Belatz handia (Falco peregrinus) hegazti harrapari bat da, Falconidae familiako espezie kosmopolita bat, Falco generokoa. Tamaina handiko belatza da, belearen antzeko neurrikoa. Bizkar gris urdina; behealde zuria, orbain ilunekikoa; buru beltza; eta «bibotetzar» beltza, mokoaren alde bietan. Orduko 100 kilometroko abiadura hartu ohi du, baina ehizean dabilenean orduko 400 kilometroraino ere iristen da; horregatik, munduko abere lasterrena dela jo ohi da. Eztabaidagai da ea tagarote belatza (Falco pelegrinoides) belatz handiaren azpiespeziea den ala beste espezie bat den.

Belatz handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaFalconiformes
FamiliaFalconidae
GeneroaFalco
Espeziea Falco peregrinus
Tunstall, 1771
Azpibanaketa
17–19, ikusi testua
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera1,02 m
Eguneko zikloaeguneko

Deskribapena

aldatu

Neurri ertaineko hegazti harraparia, 500 gramo eta kiloa artean pisatzen du, sexu eta subespezieen arabera. Iberiar penintsulan arrek 852-916 milimetroko hego-zabalera dute eta emeek 965-1250 milimetrokoa[1]. Emeak arrak baino nabarmen handiagoak dira, dortsalki ilunagoak izaten dira eta bularraldeko orbanak dentsoago eta estutuago kokatuta izaten dituzte.

Belatz handiaren ezaugarri garrantzitsuenak bibote markatua, masail zuriak markatzen dizkiona, kokotetik behera iristen zaion kasko beltza, gris-urdinxka eta beltzaren arteko bizkarraldea, eta tonu zuri eta okreak dituen sabelaldea dira. Kokotsaren eta eztarriaren artean lerro horizontal dentsoak, orban dentso edo laxoak, edo markarik ez agertzea gerta daiteke banakoaren arabera. Gazteak bizkarralde arrea izateagatik eta bularraldeko orbanak eredu bertikal batean kokatzen direlako bereizten dira[2].

Belatz handiaren azpiespezie hauek sailkatu dira:

  • Falco peregrinus peregrinus, Eurasia mendebaldean bizi ohi da.
  • Falco peregrinus anatum, Mendi Harritsuetan aurki genezake.
  • Falco peregrinus brookei, Europaren hegoaldetik Kaukasoraino aurki genezake.
  • Falco peregrinus calidus, Artikoan sortu eta Eurasiako tundrara joan ohi dira, hegazti migratzailea da eta Saharaino iritsi daitezke.
  • Falco peregrinus ernesti, Zeelanda Berrian aurki genezake.
  • Falco peregrinus macropus,Australiako mota.
  • Falco peregrinus madens, Cabo Verdeko mota.
  • Falco peregrinus pealei, Ozeano Barearen ipar-ekialdetik Ipar Amerikaraino hedatzen da.
  • Falco peregrinus peregrinator, Asiar hegoaldeko mota.
  • Falco peregrinus tundrius, Ipar Amerikako tundra artikoan aurki genezake.


Banaketa

aldatu
 
Belatz handiaren azpiespezieen kumeen kokaleku geografikoa

Espezie kosmopolita da, kontinente guztietan agertzen da Antartikan kenduta[3]. Europan, populazio nagusiak Espainian, Britania Handian, Frantzian, Italian eta beste lurralde mediterraneotan daude; bestalde, oso urria da lurralde eskandinaviarretan, eta egoera kritikoan dago edo ez dago Europa erdialdeko herrialdeetan, herrialde baltikoetan eta Islandian[4]. Euskal Herrian banaketa orokorra du baina nahiko urria da[5].

Habitata

aldatu

Ia habitat posible orotan ager daiteke belatz handia, baina ez da ezartzen basamortu handitan, beste belatz espezie batzuk ordezkatzen baitute, eta ezta oihan tropikal zabaletan ere; halere, lur artikoak, New York bezalako hiri handiak eta Alemaniako Oihan Beltza bezalako muturreko habitatetan bikote ugaltzaileak aurkitzen dira[6][3][7]. Iberiar Penintsulan mendigune karstikoetan, granitozko hormetan, ibaietako kanoietan, harrobietan… agertzen da[1]. Bestalde, munduko zenbait lekutan harrapakinak ugari diren baina habiak egiteko hormak falta diren ingurune irekietan, posteen gaineko bele eta erroien habiak erabiltzen dituzte[8]. Gauzak horrela, ikusi da banaketa mugatzen duen faktorea elikagaien eskuragarritasuna dela, eta oinarrizko eredutik aldentzen diren habiak ikusi dira elikagai-iturria arazoa ez den leku askotan[9]. Habia egiteko hormari dagokionez, zuloen presentzia eta hauen orientazioa funtsezkoa da, haize hotza iparraldean, eguzkiaren irradiazioa hegoaldean… saihesteko[1]. Azken hamarkadetan, populazioen gorakadarekin gero eta gehiago ari dira harrobietako hormak erabiltzen, horma naturalen antzekoak baitira[10]. Dena den, kasurik harrigarrienak harrobi aktiboetan ematen dira, kumeak aurrera ateratzen dituzten kasuak ikusi baitira[1]. Elikadurari begiratuz lekurik hoberenak harrapakin dentsitate altuak agertzen dituztenak dira: lotegiak, elikatze-lekuak, edateko lekuak… Padurak, estuarioak, lakuak, hezeguneak… hegazti kontzentrazio altua izaten dute, eta ondorioz belatzak erakartzen dituzte.

Elikadura

aldatu

Dieta gehienbat ornitofagoa du, baina tarteka saguzarrak, mikrougaztunak eta lagomorfoak ere ehiza ditzake[3]. Hainbat ikerketak, belatzek espezie ugarienak eta eskuragarrienak ehizatzen dituztela baieztatu dute[11]. Ehizatzen duen hegazti barietatea ikusita harrapari generalista dela esan daiteke, txepetxa bezalako hegazti txikietatik lertxun hauskara bezalakoetaraino ehizatzen baitu, eta tarteko neurri guztiak[1]. Espezieen hautapena aldatu egiten da bikotetik bikotera; kostako ingurune berean espezie limikoletan espezializatutako bikoteak, paseriforme txikitan espezializatutakoak eta turdidotan espezializatutakoak aurki daitezke[1].

Bizimodua

aldatu

Belatzek atsedenean igarotzen dute egunaren zati nagusia, ingurura begira harrapakin posibleak begiztatuz, lumak txukuntzen… Egunero askotan eteten dute atseden hau lekuz mugitzeko edo ehizarako[1]. Jarduera nagusiko orduak eguneko lehenak dira, eguna argitu aurretik jarduera agertu duten kasuak ere ikusi dira[3][1].

Ehiza estrategia aldakorra da banakotik banakora. Erasoa airetik edo ezarlekutik has daiteke, baina ezarlekutik hasiak efektiboagoak dira normalean[1]. Ezarlekutik erasotzean belatza harrapakinei begira egoten da bat hautatu arte. Harrapakina hurbil pasatzen denean belatza erortzen uzten da eta segundotan burutzen du ehiza, urrun pasatzen denean aldiz hegan egiten du harrapakinaren ibilbidea eskura izan arte eta goitik behera abiatzen da ia itsasoa edo lurra ukitzeraino. Distantzia handiagotan huts gehiago ematen dira[1]. Hegaldian doazenean aldiz erasoak altueraren arabera aldatzen dira. Oso altu doazenean harrapakina begiz jo eta erasoari ekiten diote beren abiadura maximoak harrapatuz: kasu idealetan 320-403 km/h artekoak, eta 626 km/h-ra iritsi daitezkeenak[12]. Batzuetan harrapakina jarraituz ere ehizatzen dute baina ez da efektiboa harrapakin azkarrekin; bikotean ere ehizatzen dute, erasoak angelu desberdinetatik eginez harrapakin berari, eta hau oso efektiboa izan ohi da.

Belatz batek beste bat ikusten badu bere lurraldean jarrera mehatxatzailea hartzen du. Lehenik txilioka eta beragan hegan eginez, eraso gogor bat egiteko. Askotan bikoteko biak egiten dute erasoa arrotza txandaka kolpatuz, eta atzetik jarraitzen diote beren lurraldearen mugetatik haratuago ere. Eraso hauek zauri handiak eta heriotza ere eragin ditzakete biktimarengan[1].

