Nazioarteko Afrikar Elkartea

Nazioarteko Afrikar Elkartea (frantsesez: Association internationale africaine) itxura hutsezko elkartea izan zen, Leopoldo II.a Belgikakoak 1876an antolatutako Bruselako Geografia Konferentzian eratu zena. Leopoldo II.ak elkarte hori erabili zuen bere proiektuak altruistak eta humanitarioak zirela erakusteko, Erdialdeko Afrika kontrolatzen zuen bitartean. Elkarte horri esker kontrolatu zuen lurraldeari Kongoko Estatu Burujabea izena eman zitzaion, eta Leopoldo II.aren eremu pribatua zen. Leopoldok lekua bilatu zion Bruselan Elkarteari, eta komite nazionalak egongo ziren parte hartzen zuten herrialde guztietan eta nazioarteko batzorde bat ere proposatu zuen. Leopoldo izan zen hautatua, aho batez, nazioarteko batzorde horren lehen idazkaria, baina esan zuen urte bakar batez egingo zuela, eta ondoren herrialde ezberdinetako kideek hartuko zutela ardura.

Nazioarteko Afrikar Elkartearen bandera, gero Kongoko Estatu Burujabea eta Kongo Belgikarraren bandera ere izan zena

Elkarte berriak oso harrera ona izan zuen Europa osoan zehar, eta Rothschild familiak zein Ferdinand de Lessepsek laguntzak bidali zituzten. Komite nazionalek buru duke handiak, printzeak eta bestelako erregetzako kideak egongo zirela proposatu zuten, baina gutxik hartu zuten antolatzeko lana. Nazioarteko batzordea behin bildu zen, Leopoldo berriro hautatu zuten berak behin bakarrik egingo zuela esan arren, eta desegin zen.

Hala ere, Elkarteari esker, Leopoldok Belgikako herritarrak eta Europako gobernuak konbentzitu ahal izan zituen Afrikan zituen interesak altruistak baino ez zirela. Elkartea desegin ostean Goi Longoko Ikerketen Batzordea osatu zen, gutxi iraun zuena, eta Kongorako Nazioarteko Elkartea, disolbatu zena Leopoldok Kongoko Estatu Burujabea sortu eta gutxira.

Kanpo estekak aldatu