Ireki menu nagusia

Uganda, izen ofiziala Ugandako Errepublika[3] (ingelesez: Republic of Uganda; swahiliz: Jamhuri ya Uganda), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dagoena. Hego Sudan du iparraldean, Kenya ekialdean, Victoria aintzira hego-ekialdean, Tanzania eta Ruanda hegoaldean, eta Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean. 241.038 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 41,5 milioi biztanle zituen 2016an.[1] Kampala da hiriburua eta hiri nagusia.

Ugandako Errepublika
Republic of Uganda
Jamhuri ya Uganda
Bandera Armarria
Goiburua: For God and My Country
(Jainkoaren eta nire herrialdearen alde)
Ereserkia: Oh Uganda, Land of Beauty
Hiriburua
eta hiri handiena
Kampala
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa, swahilia
Herritarra ugandar
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Yoweri Museveni
 -  Lehen ministroa Ruhakana Rugunda
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1962ko urriak 9 
Azalera
 -  Guztira 241,038 km2 (79.)
 -  Ura (%) 15,39
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 41.487.965 (31.)
 -  2014[2] errolda 34.634.650
 -  Dentsitatea 157,1 bizt./km2
Dirua Ugandako txelina (UGX)
Ordu-eremua UTC (UTC+3)
Aurrezenbakia 256
Internet domeinua ug

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Uganda Ekialdeko Afrikan dago, 4°N eta 2°S latitudeen, eta 29° eta 35°E longitudeen artean. Iparraldean Hego Sudanekin du muga, ekialdean Kenyarekin, hegoaldean Tanzaniarekin, hego-mendebaldean Ruandarekin, eta mendebaldean Kongoko Errepublika Demokratikoarekin.[2]

ErliebeaAldatu

Erdialdeko Afrikako goi-ordokiak hartzen du lurraldearen parterik handiena, mendiz eta ibarrez osatua. Virunga eta Ruwenzori mendilerroek eta Rift Haranaren zati batek osatzen dute mendebaldeko muga. Ugandako Virunga mendikateak Muhavura sumendian (4.127 metro) du gailurra, eta Ruwenzoriko mendirik garaiena Margherita da (5.109 metro). Rift Haranak Albert aintzira eta Niloren ibarrak hartzen ditu. Goi-ordokiaren ekialdean Elgon mendia (4.321 metro), sumendi itzalia, dago.

HidrografiaAldatu

Lurraldeko hidrografia aintzira handi batzuen arabera egituratua dago: Victoria (68.100 kilometro kuadro, munduko handienetan hirugarrena), Albert (5.300 kilometro koadro) eta Kyoga (1.720 kilometro koadro). Victoria aintziran sortu eta, Kyoga aintziratik igaro ondoren, Albert aintziraraino doan Nilo Victoria, eta Victoria aintziratik iparraldera doan Nilo Albert dira.

KlimaAldatu

 
Ruwenzoriko landaredia, 3.700 metroko garaieran

Klima tropikala du, euritsua normalean, bi sasoi lehorrekin (abendutik otsailera eta ekainetik abuztura). Ekuatorearen lerroan izanagatik, klima epela du. Tenperaturen alde txikia izaten da urtaro batetik bestera. Urtekoaren batez bestekoa 21-24 °C izaten da, hego-mendebalde hotzagoan izan ezik. Euri-kantitatea ere berdintsua izaten da urtean zehar, ekaineko eta uztaileko lehorraldian izan ezik, eta Victoriatik iparraldera urrituz doa.

LandarediaAldatu

Sabana da landarediarik zabalduena zabalduena erdialdean eta iparraldean. Hegoaldean, berriz, lursailak dira nagusi jatorrizko landarediaren ordez, tarteka zuhaiztiak eta belardiak baldin badira ere. Mendiguneetan euri-oihanak daude, eta goi-larreak gailurretan.

HistoriaAldatu

Independentziaren aurreko garaiaAldatu

 
Azoka mendebaldeko Ugandan, 1936

XV. mendearen aldean erresumak eratu ziren gaur egungo Ugandako aintziren artean: Buganda, Bunyoro, Toro, Ankole eta Busoga. XVI. mendean Bunyoro zen erresumarik ahaltsuena baina, XVIII. mendearen bukaeran, Victoria aintzira inguruko Bugandako erreinua Albert aintziraraino hedatu zen. Harrezkero, Buganda izan zen ahaltsuena.