Ugalketa

aldatu
 
Habian
 
Falco peregrinus
 
Falco peregrinus madens

Espezie monogamoa da baina poliginia kasuak eman dira, posible da arra bi emerekin batera ugaltzea, eta batzuetan, bigarren emeak kumeak zaintzen eta arrautzak inkubatzen ere laguntzea[3][1]. Populazioaren egoeraren arabera bikote aldaketa kantitate desberdinak ematen dira, arazodun populaziotan %20ko aldaketa-tasak neurtu dira, eta populazio egonkorretan edo hazkuntzan daudenetan %30ekoak[13][1]. Udazkenean eta neguan ikus daiteke nola arrak eta emeak amiltzen hasten diren elkarri deika, baina neguaren erdialdera arte ez da hau sarri gertatzen. Denbora igaro ahala erritu hauen maiztasuna emendatzen da eta bikoteak hegaldian atzaparrak elkartzeraino hurbiltzen ikus daitezke. Errun baino hiru aste lehenago hasten dira kopulan, data hurbiltzen doan heinean maiztasuna igoz, emea arrautzak jartzen ari denean maximoa harrapatu arte. Egun batzuk beranduago ere jarraitzen dute.

Errutea otsaileko hirugarren astearen eta martxoko azken astearen artean ematen da Iberiar Penintsulan[1][14]. 2-4 arrautza artean jartzen dituzte normalean, 1 gutxitan eta oso gutxitan 5 edo 7 ere[3][15].

Inkubazioa emearen kargu dago baina arrak egunean 20 minutu eta 5 ordu artean zaindu ohi ditu arrautzak bikotearen arabera. Batzuetan bi sexuek inkubatzen dute.

Ontogenia

aldatu

Udazkenean edo neguan neguan sartzen dira araldian, eta neguaren bukaeran edo udaberriaren hasieran jartzen dituzte arrautzak[1]. Inkubazioak 28-33 egun irauten du baina luzatu egin daiteke baldintza txarretan[1]. Jaio eta lehenengo hiru astetan emeak berotzen ditu kumeak arrak lagunduta, hauek ez baitira termoerregulatzeko gai[1]. Kumaldi garaian euri asko egiten badu, kume gutxiago ateratzen dira aurrera, euriak gurasoen ehizarako ahalmena murrizten baitu [16]. 24 egunetik aurrera, emeak oso baldintza klimatiko txarrak direnean bakarrik estaltzen ditu kumeak. Jaio eta lehen astetan gurasoek harrapakin zatitxoak ahora ematen dizkie kumeei guztiz lumatuta; denbora apur bat igarotakoan ondoan jartzen dizkie eurek hartzeko. 40 egunera lumak hazita dituzte eta 45 egunera beren lehen hegaldiak egiteko gai dira. Hegan hasi eta bi aste ingurura euren kabuz ehizatzen hasten dira, baina ez dira gurasoen ondotik aldentzen lehen hegalditik bi hilabete igaro arte gutxienez. Gurasoekin hurrengo negura arte egondako kumeen kasuak ere ezagutzen dira[1]. Lehenengo aldiz kumatzerako hiru urte behintzat izan ohi dituzte; populazio egonkorretan arraroa da hau baino lehen kumatzea, egoera okerragoan daudenetan aldiz normalagoa, gazteek ugaltzeko aukera gehiago baitute lurralde huts ugariko inguruetan[17]. Bizi itxaropena aldakorra da populazio desberdinetan. Montrealen18 urterekin hil zen eme bat[18].

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Belatzek lehia nabaria dute erroiekin, erroiek hildako belatzen kasuak (kumeak batez ere) eta alderantzizkoak ere ezagutzen dira[19]. Lurraldearen defentsan oldarkorragoa da belatza erroia baino, eta askotan aurreko urteetan erroienak izan diren habiak erabiltzen dituzte haiek bidaliz[1]. Kaio hankahoriarekin labarrak partekatzen dituztenean beren habietatik uxatzen dituzte, harrapakinak lapurtzen saiatzen direlako, eta ehizatu ere egiten dituzte. Arrano handiek eta hontz handiak belatza ehiza dezakete, bere populazioa murrizteraino[20][21] [22]. Ugaztun harrapariek ere ehiza dezakete habiara iritsi daitezken kasuetan.

Ekto edo endoparasito ugari daude belatz handian aurkitu daitezkenak, baina ez daude hauen inguruko lan asko. Zuberogoitiak hegazti harrapakarien bizkarroiei eta belatz handiarengan duten eraginari buruzko errepaso bat egiten du.

