Kongoko krisialdia

1960-1964 bitarteko gerran Kongon

Kongoko krisialdia (frantsesez: Crise congolaise) gatazka politikoa eta gerra izan zen, 1960-1965 bitartean Kongoko Errepublikan (gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoan) gertatutakoa. Kongo Belgikarra Belgikatik independizatu bezain pronto hasi zen, eta Joseph-Désiré Mobutu boterera iritsi zenean bukatu zen de facto. Hainbat gerra zibilen segida bat izan zen, eta Gerra Hotzarekin nahastutako interesak ere egon ziren, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak gatazkaren alde bana babesten baitzituzten. 100.000 pertsona inguru hil zirela uste da.

Kongoko krisialdia
Afrikako deskolonizazioa eta Gerra Hotzaren parte
Erlojuaren norabidean, goian ezkerretik hasita: NBEren errefuxiatu zelaia Élisabethvillen; NBEren bake-indarrak soldadu zauritu bat laguntzen; Baluba tribuko gizon armatuak; Lodjako sarraskia; Belgikako paratxutistak Dragoi Gorria Operazioan; Kongoko soldadu eta mertzenarioak Simba matxinadaren aurka borrokan.
Data1960ko uztailaren 5etik 1965eko azaroaren 25era
LekuaKongo-Leópoldville
EmaitzaKongo estatu independente gisa ezarri zen, Joseph-Désiré Mobuturen aginte zentralarekin.
Gudulariak
1960–63:

Kongoko Errepublika Demokratikoa Kongoko Errepublika

Babesleak:
 SESB (1960)
Nazio Batuen Erakundea ONUC[oh 1][1]

1960–63:
 Katanga
 Hego Kasai Babesleak:
 Belgika[oh 2][2][3][4]


1960–62:
Kongoko Errepublika Demokratikoa Kongoko Errepublika Askea

Babeslea:
 SESB
1964–65:

Kongoko Errepublika Demokratikoa Kongoko Errepublika Demokratikoa

Babesleak:
Nazio Batuen Erakundea ONUC (1964)
 Ameriketako Estatu Batuak
 Belgika

1964–65:
Kwilu eta Simba matxinadak

Babesleak:
 SESB
 Txina
 Kuba
Buruzagiak



Galerak
Guztira: 100.000 hildako inguru[5]

Kongo Belgikarrean hasitako mugimendu nazionalistak kolonialismoaren amaiera eskatu zuen, eta independentzia eskuratu zuen 1960ko ekainaren 30ean. Gertakari honetarako prestaketa oso gutxi egin ziren aurrez, adibidez federalismoa edo etnizitatea oraindik ez ziren eztabaidatu. Uztaileko lehen astean mutina egon zen armadan eta zuri eta beltzen arteko biolentziak eztanda egin zuen. Belgikak militarrak bidali zituen alde egiten ari ziren zurien hegaldiak babesteko, eta Katanga eta Hego Kasairen independentzia bultzatu zuten. Biolentziarekin amaitzeko, Nazio Batuen Erakundeak ere bake-indarrak bidali zituen, baina Dag Hammarskjöld idazkari orokorrak uko egin zion tropak bidaltzeari Léopoldvilleko gobernu zentrala babesteko sezesionisten aurka. Patrice Lumumba lehen ministroak Sobietar Batasunaren laguntza eskatu zuen, eta horiek, laguntzaile militarrak bidaltzeaz gain, laguntza teknikoa eman zuten.

Sobietarren laguntzak Kongoko gobernua hautsi zuen eta Lumumba lehen ministroaren eta Joseph Kasa-Vubu presidentearen arteko botere harremana gaiztotu. Mobutuk, armadaren gidaritzarekin, estatu kolpea eman zuen, sobietarrak kanporatu zituen eta gobernu berria ezarri zuen bere kontrolpean. Lumumba atxilotu eta exekutatu zuten 1961ean eta bere jarraitzaileek Kongoko Errepublika Askea izeneko gobernua eratu zuten Stanleyvillen, Antoine Gizengaren lidertzarekin. Sobietarren babesa bazuen ere, 1962an garaitua izan zen. NBEko idazkari orokorra zen Hammarskjöld hegazkin istripu batean erail zutenean, indar gehiago hartu zuen NBEk. Euren laguntzarekin, Leopoldvillek mugimendu sezesionistak garaitu zituen 1963a hasi zenean.

Katanga eta Hego Kasai berriro ere gobernuaren kontrolpean zeudela Moïse Tshombe katangarrari eskatu zitzaion behin-behineko administrazio baten gidaritza hartu eta hauteskundeak antolatzeko. Hala ere, hau gertatu aurretik, talde armatu maoista batek matxinada antolatu zuen herrialde osoan, Simba matxinada izenarekin. Stanleyvillen zentratutako Kongoko Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuten, lurralde zati handia kontrolatu ostean. 1964ko azaroan AEBk eta Belgikak Stanleyvillen zeuden bahituak askatzeko operazioa egin zuten, eta ondoren garaituak izan ziren. 1965an Tshombe eta Kasa-Vuburen arteko botere berdinketa bat egon zen, berriro ere herrialdea geldituz. Mobutuk bigarren estatu kolpea egin zuen 1965ko azaroan, kontrol pertsonala ezarriz. 1971an herrialdearen izena Zairera aldatu zuen eta diktadura ezarri zuen 1997an kendu eta Kongoko Errepublika Demokratikoa berrezarri zen arte.


Aurrekariak aldatu

Belgikaren agintea aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko Estatu Burujabea» eta «Kongo Belgikarra»
 
Kongoko Errepublika Demokratikoaren kokapena Afrikan

Gobernu koloniala Kongon XIX. mendearen bukaeran hasi zen. Leopoldo II.a Belgikakoak Belgikari nazioarteko boterea eta prestigioa falta zitzaiola uste zuen, eta Belgikako gobernua konbentzitu nahi izan zuen esploratu gabeko Kongo ibaiaren arroan hedapen koloniala egin zezan. Belgikako gobernuak ideia horri buruz zuen anbibalentzia zela eta, Leopoldok bere kabuz sortu zuen kolonia. Mendebaldeko herrialde batzuen laguntzaz, ikusten baitzuten Leopoldok hainbat botere kolonialen arteko babes baliagarria eskaintzen zuela, Leopoldok nazioarteko aintzatespena lortu zuen kolonia pertsonal horretarako Berlingo Konferentzian, 1885ean[6]. Mendea aldatu zenerako, hala ere, Estatu Burujabeko ofizialek kongoar indigenen aurka zerabilten biolentzia handia zela eta, eta inongo mugarik gabeko estrakzio ekonomiko sistematikoaren ondorioz, presio diplomatikoek Belgikaren esku utzi zuten Leopoldoren herrialde pertsonala, 1908an Kongo Belgikarra sortuz[6].

Belgikaren agintea Kongon "hirutasun kolonialean" oinarritzen zen: estatua, misiolariak eta enpresa pribatuen interesak. Belgikako interes komertzialei lehentasuna emateak esan nahi du batzuetan kapitala berriro Kongora itzultzen zela eta eskualdeak espezializatzen zirela interes horiei erantzuteko[7]. Askotan, gobernuaren eta enpresa pribatuen interesak elkarrekin lotzen ziren, eta honekin biztanleria indigenaren interesen aurkako neurriak hartzen ziren. Herrialdea administratiboki banatu zen eta "politika indigena" bat ezarri zen, britainiar eta frantziarrek egiten ez zuten bezala, nahiago zutela agintea lider lokalen esku uztea gainbegirada kolonialarekin. Arraza-bereizketa ere sakona zen garai hartan. Bigarren Mundu Gerraren amaieran immigrante zuri asko iritsi ziren Kongora, eta euren klase soziala dena delakoa izanda, beltzen gainetik zeuden beti[7].

1940ko eta 1950eko hamarkadetan Kongok urbanizazio maila ikusi gabea izan zuen, eta administrazio kolonialak hainbat programa garatu zituen "kolonia-eredugarri" bat egiteko euren lurraldearen barruan[8]. Horietako neurri bat klase ertain lokal bat sortzea izan zen, europartutako afrikar "évolués" taldea hiriguneetan. 1950eko hamarkadatan Kongok zuen lan-indarra Afrikako beste edozein koloniaren bikoitza zen. Kongok dituen lehengaiak direla eta, batez ere uranioa, AEB eta Sobietar Batasunaren interesa piztu zuen Gerra Hotzaren testuinguruan[9].

