Bonoboa (Pan paniscus), txinpantze pigmeo gisa ere ezaguna, primateen barruko Hominidae familiako animalia da. Txinpantze arruntarekin (Pan troglodytes) batera Pan generoa osatzen du.

Bonobo
Txantiloi:Fossilrange
Iraute egoera

Galzorian (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaHominidae
LeinuaHominini
GeneroaPan
Espeziea Pan paniscus
Schwartz 1929[2]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia8 hilabete
Masa43 kg (helduen pisua)
33 kg (helduen pisua)
Genomaren kokapenaensembl.org…

Begibistaz txinpantze arruntaren oso antzekoak dira baina ezaugarri morfologiko ezberdinak dituzte. Bonoboek aurpegi iluna izaten dute, txinpantzeenak baino belarri txikiagoekin. Gainera, hanka luzeagoak garatu dituzte.

Banaketari dagokionez, erdialdeko Afrikako oihan hezeetan kokatzen dira, bertako zuhaitzetatik bildutako fruitu eta hostoetaz elikatzen direlarik.

Espezie honen ezaugarri nabarmena, berdintasunean oinarrituriko kultura matriarkala da. Gainera, aktibitate sexualak paper oso garrantzitsua hartzen du beraien taldean.[3]

Bonoboa (P. paniscus) Ernst Schwarz alemaniarrak deskribatu zuen 1929an. Belgikako Tervuren museoan kontserbatutako kranio bati esker egin zuen deskribapena, ustez txinpantze gazte bat bezala sailkatuta zegoelarik.

Taxonomia aldatu

Bonoboaren izen zientifikoa Pan paniscus da. Azterketa molekularrak egin ostean, bonoboen ADNaren %98a Homo sapiens[4] espeziearen berdina dela ikusi da, gizakiekin estuki lotuta daudelarik.

Aurkikuntza honen ondorioz, bonoboaren eta txinpantzearen taxonomia berrantolatu eta Pongidae familia Hominidae gisa berrizendatzea erabaki zuten.[5]

Gizakiekiko lotura estua dela eta, zientzialari talde batek, Pan generoa Homo genero gisa klasifikatu beharko litzatekela defendatzen du.

Bonobo eta txinpantze arruntaren lerroa duela 6 milioi urte ezberdindu zen gizakiaren lerro ebolutibotik.[6] Txinpantze arrunta eta bonoboa dira Homo sapiens espeziearen oraindik bizirik dauden ahaiderik hurbilenak.

Ezaugarri morfologikoak aldatu

Txinpantze arruntarekin alderatuz, bonoboa meheagoa da, metro bateko altuera hartu dezakete. Heldutasunean eme eta arren tamainen artean desberdintasunak daude. Eme helduen pixua 30 Kg ingurukoa den bitartean, har heldu batek 34-70 Kg bitarteko pisua lor dezake. [7]

Kranioaren tamaina txikiagoa da baina bekoki zabalagoa aurkezten dute. Aurpegi iluna du, ezpain arrosekin, belarri txiki eta sudur-zulo nabariekin. Buruan ile luzea aurkezten dute.

Beste primate eme batzuekin alderatuz, emeek ugatz nabarmenak aurkezten dituzte. Dena den, ez dira gizaki emeen titiak bezain nabarmenak izaten.

Bonoboaren gorputzaren goiko zatia mehea da, sorbalda estu, lepo mehe eta hanka luzeekin. Ibilkerari dagokionez, bonoboek denboraren %25ean ibilera tentea izaten dute. Ezaugarri honi esker, bonoboek txinpantze arruntek baino gizaki itxura handiagoa izaten dute. Gainera, bonoboen kasuan, gizakietan bezala, indibiduo bakoitzaren aurpegiko itxura aldakorra da, talde barnean ezagutze bisuala eman daitekelarik.

Jokabidea aldatu

Bonoboak zuhaitzetan zein lurzoruan topa daitezke. Lurzoruko lokomozio era ohikoena lokomozio kuadrupedoa da, ingurune naturalean lokomozio bipedoaren erabilera %1 baina txikiagoa delarik. Hala ere, lokomozio bipedoaren erabilera handitu egin ohi da gatibu direnean.[8]

Frans de Waal primatologoaren esanetan bonoboak altruismoa, errukia, enpatia, atsegintasuna, pazientzia eta sentsibilitatea adierazteko gai dira [9]. Jokamolde anitzak deskribatu dira bonobo basatien artean, tartean agresiboak, afektiboak eta baita sexualak ere. Izan ere, erlazio mota askotan behatu dira jokabide sexualak.

Primatologoen komunitatean eztabaida dago de Waalek egindako baieztapenen harira. Leporatzen diote jokabide horiek kautibitatean egonda soilik garatzen dituztela, basatiak direnean txinpantzeekiko agresibitate maila antzekoagoan dituztelarik. De Waalen arabera, ordea, eta 2014ean egindako ikerketa batek ere hala ondorioztatuta, ingurunea da jokamoldean eragiten duen faktore garrantzitsuena[10].

Jokabide soziala aldatu

Bonoboen talde sozialen antolamendua matriarkatuan datza. Taldea hierarkizatuta dago eta taldeko nukleo gisa funtzionatzen duen bonobo eme talde bat dago hierarkiaren maila altuenean kokatuta. Nahiz eta taldeko liderra den ar alfa bat bereizten den, hierarkiaren maila altuenean kokatutako eme taldearen babesa beharrezkoa du estatus hori mantentzeko. Ar alfak kodominantziazko erlazio bat mantendu ohi du eme talde honekin, erlazio honen adibide garbia da soilik berak duela eme talde honekin bazkatzeko aukera.

Ar eta emeen arteko borrokak ez dira ohikoak izaten eta arrek jarrera tolerantea dute kume eta gazteekin. Arrek taldeko estatusa amarengandik oinordetzan jasotzen dute[11]. Amaren eta bere ondorengoaren arteko erlazioa oso sendoa da eta bizi guztian zehar mantentzen da. Gainera, amak ondorengo arrari lagundu diezaioke beste arrekin sortzen diren gatazketan eta beste emeekin lotura sortzen, horrela bere semeak ondorengoak edukitzeko probabilitatea handitzen du[12]. Nahiz eta gizarte hierarkizatu bat den, indibiduoek hirerakian duten kokapenak ez du jokabide soziala erakusten duten beste primateetan eduki dezakeen garrantzia[13].

Emeek hierarkia maila altuko arrak bilatzen dituzte ondorengoak edukitzeko eta horrenbestez, maila hierarkiko altuagoko arrek ondorengo gehiago edukiko dituzte. Ondorengoen zaintza esklusiboki emeek burutzen dute[14]. Honen arrazoia emeen promiskuitate handian datza. Maiz, arrek ezin dute jakin emeak izandako kumea berea ote den eta, beraz, zaintzari uko egiten diote.

Taldeen tamaina nahiko aldakorra da. Talde haundiak egunean zehar talde txikiagoetan banatzen dira janaria bilatu eta biltzeko. Gaua igarotzeko talde osoa berriro elkartzen da.

Kautibitatean janariarekin erlazionaturiko agresioak ohikoak izaten dira emeen aldetik. Koalizioak sortzen dituzte arren aurka, jaki espezifikoen monopolioa eskuratzeko. Askotan arrak mutilatzera ere heldu dira, hauek ohartarazpenei muzin egitekotan[13]. Bonobo basatien kasuan, hala ere, behatu da sexuan oinarrituriko hierarkiak ez direla hain sendoak. Hala eta guztiz, emeak ugaztun ertainen ehizaldiak lideratzea ohikoa da, ondoren lapurtzera gerturatzen diren arrekiko defentsa sendoa gauzatuz. Ar gazteekiko toleranteagoak dira helduagoekiko baino[15].

Jokabide soziosexuala aldatu

Sexuak pisu handia du bonoboen gizartean. Elkar agurtzeko, lotura afektiboak sortzeko eta indartzeko, gatazkak konpontzeko eta berradiskitzeko erabiltzen dute sexua. Orotariko jarduera sexualak praktikatzen dituztela ikusi da, duen garrantziaren eta garapenaren erakusle. Ez dituzte erlazio monogamo permanenteak osatzen eta ez dute sexuaren edo adinaren arabera diskriminaziorik gauzatzen. Salbuespen bakartzat ama eta seme helduen artekoa hartu ohi da. Garapen horren adibide da gizakiaz gain musuetan mingaina erabiltzen duen espezie bakarra dela[16].

Aipatu bezala, sexuak funtzio soziokultural anitzak betetzen ditu bonoboetan. Bazka-eremu aberats bat aurkitzean, adibidez, taldeak exzitazioa sexu jarduera komunal moduan askatzen du. Modu honetara uste da otorduak eragin ditzakeen tentsioak baretzen direla, otordua modu baketsuan gauzatuz[17].

Arretan ematen dena baino maizago, bonobo emeek elkarren artean genitalak igurzten dituzte, seguruenik lotura afektiboak gauzatu eta horrela eme nukleo sendoa osatzeko. Lotura afektibo horiek baimentzen diete arren gehiengoa dominatu ahal izatea[17]. Izan ere, bonoboen klitorisak ugaztun gehienenak baino handiagoak dira eta azaleratuago daude[18]. Honek erraztu egiten du emeen arteko igurzketa genitala eta ondorioz maiztasun handiarekin gauzatzen dute.

Jarduera homosexualak, ordea, ez dira emeenak esklusiboki[19]. Arrek ere gauzatzen dituzte elkarren genitalak estimulatzen dituzten jarduerak. Ohikoena estaldura heterosexualaren modukoa da, bata bestearen gainean eseri eta zakilak igurtziz[20]. Gutxiagotan, adarretatik zintzilikatuta edo lurrean bertan, aurrez aurre kokatu eta zakilak igurzten dituzte. Mingain-musuak eta sexu orala ere behatuak izan dira arren artean.

Bonoboen reprodukzio tasa ez da txinpantzeena baino handiagoa[3]. Hala ere, bonobo emeen araldia luzeagoa da[21]. Periodo honetan, emeei ehun perineala inflamatzen zaie 10 eta 20 egun bitartean, arrei sexurako disponibilitatea adieraziz. Gestazio periodoa 240 egunekoa da bataz beste. Erditu ondoren, amenorreak (menstruaziorik gabeko denbora tartea) urtebete baino gutxiago irauten du eta araldiaren seinale externoak urtebetera azaldu daitezke,nahiz eta oraindik ugalkorra ez izan. Kumea lau urtez zaintzen dute eta bataz beste 4.6 urtez behin erditzen dute. Txinpantzeekin alderaturik, bonobo emeek lehenago berrartzen dute araldiak eragindako zikloa, taldearen jarduera sexualetan parte hartzea lehenago ahalbidetuz. Eme antzu edota erreproduzitzeko gazteegiak diren emeek ere talde-jarduera hauetan parte hartzen dute, sozialki duen garrantzia dela-eta.

Infantizidioa, txinpantzeetan ohikoa dena, bonoboetan agertzen ez dela dirudi[22]. Jokamolde sexualki hain aktiboak eta lehia sexualik ez egoteak ahalbidetzen du ar eta emeak elkarrekin maiz kopulatzea eta, ondorioz, arrek euren kumeak zeintzuk diren ez dakitenez infantizidioa ekiditea. Bonoboen estrategia erreproduktibo espezifikoa da hau, infantizidioa simio handi guztietan ematen baita, bonobo eta orangutanetan salbu.

Bakezaletasuna aldatu

Txinpantzeen kasuan ohikoa izaten da komunitateko kideak ez diren banakoekiko ereasokorrak izatea, ar-bakartiak hiltzeraino[23]. Bonoboetan, aldiz, ez da ohikoa eta dirudienez nahiago izaten dute kontaktu sexuala konfrontazio biolentoa baino. Hala ere, ezin da ziur esan agresiboak ez direnik[24]. Populazio basatietan arrak txinpantzeak baino lasaiagoak baldin badira ere, emeak agresiboagoak dira. Gizakiokin alderatuz, guk haina 100 akzio biolento gauzatzen dituzte.

Ikerketek erakutsi dute ezberdintasun esanguratsuak daudela bonoboen eta txinpantzeen garunaren artean[25]. Bonoboek materia gris bolumen handiagoa dute eskuin insulako kortexean, eskuin amigdala dortsalean, hipotalamoan eta eskuin kortex dortsomedial prefrontalean. Hauek, enpatia, besteen larritasunak eta antsietatea sentitzeko eskualde gakoak dira. Gainera, amigdalaren (agresioak piztu ditzazkeen eremua) eta gizakietan inpultsoak kontrolatzen laguntzen duen eskualdearen artean[26]. Uste da konexio estu honek laguntzen diela inpultso eta jokabide emozionalak eraentzen[27].

Txinpantzeen habitata eta bonoboena Kongo ibaiak banatzen ditu, bonoboak hegoaldean bizi direlarik[28]. Uste da, bonoboak modu baketsuagoan bizi direla habitat naturalean duten bazka-abundantziagatik. Honek, ordea, ez du esan nahi bonoboek gatazkarik ez dutenik. Aitzitik, gatazka kopuru handiak uste da bultzatu duela espeziea horren jokabide sexual garatua izatera.

Dieta aldatu

Bonoboak omniboroak dira. Dietaren ia %60a fruituak eta haziak diren arren, bere dieta osatzeko zuhaitzen azala, hostoak, loreak, trufak eta eztia ere jaten dute.[29] [30]Dirudienez txinpantzeek baino dependentzia handiagoa dute lurreko begetazioarekiko. Zenbaitetan ornodun txikien (esaterako, primate txikiagoak) eta ornogabeen (esaterako, termitak eta beldarrak) ehiza eta elikadura ere behatu izan da.[31]

Gizakiekiko antzekotasuna aldatu

Simio handi guztiak bezala, bonoboak ispiluaren proba gainditzen du[32]. Gehienbat fonetikoki komunikatzen dira, nahiz eta bokalizazioen esanahiak oraindik ez dauden argi. Hala ere, gizaki gehienentzat ulergarriak dira egiten dituzten expresio fazialak zein eskuekin gauzatzen dituzten keinuak. Bonobo basatiek, halaber, gizakioi esleitzen zitzaigun ezaugarri bat ere badute: momentu ezberdinetan dei berdina gauzatzen dute, esanahi ezberdina duelarik. Beraz, deiaren esanahia ulertzeko testuingurua kontuan hartu behar dute hartzaileek[33]. Bi banakoekin eginiko esperimentu batean lortu dute hauei irudi geometrikoetan oinarrituriko komunikazio sistema bat erakustea, non esaldiak hitzez esanda, banakoek arbel baten bidez erantzuten duten.

Beste ezaugarri esanguratsu bat kontsolazioarena da, hau da, eraso baten biktima batekiko kontaktu afektiboa[34]. Ikerketek erakutsi dute kontaktu afektiboak, izan espontaneoki espresatua edo bitimak hala eskatua, biktima berriro ere erasotua izateko probabilitatea murrizten duela. Hala ere, ikusi da kontaktu espontaneoak soilik gutxitzen duela biktimaren antsietatea, erakutsiz afektu espontaneo honek funtzio kontsolatzailea betetzen duela, eta are gehiago, sujetu estresatua lasaitzeko balio duela. Hortaz, hipotesi bezala landu da erasoa jasan duten banakoak gai direla ulertzeko eskatu gabe kontsolatzera gerturatzen diren banakoen motibazioa afektiboa dela. Gainera, behatu da kontsolazio espontaneo honek gradiente bat jarraitzen duela: maizen senideen artean ematen da, gutxiagotan harreman ona duten eta “lagun” kontsidera ditzakegunen artean eta gutxien ezagunak soilik direnen artean. Beraz, ondorioztatu daiteke kontsolazioa bonoboen artean enpatian oinarrituriko fenomenoa dela.

Banaketa eta habitata aldatu

Erdialdeko Afrikako Kongoko Errepublika Demokratikoan soilik topa daitezke, Kongo ibaiaren hegoalde eta Kasai ibaiaren iparraldeko oihan hezeetan, zehazki.[35]

 
Bonoboaren (Pan paniscus) banaketa.

Kontserbazio egoera aldatu

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundea-k (jatorrian, ingelesez: IInternational Union for Conservation of Nature edo IUCN) argitaratzen duen "Zerrenda Gorria"-n, galzorian dagoen espezie gisa dago sailkatuta. Mundu mailan 29.500-50.000 indibiduo inguru daudela estimatzen da. [36] Bonoboarekiko mehatxu nagusiak habitataren galera eta euren haragiaren salmentarako ehiza dira. Bi arrazoi hauek direla medio, populazioak gainbehera nabaria jaso du azken 15-20 urteetan eta honek hurrengo 60 urteetan hala jarraituko duela estimatzen da.

Gaur egun mehatxurik handiena basa animalien legez kanpoko haragiaren merkataritzarako ehiza da. Bonoboaren banaketan 50.000 km²-ko azalera babestuan egunero basa animalien bederatzi tona haragi erauzten direla kalkulatu da. Bestalde, fragmentazioaren eta deforestazioaren ondorio den habitataren galera da mehatxu garrantzitsu bat. Oihanen galeraren arrazoi naguia iraupeneko nekazaritza da, mozketan eta erretzean oinarritzen dena. Gaur egun, meatzaritzak eta zuhaitzen mozketak bonoboaren bizilekuan eraginik ez duen arren, nekazaritza industrialak indarra hartuko duela espero daiteke. Horrenbestez, bonoboaren bizilekuak okerrera egingo duela espero da. [37]

Bonoboek habitata gizakiekin konpartitzen dutenez, biztanle lokalei sortzen zaien arazoak konpondu behar dira aurretik. Izan ere, parkeak sortzerakoan maiz bertako biztanle indigenak euren etxeetatik kanporatuak izan dira, hauen hasarrea eta proiektuarekiko mesfidantza eraginez. Salonga parkea da bonoboaren habitatean dagoen bakarra eta behatu da bertako biztanleek ez dutela proiektuarekiko atxikipenik, honek kontserbazioari dakarzkion kalteak eraginez. Bestalde, esanguratsua da nola parkerik gabeko eremuetan populazioek gora egin duten indigenek bonoboaren ehizarekiko dituzten sinesmen eta tabuei esker.

1990. hamarkadako gerran ikertzaile eta GKEk kanporatuak izan ziren bonoboaren habitatetik. 2002. urtean ordea, Bonobo Conservation Initiative-k Bonobo Peace Forest Project jarri zuen martxan, instituzio,  GKE eta komunitate nazional zein lokalekin kooperazioan. Proiektuak, komunitate lokalekin egiten du lan, komunitateetan oinarrituriko erreserben saretze bat osatzeko. Nahiz eta laguntza askorik ez duten jasotzen, badirudi arrakasta izaten ari dela, bonoboaren habitatean 5000 milla karratu babesteko akordioetara heldu baitira.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
  2. Schwartz. (1929). 16 Rev. Zool. Bot. Afr., 4 or..
  3. a b Waal, Frans B. M. de. (1995-03). «Bonobo Sex and Society» Scientific American 272 (3): 82–88.  doi:10.1038/scientificamerican0395-82. ISSN 0036-8733. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  4. «Bonobo» web.archive.org 2006-05-02 (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  5. Hecht, J. (2003). Chimps are human, gene study implies. New Scientist, 19.
  6. Won, Yong-Jin et al., Divergence Population Genetics of Chimpanzees, 22 Molecular Biology & Evolution 297-307 (2005); Fischer, Anne et al., Evidence for a Complex Demographic History of Chimpanzees, 21 Molecular Biology & Evolution 799-808 (2004).
  7. (Ingelesez) Scholz, Melanie N; D'Août, Kristiaan; Bobbert, Maarten F; Aerts, Peter. (2006-09-07). «Vertical jumping performance of bonobo ( Pan paniscus ) suggests superior muscle properties» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 273 (1598): 2177–2184.  doi:10.1098/rspb.2006.3568. ISSN 0962-8452. PMID 16901837. PMC PMC1635523. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  8. Doran, Diane M.. (1993-05). «Comparative locomotor behavior of chimpanzees and bonobos: The influence of morphology on locomotion» American Journal of Physical Anthropology 91 (1): 83–98.  doi:10.1002/ajpa.1330910106. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  9. Waal, F. B. M. de (Frans B. M.), 1948-. (1997). Bonobo : the forgotten ape. University of California Press ISBN 0-520-20535-9. PMC 35450429. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  10. (Ingelesez) Stanford, Craig B.. (1998-08). «The Social Behavior of Chimpanzees and Bonobos: Empirical Evidence and Shifting Assumptions» Current Anthropology 39 (4): 399–420.  doi:10.1086/204757. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  11. Great ape societies. Cambridge University Press 1996 ISBN 0-521-55494-2. PMC 33104578. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  12. Surbeck, Martin; Mundry, Roger; Hohmann, Gottfried. (2010-09). [http://dx.doi.org/10.1098/rspb.2010.1572 «Mothers matter! Maternal support, dominance status and mating success in male bonobos ( Pan paniscus )»] Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 278 (1705): 590–598.  doi:10.1098/rspb.2010.1572. ISSN 0962-8452. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  13. a b «BBC - Homepage» www.bbc.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  14. HASHIMOTO, Chie. (1994). «Development of Genital Contact Behavior of Wild Bonobo (Pan paniscus)» Primate Research 10 (3): 261–267.  doi:10.2354/psj.10.261. ISSN 1880-2117. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  15. «3. Equal, Similar, but Different: Convergent Bonobos and Conserved Chimpanzees» Chimpanzees and Human Evolution (Harvard University Press): 142–174. 2017-12-31 ISBN 978-0-674-98264-2. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  16. Manson, Joseph H.; Perry, Susan; Parish, Amy R.. (1997). «[No title found»] International Journal of Primatology 18 (5): 767–786.  doi:10.1023/A:1026395829818. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  17. a b Waal, Frans B. M. de. (1995-03). «Bonobo Sex and Society» Scientific American 272 (3): 82–88.  doi:10.1038/scientificamerican0395-82. ISSN 0036-8733. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  18. Balcombe, Jonathan Peter. (2011-05-09). The Exultant Ark. University of California Press ISBN 978-0-520-94864-8. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  19. Marlaire, Courtney L., ed. (2017-09-29). «Social Problems and the Organization of Talk and Interaction» Reconsidering Social Constructionism (Routledge): 173–198. ISBN 978-1-315-12815-3. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  20. King, Barbara J.. (2001-06). «Debating CultureThe Ape and the Sushi Master: Cultural Reflections of a Primatologist. By Frans de Waal. New York: Basic Books, 2001.» Current Anthropology 42 (3): 441–443.  doi:10.1086/320485. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  21. Ihobe, Hiroshi; Furuichi, Takeshi. (1994). «Variation in Male Relationships in Bonobos and Chimpanzees» Behaviour 130 (3-4): 211–228.  doi:10.1163/156853994x00532. ISSN 0005-7959. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  22. Gottfried, Hohmann; Vigilant, Linda; Mundry, Roger; Behringer, Verena; Surbeck, Martin. (2019-02-02). «Aggression by male bonobos against immature individuals does not fit with predictions of infanticide» Aggressive Behavior 45 (3): 300–309.  doi:10.1002/ab.21819. ISSN 0096-140X. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  23. Nishida, Toshisada; Zamma, Koichiro; Matsusaka, Takahisa; Inaba, Agumi; McGrew, William C.. (2010). «Catalogue» Chimpanzee Behavior in the Wild (Springer Japan): 15–24. ISBN 978-4-431-53894-3. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  24. Aboushaar, Hamouda M. Khair; Shackelford, Todd K.. (2020-04-24). «Goodness by Execution: a Review of Richard Wrangham (2019), The Goodness Paradox: the Strange Relationship Between Virtue and Violence in Human Evolution (New York: Pantheon Books)» Evolutionary Psychological Science 6 (3): 298–300.  doi:10.1007/s40806-020-00240-2. ISSN 2198-9885. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  25. (Ingelesez) Rilling, James K.; Scholz, Jan; Preuss, Todd M.; Glasser, Matthew F.; Errangi, Bhargav K.; Behrens, Timothy E.. (2012-04). «Differences between chimpanzees and bonobos in neural systems supporting social cognition» Social Cognitive and Affective Neuroscience 7 (4): 369–379.  doi:10.1093/scan/nsr017. ISSN 1749-5016. PMID 21467047. PMC PMC3324566. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  26. Davidson, R. J.. (2000-07-28). «Dysfunction in the Neural Circuitry of Emotion Regulation--A Possible Prelude to Violence» Science 289 (5479): 591–594.  doi:10.1126/science.289.5479.591. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  27. Hopkins, William D.; Lyn, Heidi; Cantalupo, Claudio. (2009-12). «Volumetric and lateralized differences in selected brain regions of chimpanzees (Pan troglodytes) and bonobos (Pan paniscus)» American Journal of Primatology 71 (12): 988–997.  doi:10.1002/ajp.20741. ISSN 0275-2565. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  28. «Pan paniscus Gracile Chimpanzee (Bonobo, Pygmy Chimpanzee) : Fr. Bonobo; Ger. Bonobo» Mammals of Africa : Primates (Bloomsbury Publishing (UK)) ISBN 978-1-4729-2692-0. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  29. Crissey, Susan D.; Pribyl, Linda S.. (1997-11). «Utilizing wild foraging ecology information to provide captive primates with an appropriate diet» Proceedings of the Nutrition Society 56 (3): 1083–1094.  doi:10.1079/pns19970112. ISSN 0029-6651. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  30. Stanford, Craig B.. (2008-02). «Hohmann, Robbins, and Boesch — Feeding ecology in apes and other primates Feeding ecology in apes and other primates. Cambridge Studies in Biological and Evolutionary Anthropology 48 Hohmann Gottfried Martha M. Robbins Christoph. Boesch editors. 2006 New York Cambridge University Press xvi + 523 p. $130.00 ISBN: 978-0-521-85837-3.» Ecology 89 (2): 591–592.  doi:10.1890/br08-10.1. ISSN 0012-9658. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  31. Hohmann, Gottfried; Fruth, Barbara. (2008). «New records on prey capture and meat eating by bonobos at Lui Kotale, Salonga National Park, Democratic Republic of Congo» Folia Primatologica; International Journal of Primatology 79 (2): 103–110.  doi:10.1159/000110679. ISSN 1421-9980. PMID 17975315. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  32. Best, Steven. (2014). «Minding the Animals: Cognitive Ethology and the Obsolescence of Left Humanism» The Politics of Total Liberation (Palgrave Macmillan US): 107–135. ISBN 978-1-349-50086-4. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  33. «Oral Presentations - Abstracts of the 19th Annual Congress of the SBRA, Búzios, RJ, 05-08 August 2015» JBRA Assisted Reproduction 19 (3): 156–158. 2015  doi:10.5935/1518-0557.20150035. ISSN 1518-0557. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  34. (Ingelesez) Palagi, Elisabetta; Paoli, Tommaso; Tarli, Silvana Borgognini. (2004-01). «Reconciliation and consolation in captive bonobos (Pan paniscus)» American Journal of Primatology 62 (1): 15–30.  doi:10.1002/ajp.20000. ISSN 0275-2565. (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
  35. «2. Reconstructing the Last Common Ancestor of Chimpanzees and Humans» Chimpanzees and Human Evolution (Harvard University Press): 22–141. 2017-12-31 ISBN 978-0-674-98264-2. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  36. (Ingelesez) IUCN. (2016-03-24). Pan paniscus: Fruth, B., Hickey, J.R., André, C., Furuichi, T., Hart, J., Hart, T., Kuehl, H., Maisels, F., Nackoney, J., Reinartz, G., Sop, T., Thompson, J. & Williamson, E.A.: The IUCN Red List of Threatened Species 2016: e.T15932A102331567.  doi:10.2305/iucn.uk.2016-2.rlts.t15932a17964305.en. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  37. Society), Fiona Maisels (Wildlife Conservation; Society), John Hart (Wildlife Conservation; Hart, Terese; Stirling), Elizabeth A. Williamson (University of; André, Claudine; Fruth, Barbara; Furuichi, Takeshi; Hickey, Jena et al.. (2016-03-24). «IUCN Red List of Threatened Species: Pan paniscus» IUCN Red List of Threatened Species  doi:10.2305/iucn.uk.2016-2.rlts.t15932a17964305.en. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu