Ireki menu nagusia

Kongoko Errepublika Demokratikoa

Kongoko Errepublika Demokratiko» orritik birbideratua)

Kongoko Errepublika Demokratikoa[2] (frantsesez: République démocratique du Congo, kikongoz: Repubilika ya Kongo Demokratiki, swahiliz: Jamhuri ya Kidemokrasia ya Kongo, lingalaz: Republíki ya Kongó Demokratíki, tshiluberaz: Ditunga dia Kongu wa Mungalaata), batzuetan Kongo-Kinshasa deitua, Erdialdeko Afrikako estatu burujabea da. Afrika Erdiko Errepublika eta Hego Sudanekin du muga iparraldean, Uganda, Ruanda, Burundi eta Tanzaniarekin ekialdean, Zambia eta Angolarekin hegoaldean, eta Kongoko Errepublika, Kabinda (Angola) eta Ozeano Atlantikoarekin mendebaldean. 2.345.409 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 91,9 milioi biztanle zituen 2019an.[1] Kinshasa da hiriburua eta hiri nagusia.

Kongoko Errepublika Demokratikoa
République Démocratique du Congo (fr)
Repubilika ya Kôngo ya Dimokalasi (ki)
Republíki ya Kongó Demokratíki (li)
Jamhuri ya Kidemokrasia ya Kongo (sw)
Ditunga dia Kongu wa Mungalaata (ts)
Bandera Armarria
Goiburua: Justice, Paix, Travail
(Justizia, Bakea, Lana)
Ereserkia: Debout Congolais
Hiriburua
eta hiri handiena
Kinshasa
Hizkuntza ofiziala(k) frantsesa
Aitortutako hizkuntza nazionalak kikongo, lingala, swahili, tshiluba
Herritarra kongoar
Gobernua Errepublika erdi-presidentziala
 -  Presidentea Félix Tshisekedi
 -  Lehen ministroa Sylvestre Ilunga
Independentzia
 -  Belgikatik 1960ko ekainak 30 
Azalera
 -  Guztira 2,345,409 km2 (11.)
 -  Ura (%) 3,3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[1]) 91.931.000 (16.)
 -  Dentsitatea 39,2 bizt./km2
Dirua franko kongoar (CDF)
Ordu-eremua (UTC+1etik +2ra)
Aurrezenbakia 243
Internet domeinua cd.

Afrikako herrialderik zabalenetan bigarrena da, Aljeriaren ondotik, eta zatirik handienean Kongo ibaiaren arroan kokaturik dago. 200 etnia baino gehiago bizi dira bertan, gehienak bantuak. Frantsesa da hizkuntza ofiziala, baina hizkuntza eta dialekto ugari mintzatzen dira; horietako lau nazio hizkuntzatzat harturik daude: lingala (lingua franca), swahili, kikongo eta tshilubera.[3]

Baliabide naturalei dagokienez, Afrikako eta munduko herrialde aberatsenetakoa da. Oparotasun natural hori, ordea, bedeinkapena baino gehiago zigorra izan da.[4] Garai kolonialean, Belgikako errege Leopoldok haren jabetza pribatua balitz bezala agindu zuen. Agintariek helburu bakarra zuten: mineralak ustiatu esklaboen lan eskua erabiliz.[5] 1960an independentzia lortu zuenetik, formalki gutxienez hiru gerra zibil pairatu ditu herrialdeak, baina gobernu zentralaren eta hainbat miliziaren arteko gatazkak etengabeak izan dira.[4] Gerra hauspotzeko erabili dituzte talde armatuek mineral preziatuak, eta gobernu ustel, nazioarteko multinazional eta gerraren jauntxo ugari erakarri dituzte. Kongoko Bigarren Gerrak (1998-2003) 5,4 milioi pertsona baino gehiago hil zituen, eta ia bi milioi errefuxiatu eragin.[5] Gatazka horiek herrialdea izugarri pobretu dute: 2018an, 189 herrialdetatik 176. postuan zegoen NBEko Giza Garapenaren Indizean.[6]

IzenaAldatu

Kongo hitzak ehiztari esan nahi du eta Bakongo herriaren deituratik dator. Kolonia-garaian, 1908-1960 bitartean, Kongo Belgikarra izena eman zitzaion, eta baita Kongo-Léopoldville ere, 1966 arte Léopoldville deitu baitzitzaion hiriburuari Kinshasa beharrean. 1971-1997 bitartean, berriz, Zaire izena hartu zuen herrialdeak.

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Kongoko Errepublika Demokratikoa Erdialdeko Afrikan dago, 6°N eta 14°S latitudeen, eta 12° eta 32°E longitudeen artean. Ekuatoreak zeharkatzen du herrialdea; heren bat Hego hemisferioan dago, beste bi herenak Ipar hemisferioan.[7] Ipar-mendebaldean Kongoko Errepublikarekin du muga, iparraldean Afrika Erdiko Errepublikarekin, ipar-ekialdean Hego Sudanekin, ekialdean Uganda, Ruanda eta Burundirekin, eta baita Tanzaniarekin ere, Tanganyika aintziraren bitartez, hego-ekialdean eta hegoaldean Zambiarekin, hego-mendebaldean Angolarekin, eta mendebaldean Ozeano Atlantikoarekin eta Angolako Kabinda exklabearekin.

