Antonio Machado
Antonio Machado, jaiotzez Antonio Cipriano José María y Francisco de Santa Ana Machado Ruiz (Sevilla, 1875eko uztailaren 26a - Collioure/Cotlliure, Ekialdeko Pirinioak, 1939ko otsailaren 22a) poeta espainiar ezaguna da. 1907an Soriara iritsi zen, eta bertan Leonor Izquierdorekin ezkondu zen. Espainiako Gerra Zibilean, errepublikarren alde,egin zuen eta 1939an erbesterako bidea hartuz.[1]
Antonio Machado | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Antonio Cipriano José María Machado Ruiz |
Jaiotza | Sevilla, 1875eko uztailaren 26a |
Herrialdea | Espainia |
Bizilekua | Madril Paris Soria Baeza Segovia Sevilla Rocafort Bartzelona Collioure |
Heriotza | Collioure, 1939ko otsailaren 22a (63 urte) |
Hobiratze lekua | Collioure |
Familia | |
Aita | Antonio Machado Álvarez |
Ama | Ana Ruiz Hernández |
Ezkontidea(k) | Leonor Izquierdo (1909 - 1912) |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Unibertsitate Zentrala |
Hizkuntzak | gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, antzerkigilea, irakaslea eta intelektuala |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Kidetza | Real Academia Española |
Mugimendua | 98ko Belaunaldia |
Genero artistikoa | olerkigintza dramaturgia saiakera |
Biografia
aldatuMachado, poeta
aldatuAntonio Machado Sevillan jaio zen 1875ean, tradizio liberal eta intelektualeko familia batean, baina familia Madrila aldatu baitzen, garai hartako eskolarik aurrekoienean ikasi ahal izan zuen Antoniok, Institucion Libre de Enseñanza ikastetxean —urte batzuk geroago, besteak beste, Federico García Lorca poeta, Luis Buñuel zinemagilea, Salvador Dali margolaria bildu zituena—. 1899an Parisa joan zen, aurreneko aldiz, eta han ezagutu zituen, beste askoren artean, Ruben Dario —haren lehen poemetan eragin handia izan zuena—, Anatole France, Oscar Wilde. Parisen egin zuen beste egonaldi batean, Henri Bergson filosofoaren eskoletara joan zen (1910). Bergsonen irakatsiek, zenbait puntutan uko egin zien arren, eragin handia izan zuten Machadoren pentsamoldean.
Soledades ("Bakarraldiak") poema lirikoen lehen bilduma 1902an argitaratu zen. Lehen poema haietan agerikoak dira Gustavo Aldolfo Bécquer poeta erromantikoaren eta Rubén Darioren modernismoaren oihartzunak, zenbaitetan elkarren kontrakoak ere gertatzen direnak; nolanahi ere, Bécquerren eragina nagusitzen da oro har poemetan: arimaren barrena, arimak dioena —ezer baldin badio—, bere ahots propioaz adierazi nahia. Bilduma hura zela-eta, bere poesiaren intimismoaz mintzatu zen: sentsazio hori "izpirituaren taupada sakon batetik" sortzen da eta munduarekiko harremanaren erantzun bizi modura adierazten. Aipagarria da nola hasieratik bertatik ohartzen den Machado geure burua ezagutzeko dugun ezintasunaz; garai hartako beste espainiar idazleengan baino askoz ere argiago agertzen da hor Mendebaldeko filosofia eta kulturaren baitako prozesu zabal bat —Nietzscherengandik hasita azken ehun urteak hartu dituena-, alegia, Ni-aren krisia deitu den hori.
Bakarraldiak-eko poemetan, Machadok, idazteko unean bizileku zuen Madriletik, Sevillako etxeko patioa eta hango iturri marmartiak, kale estuak, umeen ahotsek betetzen dituzten plazak, lorez betetako balkoiak eta lorategi isilak gogoratzen ditu.O roitzapen biziak giro eta paisaiekiko lotura estua eta berehalakoa sorrarazten du, halako moduan non gauzak, izadia, denbora, solaskide bihurtzen baitira. Gaiak ez dira oso ugariak, eta behin eta berriz aipatzen dira, poetak iradozikun ahalmen oro atera nahiko balie bezala : badira egoera inportanteak (ilunabarra) eta badira sinboloak (iturria, noria), Machadok bere hausnarketaz beteko dituenak, iraganari eta orainari, heriotzari eta bizitzari buruzko hausnarketaz.
Bilduma 1907an berriz argitaratu zen, osatua, Soledades, galerías, otros poemas izenaz ("Bakarraldiak, galeriak, beste zenbait poema"), iraganaren bihurrera eta gizakiaren patua iradokitzeko sinbolo berriak baliatzen dituena : ibaia, galeria ; aldi berean, ukitu estilistiko trebeen bidez, aurreko gehiegikeria modernistak ezabatu zituen egileak, eta pasarte sentimentalak kontzeptuen aldetik argitu. Urte hartan bertan, 1907an, Soriara bidali zuten institutuko frantseseko irakasle gisa. Hantxe aurkitu zuen poetak emaztea, Leonor Izquierdo, hamabost urteko neskatxa —Machadok 34 urte zituen ezkondu zenean—, eta han aurkitu zuen Gaztelako paisaia —98ko belaunaldi osoaren ikur izan zena—, errealitatearen irakaspen gertatu zitzaion, objektibotasunaren erakusgarri, aurreneko poemetan jada zalantzan jarri zuen subjektibotasun erromantikoari kontrajarria.
Hain zuzen ere, Campos de Castilla ("Gaztelako zelaiak") deritzan Machadoren bigarren poema bilduma handia, 1912an argitaratu zen. Paisaia, objektibotasunaren adierazgarri ez ezik, Espainiaren egoerari buruzko gogoeten abiapuntu gisa ere ageri da poema horietan. Aldi berean, ordea, gauza intimoago eta sakonago bat ere sortzen da, "bestea", emakumea: Leonor.
Baina hiru urteren buruan hil zen Leonor, tuberkulosiak jota, eta Andaluziako hiri txiki batera aldatu zen poeta alargundu berria, Baezara; han, bakardadean, filosofia lantzen hasi zen.[2]
Gaztelako zelaiak-eko poemekin, giro modernista behin betiko utzirik, Erdi Aroko tradiziora itzuliz eta Andaluziako paisaia gozoaren ordez Gaztelako paisaia gogorra kantatuz, 98ko belaunaldiko moraltasunaren poeta gisa nagusitu zen Machado.
Unamunoren eragina erabakigarria da liburu honetan, eta berezkoa dirudi erromantzeen estilo liriko-epikoarekiko lotura.
Poemak sarritan luzeak eta egitura konplexukoak dira, Gaztelako lekuak gogoratzen dituzte eta Duero ibaiaren ibilbidea jarraitzen, Moncayo mendiaren oinean.
Laztasuna eta handitasuna, kolore ilunak eta zeru zabalak, urtaroen aldizkatzean eta argien ugaritasunean kantatzen ditu Machadok. Izadiaren handitasunak hartuta, bigarren mailan geratzen da ni-a ; aldi berean, hementxe hasten da gerora Machadoren lanean hain garrantzitsua izango zen bikoiztasun moduko hori, Juan de Mairena eta Abel Martin "apokrifoak", asmatuak, ekarriko zituena.
1917an Gaztelako zelaiak-en beste edizio bat agertu zen, aski zabaldua : poema batean bere burua Baezan deskribatzen du, Bergson eta Unamuno irakurtzen, ironiaz betetako autoerretratuan. Unamuno maisu izan zuen beti, eta hain zuzen ere Baezatik, urte haietxetan, gutun mamitsuak bidali zizkion, inguratzen zuen andaluziar gizartearen bidegabekeriak eta miseria kritikatzeaz gainera, bere emazte hila gogoratuz, heriotzaren ondoren irauteko irrika adierazten dutenak.
Hurrengo liburua, Nuevas canciones ("Kanta berriak"), 1924an kaleratu zuen. Poema sail aberatsa da, baina ez aurreko biak bezain trinkoa, itxuran behintzat. Horren arrazoia konposizio eta metrika ereduetan egon liteke: Andaluziako cante hondo-a, kopla zaharrak, haikua eta sonetoa, hitzaren mamira heltzeko behar zituen forma guztiak hartu zituen poetak. Badirudi eskema metriko andaluziarrak, geroago Garcia Lorcak erabiliko zituenak, hobesten dituela ; baina ardura metafisiko bat dago sakonean, gauzak ezik, misterioaren seinale sekretuak bilatzen dituena.[3]
Heraklito, Pitagoras, Platonen metafora filosofiko handiak (etengabe isurtzen den ura, lira, leize-zuloa), mitologia klasikoa eta Ebanjelioa, hausnarketa poetikoaren gai dira, eta forma poetikoa ematen diete bizitza eta izakiari buruzko galderei.
Granadan izan zen hilketa: Federico García Lorcari
aldatu« | Fusilen artean zihoala ikusi zuten, landa hotzera irteten, goizaldeko izarren pean.
Eguna argitzear zegoela hil zuten Federico. Borreroen pelotokoikoek ez zuten hari aurpegira begiratzeko adorerik izan. Begiak itxita, otoitz egin zuten: Jainkoak ez zaitu salbatuko! Zerraldo erori zen Federico -odola kopetan, eta beruna sabelean- ...Jakin ezazue hilketa Granadan izan zela, Granada gaixoan, Federicoren Granadan. |
» |
Antonio Machado, 1936 |
Machado, filosofoa eta plazagizona
aldatuSentimendu eta eginkizun herriek markatuko dituzte 1924-1932 urteak, Segovian igaroak, jadanik maisutzat hartzen zuten poeta gazteez inguraturik zegoenean: Guiomar (Pilar Valderrama) maiteari[4] eskainitako poema bakan ederrak, bere anaia Manuelekin batera idatzitako antzerki lanak, prosazko lanak (Complementarios [Osagarriak, gehienak hil ondoan argitaratuak]), Cancionero apócrifo (1926, "Kantutegi apokrifoa"), Juan de Mairena (1936an argitaratua). Horiek guztiek diskurtsu koherentea eta bateratua osatzen dute, eta azken ondorioetaraino daramatzate poetaren gogoetak.
Erreferentzia filosofikoez betetako idatziak dira (presokratikoak, Platon, Leibniz, Krause, Kant, Bergson, Unamuno, Heidegger), eta ni-aren eta bestearen arteko harremana dute gai nagusia (jadanik Gaztelako zelaiak-en ageri zena). Baina oraingoan irtenbide bikoitza aurkitu du poetak, teoriazkoa eta irudizkoa. Teoriazko irtenbidea ukoaren erlijio moduko bat da, Ezereza den bestearen kontenplazioa, Hutsaren kontenplazioa. Irudizko irtenbidea herriz, heteronimoen asmakizunean datza, Fernando Pessoa portugaldarrari jarraituz seguraski. Machadoren arabera, berak hainbeste gaitzesten zuen intimismo hartatik ateratzeko, norberaren iraganaz libratu beharra dago, eta iragan apokrifo batera jo. Hala, poeta sail luze bat asmatu zuen (haietatik, Abel Martin eta Juan de Mairena-k iraun zuten luzaroan), bere poesiaren egileak izango zirenak. Itzuri egin zion beraz pertsona historikoaren predeterminazio ezin saihestuzkoari, eta era horretan nolakotasun absolutua eman ahal izan zien gairik zailenei (maitasuna, denbora, heriotza).
1932an Madrilen hartu zuen egoitza, eta han gertutik bizi izan zituen Errepublikaren sorrerako gertaerak. Berrikuntza giro pozgarri horretan kokatu behar da Juan de Mairena. Machadoren helburu kritikoak eta bere teoriekiko leialtasuna galtzen ez diren arren, pedagogia nagusitzen da obra honetan. Ironia handiz, errukirik gabe kritikatzen ditu "betiko" ideiak, zaharrak nahiz berriak; oso argi agertzen da lan honetan -harrokeriarik batere gabe- kultura europar zabala duen gizona. Hitz lauzko orri argiak dira, tonuen ugaritasunak eta estiloen aldizkatzeak bizitasuna ematen dietenak.
Espainiako gerra zibilak (1936), poetaren barnerakotasuna hautsita, plazara aterarazi zuen: minez zegoen arren, hitzaldiak egin zituen, aldizkari politikoetan lan egin zuen, propagandako erakundeen zuzendari izan zen: eskura zituen modu guztietan borrokatu zen Espainiako atzerapenaren erantzule ziren indarren kontra, herriarekin zuzenean hitz eginez. Machadoren azken poemetan beti ageri da, latz, gerra.
Heriotza
aldatu1939ko otsailaren 22an, Antonio Machado hil zen erbestera bidean, Ipar Katalunian. Poeta andaluziarrak bere amarekin, anaiarekin, koinatarekin eta lagun batekin gurutzatu zuen muga, frankisten garaipena iristear zela. Osasun egoera kaskarrean zegoen, eta okerrera egin zuen ihesaldiaren ondorioz. Hilabete geroago hil zen, Colliuren, muga hartatik ez urruti. 1898ko belaunaldiko poeta esanguratsuenetako bat izan zen, sozialista konbentzitua zen eta erbesteratu errepublikarren ikur bilakatu zen.[5]
Bibliografia
aldatuBibliografia
aldatu- Azurmendi, J. 2011: "Poesia eta filosofia: hilobiz hilobi" in Joxe Azurmendi (arg.), Filosofia eta poesia, Donostia, Jakin ISBN 978-84-95234-43-8
- Miquel Barrero 2016: "Machado, últimos días de un poeta y un símbolo", Ctxt, 2016ko maiatzak 18.[1]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Alonso, Monique (1985). Antonio Machado poeta en el exilio. Bartzelona: Anthropos.
- ↑ González, Ángel (1986). Antonio Machado. Madril: Ediciones Jucar. 30.or. ISBN 8433430181.
- ↑ https://www.cervantes.es/bibliotecas_documentacion_espanol/biografias/pekin_antonio_machado.htm
- ↑ https://www.diariocordoba.com/cultura/2019/09/08/amor-antonio-machado-guiomar-imposible-36153091.html
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/antonio-machado-hil-zen-erbestera-bidean-ipar-katalunian
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Machado eta Soria
- (Gaztelaniaz) Zurgai aldizkariaren monografikoa.