Antolaketa politikoa aldatu

Kongok Bigarren Mundu Gerran izan zuen paperak eta beste kolonia batzuen independentzia prozesuek botere gehiago eskuratzeko antolaketa politikoa ematera eraman zuen. Gobernu kolonialak ezin zituenez erroko aldaketak egin, eta egiten zituen aldaketak ez zirenez sinesgarriak, kongoar eliteak sozialki antolatzen hasi ziren, hasiera batean, eta politikoki, ondoren. 1950eko hamarkadan bi mugimendu nazionalista sortu ziren Kongoko eliteen artean. Lehenengo mugimenduak Kongoren independentzia aldarrikatzen zuen, eta hau ematen zenean Kongo estatu batu bat izatea proposatzen zuen. Kontrara, beste nazionalismo etniko-erlijiosoa sortu zen, eskualde ezberdinen independentzia eskatzen zuena: Bakongo mendebaldean, Kasai eta Katanga barnealdean. Lehen antolakunde politikoak azken mota honetakoak ziren. ABAKO 1950ean sortu zen, Association culturelle des Bakongo izenarekin, Joseph Kasa-Vubu buru zuela. Hasiera batean talde kulturala zen, baina laster bilakatu zen talde politiko. 1950eko hamarkadaren erdialdean Belgikako aginte kolonialaren aurkari garrantzitsuan bilakatu zen. Gainera, taldea Bakongoko antolaketa etniko-erlijiosoaren erdigune izaten jarraituz zuen, eta Eliza Kimbanguistarekin lotura sendoa eratu zuen, Kongoko kostaldean garrantzia handiko talde erlijiosoa[10].

Katangan, aldi berean, Confédération des associations tribales du Katanga (CONAKAT) alderdia sortu zuen Moïse Tshombek. «Benetako katangarren» elkarte gisa aurkezten zen[11] eta batez ere Lunda, Yeke eta Basongye etnietako kidez osaturik zegoen, Katangako hegoaldekoak guztiak. Kasaïko Luba migratzaileak ez zituzten begi onez ikusten, bereziki meatzetan lan egiteko ekarri zituztenak. 1957an egin ziren lehen hauteskundetan «atzerritar» izan zuten pisua zela eta, jarrera oldarkorragoa hartu zuen CONAKATek eurekiko. Katangan kolono belgikarren eta «benetako katangar» zirenen arteko elkarlana bultzatzen zuten, beste etnien aurrean[12].

1957an, esperimentu gisa, gobernu kolonialak lehenengo udal-hauteskundeak antolatu zituen hiru hiri nagusietan (Léopoldville, Elisabethville eta Jadotville). Kongoarrei aukera eman zitzaien hauteskundetara aurkeztu eta botoa emateko, lehen aldiz. Hala ere, 1957 eta 1958ko hainbat gertakarik independentzia eskaera eta emantzipazio politikoaren aldeko mezuak ugaritu zituen. Urte horretan bertan Bruselan Expo 58 munduko erakusketa antolatu zen, eta kongoar liderrek aukera izan zuten, lehen aldiz, Belgikara bidaiatu eta metropolia ezagutzeko[13][14].

Independentziaren aldeko mezuak erradikalizatu ziren eta momentu-politikoa irabazi zuten. Mouvement National Congolais (MNC) alderdi politikoak paper garrantzitsua izan zuen eraldaketa honetan. 1956an sortua, MNCk 1958ko urrian alderdi politiko nazionalaren itxura hartu zuen, Kongoar nazio zentralizatu eta batu bat lortzeko helburuarekin. Bere liderrik karismatikoena Patrice Lumumba izan zen. 1959an Albert Kalonjik barne zatiketa bat sortu zuen, beste lider batzuekin batera politika moderatuago baten alde egin zuenean. Hortik aurrera alderdia bi zatitan banatu zen: politika kontserbadoreagoa zuen Mouvement National Congolais-Kalonji alde batetik eta ezker politikoaren parte zen Mouvement National Congolais-Lumumba. Bi alderdi hauek Kongo Belgikarreko alderdirik garrantzitsuenak ziren: Lumumbak 1959an 58.000 afiliatu zituen[15]. Belgikak oposizio handiagoa egin zion Lumumbaren alderdiari, ezkerreko ikuspegi horrek eragin zitzakeen ondorio ekonomikoei beldur.

Independentzia aldatu

 
Konferentziaren irudi bat, Bruselan, 1960ko urtarrilaren 20an.

1959aren hasieran Belgikako gobernua Kongoko biztanleriaren emantzipazio politikoa gradualki handitzeko programa bat eztabaidatzen ari zen, baina gertakariek abiadura handia hartu zuten. 1959ko urtarrilaren 4an ABAKOk Léopoldvillen deitutako manifestazio politiko debekatu bat egin zen, eta egoera eskuetatik joan zitzaien autoritateei. Bat-batean, hiriburuan gatazka handiak zeuden kalean. Autoritateek hainbat egun behar izan zituzten ordena berrezartzeko eta ehunka hildako egon ziren, baita kontaketa kontserbadoreenetan ere. Biolentzia hau Kongo eta Belgikan ikusi zen[16]. Urtarrilaren 13an Balduin I.ak irrati bidezko mezua eman zion nazioari eta Belgikak Kongoren independentzia emateko pausoak ematen ari zela esan zuen, «atzerapen okerrik gabe, baina presa iruzurtirik gabe» (ikus alboko kutxa)[17]

Gaston Eyskens lehen-ministroaren gobernuak ez zuen data zehatzik buruan independentzia horretarako, eta hainbat urtetako trantsizio egoera baten alde egiten zuten. Euren plana 1959ko abenduan probintziatan hauteskundeak deitzea zen, nazio mailako hauteskundeak 1960 edo 1961an eta, ondoren, transferentzia administratiboa egitea Kongoko autoritate berriei, 1960ko hamarkadaren erdialdera arte iraungo zuen prozesu luze batean. Baina, errealitatean, zirkunstantziak azkar aldatzen ari ziren[18]. Eskualde batzuetan administrazio kolonialak erresistentzia modu berriak ikusi zituen, hala nola zergak ordaintzeari uko egitea. Eskualde batzuetan anarkia etorriko zela uste zuten[19]. Bien bitartean, Kongon bizi ziren belgikar askok traizioa ikusten zuten Belgikaren erabakian, eta independentziaren aurka aritu ziren. Kongoarren eskariak erradikalizatzen ziren bitartean, trantsizio labur eta gradual baterako plana azkar kendu behar izan zuten burutik[20].

Egoera honetan Balduinek beste bisita bat egin zion Kongo Belgikarrari, lau urte lehenago egindako bisitarekin alde nabarmenak aurkituz. Léopoldvillera iritsi zenean hainbat herritar beltzen harriak bota zizkioten Lumumbaren kartzelatzeagatik protestan[oh 3]. Beste hirietan harrera hobea izan bazuen ere, ohikoa zen «Vive le roi!» oihuak isilaraztean «Indépendance immédiate!» oihuekin. Belgikako gobernuak ez zuen nahi inongo soluziorik eskainiko ez zuen gerra batean sartzea, Frantziari Indotxinan eta Aljerian gertatu zitzaion bezala, edo Herbeherei Indonesian. Horregatik, berehalako independentziaren aldeko eskariei men egiteko borondatea zuten[21].

1960ko urtarrilean Kongoko lider politikoak Bruselara gonbidatu zituzten konferentzia batean parte-hartzera, independentzia eztabaidatu ahal izateko. Patrice Lumumba kartzelatik atera zuten parte har zezan. Konferentziaren abiadura sorpresa bat izan zen guztientzat, eta Kongoko delegazioak eskari ia guztiak ikusi zituen aurrera egiten: hauteskunde orokorrak egingo ziren 1960ko maiatzean eta independentzia osoa 1960ko ekainaren 30ean lortuko zuten[22]. Kongoko delegazioak uste baino batasun handiagoa zuen, Belgikak eztabaida handiak espero zituen arren.

