Herbert Spencer
Herbert Spencer (Derby, Erresuma Batua, 1820 – Brighton, Erresuma Batua, 1903) filosofoa eta soziologoa izan zen. Saint-Simonekin eta Comterekin batera, soziologiaren aitzindaritzat hartzen da.
Herbert Spencer | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Derby, 1820ko apirilaren 27a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Brighton, 1903ko abenduaren 8a (83 urte) |
Hobiratze lekua | Highgate Cemetery (en) |
Familia | |
Aita | William George Spencer |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, ekonomialaria, antropologoa, psikologoa, kazetaria, soziologoa, idazlea, botanikaria eta biologoa |
Enplegatzailea(k) | The Economist |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Accademia delle Scienze di Torino Athenaeum Club (en) X Club (en) |
Mugimendua | librepentsalaria positibismoa utilitarismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | agnostizismoa |
Bizitza eta obrak
aldatuGaztetan burdinbide-ingeniari gisa lan egin zuen. 1848an, The Economist aldizkariko zuzendariorde izendatu zuten. 1851. urtean, Social Statics (Gizarte-estatika) liburua argitaratu zuen; obra hartan gizartearen bilakaerari buruzko bere pentsamenduaren oinarriak eman zituen aditzera.
1855ean, The Principles of Psychology (Psikologiaren hastapenak) liburuaren lehen partea argitaratu zuen; bertan, Charles Darwini aurrea hartuz, gizartea etengabe garatzera eta aurrera egitera daramana iraupenaren borroka dela adierazi zuen, eta soilik hobekien moldatuak dauden gizarteak irauten dutela bizirik. Hala, bilakaeraren printzipioan oinarrituz, errealitatearen alde guztiak azaltzen saiatu zen, eta zientzia guztiak bilakaeraren printzipioaren baitan uztartu zituen.
Darwinek bere obra argitaratu zuenean, Spencerrek bere egin zuen haren teoria; horren arabera, errealitate osoa indar edo eragile ezezagun baten bilakaera etengabearen ondorio zela uste zuen Spencerrek; hala, hasieran homogeneoa, zehaztugabea eta sinplea zena, bilakatuz joan ahala, heterogeneo, zehatz eta konplexu bihurtzen zen. Gauzak horrela direla, nebulosen bilakaeratik planetak sortu ziren, eta izaki zelulabakarren bilakaeratik organismo konplexuak. Antzeko prozesua ikusten zuen gizartean ere; hala, hasierako giza talde primitiboak bilakatuz joan ahala sortu ziren indarrean egituratutako gizarteak, eta hortik eratu ziren, halaber, industria-gizarteak, gizabanakoek beren borondatez egindako kontratu batean oinarriturik zeudenak, haren ustetan. Horren ondorioz, Spencer gizarte-eredu guztiz liberal baten aldekoa zen; hala, estatuak ez zuen batere eraginik izan behar gizarte horretan, gizarte liberala, berez egituratua, baitzen gizabanakoaren askatasuna eta gizartearen berezko antolamendua errespetatzen zuen bakarra. Morala gizonaren eta gizartearen harmonia lortzea helburu duen giza gogoaren nahia dela uste zuen, eta, beraz, izaera eta izpiritua errealitate bakarraren kanpoko eta barruko adierazpideak direla.
Beste obrak: The Synthetic Philosophy (1862, Filosofia sintetikoa), First Principles (1862, Lehen Hastapenak), The Principles of Biology (1864-1867, Biologiaren hastapenak), Principles of Pschology (1870-1872, Psikologiaren hastapenak), The Principles of Sociology (1876-1896, Soziologiaren hastapenak) eta The Principles of Ethics (1892-1893, Etikaren hastapenak).
« | Hezkuntza, gizaki bakoitzak bere burua gobernatzea du helburu eta ez beste baten menpe egon dadin izakia lortzea. | » |
Spencer: Hezkuntzari buruzko bere esaldi ezaguna |
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Herbert Spencer |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.