1840an, arabiar merkatariak iritsi ziren, boliaren eta esklaboen salerosketak erakarrita. XIX. mendearen bigarren erdian, europar esploratzaileak (John Hanning Speke 1862an, Henry Morton Stanley 1875ean) eta misiolariak iritsi ziren. Mutesa I.a erregeak (1860-1884) harrera ona egin zien esploratzaileei eta kristau-erlijioa zabal zezaten onartu misiolariei. Mutesa hil zenean, haren seme Mwangak hartu zuen erregetza. Mwanga, ordea, kristauei eta kolonizatzaileei jazarri zitzaien, eta, haiek ez ezik, arabiarrak ere lurraldetik kanpora egotzi nahi izan zituen. Baina arabiarrek egotzi zituzten kristauak eta Mwanga bera ere Bugandako erresumatik. Hala ere, britainiarrek lagundurik, Mwangak aginpidea eskuratu zuen berriz. 1889an, Britainia Handiak eta Mwanga erregeak egin zuten hitzarmenaren arabera, Buganda Ekialdeko Afrikako Britainiar Konpainiaren administraziopean geratu zen, eta 1894an protektoratutzat hartu zuten britainiarrek. 1896rako Ugandako beste erresuma eta lurraldeetara zabaldu zen britainiarren aginpidea.

Uganda independenteaAldatu

 
Milton Obote (erdian)

1950ean sortu ziren lehen alderdi politikoak; horiei esker, 1962ko martxoan autonomia lortu zuen lurraldeak, eta burujabetasun osoa urrian. 1963an Ugandako Errepublika Federala onartu zen; Bugandako Mutesa II.a erregea lehendakari eta Milton Obote lehen ministro izan ziren. Handik gutxira hasi ziren federazioa osatzen zuten estatuen arteko liskarrak. Bugandakoa zen nagusi. 1966an, Obotek 1962ko konstituzioa indargabetu eta aginpide osoko lehendakari izendatu zuen bere burua. Mutesa Tanzaniara joan zen. Konstituzio berriak erreinuak ezabatu zituen. 1971n, ordea, estatu-kolpe bat izan zen, eta Idi Amin Dada jeneralak hartu zuen aginpide osoa. Obote Tanzanian babestu zen. Aminek konstituzioa eta legebiltzarra indargabetu eta alderdi politikoak debekatu zituen, britainiar herritartasuna zuten 500.000 asiar egotzi zituen, eta erregimen guztiz ankerra bideratu zuen (80.000 pertsonatik gora hil zituen), herrialdea hondamendira eraman zuena. 1978an Tanzanian sartu zen, baina hurrengo urtean Tanzaniako gudarostea eta ugandar erbesteratuek Kampalaraino iristea lortu zuten. Idi Aminek alde egin behar izan zuen. Orduan Yusuf Lule eta Godfrey Binaisa aginpidea eskuratzen lehiatu ziren, eta lehia horrek gerra zibila ekarri zuen. 1980ko abenduko hauteskundeetan, iruzurra eginez, Milton Obote atera zen garaile. Iruzurkeriaren kariaz, Erresistentzia Nazionaleko Armada (NRA) eratu zen, Yoweri Museveni buru zela. 1985ean, Tito Okello jeneralak estatu-kolpea jo eta aginpidea eskuratu zuen.

Estatu-kolpeaz geroztik, Erresistentzia Nazionaleko Armadak borroka armatua indartu zuen, eta, azkenik, 1986ko urtarrilean hiriburua hartu zuen. Borroka odoltsu baten ondoren, Okello kargutik kendu zuten eta Yoweri Museveni, NRAko kidea, jarri zen presidente. Musevenik Uganda berregin behar izan zuen, erregimen autoritarioek erabat suntsitu baitzuten herrialdea (milioi bat lagun hildako, bi milioi errefuxiatu, 600 mila zauritu). Ugandaren baliabideak urriak ziren, jaiotza-tasa 6,9koa zen eta bizi-itxaropena 51 urtekoa. Egoera larri horretaz gainera, kontuan hartu behar zen HIES eritasuna zutenen kopurua. Kanpo-zorra 1.200 milioi dolarrekoa zen 1987an. Egoera horri aurre egiteko, presidenteak truke-hitzarmenak izenpetu nahi izan zituen Afrikako gainerako lurraldeekin. Hala, ekonomia independentea osatzen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aginduei ihes egiten saiatu zen. Baina horrek arazoak sortu zizkion mendebaldeko zenbait herrialderekin.

1992an udal-hauteskundeak egin behar ziren, baina Obote presidente izanaren aldekoek hauteskundeei boikot egitea erabaki zuten. Aldi berean, Museveni presidenteak zenbait kazetari atxilotzea agindu zuen, giza eskubideen bortxaketa salatu baitzuten egunkarietan. Bestalde, gobernuak prentsa kontrolatzeko ahalmena ematen zion legea ezarri zuen. 1992an, giza eskubideen zenbait erakundek salatu zuten Musevenik ez zuela alderdi-aniztasunean oinarritutako demokrazia laguntzen. Gobernuak, berriz, tribuen egitura tradizionaletan oinarritutako demokrazia eraiki nahi zuela adierazi zuen. Baina, oposizioaren eta nazioarteko zenbait erakunderen presioak behartuta, 1995ean osatuko zen biltzar konstituziogile bat hautatzeko baimena eman zuen Musevenik; biltzar horrek konstituzio berri baterako proiektua prestatuko zuen. Hala ere, gobernuaren testua kritikatu egin zuten Alderdi Demokratikoak batetik eta, bestetik, Oboteren alderdiak (UPC); izan ere, alderdien legez kanpoko egoerak zazpi urtez irautea aurreikusten baitzen testu hartan.

1993an, Joan Paulo II.a aita santua Ugandan izan zen, eta biztanleei gomendatu zien sexu-harremanik ez izatea hiesari aurre egiteko; urte horretako azterketen arabera, biztanleen %20 HIV birusaren eramaile zen. Buganda etniaren babesa lortzeko asmotan, Museveni presidenteak monarkia ezartzeko baimena eman zuen. Urte berean, Parisko Klubak 830 milioi dolarreko diru-laguntza ematea erabaki zuen. Museveniren politika ekonomikoak hazkunde ekonomikoa %5 igotzea ekarri zuen, baina ugandarren bizi-maila ez zen hobetu, zergak itota bizi baitziren, eta esportazioen diru-sarreren erdia baino gehiago kanpo-zorra ordaintzeko behar zen. Amon Bazira oposizioko kidea hil izana leporatu zioten presidenteari. 1994ko hauteskundeetan, presidentearen aldekoek botoen erdiak besterik ez zuten lortu, baina, zenbait biltzarkide zuzenean izendatu ondoren, Musevenik biltzarrean gehiengoa izan zuen berriz ere. 1996an hauteskundeak egin ziren, eta Museveni hautatu zuten berriz ere presidente botoen %75ekin. Presidenteak hartu zituen ekonomia-neurriei esker, Ugandako ekonomiak nabarmen egin zuen gorantz, baina, hala eta guztiz ere, ugandarren erdia pobretasun-mailaren azpitik bizi zen 1998an.

Bestalde, 1986az geroztik gatazka odoltsu batek urratu zuen iparraldeko Uganda. LRA (Jainkoaren Erresistentzia Armada) taldea gobernuaren aurka aritu zen. Ugandako iparraldean zituen talde horrek baseak eta Bibliako Hamar Aginduetan oinarritutako erregimen bat ezarri nahi izan zuen, indarrez. Horretarako, jendea hil, bortxatu eta mutilatu zuten, eta umeak bahitu eta soldadu bihurtu.

XXI. mendeaAldatu

 
Ugandako homosexualen eskubideen aldeko protesta New Yorken, 2009an

Yoweri Museveni berriz aukeratu zuten lehendakari 2006ko hauteskundeetan. Boto zenbaketaren ostean, hainbat pertsona hil ziren poliziaren eta oposizioko jarraitzaileen arteko istiluetan. Heriotzak gertatu baino lehenago, Kizza Besigye oposizioko liderrak iruzur egitea leporatu zion NRM alderdiari, emaitzak faltsutzeagatik.[4] 2011ko urtarrilaren 26an David Kato LGBT ekintzailea hil zuten zuten Kanpalan. Haren argazkia azaroan agertu zen aldizkari batean, homosexualen aurkako kanpaina batean; Katok aldizkari haren aurkako salaketa jarria zeukan. Haren aldeko hiletetan, apaiz ebanjeliko batek homosexualitatea eta Kato bera kondenatu zituen, eta auzokideek Katoren gorpua ehorzteari uko egin zioten. Izan ere, Ugandako gizarteak eta, baita parlamentuak ere, homosexualen eskubideen aurkako jarrera daukate.[5][6]