Krisiaren hasiera aldatu

Force Publiqueren mutina, biolentzia eta Belgikaren esku-hartzea aldatu

Independentzia proklamazioa egon da ere, ez Belgikak ez Kongoko gobernuak ez zuten nahi ordena sozial koloniala bertan behera bat-batean uztea. Belgikako gobernuaren nahia zen zuriek euren posizio soziala betirako mantentzea. Kongoko Errepublika berriak oraindik behar zituen hainbat instituzio kolonial, hala nola Force Publique segurtasun-indarrak, eta horiek funtzionarazteko teknikari zuriak behar ziren bertan, Belgikak ezarriak. Independentzia lortu zenean ez zegoen kongoar beltzik postu horiek lortzeko, batez ere kolonialismoak debekatu zuelako beltzek goi mailako hezkuntza izatea independentzia baino urte batzuk lehenagora arte[23]. Kongoarrek uste zuten independentziak aldaketa sozial bat-batekoa ekarriko zuela, beraz zuriek euren postuak mantentzea gaizki ikusi zuten[15].

 
Belgikako paraxutistak behitu batzuk askatzeko prestatzen, 1964ko azaroan.

Émile Janssens Lotinant-orokorra zen Force Publiqueren belgikar komandantea, eta ez zuen nahi izan Kongoren independentzia bere agintearekin amaitzeko pauso gisa ikustea. Independentzia jaiaren hurrengo egunean, ofizial ez-komisario beltz guztiak bildu zituen Léopoldvilleko kuartelean eta esan zien bere agintean gauzek berdin jarraituko zutela, arbela batean idazten «Independentzia baino lehen = Independentziaren ondoren». Mezu hau oso modu txarrean hartu zuten militarrek, askok uste zutelako independentziarekin promozioak egongo zirela, soldata igoerekin batera[15]. 1960ko uztailaren 5ean hainbat unitate mutinatu ziren Camp Hardyn, Thysvilletik gertu, agintari zurien aurka. Altxamendua Léopoldvillera iritsi zen hurrengo egunean, eta laster herrialde osora[24].

Janssensek torpa belgikarrak mutinatuen aurka aritzea nahi zuen, baina Lumumbak kanporatu zuen eta Force Publiqueren izena aldatu zuen, Armée Nationale Congolaise (ANC) izena jarriz. Soldadu beltz guztiak gradu batean promozionatu ziren, gutxienez[15]. Victor Lundula izendatu zuten maior eta armadaren burua, Janssensen ordez[24]. Aldi berean, Joseph-Désiré Mobutu, sarjentu-maior ohia eta Lumumbaren gertuko laguntzailea, Lundularen laguntzaile bilakatu zen armadako estatu arduradun gisa[25]. Gobernua saiatu zen matxinada gelditzen, Lumumba eta Kasa-Vuburekin Léopoldville eta Thysville bisitatzen, baina soldaduek armak utzi beharrean altxamendua indartu zen. Ofizial zuriak eta zibilak erasotu zituzten, zuriek zituzten ondasunak atzeman eta emakume zuriak bortxatu[24]. Belgikako gobernua oso arduratuta zegoen egoeragatik, batez ere hainbat zuri inguruko herrialdetara joan zirenean errefuxiatu gisa[24].

Lumumbaren jarrera belgikar askok erradikalismo kezkagarri gisa ikusi zuten. Uztailaren 9an Belgikak paraxutistak jaurti zituen Kongoren baimenik gabe Kabalon eta beste hainbat lekutan ihes egiten ari ziren zibilak babesteko[15]. Belgikaren interbentzioak gatazka sortu zuen Lumumba eta Kasa-Vuburen artean: bigarrenak onartu bazuen ere, Lumumbak "kongoar guztiak errepublika mehatxatzen duten guztien aurka defendatzeko" deia egin zuen[24]. Lumumbaren eskariz Matadiko portuan zeuden zibil zuriak ebakuatu zituzten uztailaren 11n. Belgikako itsasontziek, ondoren, hiria bonbardatu zuten eta 19 zibil erail zituzten. Eraso berri honek beltzek zurien aurka biolentzia areagotzea ekarri zuen, eta Belgikako indarrak hirietan sartu ziren, Léopoldivlle barne, eta Kongoko tropa matxinatuen aurka borrokatu zuten[24]. Belgikako gobernuak, ondorioz, Kongon zeuden burokrata guztiak ebakuatuko zituela adierazi zuen, herrialdean zeuden 10.000 europar funtzionarioak kenduz eta herrialdea kaos administratiboan utziz[18].

Katanga eta Hego Kasairen sezesioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Katangako estatua» eta «Hego Kasai»
 
Kongo 1961ean, Katanga eta Hego Kasairen posizioak erakutsiz.

1960ko uztailaren 11n CONAKATeko liderra zen Moïse Tshombek Katangako hegoaldeko probintziaren independentzia aldarrikatu zuen, Katangako estatua izenarekin. Élisabethville zen hiriburua eta bere burua lehendakari izendatu zuen[26]. Katanga mineraletan aberatsa da, eta tradizionalki Ipar Rhodesiako Copperbeltarekin zuen harreman handiagoa Kongorekin baino. Bere balio ekonomikoa zela eta Belgikak administrazio ezberdina ezarri zion hasieratik[7]. CONAKATek katangarrak ez zirela kongoarren etnia berdinekoak defendatzen zuen. Sezesioa Katangarrek euren meatzaritzak sortzen zuen aberastasuna bertan mantendu nahi zutelako indartu zen, Kongo osoaren esku utzi beharrean[26]. Tshombek Kongoko erdialdean eta ipar-ekialdean zegoen egoera kaotikoarekin apurtu nahi zuela esan zuen, eta CONAKATek legearen desintegrazioaren aurka egin zuen: "kaosetik independizatzen ari gara", esan zuten[27].

Katangako meatzaritza enpresa nagusia Union Minière du Haut Katanga (UMHK) zen, eta CONAKAT bultzatzen hasi zen Belgikaren agintearen azken egunetan, Lumumbaren alderdiak konpainia nazionalizatuko zuenaren beldur. UMHKren jabe nagusia Société Générale de Belgique, zen, Bruselan oinarritutako enpresa handia eta Belgikako gobernuarekin lotura sendoak zituena. UMHKk bultzatuta, Belgikako gobernuak Katangari laguntza militarra eman zion, eta eskualde horretan zeuden belgikar funtzionarioak euren postuetan egotea agindu zion[26]. Tshombek mertzenarioak kontratatu zituen, batez ere Hego Afrika eta Rhodesiako zuriak, Katangako tropak gidatu eta laguntzeko[28]. Belgikaren laguntza izan bazuen ere, Katangak inoiz ez zuen inongo herrialderen onarpen diplomatikorik izan. Katangaren independentziak arreta piztu zuen Léopoldvilleko gobernu zentralaren "funtsezko ahultasunaren" inguruan, estatu batua aldarrikatzen zuena[26].

Katangaren independentzia aldarrikapena eta hilabete batera, abuztuaren 8an, Kasai eskualdeko sekzio batek ere bere independentzia aldarrikatu zuen. Eskualde hau Katangatik iparraldera dago, eta Hego Kasai izenarekin ezagutu zen, ofizialki Hego Kasaiko Meatzaritza Estatua izena hartu bazuen ere. Hiriburua Bakwanga zen[26]. Hego Kasai Katanga baino askoz txikiagoa zen, baina meatzaritza eskualdea zen ere. Luba talde etnikoa bizi zen batez ere bertan eta bere presidentea zen Albert Kalonjik sezesioa Kongon bizi zuten jazarpenaren ondorioa zela esan zuen. Hego Kasaiko gobernuak Forminière enpresaren babesa zuen, Belgikako meatzaritza enpresa handia ere. Hego Kasain kontzesio berriak jaso zituen babes finantzarioaren truke[26]. Katanga eta Hego Kasairen kontrolik gabe, gobernu zentralak bere diru sarreren %40 galdu zituen[29].

Nazioarteko erantzuna eta NBEren erreakzioa aldatu

 
Suediar NBEren soldadua, Kongon.