Kontserbazio egoera

aldatu

Espainiako estatuan espezie mehatxatuen zerrendatik atera da duela gutxi, baina legeak babesten jarraitzen du. DDTren garaitik hona bere populazioak izan duen gorakada honen arrazoia[23].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Zuberogoitia, I.; Ruiz Moneo, J. F.; Torres, J. J.. (2002). El Halcón Peregrino. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia.
  2. Sagardia, I.. (2002). Burgos. in: El Halcón Peregrino. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 237-239 or..
  3. a b c d e f Ratcliffe, D.. (1993). The Peregrine Falcon. Londres: T & AD Poyser.
  4. Ratcliffe, D.. (1997). The Peregrine Falcon. in: The EBCC Atlas of European Breeding Birds. Their distribution and abundance. Londres: T & AD Poyser.
  5. Larrañaga, J.. (1996). Euskal Herriko Fauna. Ornodun lehortarrak Usurbil: Elhuyar kultur elkartea.
  6. Cade, T. J.; Enderson, J. H.; Thelander, C. G.; White, C. M.. (1988). Peregrine Falcon Populations. Their management and recovery. Boise: The Peregrine Fund, Inc..
  7. Ferguson-Lees, J.; Christie, D.A.. (2001). Raptors of the world. Londres: Helm.
  8. Bunnell, S. T.; White, C. M.; Paul, D.; Bunnell, S. D.. (1997). «Stick nests on a building and transmission towers used for nesting by large falcones in Utah» Great Basin Naturalist 57 (3): 263-267..
  9. Olsen, P. D.; Olsen, J.. (1988). Population trends, distribution and status of the Peregrine Falcon in Australia. in: Peregrine Falcon Populations. Their management and recovery. Boise: The Peregrine Fund, Inc., 255-274 or..
  10. Moore, D.. (1995). Northern Alberta wild Peregrine Falcon summary tables, 1992 to 1996. 2 Vermilion, AB: Alberta Natural Resources Service.
  11. Rosenfield, R.; Schneider, J.; Papp, J. M.; Seegar, W. S.. (1995). «Prey of peregrine falcons breeding in West Greenland» The Condor (97): 763-770..
  12. Tucker, V. A.. (1998). «Gliding flight: speed and acceleration of ideal falcons during diving and pull out» Journal of Experimental Biology 201 (3): 403–414..
  13. Court, G. S.. (1986). Some aspects of the reproduction biology of tundra Peregrine Falcons. Edmonton: University of Alberta.
  14. Aldea, J.C.; Hernández, A.. (2002). Salamanca. in: El Halcón Peregrino. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 235-237 or..
  15. Monneret, R. J.. (2000). Le Faucon Pelerin. Suitza: Delachaux et Niestle.
  16. Elkins, N.. (2004). Weather and Bird Behaviour. Londres: T & AD Poyser.
  17. Tordoff, H. B.; Redig, P. T.. (1997). «Midwest Peregrine falcon demography, 1982-1995» J. Raptor Res. in: 31. (4): 339-346..
  18. Hall, G.H.. (1955). Great moments in action. The story of the Sun life falcons. Montreal: Mercury Press.
  19. Zuberogoitia, I.; Martínez, J. A.; Zabala, J.; Martínez, J. E.. (2005). «Interspecific aggression and nest site competition in a European owl community» J. Raptor Research.
  20. Martínez, J. E.; Sánchez, M. A.; Carmona, D.; Sánchez, J. A.. (1994). «Régime alimentaire de l’Aigle de Bonelli Hieraaetus fasciatus durant la période de l’élevage des jeunes (Murcia, Espagne)» Alauda (62): 53-58..
  21. Sergio, F.; Rizzolli, F.; Marchesi, L.; Pedrini, P.. (2004). «The importance of interspecific interactions for breeding-site selection: peregrine falcons seek proximity to raven nests» Ecography (27): 818-826..
  22. Serrano, D.. (2000). «Relationship between raptors and rabbits in the diet of eagle owls in southwestern Europe: competition removal or food stress?» J. Raptor Res. (34): 305-310..
  23. Gainzarain, J. A.; Rodríguez, A. F.; Arambarri, R.. (2003). Halcón Peregrino. in: Atlas de las Aves Reproductoras de España. Madril: Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología, 204-205 or..

Kanpo estekak

aldatu