, Ttarttalo.
- Txillardegi (1957): Unamuno eragille, Egan, 3/4, 170-177.
- Txillardegi (1966): Unamuno ala Jammes?, Jakin, 21, 81-84.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Miguel Unamuno |
- Bideoa: Joxe Azurmendiren solasaldia Unamunori buruz
- Unamunori buruzko dossierra Jakin aldizkariaren webgunean
- "Unamuno gutarra zen" Igor Estankonaren artikulua, Bilbao egunkarian, 2021/07.