Belgikak Katanga eta Hego Kasairen independentzia babestu izanak kexak eragin zituen NBEan, eta tropak kentzea eskatu zuten. Dag Hammarskjöld Idazkari Orokorrak uste zuen krisi honek NBE lagunduko zuela bakearen aldeko potentzia gisa antolatu ahal zela erakusten, eta nazioarteko indarrak bidaltzeko saiakera egin zuen, NBEren agindupean[8]. Uztailaren 14an Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 143. Ebazpena onartu zuen[30], Belgika Kongotik ateratzeko eskatuz eta nazioarteko indar bat jarriz bere ordez[31].

Nazio Batuen Operazioa Kongon (ONUC) ongi etorria izan zen Lumumbaren eta gobernu zentralaren aldetik, uste zutelako NBEk estatu sezesionistak gelditzeko laguntza emango ziela. ONUCren mandatua, hala ere, bakegintza baino ez zen. Sezesioa barne gatazka gisa ikusten zuten Hammarskjöldek eta ez zituen erabili nahi izan NBEren tropak Kongoko gobernua sezesionismoaren aurka laguntzeko. Hori eginez gero Kongoren burujabetzaren aurkako neurria zela argudiatuta, ez zuen galdu nahi izan NBEren inpartzialtasun papera[15]. Lumumbak Ameriketako Estatu Batuen presidentea zen Dwight D. Eisenhowerren laguntza ere eskatu zuen, baina honek ez zuen laguntza militarrik eman nahi izan[32]. Ondorioz, Sobietar Batasunari eskatu zion laguntza, eta honek lagundu zion armak zein logistikarekin. 1.000 sobietar aholkulari militarrek hartu zuten lur Kongon. Lumumbaren ekintza honek Kasa-Vubu eta gobernuko beste kideen gaitezpena izan zuen, ez zituztelako nahi sobietarren interbentzio baten ondorioak. AEBk ere ez zuen nahi sobietarren aldeko gobernu bat Afrikan, uste zutelako honek komunismoaren hedapena ekarriko zuela Erdialdeko Afrikan[15].

Sobietar laguntzari esker Hego Kasairen aurkako ofentsiba egin zuen Kongoko armadak, 2.000 soldadurekin. Erasoa arrakastatsua izan zen, baina ofentsiban zehar armada Baluba[oh 4] eta Bena Lulua etnien arteko gatazka baten erdian sartu zen[15]. Ondorioz, armadak Luba zibilen aurkako sarraski handiak egin zituen, 3.000 inguru hilez. Biolentzia horrek Baluba zibilen exodoa eragin zuen, gatazkatik ihesi beste leku batzuetan errefuxiatuz[33].

Sobietar Batasunak hartutako paperak Ameriketako Estatu Batuak kezkatu zituen. Eisenhowerren gobernuak, Belgikako kritikoek bezala, pentsatzen zuen Lumumba komunista zela eta Kongo sobietarren estatu klientelarra bilakatu zitekeela, leku estrategiko batean, gainera. 1960ko abuztuan bertan zeuden CIAko agenteek idatzi zutenaren arabera Kongo komunismoaren bidean zegoen, eta Kubaren bide bera jarrai zezakeela adierazi zuten[7].

Desegite politikoa aldatu

Gobernu zentralaren haustura eta Mobuturen lehen estatu-kolpea aldatu

 
Kasa-Vubu Mobutuk instalatutako "Komisarioen Kolegioa"rekin, 1960ko irailean.
 
Mobutu eta Kasa-Vubu 1961ean.

Lumumbak egindako sobietar laguntza eskaerak gobernua erditik apurtu zuen eta Mendebaldeko potentzien presioa areagotu zuen boteretik ken zezaten. Gainera, Tshombe eta Kalonjik Kasa-Vuburi eskatu zioten euren ustez zentralista zen Lumumba kanporatzea, pentsatuz horrela ikuspegi federalistagoa lortuko zutela[11]. Bitartean, Mobutuk armadaren kontrol efektiboa irabazi zuen, kanpoko laguntza guztia birbideratuz eta berekiko leial ziren ofizial eta unitate zehatzak promozionatuz[25].

1960ko irailaren 5ean Kasa-Vubuk Lumumba boteretik kentzeko aldebakarreko erabakia hartu zuen, eta irrati bidez adierazi. Aitzakia gisa Hego Kasaiko sarraskiak aipatu zituen, eta Ameriketako Estatu Batuen babesa zuela adierazi zuen[11]. AEBren ordezkaria Kongon zen Andrew Cordierrek Lumumbaren komunikazioak blokeatu zituen, eta ekidin zuen MNC-L alderdiak erantzun koordinatu bat ematea[15]. Parlamentuko bi ganberek, hala ere, Lumumba babestu zuten eta Kasa-Vuburen ekimena gaitzetsi zuten. Lumumba saiatu zen Kasa-Vubu kaleratzen bere posiziotik, baina ez zuen lortu babesik hau aurrera eramateko, eta krisi konstituzionala sortu zuen[11]. Egoera konpontzeko asmoarekin, Joseph-Désiré Mobutuk estatu kolpe gupidagabea eman zuen eta Kasa-Vubu zein Lumumba boteretik kenduz eta Collège des Commissaires-généraux ezarriz bere ordez, Justin Bomboko unibertsitateko lizentziatua buru zuela. Sobietar aholkulari militarrak kaleratu zituzten, ondoren[15]. Mobuturen esanetan estatu-kolpea bi talde politikoen artean erlazioak hobetzea zuen helburu, kontrola berrezartzeko. Praktikan, hala ere, Mobutu Kasa-Vuburen alde lerratu zen Lumumbaren aurka. Lumumba atxilotu eta Kongoko militarrez ingurututako Ghanako soldaduen esku utzi zuten, etxean[11]. Kasa-Vubu berriro ere Presidente izendatu zuten 1961eko otsailean. Mobutuk botere handia eskuratu zuen Kongoko politikan kolpearen ondoren[15][31].

Kasa-Vuburen berrezarpenarekin batera, Kongoko fakzio ezberdinen arteko hurbilketa saiakera bat egon zen. Tshombre negoziazioekin hasi zen sezesioarekin amaitzeko eta Kongoko konfederal bat sortzeko. Konpromisozko akordio batera iritsi baziren ere, Tshombe eta Kasa-Vuburen arteko gatazka berria sortu zen eta akordioa ez zen aurrera eraman. 1961eko uztailean berriro baketzeko saiakera egin zen, eta gobernu berria eratu zen Cyrille Adoulak gidatua. Lumumbistak eta Hego Kasaiko fakzioak batu ziren bertan, baina ez zen lortu Katangarekin baketzerik[26].

MNC-Lko kideak Stanleyvillera joan ziren, eta Antoine Gizenga buru zutela, gobernu errebelde bat osatu zuten 1960ko azaroan[31][26]. Gizengako gobernuak hainbat herrialderen onarpena jaso zuen, tartean Sobietar Batasuna eta Txinarena. 5.500 soldadu deitzea lortu zuen, gobernu zentralak 7.000 dietu zituen bitartean. NBEren presiopean, Gizengako gobernua erori zen 1962ko urtarrilean, Gizenga atxilotu zutenean[33][31].

Lumumbaren erailketa aldatu

 
Lumumbaren erailketa salatzeko manifestazioa Mariborren, garaiko Jugoslavia.

Lumumba etxeko-atxiloketatik ihes egin zuen eta ekialderantz joatea lortu zuen, Stanleyvillera, babesa zuela uste baitzuen. Mobuturen tropek jarraituta, Port Francquin atxilotu zuten 1960ko abenduaren 1ean, eta Léopoldvillera eraman zuten esku-burdinak jarrita[15]. NBEk Kasa-Vuburi prozesu justu bat eskatu zion, baina Sobietar Batasunak NBE atxiloketaren arduradun egin zuen. NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera deitu zen 1960ko abenduaren 7an sobietarren salaketa entzuteko. SESBek Lumumba askatzeko, berriro ere Kongoko gobernuburu izendatzeko eta Mobutu armagabetzeko eskaera luzatu zion NBEri. Lumumbaren aldeko erresoluzioak, ordea, 2 boto izan zituen alde eta 8 aurka. Lumumba torturatu eta Thysvillera eraman zuten eta, hortik, Katangara. Bertan Tshomberen tropek hartu zuten eta 1961eko urtarrilaren 17an exekutatu zuten Élisabethvilletik gertu[15][11], AEB eta Belgikako agenteen oniritziarekin[34].

