M23ren matxinada 20122013 bitarteko gatazka armatua izan zen, Ipar Kivun, Kongoko Errepublika Demokratikoan, gertatutakoa. 2012ko apirilean hasi zen, Martxoak 23 Mugimenduko kideak, Bosco Ntaganda buru zutela, Kongoko Gobernuaren aurka altxatu zirenean, eta 2013ko azaroaren 7an amaitu, M23k matxinada uzteko erabakia hartu zuenean.[4]

M23ren matxinada
Kivuko Gerra
NBEren indarrak eta errefuxiatuak Goman
Data2012ko apirilak 42013ko azaroak 7
LekuaIpar Kivu, Kongoko Errepublika Demokratikoa
Koordenatuak1°36′14″S 29°11′43″E / 1.60379°S 29.19525°E / -1.60379; 29.19525
EmaitzaKongoko Armadaren garaipena
Gudulariak
Kongoko Errepublika Demokratikoa
NBE
Martxoak 23 Mugimendua
Ustezko laguntzaileak:
Ruanda
Uganda
Buruzagiak
Joseph Kabila
Lucien Bahuma
Bosco Ntaganda
Bertrand Bisimwa
Sultani Makenga
Indarra
Hegoafrika 1.345[1]
Tanzania 1.247[2]
6.000[3]
Galerak
200 hildako
3 hildako
962 hildako
Zibilak: 283 hildakotik gora
140.000 lekualdatu

Aurrekariak aldatu

2003an Kongoko Bigarren Gerra bukatu zen, bortz urteren ondoren. Gatazkaren neurriagatik Afrikako Mundu Gerra deitu zioten; izan ere, Afrikako bederatzi herrialdek eta hogei talde armatuk parte hartu zuten. Nahiz eta Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrak munduko pobreenetakoak diren, herrialdea aberatsenetakoa da baliabideei dagokienez. Munduko diamante meatzeen heren bat inguru dago han, eta koltan erreserben % 70 inguru —gailu elektronikoak egiteko erabiltzen da koltana—. AEBetako eta Mendebaldeko multinazionalen eta Txinaren gutizia dira aberastasun horiek.[4]

Osagai horiekin estatu ahul batek egonkortasuna lortzea lan nekeza da. Kivuko Gerra da horren adibide, 2003an Kongoko Bigarren Gerra bukatu ondoren piztu baitzen, armadan integratutako matxino ohiek berriz ere gobernuaren aurka jotzea erabaki zutenean. Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak (CNDP) eta gobernuak 2009an sinatu zuten bake akordioa eta, horri jarraikiz, matxinoak berriz ere armadara itzuli ziren.[4]

Gerraren bilakaera aldatu

2012ko apirilean, CNDPko kide ohiek 2009ko akordioaren baldintzak urratzea leporatu zioten gobernuari, eta berriz matxinatu ziren, Martxoak 23 Mugimendua (M23) sortuta.[4] M23ko gerrillariak tutsiak ziren nagusiki, eta Bosco Ntaganda zen buruzagi nagusia. Nazio Batuen Erakundeak matxinoei laguntza ematea egotzi zion Ruandako Gobernuari.[5]

Uztailaren 6an M23k Bunagana hiria hartu zuen, Ugandako mugatik gertu, eta uztailaren 8an Rutshuru, Gomatik, Ipar Kivu probintziako hiriburutik, 70 kilometro iparraldera;[6] Rubare eta Ntamugenga ere matxinoen esku zeuden.[7] Borroketan ehunka lagun hil ziren, eta iheslariak eta lekualdatuak, berriz, 280.000 inguru ziren abuztu hasieran.[5]

Azaroaren 20an, matxinoek Goma hartu zuten, aurreko astean hiriaren inguruetan Kongoko armadarekin eta MONUSCO NBEren bake misioarekin borrokatu ondoren. Guduaren ondorioz, milaka herritarrek ihes egin zuten Gomaren inguruetatik. NBEren arabera, 60.000 errefuxiatu inguru irten ziren ihesi Kanyaruchinya kanpamentutik Ruandarantz eta Hego Kivu probintziarantz.[8] Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Goma “berehala” uzteko, hedatzeko ekimen oro baztertzeko, taldea desegiteko eta matxinoek armak entregatzeko eskatu zion M23 mugimenduari. Matxinoek, ordea, Kongoko Errepublika Demokratikoa “erabat” hartzeko asmoa agertu zuten.[9]

Abenduaren hasieran, M23 gerrillarekin negoziatzen hastea onartu zuen Kongoko presidente Joseph Kabilak; elkarrizketak hastearen truke, matxinoak irten ziren Gomatik.[10] Abenduan bertan ekin zieten elkarrizketei, baina behin eta berriz eten zituzten. Presoen inguruko auziak eta matxinoak armadan berriz sartzeak eragiten zituen desadostasun handienak (armadako desertoreek sortutako taldea zen M23).[11] 2013 hasieran, zatiketa sortu zen M23 mugimenduaren barnean, eta martxoaren 18an Bosco Ntagandak bere burua entregatu zuen AEBen Kigaliko enbaxadan.[12]

Martxoaren 28an, MONUSCO misioaren agintepean Kongoko Errepublika Demokratikoan “interbentzio militarrerako brigada” bat sortzea onartu zuen NBEk. Kasko urdinek ordura arte izan zuten izaera aldatuta, erasorako aukera ere eman zioten brigada horri. Apirilaren amaieran, bake elkarrizketak utzi eta Rutshuru eta Beni inguruko hainbat herritan posizioak hartu zituzten matxinoek.[13] Maiatzean eta uztailean borrokak gertatu ziren Gomatik gertu.[14] Abuztu hondarrean, Kongoko armadak eraso egin zion M23 taldeari.[15] Harrezkero, matxinoak posizioak galtzen hasi ziren; urriaren amaieran, Kongoko armadak Rutshuru eta Kiwanja berreskuratu zituen, eta M23ren azken gotorlekuan ere sartu zen, Rumangabo base militarrean.[16]

Gerraren amaiera aldatu

Azaroaren 5ean, M23 mugimenduak ofizialki iragarri zuen borroka armatua utziko zuela. Hauxe zioen Bertrand Bisimwa buruzagiak sinatutako agiriak: "M23ko zuzendaritzak erabaki du iritzi publiko nazional eta nazioartekoari jakinaraztea matxinadari amaiera eman diola eta bitarteko politikoen bidez lortzen ahaleginduko dela mugimenduaren sorrera eragin zuten kausa sakonak".[17] Azaroaren 7an, Sultani Makenga M23ko buruzagi militarra eta 1.700 matxino inguru errenditu ziren Ugandan.[18]

Erreferentziak aldatu

  1. South Africa deploys troops to DR Congo. Africa Review, 2013ko ekainak 21, Wayback Machine-n gordea (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  2. Last batch of Tanzanian troops now in Goma for the Force Intervention Brigade. United Nations Organization Stabilization Mission in the DR Congo, Wayback Machine-n gordea (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  3. McDevitt, Johnny. Congo rebels withdraw from Goma. The Guardian, 2012ko abenduak 2, Wayback Machine-n gordea (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  4. a b c d Rodriguez, Mikel. M23 taldeak matxinada utzi du Kongoko Errepublika Demokratikoan. Berria egunkaria, 2013ko azaroak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  5. a b Rodriguez, Mikel. Bakerik gabeko gerra ondorena. Berria egunkaria, 2012ko abuztuak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  6. DR Congo rebels 'advance on Goma'. BBC News, 2012ko uztailak 10, bbc.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-29).
  7. DR Congo rebels seize strategic town of Rutshuru. France 24, 2012ko uztailak 9, france24.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-29).
  8. Lasarte, Arnaitz. Kongon, Goma hiriaren kontrola hartu dute M23 Mugimenduko matxinoek. Berria egunkaria, 2012ko azaroak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
  9. Makazaga, Xabin. Kongoko Errepublika Demokratikoa «erabat» hartu nahi dute matxinoek. Berria egunkaria, 2012ko azaroak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
  10. Kabila ahuldu eta negoziazio mahian esertzera derrigortu du M23 gerrillak. Gara egunkaria, 2012ko abenduak 5, gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
  11. Ipar Kivu okupatu du Kongoko armadak. Berria egunkaria, 2013ko azaroak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
  12. Bosco Ntaganda, AEBen Ruandako enbaxadan. Berria egunkaria, 2013ko martxoak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  13. Makazaga, Xabin. Bake negoziazioak utzi eta Ipar Kivun posizioak hartzen hasi da M-23 matxino taldea. Berria egunkaria, 2013ko apirilak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  14. DR Congo M23 rebels battle army troops near Goma city. BBC News, 2013ko uztailak 15, bbc.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-29).
  15. M23 taldeari eraso egin dio Kongoko armadak Goman. Berria egunkaria, 2013ko abuztuak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  16. M-23 taldea posizioak galtzen ari da Ipar Kivun. Berria egunkaria, 2013ko urriak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  17. M-23ko buru militarrak bere burua entregatu du. Berria egunkaria, 2013ko azaroak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  18. M-23 mugimenduak borroka armatua utziko duela baieztatu du agiri batean. Berria egunkaria, 2013ko azaroak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).

Kanpo estekak aldatu