ErliebeaAldatu

Kongo ibaiaren arroak hartzen du herrialdearen erdialdea. Oso sare hidrografiko zabala da, batez beste 520 metroko garaiera duena, eta euri-oihan tropikalez eta zingirez estalirik dago. Mai-Ndombe aintzira (338 metro) da punturik beherena, eta iparraldean dago gunerik garaiena, Mobayi-Mbongo eta Zongoko muinoetan (700 metro).[8]

Goi-ordokiz inguraturik dago Kongoren arroa. Iparraldean Ueleko goi-ordokia (915-1.220 metro) dago, Kongo eta Ubangiren arteko uren banalerroa. Ekialdea, berriz, Rift Haranak zeharkaturik dago. Arraildura erraldoi horren barnean aintzirak daude: Albert, Eduardo, Kivu, Tanganyika eta Mweru, iparraldetik hegoaldera. Herrialdeko eskualderik menditsuena da; Rwenzori mendigune granitikoa (Stanley mendia, 5109 metro) dago Albert eta Eduardo aintziren artean; Kivu aintziraren iparraldean, Ruandako mugan, Virunga mendietako kono bolkanikoak nabarmentzen dira; eta hegoalderago, Tanganyika aintziraren mendebaldean, Mitumba mendiak (Kahuzi, 3.308 metro) daude.[8]

Katangako goi-ordokiek (Kundelungu, 1.600 metro) hartzen dute hego-ekialdea. Bertan daude herrialdeko mea-baliabide nagusiak: kobrea, zinka, eztainua, urrea, kobaltoa eta uranioa. Mendilerro batzuek zeharkatzen dituzte Katangako goi-ordokiak, hala nola, Marungu (2.460 metro), Kibara (1.850 metro) eta Bia mendiek. Mendebaldean, 40 kilometroko irteera estua du Ozeano Atlantikora, Kongo ibaiaren ahoan, Mayombe eta Kristalezko Mendien artean.[8]

HidrografiaAldatu

Kongo ibaiaren arroa (3.460.000 kilometro koadro) da herrialdeko ibai-sistema nagusia. Katangako goi-ordokian du iturburua, eta iparralderantz eta mendebalerantz du oro har norabidea, eta estuario zabal bat eratzen du Ozeano Atlantikoan itsasoratu aurretik. Goi ibilguan, ekuatorera iritsi artean, Lualaba izena du. Behe ibilguan asko zabaltzen da, eta aintzira moduko bat egiten du: Malebo; handik behera egiten du (267 metro), eta ur laster eta ur-jauzi (Livingstone ur-jauziak) asko daude Matadiko porturaino.[9] Mai-Ndombe eta Tumba dira arroko aintzira handienak; ibai-adar aipagarrienak, berriz, Lomami, Aruwimi, Ubangi eta Kasai dira. Lukuga ibaiak mendebaldeko Rift Haranarekin lotzen du.[8]

Aintzira sail batek hartzen du herrialdearen ekialdea: Albert (5.300 kilometro koadro, Ugandako mugan), Eduardo (2.325 kilometro koadro, Ugandako mugan), Kivu (2.700 kilometro koadro, Ruandako mugan), Tanganyika (32.900 kilometro, Tanzania, Burundi eta Zambiarekin partekatua), Mweru (5.120 kilometro kuadro, Zambiako mugan). Aintzira ugari dago Kamalondoko sakongunean, herrialdearen hego-ekialdean; Upemba da handiena (530 kilometro koadro).

KlimaAldatu

 
Kongoko Errepublika Demokratikoko klimak Köppen sailkapenaren arabera

Kongoren erdialdeak klima ekuatoriala du (Af Köppen klima sailkapenaren arabera). Oso euritsua da (1.800 mm-tik gora urtean), eta urtaro lehorrik gabea. Martxotik maiatzera eta irailetik azarora jasotzen dira prezipitaziorik handienak. Tenperatura beroa da urte osoan (urteko batez besteko tenperatura 26 °C ingurukoa izaten da), eta tenperatura-anplitudea txikia, bai egunean, bai urtean zehar.

Eskualde ekuatorialaren iparraldean eta hegoaldean, klima tropikal lehorra dago. Tenperatura beroa, urteko tenperatura-anplitude txikia eta prezipitazio ugariak (1.400 mm inguru urtean) badira ere, urtaro lehor nabarmena izaten da. Ekuatoretik iparraldera, azarotik martxora irauten du urtaro lehorrak, eta maiatzetik irailera ekuatoretik hegoaldera. Beti ere, zenbat eta ekuatoretik urrunago egon, luzeagoa da lehorraldiak.[8]

Mendebaldean, Benguelako itsaslasterrak giroa hozten eta lehortzen du. Atlantikoaren ertzean dagoen Bananan hirian, esaterako, 25 °C da batez besteko tenperatura, eta 770 milimetro euri besterik ez dira jasotzen urtean.[10] Azkenik, mendiko klima dago ekialdeko goi-ordoki eta mendiguneetan. Bukavun, adibidez, 18 °C da batez besteko tenperatura, eta 1.320 mm urteko prezipitazioa.[11][8]

Landaredia eta faunaAldatu

Afrikako euri-oihan tropikalik zabalenak dauzka, eta munduko bigarrenak: 1.190.000 kilometro koadro. Hiru mota nagusi daude: zingira-oihanak (100.000 kilometro koadro), lur behereetako oihana (900.000 kilometro koadro) eta menditar oihanak (50.000 kilometro koadro baino gehiago). Afrikako ugaztun (415 espezie) eta hegazti (1.094 espezie) dibertsitaterik handiena du, eta baita primate kopururik handiena ere (32 espezie). Ur-gezako 962 arrain espezie daude, eta 11.000 landare espezie, horietako 3.000 endemikoak. Txinpantzea (Pan troglodytes), bonoboa (Pan paniscus), ordokietako gorila (Gorilla gorilla), mendietako gorila (Gorilla beringei), iparraldeko errinozero zuria (Ceratotherium simum cottoni) eta Ituriko oihanean bizi den okapia (Okapia johnstoni) dira espezie enblematikoenetako batzuk.[12]

Bederatzi parke nazional eta natura erreserba bat daude; horietako bost gizateriaren ondare izendaturik daude: Garamba, Kahuzi-Biega, Okapi, Salonga eta Virunga.

 
Ekialdeko gorila (Gorilla beringei)
Naturagunea Eremua (km²)[13] Sorrera urtea Kokapena Ezaugarriak
Garamba Parke Nazionala  &0000000000004920.0000004.920  1938 4° 0′ N, 29° 15′ E / 4.000°N,29.250°E / 4.000; 29.250 Belar eta zuhaitz sabana zabalak; galeria-basoak ur-ibilguen ertzean; sakongune zingiratsuak. Sabanako elefanteak, jirafak, hipopotamoak eta errinozero zuriak. 1980an gizateriaren ondare izendatua. 1996an, arriskuan dagoen Munduko Ondarearen zerrendan sartua.[14]
Kahuzi-Biega Parke Nazionala  &0000000000006000.0000006.000  1970 2° 30′ S, 28° 45′ E / 2.500°S,28.750°E / -2.500; 28.750 Oihan tropikal primarioa, Kahuzi eta Biega sumendi itzalien magalean. Ordokietako azpiespezieko ekialdeko gorilak (Gorilla beringei graueri). 1980an gizateriaren ondare izendatua. 1997an, arriskuan dagoen Munduko Ondarearen zerrendan sartua.[15]
Kundelungu Parke Nazionala  &0000000000007600.0000007.600  1970 10° 15′ S, 27° 36′ E / 10.250°S,27.600°E / -10.250; 27.600 Sabanaz estalitako muino eta goi-ordokiak, 1200-1700 metro arteko altitudean. Lofoiko urjauziak (384 metro garai), Afrikako altuenak. Burchell zebrak, sable antilopeak, bufaloak, lehoiak, lehoinabarrak, hiena pikartak.
Lomami Parke Nazionala  &0000000000008879.0000008.879  2016 2° 0′ S, 25° 2′ E / 2.000°S,25.033°E / -2.000; 25.033 Lur behereetako oihan tropikalak batez ere; sabana eremuak hegoaldean, eta muinoak mendebaldean. Animalia espezie endemikoak: bonoboa, okapia, Afropavo congensis, lesula eta Cercopithecus dryas. Oihaneko elefantearen populazio garrantzitsua parkearen iparraldean.
Maiko Parke Nazionala  &0000000000010885.00000010.885  1970 0° 24′ S, 27° 34′ E / 0.400°S,27.567°E / -0.400; 27.567 Oihan tropikalak. Animalia espezie endemikoak: ordokietako azpiespezieko ekialdeko gorila (Gorilla beringei graueri), okapia eta Afropavo congensis. Garrantzi handikoa oihaneko elefantearen, ekialdeko txinpantzearen (Pan troglodytes schweinfurthii) eta Genetta piscivora-ren kontserbaziorako.
Mangladietako Parke Nazionala  &0000000000000768.000000768  1992 5° 45′ S, 12° 45′ E / 5.750°S,12.750°E / -5.750; 12.750 Kongo ibai-ahoaren iparraldeko bazterrean. Sabana, zingirak eta mangladiak. Afrikar manatiak (Trichechus senegalensis).[16]
Okapi Natura Erreserba  &0000000000013726.00000013.726  1992 2° 0′ N, 28° 30′ E / 2.000°N,28.500°E / 2.000; 28.500 Ituriko oihan tropikalaren bostena hartzen du. 5.000 okapi, 7.500 oihaneko elefante, 7.500 txinpantze, bongoak, arratoi-orein urtarrak eta hilokeroak bizi dira bertan. Mbuti eta efé herrietako pigmeoen bizilekua da. 1996an gizateriaren ondare izendatua. 2017an, arriskuan dagoen Munduko Ondarearen zerrendan sartua.[17]
Salonga Parke Nazionala  &0000000000036000.00000036.000  1970 2° 0′ S, 21° 0′ E / 2.000°S,21.000°E / -2.000; 21.000 Afrikako oihan tropikal erreserba handiena da. Kongo ibai-arroaren bihotzean kokatua, urez soilik irits daiteke. Bonoboa, oihaneko elefantea, Mecistops cataphractus eta Afropavo congensis espezie endemikoak bizi dira bertan. 1984an gizateriaren ondare izendatua. 1999an, arriskuan dagoen Munduko Ondarearen zerrendan sartua.[18]
Upemba Parke Nazionala  &0000000000011730.00000011.730  1939 9° 1′ S, 26° 35′ E / 9.017°S,26.583°E / -9.017; 26.583 Kamalondoko sakongunea, Upemba eta Kisale aintzirak barne, eta Kibara mendigunea (1.850 metro). Belardi afromontanoak, zuhaitz-sabanak, oihan tropikalak, zingirak, hezeguneak, aintzirak eta errekak daude. Mertensophryne schmidti anuroa parkean besterik ez da bizi.
Virunga Parke Nazionala  &0000000000007800.0000007.800  1925 0° 55′ S, 29° 10′ E / 0.917°S,29.167°E / -0.917; 29.167 Habitat dibertsitate handia, Semliki haranetik (680 metro) Rwenzori mendietaraino (5.109 metro). Ekialdeko gorilaren (Gorilla beringei) eta Cercopithecus kandti tximinoaren bizilekua. 1979an gizateriaren ondare izendatua. 1994an, arriskuan dagoen Munduko Ondarearen zerrendan sartua.[19]

HistoriaAldatu

Kolonia aurreko garaiaAldatu

Erdi Aroan, bantu herriak barreiaturik zeuden ekuatore inguruan, eta ehiza, arrantza eta burdin eta kobre meatzeak zituzten bizibide. Laboregintzak garrantzi handia zuen, eta aurrerago artoa eta mandioka ere sartu zituzten. Nekazaritzari esker biztanle kopuru handia elika zitekeen, eta han izan zuten sorrera Lualaba haraneko erresumak.[20]

Luba Erresuma (15851889) Kamalondoko sakongunean sortu zen, egungo Katangan, luba erregearen agintepean. Buruzagi guztiak leinu berekoak ziren. Erreinu hartako aginpideak odolaren tasun sakratua zuen oinarri; tasun hori gizonen bidezkoa zen eta naturaz gaindiko agintea ematen zien buruzagiei. Erresuma Indiako ozeanorantz hedatu zen, baina zenbat eta zabalago, orduan eta batasun gutxiago zuen, eta pixkanaka-pixkanaka sakabanatuz joan zen. Lunda Erresumak XVII. eta XVIII. mendeetan izan zuen goraldia, Katanga, Zambia eta Angolaren arteko lurraldean; hango gatz eta kobre baliabideak kontrolatzen zituen, eta aberastu egin ziren Zambezi beherean kokatuta zeuden portugaldarrekin zituzten merkataritza harremanei esker. Kuba Erresuma XVI. mendean sortu zen, Lulua eta Sankuru ibaien artean; hango erregeak erabateko aginpidea zuen, jainkozkoa; erreinu hark, Lunda Erresumak bezala, gatzaren eta kobrearen merkataritzaren kontrola zuen irabazpide nagusia.[20]

Kongoko Erresuma edo Manikongokoa, lurraldez gehien hedatu zen aldian (XV-XVI. mendeak) Kongo Beheretik Kwanza ibairaino zegoen zabaldua, iparretik hegora, eta Kwango ibaitik Atlantikoko kostaldera, ekialdetik mendebaldera. Erresuma hori europarrak iritsi aurretik existitzen bazen ere, ondoren jakin izan da haren berri zehatzagoa. Kongoko erregeek oso harreman onak izan zituzten europarrekin, portulgadarrak 1482an hara iritsi ziren orduko; 1491n Kongoko erregea bataiatu egin zen, Joan I.a izenez. Haren seme Emanuel I.ak Europako joerak eta administrazioaren antolamendua kopiatu zituen, baina Afrikako ohitura eta tradizio askori eutsi zien. Erresuma horretan garrantzi handia izan zuen esklaboen salerosketak; Ngolatik (gaurko Angolatik) ekartzen zituzten, eta Mpindako portuan, Kongo ibaiaren bokalean, merkaturatzen zituzten.[20]

Aro kolonialaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko Estatu Burujabea» eta «Kongo Belgikarra»

Belgikako errege Leopoldo II.a izan zen Kongoren kolonizazioaren eragile nagusia. Bere benetako asmoak estaltzeko, itxuraz helburu filantropikoak zituen Nazioarteko Afrikar Elkartea sortu zuen 1876an; 1878an, berriz, Henry Morton Stanley galestar kazetari eta esploradorea kontratatu zuen. Erdialdeko Afrika kolonizatzeko, Kongo ibaiaren bidea erabiltzea proposatu zion Stanleyk belgikarren erregeari. Era horretan, Nazioarteko Afrikar Elkartearen izenean, espedizio komertziala abiarazi zuen 1879an, eta hango tribuetako buruak engainatu zituen lur guztiak bereganatzeko. Horretarako, kazetariak ez zuen errukirik izan armak erabili eta afrikarrei “tximuei bezala tiro egiteko”, Richard Francis Burton esploratzaile ingeles garaikideak salatu zuenez.[21]

Berlingo Konferentzian (1884-1885), Kongo ibaiaren arroko 2 milioi kilometro koadroko eremua bereganatu zuen Belgikak, Leopoldo II.aren jabetza pertsonal gisa (Domaine Privé).[22] Kongoko Estatu Burujabea deitu zion Leopoldok II.ak Afrika erdialdean ezarritako odolezko erregimen kolonialari. Stanleyk hasitako bidetik, herritarrak esklabo bihurtuz eta zigor krudel eta sistematikoak eraginez –eskuen mutilazioak, chicotte deituriko zartailuarekin kolpeak…– erauzi zituzten hango kautxua eta natura baliabideak. Sarritan, familiei haurrak bahitzen zizkieten kautxu kopuru baten truke. Orduko lekukoek eta ondorengo ikerlariek ondorioztatu dutenez, lurralde haietako biztanleen erdia hil zen genozidioan.[21] 1892-1894 bitartean, Zanzibarko esklabo-tratularien aurka borrokatu ziren Leopoldoren indarrak; aginpidea eskuratzeko gerra izan zen, ordea, xede humanitariorik gabea.[23]

Kongoko Estatu Burujabean egindako sarraskiak hain ziren lazgarriak Londres eta Bruselas inarrosi zituztela.[24] 1904an Roger Casement britainiar kontsulak egindako txostenak baieztatu zuen gehiegikeria horiek egiazkoak zirela. Horiek horrela, 1908an Leopoldok Belgikako gobernuaren esku utzi behar izan zuen bere jabetza; aurrerantzean, Kongo Belgikarra izena eman zitzaion koloniari. Gobernadore nagusia zen administrazio kolonialaren burua; haren egoitza Boman egon zen hasieran, 1926an Léopoldvillera lekualdatu zuten arte. Baliabide naturalen esplotazioak jarraitu zuen izaten belgikarren helburu nagusia, eta trenbideak eraiki ziren Katangako mineralak, kobrea batez ere, garraiatu ahal izateko.[25] Baina, estatus berriarekin, biztanleen bizi baldintzak hobetu ziren.

Independentzia eta Mobuturen agintaldia (1960-1997)Aldatu

 
Joseph Mobutu eta Herbehereetako Bernhard printzea 1973an.

1950eko hamarkadaren amaieran, Europako indarrak Afrikatik ateratzen hasi ondoren, liskar bortitzak piztu ziren Kongon, eta Belgika behartu zuten independentzia ematera. 1960ko ekainaren 30ean sortu zen Kongoko Errepublika Demokratikoa, Patrice Lumumba lehen ministro eta Joseph Kasa-Vubu presidente zirela. Bi aste geroago, Moïse Tshombek Katangako estatuaren banakuntza adierazi zuen, Belgikaren sostenguarekin. 1961ean, Patrice Lumumba lehen ministroa harrapatu, torturatu eta hil zuten Joseph Mobuturen aldeko tropek. Iturri batzuen arabera, Belgika eta Estatu Batuek babestu zuten hilketa, Lumumbak ez zituelako Mendebaldearen interesak defendatu nahi.[26]

1965eko azaroan, Mobutuk beste estatu kolpe bat eman zuen; Joseph Kasa-Vubu presidentea kargutik kendu, eta agintea bereganatu zuen. Zaire izena jarri zion estatuari.[26] Gerra Hotza pil-pilean zela, Mendebaldeak babesa eman zion, eta haren estatu autokratikoa onartu zuen, herrialdeko mineralak Sobietar Batasunetik kanpo uzten zituen bitartean. Estatuko eremu guztietara hedatu zuen Mobutuk ustelkeria. 1980ko hamarkadaren amaieran, lehengaien prezioen beherakadak diru iturriak urritu zizkion, eta boterea partekatzera behartu zuten.[5]

1992ko hasieran Konferentzia Nazionala eratu zen, oposizioaren ekimenez, konstituzioan aldaketak egiteko eta demokraziara bidea zabaltzeko. Otsailean, lehen ministro Jean Nguza Karl-i-Bondek debekatu zuen Konferentzia, eta gudarostearen parte batek, matxinaturik, irrati nazionala hartu zuen, eta Mobuturen dimisioa eskatu zuen. Gobernuari leial egon ziren gudarosteek, ordea, matxinatuak menderatu, eta oso gogor zapaldu zituzten lehendakariaren aurkako manifestazioak. Estatu Batuetako, Frantziako eta Belgikako ordezkariek Mobuturen kontrako presioa handitzea hitzartu zuten, aldaketa politikoak eragitearren. Martxoan, Konferentzia zabaltzeko baimena zuen Mobutuk. Konferentziak Etienne Tshisekedi hautatu zuen lehen ministro, Karl-i-Bonden ordez. Shaba eskualdean, hego-mendebaldean, etnien arteko borrokak hasi ziren, luba etniako Etienne Tshisekedik lunda etniako Karl-i-Bond ordeztu zuenean. Bi mila pertsona inguru hil ziren liskarretan, eta milaka lubek alde egin behar izan zuten Shabatik.

Ruandako genozidioak bete-betean jo zuen herrialdea. Tutsien aurkako sarraskia burutu zuen gobernua erortzean, bi milioi hutuk baino gehiagok ihes egin zuten Kongora, tutsien mendekuen beldur. Tartean ziren genozidioaren erantzuleak. Mobuturekin aliatu ziren horiek, Kongoko tutsi etniakoei jazartzeko. Hutu milizien aurka egiteko, tutsien talde armatuak finantzatu zituen Ruandak, eta bertako beste talde armatuekin eta Ugandaren laguntzarekin Kongo-Zaireren Askapenerako Indar Demokratikoen Aliantza (KZAIDA) sortu zuten. Kongo inbaditu, eta sei hilabetean Kinshasaraino bidea egin zuten, eta Mobutu boteretik kanporatu. KZAIDAko buru Laurent-Désiré Kabilak hartu zuen boterea.[5]

Kongoko Errepublika Demokratikoa (1997tik aurrera)Aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko Bigarren Gerra», «Ituriko gatazka», «Kivuko Gerra» eta «M23ren matxinada»

1997ko maiatzean Mobutuk ihes egin zuen, eta hurrengo egunean oposizioko gudarostea Kinshasan sartu zen. Kabilak lehendakari izendatu zuen bere burua. Mobutu irailaren 7an hil zen, Rabaten. Gobernu berriak herriaren izen ofiziala aldatu zuen: lehen Zaireko Errepublika zena Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen. Mugarik Gabeko Medikuen txosten batek agerian jarri zituen, 1997ko bukaeran, Kabilaren indarrek eta ruandar gudarosteek egindako desmasiak Mobutu agintetik kentzerakoan. Handik gutxira, aurreko 35 urteetako uholderik handiena gertatu zen Kongo ibaiaren ibarrean, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen.

Azkar okertu ziren Kabilaren eta haren aliatuen arteko harremanak, besteak beste, presidente berriak baztertu egin zuelako hutuen milizien aurka egitea. Bigarren matxinada bat hauspotu zuen orduan Ruandak 1998an. Zinbawe, Angola, Namibia, Txad eta Sudango soldaduek esku hartu zuten Kongoko erregimen berriari laguntzeko, eta Kongoko Bigarren Gerra deitu zitzaion gatazka odoltsua hasi zen. Borroka plaza erraldoi bat bilakatu zuten herrialdea. Gutxienez 11 herrialde nahastuta zeuden, eta lau eragin gunetan zatitu zen herrialdea. Milizia eta talde armatuak erruz ugaritu ziren. Batez ere odoltsua izan zen gatazka ekialdean, gobernuak bultzatutako talde armatuen jardunagatik. Oro har, talde armatuek zibilak hartu zituzten jomugan. 1999an, aldeek bake hitzarmena sinatu zuten, baina NBEk bidalitako soldaduek ez zuten lortu gatazka baretzea.[5] Batez ere, ekialdean jarraitu zuten borrokek; izan ere, lurralde hori diru iturri handia da, handik ateratzen direlako legez kanpo balio handiko mineral batzuk: koltana, kasiterita eta diamanteak.

Laurent-Désiré Kabila 2001ean hil zuten, eta haren seme Joseph Kabila izendatu zuten estatuburu. Gatazkan etsaitutako aldeek nazioarteko elkarrizketei heldu zieten berriro, eta Pretoriako Hitzarmena sinatu zen 2002an. Kongoko Bigarren Gerraren paraleloan gertatu zen Ituriko gatazka ere; hema eta lendu etnien arteko borroka horretan 60.000 lagun inguru hil zituzten.[27] 2003ko amaiera ezkero, egoera zertxobait baketu zen, eta trantsizioko gobernua osatu zen. Hala ere, leku askotan liskarrek bizi-bizi iraun zuten, hala Ituriko gatazkarengatik nola Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak (CNDP) Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan egin zituen erasoengatik (Kivuko Gerra).

 
Kongotar iheslariak, Ipar Kivu, 2012.

2006an egin ziren hauteskundeetan, alderdi askok parte hartu ahal izan zuten. Lehenengo itzulian, bi hautagai gelditu ziren: Joseph Kabila (%45) eta Jean-Pierre Benba lehendakariorde ohia (%20). Bi hautagaien jarraitzaileak borrokan aritu ziren Kinshasako kaleetan; hamasei lagun hil ziren, harik eta nazioarteko soldaduek egoera kontrolatu zuten arte. Bigarren itzulian, Kabila hautatu zuten lehendakari. Ipar Kivun, Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak eta gobernuak 2009an sinatu zuten bake akordioa, eta matxinoak armadara itzuli ziren. 2012ko apirilean, ordea, CNDPko kide ohiak berriz matxinatu ziren, M23 mugimendua sortuta. Borroken ondorioz, milaka ehunka hil ziren, eta 140.000 inguruk etxea utzi behar izan zuten. M23 taldeak 2013ko azaroan utzi zuen matxinada.[28]

Kongoko konstituzioak presidente berak hiru agintaldi egitea debekatzen duenez, Joseph Kabilak ezinezkoa zukeen 2016an egitekoak ziren hauteskundeetara aurkeztea. Alabaina, Kabila luzamendutan ibili zen, eta 2018ko abendura arte ez ziren bozketak egin. Dena dela, herrialdeko hiru probintziatan bozak atzeratu ziren, osasun eta segurtasun arrazoiak argudiatuta. Izan ere, Ipar Kivun ebola izurrite larria pairatzen ari zen, eta etnien arteko istiluak zeuden, Ipar Kivun, Hego Kivun eta Mai-Ndomben.[29] 2019ko urtarrilaren 10ean jakinarazi zenez, Félix Tshisekedi nagusitu zen presidentetzarako hauteskundeetan, botoen %38 eskuraturik.[30]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Indarrean dagoen 2005eko konstituzioaren arabera, errepublika erdi-presidentziala da; presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak bi ganbera ditu: Senatua (108 kide) eta Nazio Biltzarra (500 kide).[31]

Banaketa administratiboaAldatu

2005ean onartutako konstituzioak autonomia handiko 26 probintziatan banatu zuen herrialdea, Kinshasakoa barne. Banaketa administratibo hori 2009ko otsailean sartu zen indarrean.

Probintzia Hiriburua Eremua[32]
(km²)
Biztanleria
(2015)[32]
1 Kinshasa Kinshasa 9.965 11.575.000
2 Kongo-Central Matadi 53.920 5.575.000
3 Kwango Kenge 89.974 2.152.000
4 Kwilu Kikwit 78.219 5.490.000
5 Mai-Ndombe Inongo 127.465 1.852.000
6 Kasaï Tshikapa 95.631 2.801.000
7 Erdialdeko Kasaï Kananga 60.958 3.317.000
8 Ekialdeko Kasaï Mbuji-Mayi 9.481 3.145.000
9 Lomami Kabinda 56.426 2.443.000
10 Sankuru Lusambo 104.331 2.110.000
11 Maniema Kindu 132.520 2.333.000
12 Hego Kivu Bukavu 65.070 5.772.000
13 Ipar Kivu Goma 59.483 6.655.000
14 Ituri Bunia 65.658 3.650.000
15 Haut-Uele Isiro 89.683 1.864.000
16 Tshopo Kisangani 199.567 2.352.000
17 Bas-Uele Buta 148.331 1.138.000
18 Ipar Ubangi Gbadolite 56.644 1.269.000
19 Mongala Lisala 58.141 1.740.000
20 Hego Ubangi Gemena 51.648 2.458.000
21 Équateur Mbandaka 103.902 1.528.000
22 Tshuapa Boende 132.957 1.600.000
23 Tanganyika Kalemie 134.940 3.062.000
24 Haut-Lomami Kamina 108.204 2.957.000
25 Lualaba Kolwezi 121.308 2.570.000
26 Haut-Katanga Lubumbashi 132.425 4.617.000

DemografiaAldatu

 
Rutshuruko familia bat, Ipar Kivu.
 
Bukavuko katedral katolikoa.

BiztanleriaAldatu

2019an 91.931.000 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %41,2 dira, 15-24 urte bitartekoak %21,5, 25-54 urte bitartekoak %31, 55-64 urte bitartekoak %3,6 eta 65 urtetik gorakoak %2,7. Bizi itxaropena 58,1 urtekoa da; 56,5 urtekoa gizonezkoena eta 59,7 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[31]

Banaketa etnikoaAldatu

Kongoko Errepublika Demokratikoko biztanleen artean hamabi etnia edo gizatalde handi bereizten dira, eta beste 190 txikiagoak. Lau etnia nagusiak hauek dira: mongo, luba, kongo (hirurak bantu multzokoak) eta mangbetu-azande.[31] Etnia txikiagoen artean aipagarriak dira sudandarrak iparraldean, nilotikoak ipar-ekialdean eta pigmeoak eta kamitak ekialdean. Etnien arteko tirabirak, independentziaren ondoren gerra zibila eragin zutenak, indarrez berpiztu ziren 1990eko hamarkadan, Shaba aldean batez ere.

HizkuntzakAldatu

Frantsesa da estatuko hizkuntza ofiziala: etnikoki neutrala dela esaten da eta, beraz, herri guztien arteko komunikazioa erraztera bideratuta dago. 2014an, frantsesez irakurtzeko eta idazteko gauza zen biztanleriaren %47 (%67 Kinshasan).[33]

Herrialdean 242 hizkuntza inguru hitz egiten dira, eta horietako lauk daukate nazio hizkuntza estatusa: kikongo, lingala, tshilubera eta swahilia. Belgikako kolonia zenean, lau hizkuntza nazionalak erabiltzen ziren lehen hezkuntzan. Horren ondorioz, europar kolonialismoaren garaian jatorrizko hizkuntzetan alfabetatzen ziren Afrikako herrialde bakarrenetarikoa izan zen. Lingala izan zen armada kolonialaren (Force Publique) hizkuntza ofiziala, Belgikaren agindupean, baina, azken urteetako matxinaden ondoren, armadaren parte batek, batez ere ekialdean, swahilia erabiltzen du.

ErlijioaAldatu

2014ko datuen arabera, biztanleen %93,7 kristauak dira (%29,9 katolikoak, %26,7 protestanteak, %36,5 beste kristau sinesteen jarraitzaileak). Bertako sinesmenak kristautasunarekin nahasten dituzten erlijio sinkretikoren bateko kideak dira gainerako gehienak. Musulmanak %1,3 dira.[31]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Kindura iritsi zen lehenbiziko trena.

2017an Kongoko Errepublika Demokratikoko Barne produktu gordina 68.600 milioi dolarrekoa zen (munduko 103.a) eta per capita errenta 800 dolarrekoa (munduko 226.a).[31] Kopuru horrek adierazten duen bizi maila apala ez dator bat Kongoko Errepublika Demokratikoa Afrikako herrialde aberatsenetako bat izatearekin, baina indenpendentziaren ondoren piztu diren gerra zibilen, administrazio eta gestio kaskarraren eta ustelkeria politikoaren ondorioa besterik ez da hori. 2003ko bake akordioen ondoren egoera zertxobait hobetu bazen ere, egonkortasunik eza, burokrazia eta ustelkeria oztopo handiak dira garapen ekonomikorako.[31]

Hiru biztanletik bi nekazaritzatik bizi dira. Kongo ibaiaren arroan lur emankorreko oso eremu zabalak daude, baina %3 besterik ez da lantzen. XX. mendearen azkeneko urteetan gai hauek lantzen ziren batez ere: azukre kanabera, manioka, fruituak eta barazkiak, artatxikia, patata, garia, basartoa, arroza, egoskariak, kafea, kautxua, kotoia eta kakaoa. Kanpora saltzeko gaien produkzioa asko murriztu zen 1975etik aurrera, atzerritarren esku zeuden sailak nazionalizatu zirenean. Gai horien ordez bizibidea ateratzeko oinarrizko gaiak lantzen hasi ziren. Abere hazkuntzak nolabaiteko garrantzia du, baina goialdeetan bakarrik, tse-tse euliak bizitzerik ez duen aldeetan.

Basoetatik ateratzen den zura erregai gisa erabiltzen da batez ere. Mea baliabideak dira herrialdeko aberastasun iturri nagusia. Kongo da munduko kobalto eta diamante ekoizlerik handiena, baina kobrearen produkzioa da irabazi handienak ematen dituena. Mea horiez gainera, koltana, uranioa, eztainua, urrea, zilarra, zinka, manganesoa,wolframioa eta kadmioa ere ustiatzen dira. Industria gehienak, beraz, meatzaritzarekin lotuta daude. Kobrea urtzeko eta fintzeko industria da inportanteena. Horrezaz gainera, aipagarriak dira, baita ere, petrolio findegiak, eta zementua eta azido sulfurikoa egiteko lantegiak.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Report for Selected Countries and Subjects: Democratic Republic of the Congo International Monetary Fund, imf.org . Noiz kontsultatua: 2019-06-30.
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. Kongoko Errepublika Demokratikoa Berria Estilo Liburua, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  4. a b Rodriguez, Mikel Aberats izatearen zigorra Berria egunkaria, 2011ko abenduak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  5. a b c d e Garcia, Adrian Kongoko Errepublika Demokratikoa: Zorigaiztoko aberastasuna Berria egunkaria, 2014ko uztailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  6. 2018 Statistical Update: Latest Human Development Index (HDI) Ranking Human Development Reports, hdr.undp.org . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  7. Kongo, gorilen paradisua Teknopolis, 2009ko maiatzak 27, zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-1.
  8. a b c d e f Cordell, Dennis D., Lemarchand, René, eta beste batzuk Democratic Republic of the Congo Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com . Noiz kontsultatua: 2019-7-1.
  9. Kongo Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-2.
  10. Banana, Democratic Republic of the Congo weatherbase.com . Noiz kontsultatua: 2019-7-3.
  11. Bukavu, Democratic Republic of the Congo weatherbase.com . Noiz kontsultatua: 2019-7-3.
  12. Lambertini, Marco A Naturalist's Guide to the Tropics press.uchicago.edu . Noiz kontsultatua: 2019-7-3.
  13. National Parks Of The Democratic Republic Of The Congo worldatlas.com . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  14. Garamba National Park whc.unesco.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  15. Kahuzi-Biega National Park whc.unesco.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  16. Parc national des Mangroves rsis.ramsar.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  17. Okapi Wildlife Reserve whc.unesco.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  18. Parc national de la Salonga whc.unesco.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  19. Virunga National Park whc.unesco.org . Noiz kontsultatua: 2019-7-4.
  20. a b c Historia Unibertsala, Aro Berria: Afrika beltza Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-6.
  21. a b Apaolaza, Urko Stanley, genozida baten konplizea gurean Angelu itsua, Argia astekaria, 2019ko uztailak 8, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  22. Imperialismoa hiru.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  23. Edgerton, Robert B. The Troubled Heart of Africa: A History of the Congo St. Martin's Press, New York ISBN 0-312-30486-2.
  24. Etxeberria, Idoia Ondo lotutako korapiloa Euskaldunon Egunkaria, 2001eko abuztuak 23, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  25. Le rail au Congo: le B.C.K. rixke.tassignon.be . Noiz kontsultatua: 2019-07-12.
  26. a b Pastor, Jose Mari Kongoko Errepublika Demokratikoa. Aske izatetik, itxaropena galtzera Euskaldunon Egunkaria, 2001eko urtarrilak 1B, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-23.
  27. Epelde, Elixabet Lubangari hamalau urteko zigorra jarri dio Hagak, haurrak errekrutatzeagatik Berria egunkaria, 2012ko uztailak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-24.
  28. Rodriguez, Mikel M23 taldeak matxinada utzi du Kongoko Errepublika Demokratikoan Berria egunkaria, 2013ko azaroak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  29. Susaeta, Igor 1,2 milioi herritar gabekoak Berria egunkaria, 2018ko abenduak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  30. Berasain Tristan, Kristina Tshisekedi oposizioko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Kongon Berria egunkaria, 2019ko urtarrilak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  31. a b c d e f Democratic Republic of the Congo CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-8-4.
  32. a b Congo (Dem. Rep.): Provinces, Major Cities & Towns citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  33. Organisation internationale de la Francophonie La langue française dans le monde 2014 Paris: Éditions Nathan. p. 17. ISBN 978-2-09-882654-0, web.archive.org-en gordea . Noiz kontsultatua: 2019-8-4.
  34. DR Congo Top 20 Cities by Population worldpopulationreview.com . Noiz kontsultatua: 2019-7-2.

Kanpo estekakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kongoko Errepublika Demokratikoa