Exekuzioaren albisteak otsailaren 13an hedatu ziren, eta nazioarteko protestak eragin zituen[33]. Belgikako enbaxada Jugoslavian erasotu zuten manifestariek Belgraden, eta manifestazio bortitzak izan ziren Londres eta New Yorken[35]. Laster Lumumbaren zazpi kide exekutatu zituzten, tartean Jean-Pierre Finant Ekialdeko Probintziako lehendakaria. Hego Kasaik "Baluba nazioaren aurkako krimenak" egotzi zizkien. Gizengaren soldaduek bahituta zituzten 15 soldadu erail zituzten, erantzun gisa, tartean Lumumbarekin ados ez zegoen Alphonse Songolo Komunikazio Ministro ohia[36].

NBEren biziagotzea eta Katangaren sezesioaren amaiera aldatu

 
Suediar NBEren tropak Kaminaville erasotu aurreetik, 1963an.

1960ko uztailean lehen erresoluzioa onartu zuenekin, NBEk behin eta berriro eskatu zion Belgikari eta indar mertzenarioei Katanga uzteko. 1961ean NBEren Kongorako misioak jada 20.000 soldadu zituen herrialdean[11]. Euren mandatua zen alde batekin ez lerratzea, baina bazuten agindua atzerriko mertzenarioak atxilotzeko aurkitzen bazituzten.1961eko abuztuaren 28an, adibidez Rum Punch Operazioa egin zuten, atzerriko 250 mertzenario atxilotuz. Irailean Katangako mertzenario batzuk biolentziarik gabe atxilotzen saiatu ziren berriro, Morthor Operazioa deiturikoan, baina balaz jaso zituzten[37]. NBEren inpartzialtasuna irailaren erdialdean bertan behera geratu zen, Irlandako tropak Katangako tropek inguratu zituztenean, Jadotvillen eginiko sei eguneko setioan. Katangak irlandarrak gerra-bahitu gisa hartu zituen, eta NBEren misioa egoera oso zailean geratu zen.Irlandarren artean heriotzarik ez zen egon, baina inguratuta zituzten katangarrek ehunka hildako izan zituzten[38].

1961eko irailaren 18an Hammarskjöldek Ndolara bidaiatu zuen, Ipar Rhodesiako mugaren ondoan, NBEren eta Katangako indarren su-etena negoziatzeko asmoz. Bere hegazkinak eztanda egin zuen Ndolako aireportuan lur hartu aurretik[oh 5], eta bera eta berarekin zihoazen guztiak hil ziren. Hammarskjölden ordezkoa izan zen U Thantek politika erradikalagoa jarri zuen martxan. Katangak irlandar soldaduak aske utzi zituen NBErekin egindako su-eten baten ondorioz, eta tropek atzera egitea erabaki zuten. AEBk NBE babestu zuen berriro ere, eta Port-Émpainen zeuden hamar NBEren piloto italiarren erailketak nazioarteko presioa areagotzea ekarri zuen. 1961eko abenduan Hego Kasai Kongoko armadaren esku geratu zen eta Kalonji atxilotu zuten, euren sezesioarekin amaituz[38][37].

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko 169 ebazpena 1961eko azaroan onartu zen, eta NBEren Kongoko misioa giza eskubideak babestu eta gerra-zibilera zihoan bidea gelditzera deitzne zuen. Erresoluzioa, aho batez hartua, Katangaren estatu-nahia ukatzen zuen eta NBEri babesa ematen zion Kongoko gobernu zentrala laguntzeko "legea eta ordena berrezartzen"[39]. Katangak probokazio gehiago egin zituen eta, erantzun gisa, NBEk Unokat Operazioa jaurti zuen, Katangaren bide-mozketak kendu eta Élisabethville inguratuz. Nazioarteko presioaren eraginez Tshombek Kitonako Adierazpena sinatu zuen 1962ko abenduan, gobernu zentralaren autoritatea onartuz eta Katangaren independentziaren aldarrikapena alde batera utziz[37]. Adierazpenaren ostean Tshombe eta Adoulak zituzten negoziazioak gelditu ziren, eta Katangako indarrek NBEren tropak erasotzen jarraitu zuten. Belgikak Katanga babesteko geroz eta esfortzu txikiagoa egiten zuen, eta estatuak ezin zuen jarraitu[37]. 1962ko abenduaren 11n Belgikako Atzerri Ministroa zen Paul-Henri Spaakek adierazi zuen bere gobernuak NBE babestuko zuela eta Kongoko gobernu zentralaren alde zegoela, ahal bazuen Katangaren sezesioa indarrez geldituz[40].

1962ko abenduaren 24an NBEko eta Katangako soldaduek talka egin zuten Élisabethville inguruan. Bakea berriro lortzeko saiakera antzua izan zen, eta NBEren tropek Grandslam Operazioa egin zuten, Élisabethville okupatuz eta Tshombe herritik alde egitera derrigortuz.Su-etena lortu zen, ondoren. Indiako NBEren tropek, ordenak jarraitu beharrean, Jadotville okupatu zuten, Katangako loialistak berriro batzea ekidinez. Gradualki NBEk Katanga osoa okupatu zuen eta 1963ko urtarrilaren 23an Tshombek errendizioa aurkeztu zuen, Katangaren sezesioarekin amaituz[37].

Berradiskidetze politikorako saiakera aldatu

 
Kongoko berradiskidetzea islatzen zuen posta zigilua, 1963an egina.

Katangaren sezesioa amaitu ostean, negoziazio politikoak hasi ziren fakzio politiko ezberdinak berriro batzen saiatuz. Negoziazioarekin batera Conseil National de Libération delakoa sortu zuten Lumumbaren jarraitzaile deserriratuek Kongo-Brazzavillen[33]. Negoziazio politikoek konstituzio berri bat sortzea lortu zuten, Luluabourgeko Konstituzioa deitu zena, hiri horretan idatzi zelako. Botere oreka bat lortzea zen konstituzio horren helburua[41]. Konstituzio berriak presidentearen boterea handitzne zuen, gobernuburua eta presidentearen arteko botere dualarekin amaituz, eta federalistak lasaitu zituen, probintzia kopurua seitik hogeita batera eramanez, autonomia handiagotzen zen bitartean[11][41]. Konstituzioak ere Kongoko Errepublika izena aldatu zuen, aurrerantzean Kongoko Errepublika Demokratikoa izena emanez. Konstituzioaren erreferenduma egin zen 1964ko ekainean eta Parlamentua disolbatu zen, hauteskunde berrien zain[41]. Kasa-Vubuk Tshombe izendatu zuen Lehen Ministro, Katangatik deserriratu zutena lehenago. Antikomunista izanda babesa jaso zuen Mendebaldeko hainbat potentzien aldetik, baina Afrikan ere izan zituen aurkariak. Hassan II.a Marokokoak, adibidez, inperialismoaren txotxongiloa zela esan zuen[42].

Tshomberen gobernuak hauteskunde berriak deitu zituen martxoaren 30erako, baina orduan Kongoko erdialde eta ekialdean matxinada berria piztu zen[41].

Kwilu eta Simba matxinadak aldatu

 
Simba (gorriz) eta Kwilu (horiz) matxinadek kontrolpean zituzten guneak.
 
Kongoko Herri Errepublikak emandako pasaporte ofiziala.
 
Simba matxinatu bat, jantzi erritualekin.

Krisi politikoa sakona zen eta herritar asko ez zeuden pozik independentziaren ostean sortutako gobernu berriarekin. "Bigarren independentzia" kontzeptua hedatzen hasi zen, kleptokrazia salatzen zuena, eta gatazka politikoa nabarmena zen hiriburuan[8]. "Bigarren independentzia" leloa Lumumba Gobernuaren parte izan ziren hainbat kongoar iraultzailek hartu zuten, tartean Pierre Mulele zegoelarik. Politikoki, maoismoan inspiratutako matxinada bat jarri zuten martxan[43], Txinatik egindako bidaiatik etortzerakoan[44].

Nekazal Kongon mobilizazioak laster hasi ziren, Lumumbazaleen agitazioarekin, Mulele lider zutela. Pende eta Mbundu herriak izan ziren lehenengoak altxatzen[8][26]. AEBk, momentu horretararte lasaitasunez ikusten zuena egoera, Kubako anti-castristaz osatutako hegazkinak bidali zituen bertara, mineralen inportazioak ziurtatzeko[44]. 1963a bukatu zenerako Kongoko erdialde eta ekialdean jada mobilizazio ugari zeuden. Kwilu matxinada Idiofa eta Gungu hirietan piztu zen 1964ko urtarrilaren 16an[43]. Matxinadak ez bazuen lorpen handirik izan, 60.000 eta 100.000 hildako artean izan ziren[45]. Matxinada eta altxamendu hau Kivura hedatu zen laster, eta Albervilleraino iritsi zen, Kongoko beste hirietan matxinada piztea eraginez. Simba matxinada gisa ezagutu zen mugimendua[46]. Matxinatuak azkar hasi ziren euren lurraldea hedatzen eta iparralderantz mugitzen, Port-Émpain, Stanleyville, Paulis eta Lisala konkistatuz uztaila eta abuztu bitarte[43].

Gobernuaren muina osatzen zuen laukoteak (Justin Bimboko, Albert Ndele, Joseph-Désiré Mobutu eta Victor Nendaka) laguntza eskatu zion Madrilen erbesteratua bizi zen Moïse Tshomberi, Katangan zituen kontaktuak erabili ahal izateko eta, batez ere, Angolan zituen 3.000 soldadu leialak erabili ahal izateko[44]. Horretarako, Adoula lehen-ministroari esan zioten Tshombe herrialdera itzuli beharko zela.

Matxinatuek euren buruz "Simbak" deitzen zuten[oh 6], eta ideologia ez oso garatua zuten, populista eta moduren batean komunismoan oinarritua. Euren lehentasuna berdintasuna zen eta aberastasuna handitzea nahi zuten[43]. Iraultzaile gehienak gizon gazteak ziren, uste zutenak matxinadaren bidez gobernuak ematen ez zizkien aukerak lortuko zituztela. Simbek magia eraibltzen zuten euren kideen iniziazioan eta uste zuten botika bat hartuz gero balek ez zietela minik egingo[47][oh 7]. Magiaren erabilpenak paper garrantzitsua zuen simben artean, eta sorginkeria erabiltzen zuten euren burua babesteko eta Kongoko militar aurkariak desmoralizatzeko[43]. Aurrera egin ahala, hainbat sarraski egin zituzten oposizio politikoa ekiditeko eta populazioan izua sortzeko. NBEko indarrak jada bertatik joateko prozesuan zeuden, eta 5.500 unitate baino ez zituzten, gehiengoa herrialdearen ekialdean, gatazka horren erdian. Mendebaldeko misiolari gehienak euren enbaxadetara joan ziren, eta hauek NBEri eskatu zioten laguntza emateko. Bake-egile indar txiki bat bidali zuten Kwiluko eskualdera, ihes egiten ari ziren misiolariak babesteko. Martxoan eta apirilean zehar salbamendu operazioak egin zituzten, eta 100 misiolari ateratzea lortu zuten[48].

Estatu baten sorrera eta bloke komunistaren laguntza aldatu

Matxinatuek estatu bat sortu zuten, Kongoko Herri Errepublika (République populaire du Congo) eta hiriburua Stanleyvillen jarri zuten, Christophe Gbenyerekin presidente gisa. Estatu berriak Sobietar Batasunaren eta Txinaren babesa zuen, armak bidali zizkietenak, eta Afrikako hainbat herrik onartu zuten, artean garrantzi handikoa zen Tanzania. Egiptok eta Aljeriak armak bidaliko zituztela esan zuten, eta Ameriketako Estatu Batuak hasi ziren matxinada gelditzeko asmoz aholkulari eta agenteak bidaltzen Kongora[49]. Kubak ere babesa adierazi zion, eta Che Guevarak gidatutako 100 aholkularien talde bat bidali zuen, Simbak taktikan eta politikan hezteko asmoz[42][49].

Matxinatuen artean ez zegoen proiektu batasunik, eta Tanzania zein Kairon denbora handia ematen zuten euren arteko eztabaidan. Bertan zeuden soldaduek ez zuten inongo prestakuntza militarrik, eta ez zekiten ere nola egin zitekeen gerra bat[47]. Bertan hilabeteak eman bazituzten ere, Kongoko matxinatuen artean zeuden desadostasunen ondorioz ihes atera behar izan ziren kubatarrak Tanzaniatik[47]. Simba matxinatzea Gerra Hotzaren pizte orokor batekin batera eman zen, Tonkineko Golkoko gertakariarekin eta baliteke matxinada azkar erori izan ez balitz, Amerikako Estatu Batuek interbentzio militarra egin izana, Vietnamen gertatu zen bezala[42].

Belgika eta Ameriketako Estatu Batuen parte-hartzea aldatu

 
Belgiar paraxutistak, Dragon Rouge Operazioaren ostean.

Hasieran arrakasta batzuk lortu bazituzten ere, Simba matxinadak laster aurkitu zuen erresistentzia lokala, MNC-Lren eremu klasikotik kanpo hedatzen joan ziren heinean[29]. Herri Errepublikak ez zuen, gainera, politika ekonomiko edo sozialik, eta ez ziren gai agindu nahi zuten lurraldearen gaineko kontrolik ezartzeko. 1964tik aurrera errebeldeak lurraldea galtzen hasi ziren. Albertville eta Lisala galdu zituzten abuztua eta iraila hasieran[43]. Tshombek Mobuturen laguntza zuen, eta Katangako sezesioko mertzenario ugari berriro deitu zituen Simba matxinada gelditzeko[50]. Mertzenario hauek Mike Hoare arrazista irlandarrak agintzen zituen[51], eta gehienak Afrikako hegoalde eta erdialdeko zuriak ziren. Kongoko Armada Nazionaleko 5. Komandoa osatu zuten, Armadaren buruan jarri eta han-hemenka heriotza, tortura, lapurreta eta bortxaketak eginez[11]. Mertzenario talde honek CIAren laguntza izan zuen[42], eta Hoareren hitzetan 5.000 eta 10.000 errebelde artean hil zituzten 20 hilabetetan. Adierazpen polemiko batzuetan esan zuen 20 milioi kongoar zeudela, eta erdia inguru hil beharko zela, matxinoa izan zitekeelako[52].

1964ko azaroan Simbek Stanleyvilleko eta inguruko biztanle zuri guztiak inguratu zituzten. Zuriak Victoria Hotelean mantendu zituzten bahituta, armadarekin negoziatzeko taktika gisa. Belgikak bahituak askatzeko operazioa egin zuen, AEBko hegazkinekin paraxutistak botatzen[44]. Azaroaren 24an Dragon Rouge Operazioa egin zuten, Stanleyvillen lur hartuz eta bahituak askatuz. Guztira 70 zuri eta 1.000 kongoar hil ziren, baina gehiengoa bertatik atera zituzten. Belgikako tropek zuten aginte bakarra egoera hori konpontzea zen, eta ez egitea inongo operaziorik Simbak hiritik kaleratzeko, baina eraso honen ondorioz matxinadaren ekialdeko eremua oso kaltetuta geratu zen[11]. Deserrian zegoen Simben lidertzan gatazka handiak sortu ziren; Gbenyeri tiro egin zion bere jeneral batek[29]. Bitartean, Belgikako paraxutistek zibilak atera zituzten eta nazioartean neokolonialismo salaketak piztu ziren[11].

Interbentzio honen ondorioz Tshombek Kasa-Vubu eta Mobuturen babesa galdu zuen, eta bere lehen ministro postua utzi behar izan zuen 1965eko urrian. Operazioaren ostean mertzenario talde batek Stanleyville hartu zuen eta Simba matxinada amaitu zen. Simba erresistentziak, hala ere, jarraitu zuen ekialdeko Kongon, batez ere Hego Kivun, non Laurent-Désiré Kabilak 1980ko hamarkadara arte insurjentzia maoista transnazional bat jarri zuen martxan[42].

Mobuturen bigarren estatu-kolpea aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zaire»
 
Mobutu eta Richard Nixon Etxe Zurian, 1973an.

1965ko martxoan hauteskundeak egin ziren, eta Tshomberen Convention Nationale Congolaise (CONACO) alderdiak irabazi zituen eserlekuen gehiengoa, baina alderdiaren zati garrantzitsu batek dimititu eta Front Démocratique Congolais (FDC) alderdia sortu zuten. CONACOk Diputatuen Ganbara kontrolpean zuen, baina FCDk Senatua kontrolatzen zuen. Kasa-Vubuk egoera hori probestu nahi izan zuen Tshombe blokeatzeko, eta Évariste Kimba aurkaria izendatu zuen lehen-ministro 1965ko azaroan. Parlamentuak ez zuen begi onez ikusi eta ez zuen onartu izendapena. Kasa-Vubuk, beste lehen ministro bat bilatu beharrean, alde-bakarreko erabakia hartu eta Kimba Lehen Ministro izendatu zuen, gatazka politiko handia sortuz. Paralisi egoera horretan, Mobutuk bigarren estatu kolpea eman zuen, odolik gabekoa, eta 1965ko azaroaren 25ean boterea hartu zuen[53].

Emergentzia egoera deitu zuen eta Mobutuk botere absolutua eskuratu zuen. Bere adierazpenaren arabera, bost urtez izango zuen boterea eta, ondoren, demokrazia itzuliko zen. Mobuturen kolpeak egonkortasun politiko eta ekonomikoa zuen helburutzat, Ameriketako Estatu Batuen laguntza zuen eta Mendebaldearen oniritzia. Hasiera batean, begi onez ikusi zuten kongoarrek boterea hartzea, baina geroz eta botere gehiago eskuratu zituen: 1966an Lehen Ministro kargua kendu zuen eta 1967an Parlamentua disolbatu zuen[26].

Botere osoa behin hartuta, Kongoren gaineko kontrola ezartzen jarraitu zuen. Probintzia kopurua gutxitu, autonomia murriztu eta estatua zentralizatu zuen. 1967an Mouvement Populaire de la Révolution (MPR) alderdia sortu zuen, 1990ra arte alderdi legal bakarra. 1971an zairinizazio izena hartu zuen mugimendua piztu, Mendebaldeko izen eta erreferentziak kendu eta herrialdea Zaire deitu zuen. Hasiera batean egoera baretu bazuen ere, bere politika ustelkeriaz josita egon zen[26].

Nazioarteko garrantzia aldatu

Kongoko krisialdiak Erdialdeko Afrika osoa desegonkortu zuen eta Portugalgo Gerra Koloniala pizten lagundu zuen, batez ere Angolako Independentzia Gerra. Angolako nazionalistek harreman handia zuten Kongoko erbesteratuekin. União dos Povos de Angola (UPA), Angolako erakunde abertzale batek ABAKOko politikarien laguntza zuen, Kongoko Erresuma berreraikitzeko asmoa baitzuten.Kongoren independentzia prozesuaren lehen pausotzat ikusita, UPAk Baixa de Cassanjeko matxinada piztu zuen 1961ean, Angolan gatazka piztuz 1974ra arte. Kongo zein Zaireko gobernuek Angolako errebeldeei laguntza eman zieten, eta Angolako Gerra Zibilean ere parte hartu zuen zuzenean[54].

Afrikako estatu gehienek independentzia eskuratu berri zuten, eta nazioarteko loturak eta aliantzak finkatzera behartu zituen Kongoko krisialdiak. Bereziki, Afrika bi fakziotan banatzea ekarri zuen. Estatu moderatu gehienak Brazzaville Taldean batu ziren, Afrika frankofonoaren nolabaiteko batasuna eta Frantziarekin loturak mantentzea aldarrikatzen zutenak. Estatu erradikalak Casablanca Taldean bildu ziren, Pan-Afrikar federazioaren izenarekin[7].

Krisian sortutako biolentzia izugarriak eskualdeko zuriengan beldurra sortu zuen. Ipar eta Hego Rhodesian kongoar asko sartu ziren errefuxiatu gisa, eta horrek hedatu zuen zurien artean beltzak ez zirelako gobernatzeko prest, eta Rhodesian egoera antzekoa bizitzeari beldur zioten. Britainia Handiarekin egindako negoziazioek porrot egin zutenean Hego Rhodesiako zurien gobernuak independentziaren aldarrikapen aldebakarrekoa egin zuen 1965ean[55].

Katangaren sezesioak ere eragin nabarmena izan zuen Afrikan. Txadeko Gerra Zibilean (1965-1979) Front de Libération Nationale du Tchad (FROLINAT) taldeak espreski adierazi zuen sezesionismoa ez zuela onartuko hegoaldeko babesa zuen François Tombalbayeren aurka, ofizialki esanez "ez da egongo Katangarik Txaden"[26].

Nigeriako Gerra Zibilean (1967-1970) etnikoki Igbo herria zen Biafra Nigeriatik independizatu zen. Biafrak salatzen zuen iparreko talde etnikoen interesak lehenesten zirela, euren kalterako. Biafraren eta Katangaren independentzia askotan parekatu dira testu akademikoetan. Biafrak, ordea, nazioarteko onarpen gutxi izan zuen eta ez zuen babeste mendebaldeko herrietako multinazionalek bertan petrolioa ustiatzea. 1970ean Biafrak gerra galdu zuen eta Nigerian sartu zen berriro[26].

Oharrak aldatu

  1. ONUC indarrak, Nazio Batuen Operazioa Kongon, Ghana, Tunisia, Maroko, Etiopia, Irlanda, Ginea, Suedia, Mali, Sudan, Liberia, Kanada, India, Indonesia eta Arabiar Errepublika Batuaren ordezkariak zituen.
  2. Katanga eta Hego Kasairen independentziak Hegoafrikar Batasuna, Frantziako Bosgarren Errepublika, Angola Portugaldarrak eta Rhodesia eta Nyasalandiaren Federazioaren babesa zuen. Hala ere, horietako batek ere ez zuen babestu diplomatikoki.
  3. Lumumba Stanleyvillen egondako istiluengatik kartzelatu zuten 1959ko urrian. 6 hilabeteko zigorra eskatzen zuten, baina hauteskundetan lortu zuen emaitza onak zirela eta presioa egon zen bera askatu eta Bruselan egingo zen konferentzian parte-hartzen uzteko. Urtarrilean askatu zuten.
  4. Baluba "Luba" herriaren forma plurala da.
  5. Ofizialki ez dago istripu honen inguruko azalpenik. Lekukoen arabera eztandak izan ziren, baina ez dago argi zeren ondorioz izan zen istripua edo istripu bat izan ote zen.
  6. Simbak swahiliz "lehoi" esan nahi du.
  7. Bertan egon zen Ernesto Che Guevarak horrela deskribatzen zuen: Dawa izeneko [botika] honek min handia egin zuen prestakuntza militarrean. Printzipioa honakoa da: likido batean disolbatuta daude hainbat belar zuku eta materia magiko batzuk, eta gerlariaren gainean botatzen da, ikur kabalistiko batzuk eginez eta, ia beti, ikatzarekin orban bat egiten da bekokian; orain babestua dago etsaiaren arma guztien aurka (nahiz eta hau sorginkeria egiten duenaren boterean araberakoa ere baden), baina ezin du berea den inongo objekturik ukitu, ezin ditu emakumeak ukitu eta ezin du beldur eta penarik sentitu babes hori galdu gabe.

Erreferentziak aldatu

  1. 1964-, Haskin, Jeanne M.,. (2005). The tragic state of the Congo : from decolonization to dictatorship. Algora Pub ISBN 0875864163..
  2. 1962-, Nugent, Paul,. (2004). Africa since independence : a comparative history. Palgrave Macmillan ISBN 9780333682739..
  3. 1944-, Nzongola-Ntalaja, Georges,. (2002). The Congo from Leopold to Kabila : a people's history. Zed Books ISBN 9781842770535..
  4. Air power in UN operations : wings for peace. ISBN 9781317183396..
  5. Godfrey., Mwakikagile,. Statecraft and nation building in Africa : a post-colonial study. ISBN 9789987160396..
  6. a b 1933-, Pakenham, Thomas,. (1992). The scramble for Africa : 1876-1912. Abacas ISBN 9780349104492..
  7. a b c d e 1939-, Turner, Thomas,. (2007). The Congo wars : conflict, myth, and reality. Zed Books ISBN 9781842776889..
  8. a b c d Bill., Freund,. (1998). The making of contemporary Africa : the development of African society since 1800. (2nd ed. argitaraldia) Macmillan Press ISBN 9780333698723..
  9. Thomas., Borstelmann,. (1993). Apartheid's reluctant uncle : the United States and southern Africa in the early Cold War. Oxford University Press ISBN 0195079426..
  10. (Ingelesez) [WorldCat.org. ] (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  11. a b c d e f g h i j k (Ingelesez) Nzongola-Ntalaja, Georges. (2002-05-03). The Congo: From Leopold to Kabila: A People's History. Zed Books ISBN 9781842770535. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  12. (Ingelesez) Heraclides, Alexis. (2012-11-12). The Self-determination of Minorities in International Politics. Routledge ISBN 9781136290268. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  13. 1955-, Etambala, Zana Aziza,. (2008). De teloorgang van een modelkolonie : Belgisch Congo (1958-1960). (1e dr. argitaraldia) Acco ISBN 9033467585..
  14. (Ingelesez) «BELGIAN CONGO;: Too Late, Too Little?» Time 1957-12-23 ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  15. a b c d e f g h i j k l m Leo., Zeilig,. (2008). Lumumba : Africa's lost leader. Haus ISBN 9781905791026..
  16. (Ingelesez) «BELGIAN CONGO: If Blood Must Run» Time 1959-01-19 ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  17. Le message du roi Baudouin 13 janvier 1959 - Lumumba 50 Lumumba. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  18. a b 1931-, Young, Crawford,. Politics in Congo : decolonization and independence. ISBN 9780691623269..
  19. 1929-1960., Ryckmans, André,. (1995). André Ryckmans, un territorial du Congo belge : lettres et documents, 1954-1960. L'Harmattan ISBN 9782738430984..
  20. (Ingelesez) «THE BELGIAN CONGO: Return of the Mundele» Time 1959-10-12 ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  21. (Ingelesez) «BELGIAN CONGO: Now Now Now» Time 1959-11-16 ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  22. (Frantsesez) Kimona-Mbinga, Joseph Kamanda. (2004). La stabilité du Congo-Kinshasa: enjeux et perspectives. Harmattan ISBN 9782747574389. (Noiz kontsultatua: 2018-01-03).
  23. UPFB: Les batisseurs de Lovanium, première université internationale en Afrique noire. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  24. a b c d e f 1966-, Gondola, Ch. Didier,. (2002). The history of Congo. Greenwood Press ISBN 9780313316968..
  25. a b 1972-, Renton, Dave,. (2007). The Congo : plunder and resistance. Zed Books ISBN 9781842774854..
  26. a b c d e f g h i j k l m 1962-, Nugent, Paul,. (2004). Africa since independence : a comparative history. Palgrave Macmillan ISBN 9780333682739..
  27. (Ingelesez) Struelens, Michel. (1976). The United Nations in the Congo, or O.N.U.C., and international politics. Max Arnold (Noiz kontsultatua: 2018-01-14).
  28. (Ingelesez) Orbis. JAI 1995 (Noiz kontsultatua: 2018-01-14).
  29. a b c Young, M. Crawford. (1966). «Post-Independence Politics in the Congo» Transition (26): 34–41.  doi:10.2307/2934325. (Noiz kontsultatua: 2018-01-14).
  30. (Ingelesez) S/RES/143(1960) - E. (Noiz kontsultatua: 2018-01-14).
  31. a b c d Paul-Henry., Gendebien,. (1967). L'intervention des Nations Unies au Congo, 1960-1964. Mouton et Cie ISBN 9783111137872..
  32. N., Gibbs, David. (1991). The political economy of Third World intervention : mines, money, and U.S. policy in the Congo crisis. University of Chicago Press ISBN 9780226290713..
  33. a b c d 1964-, Haskin, Jeanne M.,. (2005). The tragic state of the Congo : from decolonization to dictatorship. Algora Pub ISBN 0875864163..
  34. «Lumumba: atxilotua, hautatua, hila» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  35. (Ingelesez) 1961: Lumumba rally clashes with UK police. 1961-02-19 (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  36. (Ingelesez) Young, Crawford. (2015-12-08). Politics in Congo: Decolonization and Independence. Princeton University Press ISBN 9781400878574. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  37. a b c d e 1962-, Boulden, Jane,. (2001). Peace enforcement : the United Nations experience in Congo, Somalia, and Bosnia. Praeger ISBN 0275969061..
  38. a b 1970-, Whelan, Michael,. (2006). The battle of Jadotville : Irish soldiers in combat in the Congo 1961. South Dublin Libraries ISBN 9780954766061..
  39. Security Council Resolutions 1961. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  40. (Ingelesez) Packham, Eric S.. (1996). Freedom and Anarchy. Nova Publishers ISBN 9781560722328. (Noiz kontsultatua: 2018-01-23).
  41. a b c d DRC: Background to the 1965 election | EISA. 2014-07-25 (Noiz kontsultatua: 2018-01-24).
  42. a b c d e (Ingelesez) GLEIJESES, PIERO. (1994-04-01). «"Flee! The White Giants Are Coming!": The United States, the Mercenaries, and the Congo, 1964?65» Diplomatic History 18 (2): 207–237.  doi:10.1111/j.1467-7709.1994.tb00611.x. ISSN 0145-2096. (Noiz kontsultatua: 2018-01-24).
  43. a b c d e f (Frantsesez) Verhaegen, Benoît. (1967). «Les rébellions populaires au Congo en 1964» Cahiers d'études africaines 7 (26): 345–359.  doi:10.3406/cea.1967.3100. (Noiz kontsultatua: 2018-01-24).
  44. a b c d de Witte, Ludo. (2016). «The suppression of the Congo rebellions and the rise of Mobutu, 1963–5» The International History Review 37 (Issue 1: Allies at the end of empire: loyalists, nationalists and the Cold War, 1945-76): 107-125.  doi:10.1080/07075332.2016.1189951..
  45. Congo 1964 : political documents of a developing nation. ISBN 1400875420..
  46. (Ingelesez) Fox, Renée C.; Craemer, Willy de; Ribeaucourt, Jean-Marie. (1965/10). «“The Second Independence”: a Case Study of the Kwilu Rebellion in the Congo*» Comparative Studies in Society and History 8 (1): 78–109.  doi:10.1017/S0010417500003911. ISSN 1475-2999. (Noiz kontsultatua: 2018-01-24).
  47. a b c 1928-1967., Guevara, Che,. (1999). Pasajes de la guerra revolucionaria : Congo. Mondadori ISBN 9788439703716..
  48. Warrior chiefs : perspectives on senior Canadian military leaders. Dundurn Press 2001 ISBN 9781550023510..
  49. a b (Gaztelaniaz) lahaine.org. Che Guevara en El Congo. (Noiz kontsultatua: 2018-01-24).
  50. Mockler, Anthony (1986). "Soldiers of Fortune: 5 Commando, the Congo 1964–65". 1 (6). Orbis. The Elite. pp. 116–120.
  51. A brief biography of Mike Hoare, listing some of his involvements around the world. (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
  52. (Frantsesez) Accueil | Sciences Po Violence de masse et Résistance - Réseau de recherche. (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
  53. DRC: Constitutional Crisis between Kasavubu and Tshombe | EISA. 2014-07-25 (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
  54. Martin., Meredith,. (1984). The first dance of freedom : black Africa in the postwar era. Hamish Hamilton ISBN 9780241113400..
  55. .T., Wood, J. R.. (2005). So far and no further! : Rhodesia's bid for independence during the retreat from empire 1959-1965. Trafford ISBN 9781412049528..

Kanpo estekak aldatu