2011ko lehendakaritzako hauteskundeetan, berriz ere Yoweri Museveni nagusitu zen, botoen %68 erdietsita. Hauteskundeetako emaitzek sortutako tentsioak bi hilabete iraun zuen gori-gori. Kizza Besigyek lanera oinez martxa antolatu zuen, herrialdeko ekonomia kaskarra eta inflazioaren hazkundea salatzeko. Poliziak negar gasekin erantzun zuen, eta bortizki oldartu zitzaion protestan ari zen jendetzari.[4] 2014ko otsailean, indarrean sartu zen homosexualen aurkako legea; 14 urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten zituen lege horrek, eta bizi guztiko zigorra «berrerortzen» zirenentzat.[7] Urte bereko uztailean, ordea Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Ugandako Auzitegi Konstituzionalak.[8] Ondoko urteetan, eroskeriak bete-betean zipriztindu zuen presidentea, eta, besteak beste, jendearen botoa erostea leporatu zioten NRM alderdiari. 2016ko hauteskundeetan ere, Kizza Besigye izan zen Museveniren aurkari nagusia. Hain zuzen, Besigye hiru aldiz atxilotu zuten hauteskunde-astean, eta liskarrak izan ziren haren jarraitzaileen eta poliziaren artean. Bozetan, Yoweri Museveni atera zen garaile.[9]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

Errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da. Bozketa zuzenaren bitartez hautatzen da, bi itzulitan, bost urteko agintaldirako. Presidentea nahi beste egon daiteke agintean, agintaldi mugarik gabe. Ganbera bakarreko parlamentua du, Nazio Biltzarra (ingelesez: National Assembly; swahiliz: Bunge la Uganda), 445 aulki dituena. Legebiltzarrerako hauteskundeak bost urtetik behin izaten dira.[10]

Banaketa administratiboaAldatu

 
Ugandako eskualdeak (barrutien arteko mugak 2006koak dira)

2019ko uztailaren batetik, hiriburua (*) eta 134 barrutitan dago banaturik Ugandako lurraldea: Abim, Adjumani, Agago, Alebtong, Amolatar, Amudat, Amuria, Amuru, Apac, Arua, Budaka, Bududa, Bugiri, Bugweri, Buhweju, Buikwe, Bukedea, Bukomansimbi, Bukwa, Bulambuli, Buliisa, Bundibugyo, Bunyangabu, Bushenyi, Busia, Butaleja, Butambala, Butebo, Buvuma, Buyende, Dokolo, Gomba, Gulu, Hoima, Ibanda, Iganga, Isingiro, Jinja, Kaabong, Kabale, Kabarole, Kaberamaido, Kagadi, Kakumiro, Kalangala, Kaliro, Kalungu, Kampala*, Kamuli, Kamwenge, Kanungu, Kapchorwa, Kapelebyong, Karenga, Kasanda, Kasese, Katakwi, Kayunga, Kazo, Kibaale, Kiboga, Kibuku, Kibuube, Kiruhura, Kiryandongo, Kisoro, Kitagwenda, Kitgum, Koboko, Kole, Kotido, Kumi, Kwania, Kween, Kyankwanzi, Kyegegwa, Kyenjojo, Kyotera, Lamwo, Lira, Lusot, Luuka, Luwero, Lwengo, Lyantonde, Madi-Okollo, Manafwa, Maracha, Masaka, Masindi, Mayuge, Mbale, Mbarara, Mitooma, Mityana, Moroto, Moyo, Mpigi, Mubende, Mukono, Nabilatuk, Nakapiripirit, Nakaseke, Nakasongola, Namayingo, Namisindwa, Namutumba, Napak, Nebbi, Ngora, Ntoroko, Ntungamo, Nwoya, Obongi, Omoro, Otuke, Oyam, Pader, Pakwach, Pallisa, Rakai, Rubanda, Rubirizi, Rukiga, Rukungiri, Rwampara, Sembabule, Serere, Sheema, Sironko, Soroti, Tororo, Wakiso, Yumbe eta Zombo. Barrutiak lau eskualde administratibotan daude antolaturik: Erdialdekoa, Mendebaldekoa, Ekialdekoa, and Iparraldekoa.

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Ugandako hizkuntzak

2016an 41.487.965 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %47,8 dira, 15-24 urte bitartekoak %21, 25-54 urte bitartekoak %26,5, 55-64 urte bitartekoak %2,6 eta 65 urtetik gorakoak %2. Jende gehiena erdialdean eta hegoaldean bizi da, Victoria eta Albert aintziren bazterretan batez ere. Biztanleen %23 baino ez da hirietan bizi. Jaiotza- eta heriotza-tasak oso handiak dira, eta bizi itxaropena arrunt apala da: 56,3 urtekoa da (54,8 urtekoa gizonezkoena eta 57,8 urtekoa emakumezkoena; 2018ko zenbatespenak).[10]

Banaketa etnikoaAldatu

Berrogei etnia inguru daude; garrantzitsuenak hauek dira: baganda (%17), ankole (%8), basoga (%8), iteso (%8), bakiga (%7), lango (%6), rwanda (%6), bagisu (%5), acholi (%5), lugbara (%4), batoro (%3), bunyoro (%3), alur (%2), bagwere (%2), bakonjo (%2), jopodhola edo badama (%2), karamojong (%2) eta rundi (%2). Ez afrikarrak %1 dira.[11]

HizkuntzakAldatu

Hizkuntza bantu eta nilotikoak mintzatzen dira. Hizkuntza bantuak erabiltzen dituzte baganda, basoga, nioro eta nkole etnietakoek, eta hizkuntza nilotikoak acholi, lango eta karamojong herrietakoek. Nolanahi ere, mintzairarik zabalduena luganda da, eta ingelesa eta swahilia dira elkar ulertzeko erabilienak.

ErlijioaAldatu

Protestanteak %33 dira, katolikoak %33, erlijio tradizionalen jarraitzaileak %18 eta musulmanak %16.[11]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Kafe-sailak hego-mendebaldeko Ugandan

Herrialdearen gorabehera politikoek berez ahula den ekonomiaren garapena eragotzi dute, eta nazioarteko erakundeen laguntza behar-beharrezkoa du Ugandak aurrera egiteko. Yoweri Museveni presidentearen gobernua saiatu zen Nazioarteko Diru Funtsaren aginduak betetzen, eta gutxitu zuen funtzionario eta soldadu kopurua. Hala, inflazioa, 1980-1988 bitartean %100era iritsi zena, %10era jaitsi zen 1995ean, eta hazkunde tasa %7ra iritsi zen. 2004an, adibidez, BPGa 300 dolarrekoa zen, 1980ko hamarkadakoa baino askoz handiagoa, baina Saharaz hegoaldeko Afrikakoaren batezbestekoaren erdia zen artean.

Nekazaritzak langileen %72 eta BPGaren %28,2 hartzen zituen 2017an.[10] Kotoia, tea, tabakoa, manioka eta, batez ere, kafea dira lantzen diren gai nagusiak. Kobrea zen Ugandako mea-baliabide nagusia, baina Kilembeko meatokia 1979an itxi zen. Industria lurraldeko lehengaiak eraldatzera bideratua da gehienbat: kafe, te eta tabako-fabrikak, azukre-findegia, haragi-kontserba, zurgintza, larrugintza, kotoigintza, xaboigintza. Zementu-fabrikak, ehundegiak eta altzairu- eta kobre-findegiak ere badira.

Lantegi gehienak Jinjan eta Kampalan daude. Hala eta guztiz ere, gehienak zahartuta daude, eta 1990. urtetik aurrera berrikuntza-lanak egiten hasi ziren. Hotel berri asko eraiki dira garai batean garrantzizkoa zen turismoa indartzeko asmoz. Kanpoko merkataritza defizitarioa da guztiz. Esportazio gehienak Kenya (%17,7), Arabiar Emirerri Batuak (%16,7), Kongoko Errepublika Demokratikoa (%6.6), Rwanda (%6.1) eta Italiara (%4.8) egiten dira; inportazioek, berriz, Txina (%17,4), India (%13,4), Arabiar Emirerri Batuak (%12,2), Kenya (%7,9), Japonia (%6,4), Saudi Arabia (%6,3) Indonesia (%4.4) eta Hego Afrikan (%4,1) dute jatorria.[10]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c "World Population Prospects: The 2017 Revision, United Nations Department of Economic and Social Affairs, population.un.org
  2. a b "The National Population and Housing Census 2014 – Main Report" Uganda Bureau of Statistics, ubos.org . Noiz kontsultatua: 2019-6-22.
  3. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  4. a b Gartzia Badiola, Ander Hegemonia hausteko bidean Berria egunkaria, 2016ko otsailak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  5. Ekintzaile homosexual bat hil dute Ugandan Berria egunkaria, 2011ko urtarrilak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  6. Irazustabarrena, Nagore Afrikan beltz, Europan zuri Argia astekaria, 2013ko ekainak 30, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  7. Homosexualen kontrako legea, indarrean Ugandan Berria egunkaria, 2014ko otsailak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  8. Konstituzioaren aurkakotzat jo dute homosexualen kontrako legea Ugandan Berria egunkaria, 2014ko abuztuak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  9. Musevenik aurrea hartu dio oposizioko hautagaiari Ugandako bozetan Berria egunkaria, 2016ko otsailak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.
  10. a b c d Uganda CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-6-22.
  11. a b Uganda Berria Estilo Liburua berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-23.
  12. National Population and Housing Census 2014 – Main Report ubos.org . Noiz kontsultatua: 2019-06-23.

Kanpo-loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Uganda