Vicente Arana Arana (Abandoko elizatea —gaur egun Bilbo—, Bizkaia, 1847ko apirilaren 19a[1] - Bilbo, Bizkaia, 1890eko urtarrilaren 21a) bizkaitar erdal idazlea, itzultzailea eta kultur-ekintzailea izan zen. Sabin Aranaren lehengusua zen[2]. Ideologikoki foruzalea eta liberal moderatua, bere obra Euskal Pizkundea mugimenduarean barnean eta "historia-kondairazko literatura"[oh 1] generoan sailkatzen da[3]. Luzaroan ia ahaztuta egon ondoren, 1980ko hamarkadan Jon Juaristik Vicente Aranaren obra ikertzeari ekin zion eta bere biografia idatzi zuen.

Vicente Arana
Francisco Lopez Alenek Vicente Aranari egindako erretratua. Euskal-Erria aldizkaria, 1890. Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaAbandoko elizatea1847ko apirilaren 19a
Herrialdea Bizkaia
HeriotzaBilbo1890eko urtarrilaren 21a (42 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
ingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, idazlea, itzultzailea eta kultura-ekintzailea
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)Jocundo de Gatika eta Ranaevendecati

Bizitza

aldatu

Vicente Arana Abandoko errepublikan jaio zen. San Bizente elizan bataiatu zuten, eta tenplu horri zor zion izena. Haren gurasoak Andres Arana Ansotegi eta Agustina Arana La Puente izan ziren[1]. Aita Santiago Aranaren anaia zen, eta beraz, Vicente eta Sabin Arana lehengusuak ziren.

Pertsona kosmopolita eta bidaiatua, Alfred Tennyson eta Henry Wadsworth Longfellowen poema batzuk gaztelaniara itzuli zituen, tartean lehenengoaren Enoch Arden eta bigarrenaren Evangelina, eta bere Oro y Oropel liburuan argitaratu. Walter Scotten eleberri historikoen (bereziki Ivanhoe) eta pertsonalki ezagutu zuen Tennysonen literatura victoriarraren eragina Aranaren obran oso nabaria da. Izan ere, bera izan zen Arturiar zikloa landu zuen Euskal Herriko lehen literatoa[4] Neurri apalago batean, James Macphersonen Ossianen oihartzuna ere sumatu daiteke Aranaren obra batzuetan (Ramillete de flores cogidas del Parnason eta Jaun Zuria o el Caudillo Blancon). Haren azken lanak, Leyendas del Norte, islandiar sagak ditu iturburu. Oro y Oropel eta, batik bat, Los últimos íberos. Leyendas de Euskaria lanek harrera ona izan zuten, bere hainbat idazlan frantsesera eta alemanera itzuliak izan ziren eta Klaudio Otaegik batzuk euskaratu zituen.

Kazetaritza munduan ere murgildu zen; gaztea zelarik El Ganorabaco biastekari satiriko-burleskoa sortu zuen[5] eta Bilboko Irurac bat[6], El Eco de Bilbao eta El Noticiero Bilbaino egunkarietan idatzi zuen. Haren lan asko Gasteizko Revista de las Provincias Euskaras, Iruñeko Revista Euskaran eta Donostiako Euskal-Erria kultura aldizkarietan argitaratu ziren eta ildo bereko Revista de Vizcaya bilbotar aldizkariaren jabea eta zuzendaria izan zen. Agerkari horretan Sabin Arana eta Miguel Unamuno gazteek kolaboratu eta lehenengo ika-mikak izan zituzten.

Kulturgintza

aldatu

Anton Abadiaren enkarguz Bizkaian Euskal jaiak sustatu zituen[7]: Markinan 1883an[8], Durangon 1886an[9] [10] eta Gernika-Lumon 1888an.

Antonio Machado Álvarez (Demófilo; idazle ospetsuaren aita) eta Emilia Pardo Bazanek bultzatua, eta euskal folklorea ikertu eta zabaldu nahian, Aranak, Antonio Trueba eta Camilo Villavasorekin batera[11], 1884an Sociedad El Folk-lore Vasco-Navarro elkartea[12] sortu zuen, euskaraz Erriko Yakintza izena hartu zuena[13]. Prentsa-organoa Euskal-Erria aldizkaria izango zen. Elkarteak 1886an, Bilboko Gayarre antzokian, egin zuen aurkezpen ekitaldia. 162 bazkide sortzaile izan zituen; haien artean Vicente Arana bera, Antonio Arzak, Juan B. Eustaquio Delmas, Arturo Kanpion, Federico Baraibar, Ricardo Becerro de Bengoa, Karmelo Etxegarai, Felipe Arrese Beitia, Bartolome Ertzilla, Miguel Unamuno, Antonio Lekuona, Anselmo Ginea, Jose Etxenagusia, Pablo Alzola, Antonio Pirala, Fermin Herran eta Julian Gaiarre.[14]

Heriotza

aldatu

Hil zenean Karmelo Etxegaraik eta Antonio Arzakek Euskal-Erria aldizkarian bertso bana eskaini zioten[15] Aldizkari horretan nekrologika bat ere dedikatu zioten[16], harekin polemikak izan zituen baina lagun izan zuen Miguel Unamunok El Noticiero Bilbaino egunkarian egin bezala.[17][18] Unamunok haren prerrafaelitekiko ahaidetasun espirituala seinalatu eta Arana William Morrisekin alderatu zuen. Bilbotar filosofoak bere Paz en la guerra eleberrian (1897) Vicente Aranan oinarritutako pertsonaia bat, "Miguel Arana", sortu zuen.

Oharrak

aldatu
  1. Vicente Aranaz gain, literatura genero hori, "literatura foruzalea" izena ere jasotzen duena, landu zuten autore nabarienak Jose Maria Goizueta, Juan Venancio Arakistain, Antonio Trueba, Juan B. Eustaquio Delmas, Nicanor Zurikaldai, Sotero Manteli Gorostiza, Ricardo Becerro de Bengoa, Francisco Navarro Villoslada, Nicasio Landa, Juan Iturralde Suit, Arturo Kanpion eta Hermilio Oloritz izan ziren

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu