Laurent-Désiré Kabila
Laurent-Désiré Kabila (Baudouinville, Katanga, Kongo Belgikarra, 1939ko azaroaren 27a - Kinshasa, 2001eko urtarrilaren 16a) kongoar iraultzaile eta politikaria izan zen. Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea izan zen 1997ko maiatzaren 17tik 2001eko urtarrilaren 16an tiroz hil zuten arte.
Laurent-Désiré Kabila | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
1997ko maiatzaren 16a - 2001eko urtarrilaren 16a ← Mobutu Sese Seko - Joseph Kabila → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Moba (en) ![]() | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | Kinshasa, 2001eko urtarrilaren 16a (61 urte) | ||
Hobiratze lekua | Kinshasa | ||
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Sifa Mahanya (en) ![]() | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Dar es Salaamgo Unibertsitatea Belgradeko Unibertsitatea University of Belgrade Faculty of Philosophy (en) ![]() | ||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria | ||
Jasotako sariak | |||
Zerbitzu militarra | |||
Parte hartutako gatazkak | Kongoko krisialdia Simba Rebellion (en) ![]() Kongoko Lehen Gerra Kongoko Bigarren Gerra | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | anglikanismoa | ||
Alderdi politikoa | Alliance of Democratic Forces for the Liberation of Congo (en) ![]() Parti de la révolution du peuple (en) ![]() hautagai independente |
BizitzaAldatu
1939an jaio zen, garai hartan Belgikaren esku zegoen Kongo Belgikarreko Katanga eskualdean. Europan egin zituen ikasketak, Belgraden eta Parisen bere esanetan.[1] Kongoko Errepublikaren independentziaren lehen urteetan, Patrice Lumumba lehen ministroaren jarraitzailea izan zen.
1961ean, Lumumbaren hilketaren ostean, ihes egin zuen eta aldian behingo altxamendu armatuak zuzendu zituen herrialdearen ekialdean, SESBren eta Txinaren laguntzarekin. 1964an estatu independentea osatu zuen Zaireren barnean, Stanleyville hiriburu zuela. Baina 1965ean Mobutuk zanpatu egin zuen altxamendua mertzenarioen eta Belgikaren eta AEBen laguntzari esker. Garai hartan iritsi zen Che Guevara Zairera, Kubako indar batzuekin Kabilari laguntza eskaintzera. Baina Che Guevarak ez zuen oroitzapen onik izan Zairen: “Kabilarena parasitoen armada zen. Ez zuen lanik egiten, ez zen entrenatzen, ez zuen borroka egiten; herritarrei haientzat lan egiteko eta elikatzeko exijitu zieten”, utzi zuen idatzita hegoamerikar iraultzailea bere memorietan.[2]
1967an, Alderdi Iraultzaile Popularra osatun eta estatu txiki bat eraiki zuen Kivu probintzian, Fizi eta Baraka mendietan. Han, baserri kolektiboak, eskolak eta mediku zentroak jarri zituen, baina baita urre eta arma trafikoaren gune estrategikoa ere. 1977an ihes egin behar izan zuen berriro eta ondorengo ia hogei urteak atzerrian eman zituen.[2] Informazio gutxi dago urte horietan egun zuenari buruz. Berak “sasien artean” bizi izan zela adierazi zuen, baina hamarkada horietan diamanteen eta urrearen trafikoarekin aberastu izana egotzi zioten askok.[1]
1996an, Mobuturen aurka matxinatu zen, banyamulengeekin, kongoar tutsiekin, elkar harturik; Paul Kagame Ruandako lehendakariaren eta Yoweri Museveni Ugandakoaren laguntza izan zuen Kongoko Lehen Gerra hartan. Gerra 1997ko maiatzean amaitu zen, Kabilaren indarrek Kinshasa hartu zutenean. Presidente kargua lortu orduko, alderdi politikoak debekatu zituen eta botere guztiak bere esku hartu.[1] Gobernuko armadan 15.000 hutu inguru zeudela-eta, Ruandaren etsai bilakatu zen laster. 1998ko abuztuan, Kongoko Bigarren Gerra piztu zen, banyamulengeak, Ruandaren babesaz, gobernuari erasotzen hasi baitziren.[3] 1999an hauteskundeak egingo zituela agindu zuen arren, ez zuen bere hitza bete.[1]
Bizkartzain batek tiroz hil zuen 2001eko urtarrilaren 16an. [4] Joseph Kabilak, semeak, ordeztu zuen.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d Laurent-Désiré Kabila: Botereak ezabatutako esperantza. Euskaldunon Egunkaria, 2001eko urtarrilak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
- ↑ a b Aldabe, Koldo. Mobuturen erregimenaren azken egunak. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
- ↑ Etxeberria, Idoia. Ondo lotutako korapiloa. Euskaldunon Egunkaria, 2001eko abuztuak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-22).
- ↑ Zubiria, Pello. Hiru milioi pertsona galdu dira Kongon. Argia aldizkaria, 2003ko maiatzak 11, CC BY-SA 3.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laurent-Désiré Kabila |